Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2016ko azaroaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4646

61/2016 EBAZPENA, urriaren 24koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Emakumearen Euskal Erakundearekin enpresetan sexuaren ziozko bereizkeria saihestu edo deuseztatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Emakumearen Euskal Erakundearekin enpresetan sexuaren ziozko bereizkeria saihestu edo deuseztatzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 24a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 24EKO 61/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUN ERAGINKORRA SUSTATZEKO ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESETAN SEXUAREN ZIOZKO BEREIZKERIA SAIHESTU EDO DEUSEZTATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 11.

ELKARTU DIRA:

Alde batetik, Ángel Tarsicio Toña Güenaga jauna, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, otsailaren 9ko 4/2015 Dekretuaz izendatua (otsailaren 10eko EHAA, 27. zk.).

Beste aldetik, Izaskun Landaida Larizgoitia andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria, urtarrilaren 29ko 137/2013 Dekretuaz izendatua (urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zk.).

ESKU HARTU DUTE:

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izen eta ordezkaritzan, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.1 artikuluan egozten zaizkion eskumenei jarraikiz, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuko 4.1.d) artikuluari jarraikiz.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, erakunde horren izen eta ordezkaritzan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuko 17.2.a) artikuluan emandako eskudantziei jarraikiz.

ADIERAZI DUTE

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuan emakumeen eta gizonen arteko desoreka handia ikus daiteke oraindik. Hala, baieztatu egiten da gizartean existitzen diren sexuaren ziozko rol eta estereotipo ezberdinek lan-merkatuaren osaketa eta eboluzioa baldintzatu dituztela, berorren segregazio horizontal zein bertikala agerraraziz, sektore eta jarduera zehatzetan emakumeek enplegua lortzea zailduz, eta emakumeen garapen eta sustapen profesionalean oztopoak eraginez. Gainera, lan-esparruan, emakume eta gizonak era ezberdinean tratatzen direnez eta generoaren ziozko soldata-arrailak dirauenez, beharrezko suertatzen da bi erakundeen arteko lankidetza. Horrela, beren eskumenen esparruan, emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna egiazkoa eta eraginkorra izateko beharrezko diren baldintzak sustatu ahal izango dituzte, bai enplegua lortzeko baldintzetan, bai lan-baldintzetan, bai prestakuntzan, bai sustapenean, bai ordainketan, eta bai kontratuaren iraungipenean ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 36. artikuluak xedatzen duen arabera.

Bigarrena.– Lankidetza hau administrazio publikoen arteko erlazioak gidatzen dituzten oinarri orokorretan kokatzen da, bai eta, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoen jarduera gidatzen dutenetan ere.

Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3.2 artikuluan lehenbizikoak adierazten dira, zera xedatzen baita: «Herri-administrazioek, beren arteko harremanetan, lankidetza eta elkarren laguntza dute printzipio, eta, beren jardunean, eragimena eta herritarrekiko zerbitzua dituzte irizpide». Horrez gain, 30/1992 Legearen 4.1.c) artikuluaren arabera, administrazio publikoek, «gainerako administrazioei, beren eskumenak baliatuz darabilten jarduerari buruz behar duten informazioa eman» behar diete.

Bigarrenak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluan xedatzen dira. Artikulu horren 8. atalaren arabera, euskal aginte publikoek, «emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez, elkarrekin lankidetzan aritzeko eta beren jarduketak koordinatzeko betebeharra dute, esku-hartze eraginkorragoak eta baliabideen erabilera arrazionalarekin bat datozenak egin ahal izan daitezen».

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eskumenak ditu emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 5. artikuluko g), h), i), k), o), p) eta q) letretan zerrendatutako honako funtzio hauek hartu ditu bere gain:

g) Estatistikak berdintasun-printzipioari egokitzeko metodologia diseinatzea eta horri buruzko plangintza egitea, bai eta estatistikak egokitzea eta eguneratzea ere, horien bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak esku hartzen duen eremu guztietan emakumeek eta gizonek bizi duten egoeraren ezberdintasunak ezagutu ahal izateko.

h) Emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak egitea.

i) Emakumeen eta gizonen ezberdintasun-egoerari buruz eta berdintasuna sustatzeko abiarazi behar diren neurriei buruz sentsibilizazio-jarduerak egitea.

k) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, toki-entitateei, gainerako euskal aginte publikoei eta ekimen pribatuari laguntza tekniko espezializatua ematea.

m) Sustapen-neurriak ezartzea, enpresek eta erakundeek bitarteko materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izan ditzaten, emakumeen eta gizonen berdintasuna erdiesteko diseinatutako planak, programak eta jarduerak garatu ahal izateko.

o) Elkarte, ekimen pribatuekin eta beste erakunde batzuekin harremanak finkatzea eta partaidetza eta lankidetzarako bideak ezartzea.

p) Sexuaren ziozko bereizkeria-egoerak ikertzea eta antzematea, eta egoera horiek errotik kentzeko neurriak hartzea.

q) Zehatzeko ahala egikaritzea.

Funtzio horiez gainera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 36. artikuluan xedatzen denez, euskal herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna erreala eta egiazkoa izateko behar diren baldintzak sustatu behar dituzte, hala norbere konturako zein inoren konturako lana lortzean, nola lan-, prestakuntza-, sustapen-, ordainketa- eta kontratuen amaiera-baldintzetan.

Horrekin batera, ikuskatzailetza-funtzio publikoa ere izango du, barne hartzen dituelarik bai lan-araudia betetzearen jarraipena –lan-harremanetako berdintasun eraginkorra, enplegu eta enplegurako prestakuntzaren lorpena, eta berdintasun-planak sortu eta betearaztea– bai eta lanean sexuaren eta sexu-jazarpenaren ziozko bereizkeria-egoeren ikerketa ere.

Laugarrena.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuko 9.1.s) artikuluan xedatutakoaren arabera, Enplegu eta Lan Sailburuordetzak goi-mailako koordinazioa eta zuzendaritza ditu bere gain, eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren funtzionamendua zaintzeko betebeharra du, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Era berean, sail-egiturari buruzko aipatutako dekretuko 11.1.c) artikuluak ezartzen du Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari dagokiola Euskal Autonomia Erkidegoko Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduera eta funtzionamendua zuzentzea, koordinatzea eta gainbegiratzea eta jarduera ikuskatzailearen planak eta programak ezartzea, eta aipatu artikuluko 2. atalean xedatzen denez, Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetzak, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren mendekotasun organikoa, funtzionala eta hierarkikoa duela, Lurralde Ikuskaritzen zuzendaritza teknikoa eta administratiboa gauzatuko du.

Bestalde, eta Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako sistema arautzeko uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 1.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, «Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantza zerbitzu publikoa da, eta berari dagokio arau sozialak betetzen direla ikuskatzea eta dagozkien erantzukizunak eskatzea, bai eta gai hauei buruzko aholkularitza eta, dagokionean, kontziliazioa, bitartekaritza eta arbitrajea ere. Espainiako Konstituzioan eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 81 eta 129. hitzarmenetan bildutako Zuzenbide Estatu sozial eta demokratikoaren printzipioen arabera burutuko du hori guztia».

Aurrez esandako guztiaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzari dagokio lan-harremanen eta enplegua lortzearen arloan arau-hausterik dagoen zehazteko ikerketa –emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erdiestera eta enpresetan sexuaren ziozko bereizkeria saihestera eta ekiditera bideratutako enpresa-betebeharrei buruzko uneko indarreko araudia barne–. Berari dagokio era berean zehapen-prozedura bidez erantzukizunak eskatzeko ekimena, bai eta enpresak aholkatzea ikuskaritza-funtzioa egikaritzearen kausaz.

Lankidetzari dagokionez, Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako sistema arautzeko uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 16.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, «aginteek, beren izaera zeinahi dela ere, Estatuko administrazio orokorreko erakundeen titularrek, autonomia-erkidegoetakoek eta toki-erakundetakoek; erakunde autonomoek eta enpresa-erakunde publikoek; ganbera eta korporazioek, elkargo eta profesional-elkarteek; gainontzeko erakunde publikoek eta, oro har, funtzio publikoak egikaritzen dituen edonork betebehar izango dute Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantzari beren eskumenen esparruan garrantzia duten datu, txosten eta aurrekari guztiak ematea, bai eta ikuskaritza-funtzioa egikaritzeko eskatzen zaien lankidetza ematea ere».

Uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 17.1 artikuluan xedatzen da Lan Ikuskaritzak gainerako administrazio publikoei lankidetza eta laguntza emateko eginkizun korrelatiboa duela. Beren funtziorako beharrezko duten informazioa emango die, egokia balitz, betiere konfidentzialtasun-beharra bermatuz.

Bosgarrena.– Otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 63. artikuluaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ardura da «Euskal Autonomia Erkidegoan sexuaren ziozko diskriminazio-kasuetan biztanleak defenditzea eta emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren betetzea sustatzea».

Helburu hori lotzeko, 4/2005 Legearen 64. artikuluak xedatzen du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, besteak beste, eginkizun hauek dituela:

«a) Ikerketak egitea, ofizioz nahiz alderen batek eskatuta. Ikerketon helburua sektore pribatuan gerta daitezkeen sexuaren ziozko zuzeneko edo zeharkako bereizkeria-egoerak argitzea izango da.

b) Pertsona fisikoei eta juridikoei negoziazio-bideak eskaintzea eta gomendioak ematea, sektore pribatuan sexuaren zioz sortutako bereizkeria-egoerak edo -praktikak konpontzeko, eta gomendio horiek betetzearen jarraipena egitea.

c) Arlo pribatuan sexuaren zioz sortutako bereizkeria-egoeretan aholkularitza eta laguntza ematea herritarrei.

d) Jazarpen sexistako kasuak errazago konpontzeko bidea izatea.

e) Egiten dituen jarduera eta ikerketen berri ematea, eta txostenak eta irizpenak egitea, lege honetan xedatutakoarekin bat.

i) Lan-administrazioko agintariekin elkarlanean aritzea, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez bereizkeriaren aurkako lan-araudia betetzearen jarraipena egiteko».

Seigarrena.– Lan-esparruan emakumeen eta gizonen artean ezberdintasunak daudela, berdintasun-planei buruzko araudia hautsi egiten dela, soldata-arrail handia dagoela eta sexuaren ziozko lan-jazarpen egoerak ematen direla egiaztaturik, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dituzten eskumenak kontuan hartuz, honako gai hauek jorratuko dituen plan bati ekingo diote elkarrekin:

● Tratu-berdintasuna lan-harremanetan.

● Enpresetako berdintasun-planak eta -programak.

● Enplegua lortzeko orduko aukera-berdintasuna.

● Sexu-jazarpenaren eta sexuaren ziozko jazarpenaren ikerketa eta enpresek prebentzio- eta detekzio-protokoloak erabiltzearen sustapena.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hauek izango dira lankidetza-hitzarmena arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen arteko lankidetza antolatzea da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan sexuaren ziozko bereizkeria-egoerak prebenitzeko edo zuzentzeko, hiru jardunbide motaren bidez:

● Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeko ekintza eta praktika onen eta, zehazki, sexu-jazarpenaren eta sexuaren ziozko jazarpenaren aurkako protokoloak jendarteratzea.

● Berdintasun-planak lantzea sustatzeko ekintzak gauzatzea.

● Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren arloko araudiak hausten dituzten egoeren kontrola, zaintza eta ikerketa, eta erantzukizunak eskatzeko ekintzak burutzea.

Bigarrena.– Berdintasuna sustatzeko ekintzak.

Enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra sustatzeko eta sexuaren ziozko bereizkeria prebenitzeko xedearekin, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzaren bitartez, dibulgazio-jardunaldiak antolatuko dituzte elkarrekin, bereziki, gai hauetako bati edo hainbati helduz: Berdintasun-planak; talde-negoziazioetako tratu-berdintasuna; bizitza pertsonalaren, familiakoaren eta profesionalaren kontziliazioa, eta arrisku-egoeren aurreko babesa, bai eta sexu-jazarpen eta sexuaren ziozko jazarpenak eraginak edota haurdunaldikoak ere. Aipatutako jardunaldietan jardunbide egokien dibulgazioa ere hartuko da barne, bai eta alderdiek interesgarri deritzeten baliabide eta ekimenak ere, hitzarmen honen eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko.

Ikerketak, argitalpenak eta jardunbide egokien gidak egiten eta sustatzen ere hartu ahal izango dute parte, bai finantzaketa beren gain hartuz, bai edukian parte hartuz, hitzarmen honen Jarraipen Batzordeak kasu bakoitzean adostutako ehuneko eta eran.

Hirugarrena.– Berdintasun-planak sustatzeko ekintzak.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio laguntzen deialdiak egitea eta laguntzak ematea, bai eta berdintasun-planak egiteko enpresei laguntza teknikoa ematea ere. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diru-laguntza hauen deialdien eta emateen berri emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzari.

Laugarrena.– Lan-arloan berdintasunari buruzko araudia betetzen dela zaintzeko eta kontrolatzeko ekintzak.

Lan-arloan berdintasunari buruzko araudiak betetzen ez diren egoeren zaintza eta ikerketan dautzan ekintzen helburua emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren alorreko araudia enpresen barruan betearaztea da. Bereziki, puntu hauek betearaztea dute xede:

a) Berdintasun-planen arloan enpresek dituzten betebeharrak.

b) Amatasun, haurdunaldi eta edoskitzaroan dauden emakumeen osasuna eta segurtasuna zaintzeko enpresek dituzten betebeharrak.

c) Era egokian aplikatzea lanaldia laburtzeari buruzko araudia eta bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala kontziliatzeko gainerako araudiak, eta bereziki seme-alaben arretara bideratutakoak.

d) Lana lortzeko, sailkapen profesionaleko, sustapeneko eta prestaketa profesionaleko sexuaren ziozko bereizkeriaren debekua.

e) Emakumeen eta gizonen arteko soldata-bereizkeriaren debekua.

f) Lan-esparruko sexu-jazarpen eta sexuaren ziozko jazarpen-egoerei aurre egiteko ekintzak.

Ekintzotan, erakunde bakoitzak bere eskumenak egikarituko ditu, eta bestearengandik bere funtziorako beharrezko duen laguntza teknikoa edo informazioa jaso ahal izango ditu, konfidentzialtasun-beharra bermatuz, beharrezkoa bada.

Horrek guztiak ez du ezertan galaraziko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak informazio zehatza jasotzea, hala eskatzen badu, arau-hausteen zehaztapenei buruz eta, lan-harremanetako edo lana lortzeko orduko sexuaren ziozko bereizkeriagatik, sexu-jazarpenagatik eta berdintasun-planak egin eta betetzearekin erlazionatutako arau-hausteengatik, zertutako zehapen-prozeduren emaitzari buruz. Bada, arau-haustea kontuan hartzea eta erregistratzea da helburua, hala badagokio, eragina izan dezan laguntzen eta diru-laguntzen deialdietan eta euskal herri-administrazioen kontratuen lizitazioan.

Bosgarrena.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren betebeharrak.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Lan Ikuskaritzaren bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari informazioa, aholkularitza eta lankidetza eskainiko dizkio emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko arloan dituen ardurak betetzen eta sexuaren ziozko bereizkeria deuseztatzen laguntzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak konpromiso hauek hartuko ditu:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eskatzen duen informazioa ematea, bere funtzioak bete ditzan. Funtzio horiek zerbitzu-agindu batean eta enpresa zehatz batekin erlazionatutako arau-hausteko akta batean jasoko dira, baldin eta:

● Sexu-jazarpena eta sexuaren ziozko jazarpena gertatzen badira.

● Sexuaren ziozko bereizkeria gertatzen bada lana lortzeko orduan.

● Lan-baldintza eta -ordainketetan bereizkeriarik bada.

● Lanaldia laburtzearekin eta bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala bateratzearekin erlazionatutako arau-hausterik bada.

● Amatasun, haurdunaldi eta edoskitzaroan dauden emakumeen osasun eta segurtasunaren arloko arauak hausten badira.

b) Berdintasun-planak egin eta negoziatu eta adierazitako errekerimenduen jarraipena egiteko beharrak hautsi dituzten enpresen zerrenda Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari ematea.

c) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari estatistikak, azterlanak eta ikerketak egiteko beharrezko duen informazioa ematea.

d) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, hitzarmen honi dagozkion gaietan, enpresei zuzendutako gomendioetan erakunde bitartekari, aholkulari eta sustatzaile gisa azaltzea, eta gai horiei buruzko laguntzekin zerikusia duten deialdien berri ematea.

e) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari informazioa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako berdintasun-planei eta barne hartzen dituzten aspektuei buruz, sexu-jazarpenaren eta laneko sexuaren ziozko jazarpenaren aurkako protokoloen existentziari buruz, eta plan edo protokoloa beren talde-hitzarmen edo enpresa-paktuetan barne hartzeari buruz.

f) Hitzarmen honek xede dituen gaiei buruzko dibulgazio-jardunaldietan parte hartzea, haien diseinu eta antolaketan zein hitzaldietan parte hartuz, Jarraipen Komisioan adostutako zehaztapenei jarraikiz.

g) Elkarlanean aritzea datu, estatistika, informazio tekniko edo gomendioak emanez hitzarmen honi dagozkion gaiei buruzko dibulgazio-argitalpenetan (azterlanak, praktika onen gidak, etab.), Jarraipen Batzordeak adostutako zehaztapenei jarraikiz.

h) Bere estranetean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen webgunerako esteka bat argitaratzea, bisitatzen duten herritar, langile eta enpresek eskura izan ditzaten erakundearen edukiak.

Seigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuaren betebeharrak.

Emakunde–Emakumearen Euskal Erakundeak konpromiso hauek hartuko ditu:

a) Lan Ikuskaritzari laguntza teknikoa ematea hitzarmen honi dagozkion gaiei buruzko ikerketa-kanpainen diseinu eta lanketan, eta bereziki gai hauetan:

● Berdintasun-planak.

● Lan-baldintzetako sexuaren ziozko bereizkeria (maila profesionala, sustapena, ordainketa...).

● Arriskua haurdunaldian.

● Sektore feminizatuetako enpleguaren kalitate eta denborazkotasunaren kontrola (etxeko langileak, garbitzaileak...).

b) Enpresa baten, hainbat enpresaren edo sektore jakin bateko enpresen barruan irregulartasunak antzematen direnean, Lan Ikuskaritzari ikerketei ekitearen beharraren berri ematea, lan-esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna babesteko eta bermatzeko.

c) Lan Ikuskaritzari, hala eskatzen badu eta ikuskatze-funtzioa era egokian egikaritu ahal izan dezan, txostenak edo bestelako informazio edo datuak ematea.

d) Lan Ikuskaritzari estatistikak, azterlanak eta ikerketak egiteko beharrezko duen informazioa ematea.

e) Lan Ikuskaritzari deialdiei eta enpresei zein gizarte-agenteei emandako laguntzei buruzko informazio zehatza ematea, berdintasun-planak garatzeko edo hitzarmen honi dagozkion gaiekin erlazionatutako jarduerak egiteko.

f) Hitzarmen honek xede dituen gaiei buruzko dibulgazio-jardunaldietan parte hartzea, haien diseinu eta antolaketan zein hitzaldietan parte hartuz, eta aipatutako jardunaldien finantzaketa bere gain hartzea, Jarraipen Komisioan adostutako zehaztapenei jarraikiz.

g) Elkarlanean aritzea datu, estatistika, informazio tekniko edo gomendioak emanez hitzarmen honi dagozkion gaiei buruzko dibulgazio-argitalpenetan (azterlanak, praktika onen gidak, etab.), eta aipatu argitalpenen finantzaketa bere gain hartzea, Jarraipen Batzordeak adostutako zehaztapenei jarraikiz.

h) Bere estranetean Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzaren webgunerako esteka bat argitaratzea, bisitatzen duten herritar, langile eta enpresek eskura izan ditzaten erakundearen edukiak.

Zazpigarrena.– Pertsona interesdunen intimitatea babesteko betebeharra.

Hitzarmen honen aplikazio-eremuan informazioa hornitzen denean, herritarren ohorerako eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitatea izateko eskubidea eta datu pertsonalen babeserako eskubidea errespetatu behar dira, Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluko 1. eta 4. atalek xedatzen dutenez, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 11.2.a) eta 21.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, eta Lan Ikuskaritza eta Gizarte Segurantzako sistema arautzeko uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 16.1, 17.1 eta 24.3 artikuluekin erlazionaturik, lankidetza-hitzarmen honetan jasotako informazio-trukeek ez dute pertsona interesdunen aldez aurreko baimenik behar izango.

Zortzigarrena.– Isilpekotasun-beharra.

Agintari, funtzionario eta gainerako langile guztiek erabat isilpean gorde behar dituzte hitzarmen hau dela bide eskuratzen dituzten datu eta informazio guztiak. Betebehar hori urratzeak berekin ekarriko du bidezko diren erantzukizun penal, administratibo eta zibilen pean erortzea, bai eta Datuak Babesteko Agentziak dagozkion eskumenak erabil ditzan onartzea ere.

Agintari, funtzionario edo bestelako langile batek hitzarmen hau dela bide ematen den informazioa gaizki erabiltzen badu, atxikita dagoen administrazioak erabilpen txarraren ondoriozko erantzukizunak argitzeko espedientea ireki eta amaitu beharko du, bai eta eskatu ere, halakorik izanez gero.

Bederatzigarrena.– Informazioaren hartzaileak.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emandako informazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzaren erakundeak bakarrik eduki ahal izango ditu hartzaile, haiek baitauzkate esleiturik ordenamenduak ezarritako berdintasun-neurriak ikuskatzeko eta kontrolatzeko betekizunak. Inola ere ezin dute jaso informazio hori aipatutakoak ez diren eginkizunak dituzten organoek eta erakundeek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak emandako informazioak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen erakunde eta zerbitzuak bakarrik eduki ahal izango ditu hartzaile, lagapena justifikatzen duten funtzioak baitauzkate esleiturik. Inola ere ezin dute jaso informazio hori aipatutakoak ez diren eginkizunak dituzten organoek eta erakundeek.

Hamargarrena.– Jarraipena.

Koordinazioa errazteko eta lankidetza-hitzarmen honen funtzionamendua gorpuzteko, jarraipen-batzorde bat sortuko da, paritarioa, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Zuzendariordetzako eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusiko titularrek osaturik egongo da, bai eta dagozkien erakundeetako teknikoez ere, azal litezkeen interpretazio- eta konplimendu-arazoak ebazteaz arduratuko direnak. Urtero eta alderdietako batek eskatzen duen bakoitzean bilduko dira. Ildo horretan, bi alderdiek elkarri aitortzen diote batzarrak eta informazio-trukea eskatzeko gaitasuna, hitzarmen honek arautzen dituen betekizunak gauzatu ahal izateko.

Hamaikagarrena.– Indarraldia.

Lankidetza-hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, urtebeteko indarraldia izango du, eta alderdiek ezer adierazi gabe berrituko da urtero, horietako batek idatziz salatzen ez badu epemuga baino hilabete lehenago.

Parte hartzen duten administrazioek hala adosten badute, edo bietako batek, besteak bere gain hartutako betebeharrak haustearen ondorioz, alde batez hala erabakitzen badu ere, hitzarmenaren indarraldia azkendu egingo da.

Hamabigarrena.– Izaera.

Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da, eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, lege-testu horren 4.1.c) artikuluak xedatutakoaren arabera.

Hitzarmenaren interpretazioan eta egikaritzean sor litezkeen auziak alderdien adostasunez ebatziko dira, hamargarren klausulan aurreikusitako batzordean. Hala ere, hitzarmenaren administrazio-izaera dela kausa, bere interpretazio eta aplikazioan sortzen diren desadostasunak, alderdiek konpondu ezin badituzte, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

Eta adostasun-froga gisa, alderdiek hitzarmen honen hiru ale sinatu dituzte, goiburuan aipaturiko lekuan eta datan.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala