Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2016ko azaroaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5065

IRAGARKIA, zeinaren bidez iragartzen baita Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa) 2014-2020 Programaren 2016ko deialdia (bigarren deialdia).

1.– Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014- 2020) Programa eta proiektuen bigarren deialdia

2016ko abuztuaren 17an, C (2016) 5415 Erabakiaren bidez onartu zuen Europako Batzordeak Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programa.

Programaren helburu nagusia da jarraipena ematea mugaz gaindiko eremuaren integrazio ekonomikoari eta sozialari eta aipatu integrazio indartzea, lankidetzaren bidez. Hori lortzeko, lurralde hautagarrian Frantziako, Espainiako eta Andorrako kideek egindako lankidetza-proiektuen sustapenean eta kofinantzaketan zentratzen da. Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programa Europar Batasunak finantzatzen du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 178 milioi euroko aurrekontuarekin (Egef Laguntza Teknikorik gabe).

2016ko azaroaren 4an, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren bigarren deialdiaren testu ofiziala onartu zuen Poctefaren Jarraipen Batzordeak.

Kudeaketa Agintaritzak, Programan parte hartzen duten Europar Batasuneko estatuek (Espainia eta Frantzia) eta Andorrako Printzerriak ordezkaritza emanik, proiektuen bigarren deialdia argitaratzen du, Programaren ardatz guztietara zabaldua. Deialdi hau bi fasetan antolatzen da. Kudeaketa Agintaritzak interesdunak gomitatzen ditu haien proiektuak aurkeztera Programaren ardatz ezberdinetan.

1.1.– Lege-esparrua.

Europako erregelamendu hauek arautzen dute Programaren funtzionamendua:

● 1303/2013, Europako Egitura Funtsei buruzko xedapen komunak ezartzekoa.

● 1301/2013, Eskualde Garapeneko Europako Funtsei buruzkoa (Egef).

● 1299/2013, EGEFek Europako lurralde-lankidetzari ematen dion laguntzari buruzkoa.

● 481/2014, lankidetza-programentzako gastuak diruz lagungarri izatearen arloko xedapen espezifikoei buruzkoa.

1.2.– Programaren ardatzak.

Ardatz nagusietariko batean inskribatu beharko dira proiektuak, Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren gaiak betez.

(Ikus .PDF)

1.3.– Eremu hautagarriak.

Hauek dira Programaren finantzaketarako lurralde hautagarriak:

● Espainia: Girona, Bartzelona, Tarragona, Lleida, Huesca, Zaragoza, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Errioxa.

● Frantzia: Ekialdeko Pirinioak, Ariège, Garona Garaia, Pirinio Garaiak eta Pirinio Atlantikoak.

● Andorra: lurralde osoa. Andorrako onuradunek Programan parte har dezakete Frantziako edota Espainiako onuradunekin. Andorrako erakundeek ezin izango dute inolaz ere EGEF finantzaketarik jaso.

1.4.– Proiektuak Programari egiten dion ekarpena.

Proiektuen hautagaitzak mugaz bi aldeetakoak izan behar dira, eta Programaren helburuei lagundu behar diete:

● Programaren inbertsio-lehentasun baten helburu espezifiko batean kokatu behar dira proiektuak. Inbertsio-lehentasun hautatuaren helburuekin lerrokatu behar dira proiektuen helburuak.

● Programaren egikaritzearen eta emaitzaren adierazleei lagundu behar diete proiektuen egikaritzeak eta emaitzak, hurrenez hurren.

Proiektuek demostratu behar dute haien ekintzak eta emaitzak Programako eremu hautagarriaren onurakoak direla.

2.– Egef erabilgarria eta estatu-laguntzak.

Proiektuen deialdi honetarako, 71,2 M euroko EGEF laguntza erabilgarria dago (Programaren guztizko aurrekontuaren % 40, Laguntza Teknikoa salbu).

(Ikus .PDF)

Onuradun bakoitzaren guztizko kostu hautagarriaren % 65ekoa da Egefen esku-hartze tasa, baina, estatu-laguntzen araudia aplikagarri zaien onuradunentzat, txikiagoa izan ahal izango da (ikus Proiektuen sustatzaileentzako gida, «Proiektuen finantzaketa-baldintzak» atala), eta Egef jasotzen ez duten Andorrako onuradunen salbuespenarekin.

Estatu-laguntzen onuradunak Baterako Idazkaritzarekin jarri beharko dira harremanetan aurrekontua egiteko. Estatu-laguntzen esparruan sartzen diren jarduerei dagokienez, hauek dira sustatzaileentzako finantzaketa-aukerak:

● 1407/2013 minimis araudia.

● 651/2014 Kategoriakako Salbuespenen Erregelamenduaren 20., 25. eta 53. artikuluak, zeinen bidez adierazten baita laguntzen zenbait kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

3.– Deialdiaren egutegia.

Bi fase ditu Poctefa 2014-2020 Programaren bigarren deialdiak:

1. fasea: hautagaitzak Sigefa informatika-aplikazioan jasotzeko epea 2016ko azaroaren 10etik dago zabalik, eta abenduaren 13an itxiko da, 14:00etan. Ez dira onartuko abenduaren 13ko 14:00ak ondoren aurkeztutako hautagaitzak.

Programazio Batzordeak lau hilabeteko epea izango du gehienez ebazpena emateko, lehenengo fasean hautagaitzak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

Bigarren fasera igarotzeko hautatutako hautagaitzak soilik aurkeztu ahal izango dira fase horretara.

2. fasea: bigarren fasera igarotzeko baietsitako edo ezetsitako hautagaitzak onartzeko ebazpena emango du Programazio Batzordeak; ebazpen horretan zehaztuko da hautagaitzak jasotzeko epea, eta beranduenez hilabeteko epean hasi beharko da, ebazpen hori onartzen denetik aurrera, eta berrogei egun natural iraungo du gutxienez. Ez dira onartuko zehazten den epearen azken eguneko 14:00ak ondoren jasotako hautagaitzak.

Gehienez sei hilabeteko epea izango du Programazio Batzordeak ebazpena emateko, bigarren fasean hautagaitzak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.

4.– Hautagaitzak aurkezteko modua:

Honela aurkeztu behar dira fase bakoitzean eskatutako agiriak:

1.– Espainolez eta frantsesez hautagaitzaren inprimakiaren kasuan. Programaren bi hizkuntzetarik batean gutxienez aurkeztu beharko dira gainerako agiriak (espainola edo frantsesa).

2.– Epean (ikus 3. puntua Deialdiaren egutegia).

3.– Sigefa informatika-aplikazioan; aurretik erabiltzailearen erregistroa egin behar da www.poctefa.eu web-orrian. Lehenengo fasean hautagaitza aurkeztu ahal izateko, pausu hauek jarraitu beharko ditu taldeburuak/onuradun nagusiak:

● Hautagaitza sortzea Sigefa informatika-aplikazioan.

● Hautagaitza-inprimakiaren atal guztiak betetzea espainolez eta frantsesez.

● Eskatutako agiri guztien kopia eskaneatu bana atxikitzea sigefan (ikus 5. puntua Hautagaitza aurkeztea: onarpen-eskakizunak).

● Hautagaitza balioestea Sigefan.

● Hautagaitza Sigefaren bidez bidaltzea. Hautagaitza bidali eta gero, EFA erregistro-zenbakia emango du Sigefak.

5.– Hautagaitza aurkeztea: onarpen-eskakizunak.

5.1.– Lehenengo fasea.

Hautagaitzaren lehenengo fasean, agiri hauek aurkeztu behar dira:

● Hautagaitza-inprimakia beteta, espainolez eta frantsesez.

● Lankidegoaren erantzukizun- eta konpromiso-adierazpena, taldeburuaren/onuradun nagusiaren legezko ordezkaritzak sinatua eta zigilatua, bi hizkuntzetako batean (espainola edo frantsesa). Taldeburuak/onuradun nagusiak idatziz gorde beharko du onuradun guztien banakako finantza-konpromisoa, Programak emandako ereduaren arabera.

Sigefa informatika-aplikazioaren bidez (https://1420.poctefa.eu/) bidaliko dira agiriok, eta ez da onartuko bestelako bide batetik bidalitako agiririk.

Lehenengo faseko onarpen-eskakizunak.

Sigefan jasotako hautagaitzek onarpen-eskakizun hauek errespetatzen dituztela egiaztatuko du Baterako Idazkaritzak:

1.– Hautagaitza-inprimakia informatika-aplikazioan bidali da, deialdian ezarritako epeetan.

2.– Hautagaitza-inprimakiaren atal guztiak beteta daude espainolez eta frantsesez, eta bi bertsioak berdin-berdinak dira.

3.– Konpromiso- eta erantzukizun-adierazpenaren eredua taldeburuaren/onuradun nagusiaren legezko ordezkaritzak sinatu eta zigilatu du, eta Sigefan erantsi da bi hizkuntzetako batean (espainola edo frantsesa).

4.– Mugaz gaindiko lankidegoa du proiektuak, hau da, gutxienez Europako bi estaturen inplikazioa (Espainia, Frantzia eta Andorra), salbu mugaz gaindiko erakunde juridiko espainiar-frantziarrak, zeinak EGEF diru-laguntzaren onuradun bakar izan ahal izango baitira.

5.– Taldeburu/onuradun nagusi bat du proiektuaren lankidegoak, zeina Programan parte hartzen duten Europar Batasuneko estatu batekoa baita (Espainia edo Frantzia).

6.– 80.000 euroko edo gehiagoko guztizko kostu hautagarria du proiektuak. 2014ko urtarrilaren 1etik, gastuak hautagarriak izan ahal izango dira, salbu 651/2014 Erregelamenduko xedapenen arabera Kategoriakako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren peko onuradunak barne hartzen dituzten eragiketetarako.

7.– Proiektua ez da amaitu diru-laguntza eskabidea aurkezteko eguna baino lehen. 651/2014 Erregelamenduko xedapenen arabera Kategoriakako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren peko onuradunen kasuan, hautagaitzak aurkeztu baino lehenago hasi ahal izango da proiektua (ikus, «Proiektuen sustatzaileentzako gida», «Estatu-laguntzak» atala).

8.– Proiektuak ez du Europako beste programa batzuen finantzaketarik.

9.– Proiektuaren iraupena ez da 3 urte baino luzeagoa.

10.– Gutxienez alderdi hauetako bati buruzko elementu berriak sartu beharko dituzte aurretik programatutako eragiketen jarraitutasuneko proiektuek:

– Lankidegoa.

– Esku-hartze lurraldea.

– Proiektuaren helburuak eta esperotako emaitzak.

11.– Proiektuaren helburu nagusiari laguntzen dio Programaren Inbertsio Lehentasun hautatu baten helburu espezifiko bati.

2. eta 3. eskakizunak zuzengarriak dira. Gainerako eskakizunak ez dira zuzengarriak.

Onarpen-eskakizun guztiak bildu beharko ditu hautagaitzak. Hautagaitzak ez baditu biltzen onarpen-eskakizun zuzengarriak, Kudeaketa Agintaritzaren zuzendariak, www.poctefa.eu web-orrian argitaratutako jakinarazpen baten bidez, taldeburuari/onuradun nagusiari eskatuko dio zuzen ditzala eskakizunok, gehieneko 10 egun balioduneko epean –epe luzaezina–, jakinarazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota, Kudeaketa Agintaritzako zuzendariak baietsitako edo ezetsitako hautagaitzei buruzko behin betiko ebazpena emango du, eta www.poctefa web-orrian argitaratuko da ebazpen hori.

5.2.– Bigarren fasea.

Hautagaitzaren bigarren fasean, agiri hauek aurkeztu behar dira:

Bigarren fasera igarotzeko baiesten diren hautagaitzek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Sigefa informatika-aplikazioan (https://1420.poctefa.eu/), 3. atalean, Deialdiaren egutegia, zehaztutako epeetan.

1.– Hautagaitza-inprimakiaren atal guztiak beteta, espainolez eta frantsesez. Bi bertsioak berdin-berdinak izan behar dira.

2.– Lankidegoaren erantzukizun- eta konpromiso-adierazpena, taldeburuaren/onuradun nagusiaren legezko ordezkaritzak sinatua eta zigilatua, bi hizkuntzetako batean (espainola edo frantsesa).

3.– Kostu-taula, taldeburuaren/onuradun nagusiaren legezko ordezkaritzak sinatua lehenengo orrian: onuradunen gastuen urteko xehakapena. Hori prestatzeko, agiri honen I. eranskina «Aurrekontua prestatzeko arauak eta gomendioak» aintzat hartu behar da.

4.– Proiektuaren finantza-plana, eragiketako onuradun guztien legezko ordezkariek sinatua eta zigilatua lehenengo orrian.

5.– Lankidegoaren mugaz gaindiko hitzarmena, eragiketako onuradun guztien legezko ordezkariek sinatua eta zigilatua azken orrian, edo, mugaz gaindiko kide espainiar-frantziar bakarra bada, erakundearen estatutu juridikoak.

6.– Onuradun bakoitzarentzako gastuaren oinarri-orria beteta, agiri bakarrean.

7.– Onuradunen finantza-konpromisoaren adierazpena(k), sinatuta eta zigilatuta, baldin eta legezko ordezkariak bere erakundea finantza-mailan konprometitzeko gaitasun juridikoa badu. Legezko ordezkariak ez badu gaitasun hori, erakundearen dagokion erabaki-organoaren finantza-konpromisoaren ebazpena bidaliko da. Ebazpena bidean bada, onuradunen finantza-konpromisoaren adierazpena onartuko da behin-behinean, eta, edonola ere, 2017ko urriaren 30a baino lehenago bidali beharko da ebazpena.

8.– Hala badagokio, kofinantzaketa publikoen eskabide(ar)en ebazpena(k) edo justifikagiria(k) (kontrapartida publiko nazionalak).

9.– Azpiegituren kasuan, aurretiko baimenak/lan-baimena edo, halakorik ezean, baimen horien eskabideen justifikagiriak, azpiegitura horiek abian ezarri ondorengo kudeaketa-kostuei buruzko txosten bat erantsita.

10.– Hala badagokio, legezko ordezkariek hirugarrenekin sinatutako hitzarmena(k).

11.– I. eranskineko gomendioak gaindituz gero, finantza-gomendioak gainditu izanaren justifikagiri-fitxa erantsi beharko da Sigefan (eredua, deialdiaren I. eranskinean).

12.– Estatu-laguntzen autoebaluazio-inprimakia, onuradun guztiena, eta onuradun bakoitzaren minimis adierazpena, biak legezko ordezkariak sinatuak.

13.– Enpresa eta erakunde pribatuentzat: onuradunen estatutuak eta egituren jardueren deskribapena.

14.– Enpresa eta erakunde pribatuentzat: egoeraren balantzea eta aurreko urteko negozio-zifrari dagokion adierazpena.

Hautagaitza-inprimakia eta gainerako agiriak Sigefa informatika-aplikazioaren bidez bidaliko dira. Ez da beharrezkoa paperean bidaltzea.

Bigarren faseko onarpen-eskakizunak.

Baterako Idazkaritzak egiaztatuko du Sigefa informatika-aplikazioan jasotako hautagaitzek eskakizun hauek errespetatzen dituztela:

1.– Lehenengo fasean aurkeztutako hautagaitzen datuak ez dira aldatu, salbu deialdiak baimenduak (ikus deialdiaren testuaren 6. puntua, bigarren fasea atala).

2.– Hautagaitza-inprimakia informatika-aplikazioan bidali da, deialdian ezarritako epeetan.

3.– Hautagaitza-inprimakiaren atal guztiak beteta daude espainolez eta frantsesez, eta bi bertsioak berdin-berdinak dira.

4.– Eskatutako gainerako agiriak epean eta behar bezala bidali dira.

5.– Kostu-taula/finantza-plana/lankidego-hitzarmena/egutegia ataletako datuek bat egiten dute erakundeei, kantitateei eta datei dagokienez.

6.– Onuradunen autoebaluazioarekin bat, estatu-laguntzak izan zein ez, koherentzia badago autoebaluazioaren eta finantza-planaren artean, eta kofinantzaketa publikoaren eta autofinantzaketaren mugak errespetatzen dira.

7.– Onuradun guztiak pribatuak izanez gero, finantza-arloan eskatutako edo konfirmatutako kofinantzaketa publiko bat gutxienez bada. Erakunde pribatuek soilik eratutako lankidego bat bada, Programazio Batzordeak ezingo ditu programatu, kofinantzaketa publiko bat gutxienez konfirmatzen ez duten hautagaitzak.

8.– Egutegia aldatuz gero, proiektuaren iraupena ez da hiru urte baino luzeagoa izango.

9.– Estatu-laguntzen kasuan, laguntza horien onuradunek ez dute hautagaitza aurkeztu baino lehenago hasi proiektua.

1., 2. eta 9. irizpideak baztertzaileak eta ez-zuzengarriak dira. Gainerako eskakizunak zuzengarriak dira.

Onarpen-eskakizun guztiak bildu beharko ditu hautagaitzak. Hautagaitzak ez baditu biltzen onarpen-eskakizun zuzengarriak, taldeburuari/onuradun nagusiari idatzizko jakinarazpen ofizial baten bidez eskatuko zaio zuzen ditzala eskakizunok, gehieneko 10 egun balioduneko epean –epe luzaezina–, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota, Kudeaketa Agintaritzako zuzendariak baietsitako edo ezetsitako hautagaitzei buruzko behin betiko ebazpena emango du, eta www.poctefa web-orrian argitaratuko da ebazpen hori.

6.– Hautagaitzak hautatzeko irizpideak eta prozesua.

Hautagaitzen hautaketa-prozesu bat dakarte deialdi honen bi faseek.

Hautagaitza-inprimakian eta eskatutako agirietan soilik oinarrituko da hautagaitzen ebaluazioa.

6.1.– Lehenengo fasea.

Onarpen-eskakizunak betetzen dituzten hautagaitzak instrukzio teknikora igaroko dira.

Eragiketak hautatzeko Programan jasota dauden oinarri zuzentzaileei buruzko hautaketa-irizpide hauek kontuan hartuz aztertuko dira baietsitako hautagaitzak:

Baterako Idazkaritzak eta lankidegoaren zerbitzu instrukziogileek instrukzio teknikoa egin eta gero, Programazio Batzordeak hautagaitza guztiak ebaluatuko ditu, eta bakoitzari dagozkion puntuak emango.

(Ikus .PDF)

Bigarren fasera igarotzeko, bi baldintza bete beharko dituzte hautagaitzek:

1.– 50 puntu izatea, gutxienez.

2.– Ardatzen arabera sailkatutako eta puntuazioaren arabera ordenatutako hautagaitzen zerrendan egotea, ardatzen araberako deialdian dagoen EGEF zenbatekoaren % 150eko aurrekontu-mugaren barnean. Muga horren barnean dagoen azken proiektuak bakarrik gaindiarazi ahal izango du ardatzen arabera dagoen EGEFaren % 150eko zenbatekoa.

Bigarren fasera igarotzeko baietsitako/ezetsitako hautagaitzen ebazpena emango du Programazio Batzordeak.

www.poctefa.eu web-orrian argitaratuko da Programazio Batzordearen ebazpena, baietsitako eta ezetsitako hautagaitzen zerrendarekin; ardatzaren eta puntuazioaren arabera ordenatuko ditu.

Lehenengo fasean Programazio Batzordeak hartutako erabakiaren eta bost irizpideetan lortutako puntuazioaren berri izateko, jakinarazpen ofizial bat jasoko dute aurkeztutako hautagaitzen taldeburuek/onuradun nagusiek.

6.2.– Bigarren fasea.

Instrukzio teknikora igaroko dira bigarren fasera igarotzeko baietsitako hautagaitzak.

Bigarren fasean ez da onartuko hautagaitzak aldatzerik, kasu hauetan izan ezik:

1.– Estatu-laguntzak antzemanez gero, EGEF tasa txikitzea (% 65 baino txikiagoa).

2.– Hasteko eguna atzeratuz gero (3 hilabete, gehienez), hasteko eta amaitzeko eguna aldatuz gero, ez badu hiru urteko iraupena gainditzen, betiere.

3.– Aldaketak gertatuz gero onuradunen izaera/erregimen juridikoan, zeinetan lehenengo faseko erakundearekiko lotura froga baitaiteke, onuradunak aldatzea.

Hiru kasu horietakoren bat gertatuz gero, taldeburuak/onuradun nagusiak harremanetan jarri beharko dira Baterako Idazkaritzarekin, zeinak horren berri emango baitio Programazio Batzordeari.

Programan biltzen diren eragiketen hautaketarako printzipio gidarietan oinarriturik egingo da proiektuen instrukzio teknikoa. Hautaketa-irizpide hauen arabera aztertuko dira hautagaitzak:

(Ikus .PDF)

5. irizpidearen xehetasuna: hautaketarako irizpide espezifikoak Inbertsio Lehentasun bakoitzeko.

● IL 1b: Lurraldeko enpresentzako onura, zerbitzuak eskaintzeko.

● IL 3b: Lehiakortasun potentzialerako onurak enpresa onuradunentzat, eta ikusgarritasuna lurraldeko ehun-ekonomikoarentzat.

● IL 5a: Prebentzioaren arloko espezialisten/adituen parte-hartze/inplikazio maila, klima-aldaketaren eraginei egokitzea.

● IL 5b: Agintaritza publikoen arteko koordinazio-jarduera bateratuak proiektuaren esparruan.

● IL 6c: Kudeaketa orokorreko neurrien kalitatea eta intentsitatea.

● IL 6d: Europako araudiaren aplikazioa armonizatzen laguntzen duten jarduerak.

● IL 7c: Proiektuen zirkunskripzioaren koherentzia dagoen garraio-ehunaren bilbadurarekiko.

● IL 8 CTE: Ekarpena egitea enplegu-sorkuntzari, laneratzeari eta mugaz gaindiko mugikortasunari

● IL 9a: Proiektuaren ekarpena zerbitzuak erabil eta balia ditzaten zerbitzu horietara iristeko zailtasun handiena duten herritarrek.

Lankidegoaren Baterako Idazkaritzaren eta zerbitzu instrukziogileen instrukzio teknikoa amaituta, Lurralde Batzordeak eta Zeharkakoa bilduko dira haien eremuko hautagaitzak aztertzeko. Ondoren, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren Programazio Batzordeak hautagaitza guztiak ebaluatuko ditu, eta bakoitzari dagozkion puntuazioak emango.

Programazio Batzordeak, instrukzioan emandako oharren arabera, hautagaitzen aurrekontu-murrizketak egin ahal izango ditu; aurrekontu horien onuradunek murrizketa horiek onartu beharko dituzte programazioaren kasuan, eta programaziotik kanpo geratuko da proposatutako aurrekontu-murrizketa onartzen ez duen hautagaitza.

Proiektuaren bideragarritasunerako arriskuren bat antzemango balitz hautagaitzaren batean, programaziotik baztertutako hautagaitza kontuan hartu ahal izango du Programazio Batzordeak, irizpen arrazoitua emanez.

Ardatz bakoitzaren deialdian dagoen EGEF zenbatekoaren aurrekontu-mugaren barnean sartuz gero proiektuen EGEF pilatua, orduan proiektu horiek programatuak gertatuko dira, puntuazio-ordenaren arabera, betiere bigarren fasean 50 puntu badute gutxienez.

Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programako Programazio Batzordeak behin-behineko ebazpena emango du aztertutako hautagaitza bakoitzarentzat, zeina izan ahal izango baita:

- Programatua.

- Ez-programatua.

www.poctefa.eu web-orrian argitaratuko da Programazio Batzordearen ebazpena, programatutako eta ez-programatutako hautagaitzen zerrendarekin, ardatzaren eta puntuazioaren arabera ordenatuak.

Hilabeteko epea izango dute programatutako proiektuen taldeburuek/onuradun nagusiek EGEF diru-laguntza onartzeko eta deialdiaren prozesuan eskatutako agiri guztiak helarazteko –sinadurekin eta jatorrizko zigiluekin–, paperezko bertsioan eta Sigefa aplikazioan:

1.– Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak ordaindu izanaren ziurtagiriak.

2.– Zerga-betebeharrak ordaindu izanaren ziurtagiriak.

3.– Gastuak BEZarekin aurkezten dituzten onuradunentzat: BEZa ez berreskuratzeko adierazpena.

4.– Enpresa eta erakunde pribatuentzat: hala badagokio, erregistro edo errepertorio batean inskribatuta egotearen agiriak.

5.– Kostu-taula (urteka eta onuradun bakoitzeko), taldeburuaren/onuradun nagusiaren legezko ordezkaritzak sinatua jatorrizko paperezko bertsioaren lehenengo orrian

6.– Finantza-plana, onuradun guztien legezko ordezkariek sinatua eta zigilatua paperezko bertsioaren lehenengo orrian.

7.– Lankidegoaren mugaz gaindiko hitzarmena, onuradun guztien legezko ordezkariek sinatua, zigilatua eta errubrikatua jatorrizko paperezko bertsioko orri guztietan.

8.– Onuradun guztienak: jatorrizko finantza-konpromisoko adierazpenak, baldin eta legezko ordezkariak bere erakundea finantza-mailan konprometitzeko gaitasun juridikoa badu, eta finantza-konpromisoaren ebazpena gainerako kasuetan.

9.– Hala badagokio, hirugarrenekin sinatutako hitzarmenak jatorrizko paperezko bertsioan.

10.– Hala badagokio, hautagaitza aurkeztu eta gero eskatutako eta konfirmatutako kofinantzaketa publikoei buruzko ebazpena.

Hilabeteko epe hori igarota, Programazio Batzordeak behi betiko ebazpena emango du, proiektu programatuen eta ez-programatuen zerrendarekin. Aurkeztutako hautagaitzen taldeburuei/onuradun nagusiei jakinaraziko zaie ebazpen hori, irizpide bakoitzean lortutako puntuazioarekin. Halaber, web www.poctefa.eu web-orrian argitaratuko da proiektu programatuen eta ez-programatuen zerrenda eta lortu duten puntuazioa.

Programatutako proiektuen onuradun guztiek ahalbidetu beharko dute iruzur-arrisku posibleak saihestu ahal izateko Programaren agintaritzek eskatzen dieten informaziorako irispìdea.

7.– Erreklamatzeko prozedura.

Deialdi-ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jarraipen Batzordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena argitaratzen denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluen arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean, Huescako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu, hari buruz berariaz ebazpena eman arte edo aukerako berraztertze-errekurtsoaren ustezko ezespena gertatu arte.

Lehenengo eta bigarren faseko ebazpenei gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaie, Jarraipen Batzordearen aurrean, ebazpenok argitaratzen direnetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

8.– Informazioa eta harremana.

Programaren web-orrian (www.poctefa.eu) daude kontsultagai deialdiaren agiri ofizialak eta hautagaitza bat prestatzeko beste elementu garrantzitsuak:

● Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programa

● Proiektuen sustatzaileentzako gida.

● Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren Ingurumenaren Ebazpen Estrategikoa / Ingurumenaren arloko alderdiak Programan sartzea.

● Adierazleen gida.

● Hautagaitza osatzeko behar diren ereduak.

Kudeaketa Agintaritzak ezin du bermatu beste web-orri batzuetatik deskargatutako agirien baliozkotasuna.

Gainera, Programaren kide instituzionalen harremanetarako datuak aurki daitezke web-orri honetan: https://www.poctefa.eu/socios-institucionales-del-programa/

Harremanetan jar zaitezke zure lurralde-ordezkariekin edo Programaren Baterako Idazkaritzarekin, hemen: info@poctefa.eu

9.– Check list.

Hautagaitza bidali aurretik, egiaztatu alderdi hauek:

● Programa irakurri duzu.

● Proiektuen sustatzaileentzako gida irakurri duzu.

● Deialdiaren testua irakurri duzu.

● Interreg V A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2014-2020) Programaren ardatz nagusietariko batean inskribatzen da proiektua.

● Programaren inbertsio-lehentasun baten helburu espezifiko batean kokatzen da proiektua.

● Bi hizkuntzetan (frantsesa eta espainola) idatzi da hautagaitza.

● Prest dituzu 5. atalean (Onarpen-eskakizunak) eskatutakoak.

● Betetzen dituzu 3. atalean (Deialdiaren egutegia) aurreikusitako deialdiaren bidalketa-epeak.

● Hautagaitza Sigefa aplikazioaren bidez bidali da, epean.

I. eranskina

Aurrekontua prestatzeko arauak eta gomendioak.

Eranskin honen bidez, kostu-taula prestatzeko hainbat arau eta gomendio ematen dizkie Programak Poctefa 2014-2020 deialdian euren hautagaitzak aurkezten dituzten kideei. Proposatutako bi arauk aurreikusten dute modalitate sinplifikatua erabiltzea «giza baliabideen gastuak» eta «bulegoko eta administrazioko gastuak» kategorietarako Modalitate sinplifikatuak ahalbidetzen du zenbateko bat aplikatzea oroharreko prezioan onuradunek euren gastuak justifikatu beharra saihesteko. Honela, baldin eta modalitate sinplifikatu hau aplikatzen bada, onuradunei ez zaie egiaztagiririk eskatuko dagozkien gastuak kontrolatzerakoan.

1.– Programazio-aldi osoan aplikatzeko arau orokorrak.

Arau hauek definitzen dira zenbait gastu-kategoriatarako, eta programazio-aldi osoan aplikatzen dira (ikus «Proiektuen sustatzaileentzako gida»).

Arau hauek nahitaezkoak dira, eta, kasuaren arabera, onuradun-mailan edo proiektu-mailan aplikatzen dira.

Bi kategoriatan sailkatzen dira arauok:

● Nahitaez betetzeko arauak:

Arau hauek zuzenean aplikatzen zaizkie proiektuen sustatzaile guztiei, dagozkien gastu-kategorientzat.

● Hautazko arauak:

«Giza baliabideak» gastu-kategoriari soilik dagokio arau hau. Soilik aplikatzen da baldin eta proiektuen sustatzaileak ez badu hautatzen gastu errealaren gainean langileen gastuak egiaztatzea eta erabakitzen badu modalitate sinplifikatua erabiltzea.

2.– 2014-2020 proiektuen bigarren deialdirako gomendio espezifikoak:

Gomendio hauei egokitu beharko zaizkie proiektuak. Bestela, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, zeinak Programazio Batzordeak baloratuko baititu.

Proiektu osoari aplikatzen zaizkio gomendio hauek.

Proiektuak dirauen artean aplikatuko dira proiektuen bigarren deialdiko arauak eta gomendioak.

Halaber, ziurtapenaren unean egiaztatuko da arau eta gomendio hauek betetzen direla.

Jarraian aurkezten dira arauak eta gomendioak:

Oharra: 481/2014 (EE) Erregelamenduan biltzen dira lankidetza-programentzako gastuen hautagarritasunaren arloko xedapen espezifikoak.

1.– Programazio-aldi osoan aplikatzeko arau orokorrak.

● Nahitaez betetzeko arauak:

● Bulegoko eta administrazioko gastuak (ikus B 4.2 puntua Proiektuen sustatzaileentzako gida) Modalitate sinplifikatuaren bidez soilik justifikatu ahal izango dira bulegoko eta administrazioko gastuak. Onuradun guztiei aplikatzen zaie arau hau. Honela, onuradunaren bulegoko eta administrazioko gastuak ezin izango dira langileen zuzeneko gastuen % 7,5 baino gehiagokoak izan, eta kideko 200.000 eurokoak izango dira, gehienez.

● Bidai- eta ostatu-kostuak (ikus B 4.3 puntua Proiektuen sustatzaileentzako gida) Proiektuaren hautagaitza aurkezteko unean, ez da muga globalik ezartzen gastu-kategoria honetarako. Hala ere, «Proiektuen sustatzaileentzako gida»-n, gaua igarotzeko dietak eta gehieneko eguneko dietak zehazten dira, zeinak egiaztatze- eta kontrol-zirkuituan egiaztatuko baitira.

● Zerbitzuen eta kanpoko ezagutzen gastuak (ikus B 4.4 puntua, Proiektuen sustatzaileentzako gida) Ez da muga globalik ezartzen gastu-kategoria honetarako, baina arreta jarriko zaie externalizazio-maila handia aurkezten duten hautagaitzei.

● Proiektuaren prestakuntza-gastuak (ikus B 5 puntua, Proiektuen sustatzaileentzako gida). Proiektuaren ekintzetako bat dira prestakuntza-gastuak, zeina gastu-kategoria hauetan banatu behar baita: «Langile-gastuak»,«Bidai- eta ostatu-kostuak» eta «Zerbitzuen eta kanpoko ezagutzen gastuak». Ezingo dute muga hau gainditu proiektuaren prestakuntza-gastu orokorrek: 6.000 euro x proiektuaren Espainiako eta Frantziako onuradun-kopurua, eta gehieneko 30.000 euroko zenbatekoa izango dute proiektuko. Proiektuko onuradunek erabakiko dute nola banatu zenbateko hori.

● Hautazko araua:

● Langile-gastuak (ikus B 4.1 puntua, Proiektuen sustatzaileentzako gida) Arau hau soilik bete behar da baldin eta onuradunak, langile-gastuak justifikatzeko, erabakitzen badu modalitate sinplifikatua erabiltzea proiektuaren hautagaitzan.

Onuradunaren langile-gastuak ezingo dira zuzeneko kostuen % 20 baino gehiagokoak izan, eta kideko 200.000 eurokoak izango dira, gehienez. Proiektuaren zuzeneko kostuak dira gastu-kategoria guztiak, salbu «Bulegoko eta administrazioko gastuak». Kostu sinplifikatuen modalitatea hautatzea proiektuko langile guztiei aplikatuko zaie proiektuak diraueno.

2.– 2014-2020 proiektuen bigarren deialdirako gomendio espezifikoak.

Gomendio hauei egokitu beharko zaizkie proiektuak. Bestela, justifikazio egokiak aurkeztu beharko dira, hurrengo orrialdeko ereduaren arabera, eta Programazio Batzordeak baloratuko ditu.

● Proiektuaren kostu hautagarri osoa ez litzateke 2 milioi euro baino gehiagokoa izan behar. Gehienez 10 milioi euroko kostu hautagarria izango dute azpiegiturako edota ekipoko ondasunen proiektuek.

● 2 milioi euro baino gehiagoko azpiegiturako edota ekipoko ondasunen proiektu guztietan, zenbateko horren eta proiektuaren kostu hautagarriaren arteko gastuak (gehienez, 10 milioi euro), azpiegiturako edota ekipoko ondasunen gastu-kategoriara bideratu beharko dira.

● Proiektuaren «Langile-gastuak» gastu-kategoria.

● Proiektuaren langile-gastuek ezingo dute gainditu guztizko kostu hautagarriaren % 50.

Finantza-gomendioak gainditzearen justifikazio-fitxa.

Baldin eta onuradunek ezin izan badituzte Programaren gomendioak jarraitu, justifikazio-fitxa hau betetzea eskatzen diegu.

1.– Mesedez, markatu zure kostu-taula prestatzean aintzat hartu ezin d(it)uzun gomendioa(k).

(Ikus .PDF)

2.– Mesedez, jarraian markatu labur zure proiekturako gomendio hau(ek) aintzat ez hartzea justifikatzen duten arrazoiak. Zehaztu zein liratekeen proiekturako ondorio zuzenak baldin eta atalasea(k) gainditzen ez bad(ir)a: abian jartzean, produktibitate- eta emaitza-helburuetan, finantza-bideragarritasunean, eremu geografikoan, etab.

(Ikus .PDF)

3.– 2. gomendioan ezarritako atalaseetako bat gaindituz gero, zehaztu proiektu honetarako mobilizatutako langileen egitekoak, mesedez. Zergatik dira funtsezkoak proiektua garatzeko eta haren helburuak lortzeko?.

(Ikus .PDF)

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 10a.

Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria,

JOSÉ M.ª BARRUTIA LEGARRETA.


Azterketa dokumentala