Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

214. zk., 2016ko azaroaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4753

EBAZPENA, 2016ko urriaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena; horren bidez, Vitoria-Gasteizko (Araba) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa zehatzari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiten da. 0059-0003-1720 lurzatia (lehen, 0059-f06-51), Arangiz, Vitoria-Gasteiz.

AURREKARIAK

2016ko uztailaren 11n, Vitoria-Gasteizko Udalak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera egin zuen, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa zehatzari buruzkoa; zehazki, 0059-0003-1720 katastro-erreferentziako lurzatian (lehen, 0059-f06-51) egiteko aldaketa (aurrerantzean, Plan Orokorraren aldaketa).

2016ko abuztuaren 8an, ingurumen-organoak ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, txostena jaso eta gehienez berrogeita bost egun balioduneko epean iritzia eman zezaten; horretarako, ingurumen-dokumentu estrategikoa eta planaren zirriborroa haien eskura jarri zuen aipaturiko organoak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, honako organismo eta pertsona interesdun hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia (URA) –Eusko Jaurlaritzako organismoak, hirurak–; Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza eta Ekologistak Martxan Araba, hori ere pertsona interesduna dela iritzita.

Ukitutako Administrazio publikoetarako eta interesdunentzako kontsulta-izapidearen emaitza ebazpen honen eranskinean dago jasota.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egingo zaie ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa duten planetan aldaketa txikiak eragiten dituzten planei edo udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen dutenei.

Aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen duenez, egindako kontsulten emaitza aintzat hartuta, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, ingurumen-organoak lau hilabeteko epea izango du ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta ebazteko Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 0059-0003-1720 katastro-lurzatian (lehen, 0059-f06-51) aldaketa zehatza egiteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den, ingurumenean eragin adierazgarriak izan ditzakeela eta, edota, aitzitik, ingurumenean eragin adierazgarririk ez duen, txostenean ezarritakoaren arabera.

Orain arte azaldutakoaren arabera, espedientean jasota dauden txostenak aztertu ondoren, eta ikusita Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, ingurumen-organo honek uste du aski judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategiko hau egiteko eta Plan Orokorraren aldaketa aplikatzeak izan ditzakeen inpaktu adierazgarrien aurreikuspenari buruz epaia emateko, ingurumen-ondorioetarako soilik, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) 0059-0003-1720 katastro-lurzatian (lehen, 0059-f06-51) aldaketa zehatza egiteko (aurrerantzean, Plan Orokorraren aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian jasotzen den moduan:

A) Espedientearen helburua Vitoria-Gasteizko HAPOren lurzoruak gaur egun daukan sailkapena aldatzea da, 0059-0003-1720 katastro-lurzatia nekazaritzako lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta egotetik lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzera pasatzea, ekoizpen-lurzoruaren sailkapenarekin. Horren garapen zehatza plan partzialean definitutakoa izango da.

Aldaketaren eremu geografikoa N-622 autobidearen eta A-3601 errepidearen artean dago, Arangizen, eta 2016ko ekainean egindako Arangizko (Vitoria-Gasteiz) 0059-0003-1720 katastro-lurzatiari (lehen, 0059-f06-51 lurzatia) buruzko Vitoria-Gasteizko (Araba) Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa zehatzari erantsitako A00 mapan dago kartografiatua.

Guztira 17.376,05 m²-ko azalera du. Gaur egun nekazaritzarako erabiltzen da, eta sailkapena aldatuz gero zabaldu egin ahal izango litzateke ondoan dagoen jarduera industriala (galdaragintza ertaina eta arina), 6.500 m²-ko instalazio berriak gehituz.

Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren helburua da erabakitzea plan horri ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaion –ingurumenean eragin adierazgarriak izan ditzakeelako– edota hori egitea beharrezkoa ez den, eragin horiek aurreikusten ez direlako, txosten honetan ezarritako terminoetan.

B) Planaren ezaugarriak.

Plan Orokorraren aldaketak ez ditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa nahitaez egin behar duten proiektuak ahalbidetuko, baina martxan den industria-jarduera baten zabalpenaren kokalekua ezarriko du, eta horren egiturazko hirigintza-antolamendua zehaztuko du. Jarduera hori galdaragintza ertaina eta arina da, eta, horretarako soldadura, laser-mozketa, puntzonaketa eta tolestaketa erabiltzen dira.

Alabaina, badu eragina beste plan batzuen gainean. Izan ere, dagokion plan partzialaren bidez garatuko denez, hori betez egin beharko da eremuaren hirigintza-antolamendu zehatza ezartzeko lana.

Ingurumen-alderdiei dagokienez Plan Orokorraren aldaketa egokia bada ere, dauzkan ezaugarriak direla eta, minimizatu egiten da haren norainokoa, azken batean 1,7 hektarea inguruko azalera duen lurzati baten sailkapenaren aldaketa soila baino ez baita.

Lurzatian ez dago babestutako eremurik (Natura 2000 Sarea, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatak, baso autoktonoak, arriskuan dauden fauna- edo flora-espezieak edo EAEko igarobide ekologikoen sarea, besteak beste), ez eta Kultura Ondare bezala katalogatutako elementurik ere.

Eremuko ingurumen-arazo nagusiak, planaren garapenaren ondorio posibleei dagokienez, balio agrologiko handiarekin eta akuiferoak kutsatzeko duten erraztasunarekin daude lotuta.

C) Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Kontuan izanik hainbat plan aplikatzen direla aldi berean, erabakitzeko hainbat eremu hierarkikotan egituratu direla, eta ebaluazioen bikoiztasuna saihestu egin behar dela, betiere ingurumen-ondorio guztiak behar bezala ebaluatzen direla bermatuz, Plan Orokorraren aldaketa honen ingurumen-ebaluazioak oraingo erabakitze-faseak berezko dituen determinazioak izan behar ditu ardatz.

Ondorioz, Plan Orokorraren aldaketak ingurumenean eragingo duen ondorio adierazgarriena eremuko ingurumen-arazo nagusietako batekin lotuta dago: balio agrologiko handia duen lurzoruaren galerarekin, hain zuzen ere.

Alabaina, kontuan hartuta zer ezartzen duen 177/2014 Dekretuak, irailaren 16koak, zeinak behin betiko onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala, eta zer ezartzen duten ukitutako Administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsulta-izapidean jasotako txosten sektorialek, ondoriozta liteke aldagai horren gaineko eragina ez dela ingurumenaren aldetik adierazgarria, eta sortutako eraginak nekazaritza eta basozaintzako jardueran izango dituen ondorioen analisi sektoriala egitearekin nahikoa izango dela. Aipaturiko dokumentu horietan jasotzen denez, balio agrologiko handiko lurzoru horren galera onargarria da Araba Erdialdeko eremu funtzionalean, eta Plan Orokorraren aldaketak eragingo duen lurzatia Vitoria-Gasteizko balio agrologiko handiko (balio estrategiko handia, irailaren 16ko 177/2014 Dekretuaren arabera) lurzoruaren zati oso txikia baino ez da.

Lurpeko urak kutsatzeari dagokionez, aipatu behar da Plan Orokorraren aldaketak eragingo duen lurzatia kutsatzeko erraztasun handia duen eremu batean egon arren, eremu horren mugan bertan kokatzen dela, iragazkortasun txikiko eremuekin muga eginez eta nitratoekin kutsatzeko erraztasun handia duten zonaldeetatik kanpo. Hortaz, ez dira ondorio adierazgarriak aurreikusten lurpeko uretan.

Azkenik, aipatu behar da Plan Orokorraren aldaketak eragingo duen eremuan zaratak ondorioak izan ditzakeela, A-622 errepidearen ondorioz, hori baita zarata-iturri nagusia.

Zaratari dagokionez, ordea, Plan Orokorraren aldaketak eragingo duen eremuan ez da ingurumen-ondorio adierazgarriak aurreikusten zarata-iturri berriak direla eta, biltegi-jardueratan aritzea baitago aurreikusita.

D) Azken zehaztapenak, ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar direnak.

Horregatik guztiagatik, egindako kontsulten emaitza aintzat hartuta, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, esan daiteke Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 0059-0003-1720 katastro-lurzatiari (lehen, 0059-f06-51) buruzko aldaketa zehatza egiteak ez dituela ondorio adierazgarriak eragingo ingurumenean, ingurumen-txosten estrategiko honetan zehaztutako moduan:

Plan Orokorraren aldaketa zehatzaren ondorioz egiten diren plan eta proiektuei dagokienez, arreta berezia eman beharko zaie honako alderdi hauei:

– Lurpeko uren kutsadura.

Plan Orokorraren aldaketaren ondorioz lurpeko uren gaineko eragin esanguratsurik aurreikusten ez den arren, beharrezko babes-neurriak hartuko dira halakorik ez gertatzeko, aplikatu beharreko sektoreko edo ingurumen-legeriaren arabera beharrezkoak diren txosten guztiak eskatzearen kalterik gabe.

– Kalitate akustikoko helburuak eta immisio-balioak.

Plan Orokorrak eragiten dion eremuan, A-622 errepidea dela eta, zaratak ondorioak izan ditzakeela kontuan hartuta, udal-planteamenduaren antolamendu zehaztua onartu aurretik beharrezkoa izango da bermatzea eremuaren kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla, etorkizuneko hirigintzako garapenetarako. Helburu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinaren 1. ataleko A taulan daude jasota, eta, horretarako, 31. artikuluko bigarren atalean jasotakoa kontuan hartuko da.

Horrela, hirigintzako eta, hala badagokio, ingurumeneko izapidetzea egiteko, eragin akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, arau horren 37. artikuluan jasotakoa betez, inguruko eragin akustiko globala aurreikusteko eta eremuaren kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko.

– Kultura-ondarea.

77 - San Roke ermita balizko arkeologia-gunea Plan Orokorraren aldaketak eragingo duen eremutik gertu egonik, gomendagarria da jarraipen arkeologikoa egitea, lur-mugimenduak egiten badira.

Gainera, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programarekin bat eginez, planak ingurumen-arloak kontuan hartzen direla sustatu beharko du –bereziki, garapen jasangarria sustatzeko–, baliabideak era eraginkorragoan erabiltzen dituen eraikin eta eraikuntza baten integrazioarekin.

Horretarako, arkitektura jasangarria aplikatu beharko da, eraikinen aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa indartzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Zentzu horretan, Eraikuntza Jasangarrirako Gida. Eraikin industrialak Euskal Autonomia Erkidegoan liburuan jasotako gomendioak kontuan izatea proposatzen da. Argitalpena: 2.a, 2012ko maiatza.

Edonola ere, ingurumen-irizpide horietan alderdi hauek jaso beharko dira:

– Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa gutxitzea.

– Iturri ez-berriztagarrietatik sortutako energiaren kontsumoa gutxitzea, edo/eta iturri horietatik energia gutxiago ekoiztea.

– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.

– Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Garraio-prozesu gutxiago egitea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

– Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea.

Irizpide horiek behar bezala ezartzeko, neurria eta, dagokionean, azpineurria aplikatzeko asmoa dagoen etapa identifikatuko da eta neurria/azpineurria zenbatetsiko da. Gainera, neurria bete dela egiaztatzeko baldintzak ezarriko dira.

Era berean, aldez aurretik eta modu esplizituan, aplikatzekoak ez diren Gidako neurri eta azpineurriak ezarriko dira, etaparen, plan- edo proiektu-motaren edo beste neurri edo azpineurri batzuekiko bateraezintasunaren arabera, eta arrazoiak behar bezala justifikatuz.

Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoaren arabera, adieraztea Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 0059-0003-1720 katastro-lurzatiko aldaketak (lehen, 0059-f06-51) ez duela ondorio adierazgarririk izango ingurumenean.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau bidaltzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.

ERANSKINA

Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 0059-0003-1720 katastro-lurzatiari (lehen, 0059-f06-51) buruzko aldaketa zehatzaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren harira, ukitutako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza.

Eranskin honetan aztertzen da Administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidean jasotako txostenen edukia, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren xede den Plan Orokorraren aldaketaren alderdiei dagokienez; hau da, Plan Orokorraren aldaketaren esparruko egiturazko antolamendu zehatzak ingurumenean izan ditzakeen eraginei loturiko alderdiei dagokienez.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epean, txosten hauek jaso ditugu:

• Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza.

• Kultura Ondarearen zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza.

• Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritza.

• Nekazaritza saila, Arabako Foru Aldundia.

• Ekologistak martxan.

Txosten horien edukia aztertu ondoren, ikusi da Planaren aldaketaren esparruko egiturazko egiturazko antolamenduak ingurumenean izan ditzakeen eraginekin zerikusi zuzena duten gai esanguratsuak honako hauek direla:

– Plan Orokorraren aldaketa honek balio estrategiko handiko lurzoru urbanizaezinari eragiten dio, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera (177/2014 Dekretua, 2014ko irailaren 16koa, zeinak behin betiko onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala).

Alabaina, balio agrologiko handiko lurzoru horren galera onargarria da Plan Orokorraren aldaketaren kokalekua den Araba Erdialdeko eremu funtzionalean, nekazaritza eta basozaintzako jardueraren gaineko azterketa sektorial bat beharrezkoa izan badaiteke ere, irailaren 16ko 177/2014 Dekretuak aipatzen duen bezala.

– Kultura-ondareko katalogatutako elementurik egon ez arren, Plan Orokorraren aldaketaren eremua 77 San Roque ermita balizko arkeologia-gunetik gertu dago, eta, ondorioz, komenigarria da jarraipen arkeologiko bat egitea, lur-mugimenduak egiten badira.

– Plan Orokorraren aldaketa erraz kutsa daitekeen eremu batean egon arren, ez da eragin esanguratsurik aurreikusten lurpeko urei dagokienez.


Azterketa dokumentala