Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2016ko azaroaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4886

AGINDUA, 2016ko urriaren 28koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez hasieran onartzen baita Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartu zuen abenduaren 28ko 271/2004 Dekretuak. Ondoren, irailaren 28ko 251/2010 Dekretuak aldatu egin zuen, nekazaritza-eraikinak eta upategiak arautzeari buruzko arloan. Lurralde-plan partzial horrek antolamendu integrala ezartzen du eremu funtzional osoarentzat, eta udal-mugarte hauek hartzen ditu: Baños de Ebro/Mañueta, Kripan, Elciego, Elvillar/Bilar, Labastida/Bastida, Laguardia, Lanciego/Lanziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda de Álava/Moreda Araba, Navaridas, Oyón-Oion, Samaniego, Villabuena de Álava/Eskuernaga eta Yécora/Iekora.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia zaintzeari, kudeatzeari eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 5. artikuluak honela definitzen ditu paisaiaren zehaztapenak: paisaiaren katalogoetatik ateratako irizpideak dira; katalogo horietan, paisaiaren kalitatearen helburuak garatzen dira, eta haiek lortzeko neurriak identifikatzen dira, dagozkien lurralde-plan partzialetan sartzeko xedearekin, gomendio gisa.

Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionaleko paisaiaren katalogoa egin ostean, eta aipatutako eremu funtzionaleko paisaia zaintzeko, kudeatzeko eta antolatzeko zehaztapenak atera ondoren, egokia da indarrean den lurralde-plan partzialaren aldaketa ez-funtsezko hau idaztea, aipatutako zehaztapenak sartzeko xedearekin, indarrean den lurralde-plan partzialak planteatutako lurralde-eredua aldatu gabe.

Aldaketaren izapidetze-prozedurari dagokionez, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.10 artikuluan eta 14. artikuluan ezartzen denez, lurralde-plan partzialetan egin nahi diren aldaketak Eusko Jaurlaritzak ezarritako prozedurari jarraituz egingo dira, baldin eta plan horien berrikusketa orokor edo funtsezkorik eskatzen ez badute. Arau hori garatzeko, Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretua egin zen.

Ondorio horietarako, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez, adierazi zen aldaketa hau ez zela funtsezkoa. Beraz, aldaketa hori onartzeko prozedura irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4. artikuluan dago jasota.

Ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendariaren 2016ko maiatzaren 9ko idazkiaren bidez, agiri teknikoaren berri eman zitzaien Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionaleko udal guztiei, helburu honekin: informazio-saio batean aztertzea planaren berrikusketa edo aldaketa egokia den, eta udal horiek beharrezkotzat jotzen zituzten datuak eta informazioak biltzea, aldaketa ahalik eta ondoen formulatzeko. Hori guztia irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatzen den bezala.

Halaber, irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4.3 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen osoko bilkuraren 1/2016 saioan (martxoaren 16an egin zen), aldeko txostena eman zitzaion Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketari.

Bestalde, ingurumen-prozedura izapidetzearekin lotuta, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak ingurumen-organoaren aurrean aurkeztu du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera, aztertzen ari garen lurralde-plan partzialaren 2. aldaketaren zirriborroarekin eta dagokion ingurumen-dokumentu estrategikoarekin batera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan xedatzen den bezala.

Lurralde-plan partzialaren aldaketa honek agiri hauexek ditu:

1.– Memoria.

2.– Antolamendu-arauak.

3.– Eranskinak.

4.– Azterketa ekonomiko-finantzarioa eta exekuzio-programa.

Ondorioz, irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan adierazitakoa dela bide, egokia da hasieran onartzea Guardiako (Arabako Errioxa) lurralde-plan partzialaren 2. aldaketaren espedientea –paisaiaren zehaztapenei buruzkoa–, espediente hori jendaurrean jartzea, eta, aldi berean, lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei entzunaldia eskaintzea, alegazioak, oharrak eta iradokizunak egiteko aukera izan dezaten.

Hori guztia dela-eta, aipatutako aurrekariak ikusita eta honako hauetan jasotako eskumena erabiliz: Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeren 13. artikuluan eta Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekreturen 4.1 artikuluan.

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Hasieran onartzea Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

Bigarrena.– Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren 2. aldaketaren agiria –paisaiaren zehaztapenei buruzkoa– jendaurrean jartzea, hilabeteko epean agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zebatzen hasita, interesdun norbanakoek eta elkarteek ondo iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko. Halaber, iragarkia Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean eta gutxienez autonomia-erkidegoan hedapen handiena duten bi egunkaritan argitaratu behar da.

Epe horretan, lurralde-plan partziala aldatzeko agiria ikusgai egongo da toki hauetan, aztertu ahal izateko:

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila

Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza

Donostia kalea 1 – 2. solairua

01010 Vitoria-Gasteiz.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren web-orrian, eta Irekia komunikazio-kanalean (www.irekia.euskadi.eus).

Hirugarrena.– Informazioa jendaurrean jartzearekin batera, entzunaldia irekiko zaie interesdun lurralde-administrazio publiko guztiei, honen berri eman eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean alegazioak, oharrak eta iradokizunak egin ahal izateko lurralde-plan partzialaren aldaketa honi.

Erabaki hau ezin da errekurritu, Guardiako (Arabako Errioxa) lurralde-plan partzialaren 2. aldaketa –paisaiaren zehaztapenei buruzkoa– behin betiko onartzeko prozeduraren barruko izapide bat delako.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 28a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala