Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2016ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5167

AGINDUA, 2016ko azaroaren 22koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Irungo udalerriko Oinaurre eremuan, babes ofizialeko 16 etxebizitza, alokairu-araubideren arabera, esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Irungo Udalak 2010eko martxoaren 22an Konpromiso Akordioa sinatu zuten, Irungo udalerriko Oinaurre 6.2.01 eremuan, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko.

Konpromiso honen arabera, Oinaurre eremuan egingo diren etxebizitzen sustapenetan interesa duen udalerri bakarra Irun izango da. Halaber, etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, Donostia-San Sebastiángo eskualde-egiturako udalerrietako etxebizitza-eskaerak asetzera bideratuko dira.

Bigarrena.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2011ko azaroaren 23ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen babes ofizialeko 48 etxebizitzako sustapen horrek. Sustapena Irungo udalerrian kokatuta dago, Oinaurre eremuan eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, S.A. (VISESA) baltzu publikoak sustatzen du, EB3-1166/11-LC-000 espediente zenbakiarekin.

Hirugarrena.– Sustapena zenbait fasetan esleituko da. Agindu honen bidez lehenengo fasea arautuko da eta 16 etxebizitza esleituko dira. Gainontzeko etxebizitzak dagokien Aginduen bidez esleituko dira.

Laugarrena.– Agindu honek sustapeneko 16 babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozedura arautuko du. Etxebizitza horiek kalifikazioaren arabera honakoak dira: 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15 eta 16 zenbakiak dituztenak.

Etxebizitza horietako 6 bi logelakoak dira eta 55,95 m² eta 57,20 m² bitarteko azalerak dituzte. Gainontzeko 10 etxebizitzak hiru logelakoak dira eta 75,05 m² eta 86,10 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

Sustapen honetan mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako bi etxebizitza daude; baina, fase honetan esleituko diren 16 etxebizitzen artean ez dago etxebizitza egokiturik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio honako Agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera (aurrerantzean 39/2008 Dekretua); eta, halaber, 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduren, zehazki, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoaren 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean 2012ko urriaren 15eko Agindua).

Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegokoan duen pertsona orori etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea onartzen dio. Harik eta erregelamendu-xedapenak argitaratzen diren arte Legearen Laugarren Xedapen Iragankorra ezarriko da; alegia, eskubidea gradualki ezarriko da.

Aipatutako Xedapen horrek honako baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitateei onartzen die etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten bi kideko bizikidetza-unitateak eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten kide bakarreko bizikidetza-unitateak. Guztiei alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna eskatzen zaie Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan.

Eskubide subjektibo honen onarpenak bizikidetza unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzerakoan; lehentasun hori prozedura honetan kontuan hartu beharko da.

Hirugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura hau hiru, lau edo bost kideko bizikidetza unitateei zuzenduko zaie.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Irungo Udalak 2010eko martxoaren 22an sinatutako Konpromiso Akordioko seigarren klausulan ezarritakoa kontuan hartuta, etxebizitzaren esleipenean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emandako titularretako bat Irunen erroldatuta egoteak lehentasuna emango du.

Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emandako titularretako bat Donostia-San Sebastiango eskualde egiturako udalerrietako batean erroldatua dutenentzat izango dira.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo udalerrian, Oinaurre eremuan, babes ofizialeko 16 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea.

Bigarrena.– Esleipen-prozedura honetan parte har dezaket: agindu hau argitaratzen den egunean, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Donostia-San Sebastiango eskualde egiturako edozein udalerritan izen emanda daudenak (Andoain, Astigarraga, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Urnieta eta Usurbil), betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako batek egon beharko du Donostia-San Sebastiango eskualde egiturako udalerriren batean erroldatuta, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean.

b) 2015. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko, inskripzioko titular guztien diru-sarreren batura hartuko da kontuan.

c) Etxebizitza jabetzan edo azalera eskubiderik edo gozamenik ez eduki izana, agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. Etxebizitza ez izateko baldintzarekiko salbuespenak aplikatuko dira, zehazki, 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotakoak.

d) Gutxienez hiru kideko bizikidetza-unitate bat izatea, 5 kide baino gehiago izan gabe.

Hirugarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, eskabide egokia aurkeztu beharko dute Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2016ko abenduaren 12tik 26ra bitartean (biak barne).

Laugarrena.– Esleipen-prozedurako onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Bosgarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena kontuan hartuta ebatziko dira.

1) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).

2) Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 30, gutxienez 15).

3) 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei, eta gutxienez 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitartekoei.

4) Irunen erroldatuta egoteagatik 10 puntu emango dira eta Donostia-San Sebastiango eskualde-egiturako udalerriren batean erroldatuta egoteagatik 5 puntu.

5) 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktimak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak); gehienez 30 puntu emango dira kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.

Seigarrena.– 1.– Esleipen-prozedura honetan, lehentasuna emango zaie: agindu hau argitaratzen den egunean, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatutako titularretako bat Irunen erroldatuta duten bizikidetza-unitateei.

2.– Agindu hau argitaratzen den datan honako bizikidetza unitateei emango zaie lehentasuna: etxebizitza duin eta egoki bat aukeratzeko eskubide subjektiborako baldintzak betetzen dituztenei. Gainera:

Bi logelako etxebizitzak esleitzerakoan, aurreko baldintza betetzen duten 3 kideko bizikidetza-unitateek lehentasuna izango dute.

Hiru logelako etxebizitzak esleitzerakoan, aurreko baldintza betetzen duten gutxienez 4 edo 5 kide dituzten bizikidetza-unitateek lehentasuna izango dute.

Zazpigarrena.– Barematze- irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira etxebizitzak, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.

Zortzigarrena.– Etxebizitzak esleitu ondoren, etxebizitzarik eskuratu ez dutenek osatutako itxaron-zerrenda egingo da, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.

Itxaron zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduko 59. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.

Bederatzigarrena.– Esleipendunen zerrendak eta dagozkien itxaron-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

Hamargarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, agindua hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 22a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala