Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2016ko azaroaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5101

EBAZPENA, 2016ko azaroaren 14koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita Hiri Antolamenduko Plan Orokorra CO-ZU-3 eremuan aldatzeari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa, Galdakaoko Udalaren eskariz.

AURREKARIAK

2016ko uztailaren 12an, Galdakaoko Udalak eskabidea bete zuen, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, Plana) CO-ZU-3 eremuan aldatzeari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2016ko abuztuaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien hainbat erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziaren Zuzendaritzari eta Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoari egin zitzaien kontsulta, denak ere Eusko Jaurlaritzakoak.

Halaber, espedientean jasotzen den agiriak eskuragarri egon ziren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren Zuzendaritzaren txostena jaso da (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege honen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago aurreikusita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatu 6.2 artikuluan, honako hauek zehazten dira, besteak beste: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Xedapen hauek ikusirik: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hiri Antolamenduko Plan Orokorra CO-ZU-3 eremuan aldatzeari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Galdakaoko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Indarreko HAPOren bidez, Industria Lurzoru Finkatu gisa sailkatua dago CO-ZU-3 eremua. Lurzoruaren berezko erabilera aldatzea da Planaren xedea, industrialetik merkataritzakora igarotzea, eta hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkapen berria ematea. Planak proposatutako eremuak barne hartzen ditu CO-ZU-3 eremuan dauden finkatutako hiri-lurzoruko partzela batzuk, eta baita lurzoruaren azalera txiki batzuk ere, jabari publikoko lurzorua direna zenbaitetan –bideak, espazio libreak eta ekipamendu publikoa–, jada kudeatutako eremuetatik datozenak denak ere. Guzti horren ondorioz, UE-ZU-3 Egikaritze Unitate berri bat zedarritzen da, zeinaren garapen xehatua biltzen baitu Planak. Sistema Orokor hauek izango ditu atxikita egikaritze-unitate horrek:

• Bide-sistema orokor bat, BI-3720 foru-errepidetik eremura sortzeko biribilgune berri bat.

• Jabari publiko hidraulikoaren sistema orokor bat Ibaizabal ibaia bideratzeko.

Bestalde, atxiki gabeko hiru Sistema Orokor antolatzea jasotzen du Planak:

• Bide-sistema orokor bat N-634 eta BI-3720 errepideen arteko errepide-komunikazio berri baterako.

• Bide-sistema orokor bat Mercadillo zubia zabaldu eta oinezkoentzako atontzeko.

• Espazio libreen sistema orokor bat hiri-parke bat sortzeko Ibaizabal ibaiaren bideratze berriaren ondoan, zeina orain dagoen Ekipamenduen Sistema Orokorra aldatuko baitu.

B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planaren xedea da hondatuta dagoen eta erabiltzen ez den industria-eremu bat birgaitzea, merkataritza-ekipamendu handi bat ezari ahal izateko xedearekin, dagokion urbanizazio-proiektuaren bidez. Horretarako zedarritzen da jarduera ekonomikoko hiri-lurzoru finkatugabeko eremu bat, hein handienean –indarreko plangintzaren arabera– industria-lurzoru finkatu den eremu batean.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak, lurzoruaren erabilera aldatzea ahalbidetzeaz gain, eremu berriaren antolamendu xehatu bat aurkezten du. Antolamendu horren bidez, ahalik eta gehien baliatu nahi da dagoen lurzorua, eta merkataritza-erabilerarako era egokian bideratu, eta, beraz, esan daiteke ez duela inongo eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Udal-eskalako errealitatea egokitzeko Plana da, antropizatuta dauden lurzoruak berrerabiltzeari lehentasuna emanez lurzoru natural ez-urbanizagarriak artifizialdu ordez; halaber, kutsatutako lurzoruak balorizatzeko soluzioak ematen dira. Hori dela eta, Planaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

d) Ez da atzematen Plana egikaritzearen ondoriozko ingurumenaren gaineko arazo adierazgarririk.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez dago ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean berean jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

• Batasunaren lehentasunezko intereseko habitateko aleak mantenduko dira: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (EBren kodea: 91E0*) baso alubialak, zeinak Planaren jarduketa-eremuan baitaude.

• Planean aurreikusitako urbanizazio-proiektuak ingurumena eta paisaia leheneratzeko Programa bat barne hartuko du, zeinak berreskuratu behar diren hondatutako zonak identifikatzen baititu eta haren integraziorako egoki iritzitako neurriak planteatzen baititu. Oso garrantzitsua da espezie inbaditzaileak kontrolatzea eremu horretan.

• Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioaren barruan dauden lekuetako lurzoruaren kalitate-adierazpenaren ondoriozko baldintzak, eraginpean egon daitezkeen partzela guztietarako, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.

• Obretan sortutako hondakinak –lan desberdinak prestatzeko jardueren ondorioz sortzen direnak, eta indusketatik, eraisketatik eta garbiketa-kanpainatik sortzen diren soberakinak– Hondakinei eta kutsatutako lurzoruari buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, hala dagokionean, karakterizatu egingo dira euren izaera zein den zehazteko eta ahalik eta egokien bideratzeko.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten CO-ZU-3 eremuan egingo den Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Galdakaoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 14a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala