Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2016ko azaroaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5056

EBAZPENA, 2016ko azaroaren 21ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez handitu egiten baita garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2016ko deialdira bideratutako diru-horniduraren zenbatekoa.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2016ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez (2016ko maiatzaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 83. zk.), garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2016ko deialdia egin zen.

Ebazpen horretako 2.a) artikuluan ezartzen denez, larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorraren diru-hornidura milioi bat eta berrehun mila eurokoa da.

Artikulu horretako bigarren paragrafoan zehazten denez, adierazitako zenbatekoa aldatu ahal izango da, eta, horretarako, aintzat hartuko dira eskatutako laguntzen zenbateko osoa eta beste laguntza-deialdi batzuk exekutatzean agortu gabe gelditzen diren aurrekontu-baliabideak. Aldaketok, betiere, diru-laguntza deialdia ebatzi aurretik egingo dira. Kasu horretan, eta aurreikuspen horretan xedatutakoaren arabera, aldaketa hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren ebazpen bidez.

Hornidura osagarria dagoenez, eta larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako zenbait proiektu laguntzarik gabe geratu direnez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Artezkaritza Kontseiluak 2016ko uztailaren 27ko bileran aldez aurretik erabakita, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Hiru milioi eta zazpirehun mila (3.700.000) euro gehitzea 2016ko apirilaren 27ko Ebazpenaren 1. artikuluan aurreikusitako zenbatekoari. Ondorioz, hiru milioi eta berrehun mila (3.200.000) eurotik sei milioi eta bederatziehun mila (6.900.000) eurora handitu da zenbatekoa. Ebazpen horren bidez, garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2016ko deialdia egin zen.

2. artikulua.– Gehitutako zenbatekoa –hiru milioi eta zazpirehun mila euro (3.700.000)– larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorrera bideratuko da. Lerro hori Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2016ko apirilaren 27ko Ebazpenaren 2.a) artikuluan dago jasota, eta haren diru-hornidura milioi bat eta berrehun mila (1.200.000) eurotik lau milio eta bederatziehun mila (4.900.000) eurora pasatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, berorren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 21a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARIA ANGELES ELORZA ZUBIRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana