Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2016ko abenduaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5150

AGINDUA, 2016ko azaroaren 21ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Bilboko Deustu auzoan (Bizkaia) den Ikastetxe Alemaniarraren Gimnasio eta Kindergartena, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2016ko maiatzaren 30eko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Bilboko Deustu auzoan den Ikastetxe Alemaniarraren Gimnasio eta Kindergartena duen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2016ko uztailaren 6ko EHAAn argitaratu zen (128. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, alegazioak jarri zituen epearen barruan, «La Iglesia de Jesucristo de los Santos de los Últimos Días en España» («La Iglesia») delakoak.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ostean, alegazioak erantzun egin dira Euskal Kultura Ondarearen Zentroko txosten teknikoen bidez. Txosten horiek espedientean daude.

Aurkeztutako alegazioak ez dira onartzen, eta Ikastetxe Alemanarraren Gimnasio eta Kindergartena monumentu kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko prozedura aurrera eramaten da.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostenak aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.– Bilboko Deustu auzoan (Bizkaia) den Ikastetxe Alemaniarraren Gimnasioa eta Kindergartena, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, aipatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Laugarrena.– Bilboko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Agindu hau jakinaraztea espedienteko interesdunei, Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
Mugaketa

a) Mugaketa.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu: iparraldean, lerro paralelo bat, gimnasioa dagoen gorputzaren fatxada nagusira doana, gorputz perpendikularraren fatxada nagusiaren ipar-ertzetik marratua; hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean, lurzati horren mugakide diren jabetza pribatuen mugak.

b) Justifikazioa.

Mugaketa hori proposatu da beharrezkoa delako Bilboko (Bizkaia) Deustu auzoko Ikastetxe Alemaniarraren gimnasioaren eta kindergartenaren ingurumen- eta ikusmen-balioak babestea. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta bere balioa emateko, beharrezkoa da ingurune hori babestea; beraz, eraikuntzari espazialki eta funtzionalki atxikitako guneak ere babestu behar dira, kindergartenaren eta gimnasioaren berezko izaera gordetze aldera; horrekin batera, euren balioa nabarmentzeko gune bat egokitu behar da. Hori dela eta, mugaketan, eraikuntza bera ez ezik, kanpoko espazioa ere sartu da; hau da, eraikuntza osatzen duten bi gorputzek aurrean duten kanpoko espazioa, bi fatxada nagusien eta alboetako jabetzen muken artekoa.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
Deskribapena

Eraikina Deustun dago, Bilboko udalerrian. Agirre Lehendakariaren etorbideko 1ean dago, mehelinen artean dagoen orubearen atze-atzealdean, eta badago etorbidetik zuzenean sartzea.

II. Errepublikaren garaian, Estatuak funtsezko iritzi zion hezkuntzari, demokrazia finkatzeko; beraz, irakaskuntza hobetzeko programa bat erabili zuen, eta hobekuntzek eragina izan zuten eskolen arkitektura ulertzeko moduan. Politika horren ondorioz, Bilbon, eskola ulertzeko modua aldatu zuen udal eskoletarako eredu bat ezarri zen, arkitektura modernoagoko bat, eta eredugarria izan zen ondorengo ekimenetarako.

Ondorioz, eskola batzuk birgaitzeko eta birmoldatzeko proiektu asko sortu, zerbitzuak ugaldu, eta eskola asko eraiki ziren, hala nola San Frantzisko eta Luis Briñas kaleetako udal ikastetxeak. Horiek, hain zuzen, 1933an hasi ziren eraikitzen, baina, oso proiektu konplexuak zituztenez, ez zituzten amaitu Gerra Zibilera arte, 40ko hamarkadan. San Frantziskoko eskolaguneak, amaitu ez bazen ere, mugarria ezarri zuen eskolan eta arkitekturan pentsatzeko moduan.

Erakunde pribatuek sustatutako ikastetxeak izan ziren II. Errepublikan zehar amaitu ziren ikastetxe bakarrak. Horren argibide dira: Luis Vallejoren Errotatxuetako eskola (1933) eta Ikastetxe Alemaniarraren kindergartena eta gimnasioa (1934); haietarako, San Frantziskoko ereduaren aurretiko esperientzia oinarritzat hartuta, proposamen xumeago batzuk egin ziren, eta amaitu egin ziren. Biak datoz bat arkitektura moderno baten erabileran eta garaiko beharretara egokitutako espazio berrietan.

1934ko Ikastetxe Alemaniarraren kindergartena eta gimnasioa Estanislao Segurolaren obra dira, Bilboko Udalaren Hiri Ikasketen Ataleko arkitekto nagusia bera garai hartan.

Estanislao Segurolak parte hartu zuen San Frantziskoko eskola-lehiaketan, eta bazekien zein ziren garaiko hezkuntzako berrikuntzak. Baliteke Thomas Schockenen laguntza ere izatea. Thomas Schocken arkitekto berlindarra garai hartan Berlín-Charlottenburgoko goi-eskola teknikotik atera berria zen, eta Segurolaren estudioan lan egin zuen 1933tik 1936ra. Ikastetxe horretako irakasleetariko bat Heinrich Tessenow arkitekto alemaniarra izan zen, eta baliteke irakasle horren eragina izatea Segurolaren arkitekturan Segurolak eta Schockenek estudioan elkarrekin lan egin zuten urte haietan.

Eskuairan jarritako bi gorputzeko eraikina da. Haietako lehenak 6 metroko altuera du, eta haren azalera 24 metro luze eta 10 metro zabal da; barnealdean, beheko solairuan, gimnasioa zegoen, haren erdi-parean galeria bat, eta aldagelak eta komunak. Argiztapenerako, zortzi leihate handi zeuden fatxadaren goialdean. Espazio hori moldagarria zen, eta ekitaldi-areto gisa erabil zitekeen.

Gimnasioaren perpendikularrean dagoen beste gorputzean, beheko solairuan, atondoa, komunak eta, ikasgela batean, kindergartena. Kindergartena 7 bat metro zabal zen, 8 metro luze, eta 3.50 altu. Ikasgelak terraza estali baterako sarbidea zuen. Terraza estaltzeko, hiru orritan banatutako gillotinako hiru leiho-ate zeuden, eta horiei esker airezta zitekeen egokiro, unean-uneko inguruabarren arabera. Goiko solairuan, tamaina desberdinetako bi ikasgela zeuden. Atzealdean, lehen solairuan bezala, bi gela txiki zeuden, soberako espazio irregularra aprobetxatzeko zirenak.

Ondorioz, batere ohikoa ez zen eraikin bat sortu zen garaiko eremu arkitektonikoan. Errepublika-garaian eraikitako eraikina da, eta bat dator eskola-eredu berriarekin, espazio- eta forma-kontzeptuak garaiko ideien isla baitziren, eta ez zuen zerikusirik ordura arteko proposamenekin.

Gaur egun, eraikinak beste banaketa bat du, aldatzen joan baita unerik unera izan diren espazio-beharrei eta bestelako beharrei erantzuteko. Gimnasioa eraberritu eta bi solairutan banatu da, hainbat ikasgela egin baitira, zein bere leihoekin. Beste gorputza beheko solairuko barneko jolastoki gisa erabili da, eta goiko solairuko aretoak eta beheko solairuko guneak ere aldatu dira apur batean. Portxeko oinaldea ere desagertu da.


Azterketa dokumentala