Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2016ko azaroaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4645

59/2016 EBAZPENA, urriaren 24koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Pasaiako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, CPI Karmengo Ama IPI Ikastetxea derrigorrezko bigarren hezkuntza irakasteko gaitzeko eta ikastetxearen kontserbazio-, mantentze- eta zaintza-gastuak finantzatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Pasaiako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, CPI Karmengo Ama IPI Ikastetxea derrigorrezko bigarren hezkuntza irakasteko gaitzeko eta ikastetxearen kontserbazio-, mantentze- eta zaintza-gastuak finantzatzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 24a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 24KO 59/2016 EBAZPENARENA

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILAREN ETA PASAIAKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, CPI KARMENGO AMA IPI IKASTETXEA DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA IRAKASTEKO GAITZEKO ETA IKASTETXEAREN KONTSERBAZIO-, MANTENTZE- ETA ZAINTZA-GASTUAK FINANTZATZEKO.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.

BILDURIK:

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko sailburu Cristina Uriarte Toledo andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzan;

Eta bestetik, Izaskun Gómez Cermeño andrea, Pasaiako Udaleko alkate-lehendakaria, udal haren izenean eta hura ordezkatuz, honakoa

AZALTZEN DUTE:

I.– Tokiko Korporazioen eta Hezkuntza Administrazioen arteko lankidetza, tokiko legeen eremuan eta hezkuntzakoetan jasota eta araututa dago: Euskadiko Toki Erakundeak arautzen dituen 2/2016 Legeko 17.1.23) artikulua, toki legeriaren eremuan; eta Hezkuntzako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Legeko bigarren xedapen gehigarria eta Lehen Hezkuntzako Legearen Testu bategina onartzen duen otsailaren 2ko 193/1967 Dekretuko 52. artikulua, Hezkuntza legeriaren eremuan.

Geroago, aipatutako lankidetza-harremanak Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko hamabosgarren xedapen gehigarrian eta Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeko bederatzigarren xedapen gehigarrian oinarritu dira.

II.– Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko hamabosgarren xedapen gehigarriak horrela dio hitzez hitz: «Estatuak edo autonomia-erkidegoek eskolatze-premiak direla-eta hezkuntza-administrazioen mendeko haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo hezkuntza bereziko ikastetxeak kokatuta dauden udal-jabetzako eskola-eraikinak bigarren hezkuntza edo lanbide-heziketa emateko afektatu behar dituztenean, udalerriek indarrean dauden xedapenei jarraikiz ordaintzen zituzten gastuak beren gain hartuko dituzte, udalerrien titulartasun demaniala aparte utzi gabe.»

III.– 1996/1997 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloaren ezarpenari ekin zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan, urtarrilaren 23ko 25/1996 Dekretuan ezarritakoaren arabera; horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri zen.

IV.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloaren ezarpenak, zenbait kasutan, udal titulartasuneko eskola-eraikinak gaitzea ekarri du aipatutako Hezkuntza maila irakastearren, horrek atxikirik dakartzan kontserbazio-, mantentze- eta zaintza-gastuak bere gain harturik.

V.– Toki-erakundeen jabetzako eskola-eraikin publikoak erabiltzeko araubide juridikoari buruzko maiatzaren 6ko 77/2008 Dekretuko III. kapituluak dio eskola-eraikin publikoen afektazioari dagokionez, 27. artikuluan, afektatzeko hitzarmenak afektazioak iraungo duen epea zein den edo mugagabea den adierazi beharko duela.

VI.– Toki-erakundeen jabetzako eskola-eraikin publikoak erabiltzeko araubide juridikoari buruzko maiatzaren 6ko 77/2008 Dekretuko IV. kapituluak honakoa dio eraikin horien kontserbazioari, mantentzeari eta zaintzari dagokienez:

32. artikulua.– Eskuduntza.

1.– Eskola-eraikin publikoen jabeak diren toki erakundeek beren gain hartu behar dute eraikin horien kontserbazio, mantentze eta zaintzearen ardura.

2.– Dena den, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Hezkuntza Bereziko ikastetxe bat Bigarren Hezkuntzara edo Lanbide Heziketara afektatuz gero, Hezkuntzaren arloan eskuduntzak dituen Sailak bere gain hartuko du kontserbazio-, mantentze- eta zaintza gastuen ardura, toki erakundeek ikastetxe horiei begira izan dezaketen titulartasuna aparte utzi gabe.

Afektazioa partziala izanez gero, izenpetuko den hitzarmenean zehaztuko da aipatutako gastuak finantzatzeko era.

33. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak haien jabetzakoak diren eskola-eraikin publikoak kontserbatu, mantendu eta zaintzeko haien eginbeharrak betetzeko eskatu ahal izango die toki erakundeei.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak horretarako eskaera egin ondoren haien jabetzakoak diren eskola-eraikin publikoak kontserbatu, mantendu eta zaintzeko haien eginbeharrak betetzen ez dituzten eta eraikin horiek beste zerbitzu edo helburu batzuetarako erabiltzeko baimena eskatzen duten toki erakundeei ezin izango zaie baimen hori inolaz ere eman.

VII.– 2012ko urtarrilaren 16ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko integralen egitura eta antolaketa arautzen duenak, 12. artikuluan «ikastetxe publikoen kontserbazioa, mantentzea, zaintza eta garbiketa» nola bideratu ezartzen du, eta 3. atalean horrela dio hitzez hitz:

«Ikastetxe publiko integral batek eraikin berean ematen baditu haur eta lehen hezkuntzako irakaskuntzak eta bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta/edo lanbide-heziketako irakaskuntzak, lankidetza-hitzarmen bat izenpetuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta dagokion Udalaren artean eraikin horren kontserbazioa, mantentzea, zainketa eta garbiketa kudeatzeko. Lankidetza-hitzarmen hori prestatzeko, erreferentzia gisa hartuko dira haur eta lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako irakaskuntzak eraikin berean ematen dituzten ikastetxeetan egun izenpetuta dauden hitzarmenak».

VIII.– Honako hitzarmenak halako gaitzea du helburu, bai eta kontserbazioak, mantentzeak eta zaintzeak sorraraz ditzaketen gastuak ere, ondorengoak oinarri harturik:

ESTIPULAZIOAK:

Lehenengoa.– 2016/17 ikasturtetik aurrera CPI Karmengo Ama IPI ikastetxea kokatuta dagoen eraikina, Pasaiako Udalarena, gaitua geratzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza behin betiko irakasteko Haur edota Lehen Hezkuntzarekin batera.

Bigarrena.– CPI Karmengo Ama IPI ikastetxeko eraikinean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion kontserbazio-, mantentze- eta zaintza-gastuen zati proportzionala Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kontura izango da.

Horren harira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aipatutako gastuak ordainduko dizkio Pasaiako Udalari, 2016ko irailaren 1etik aurrera, Hitzarmen honen Eranskinean ezarritako modulu ekonomikoaren arabera. Eranskinak ondorengo zehaztapenak izango ditu barnean: Hitzarmen honetan aipatzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgelak barnean hartzen dituen Ikastetxe Publikoa; Ikasgelak daudeneko udalerria; 2016/17 ikasturterako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgela-kopurua; 2016/17 ikasturterako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntzako ikasgela-kopurua guztira; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokion kontserbazio eta mantentze-gastuen ikasgelakako finantziazio-modulua; ikastetxea zaintzeko finantziazio-modulua, eta beronen kostua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgela-kopuruari egotziko zaio, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasgela-kopuruari dagokionez; aipatutako modulu ekonomikoen aplikazioaren ondorioz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgela guztiak zaintzeagatik eta mantentzeagatik finantzatu beharreko zenbatekoa; zaintzeagatik finantzatu beharreko zenbatekoa pasarte honetan bertan azaldutako proportzio-irizpideekin aplikatutako finantziazio-modulua ezartzearren; aurreko bi kontzeptuongatik 2016. urtean finantzatu beharreko zenbatekoa orotara.

Aipatutako ordain ekonomikoa ondoko berezitasunen arabera gauzatuko da:

– Hitzarmen honen Eranskinean ikasgela bakoitzerako ezarritako zaintza-, kontserbazio- eta mantentze-gastuei dagozkien modulu ekonomikoak 2016. urteari dagozkionak izango dira (2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra). 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, aipatutako ikasgelakako modulu ekonomikoak eguneratzeari ekingo zaio, aurrekontu-baliabideek hura ahalbidetzen dutenean, bai eta, horren ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak zaintza- edota kontserbazio- eta mantentze-gastuengatik ordaindu behar dituen finantziazioak ere.

– Halaber, ikasturte bakoitzaren hasieran, 2017/2018 ikasturtetik hasita, eguneratuko da, hala badagokio, Hitzarmen honen bidez finantzatuko diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasgelen kopurua, eta horrek bere eragina izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finantzatu behar dituen zenbatekoetan, eta horiek ere gertatzen diren aldaketen arabera eguneratuko dira orobat.

Hirugarrena.– Hitzarmen hau indarrean izango da CPI Karmengo Ama IPI ikastetxea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasteko gaitua dagoen bitartean, lehenengo xedapenak dioen moduan, eta 7/2008 Dekretuaren 27. artikuluaren arabera; gaitzea amaitutakoan, hitzarmena iraungi egingo da.

Laugarrena.– Kontserbazio-, mantentze- eta zaintza-gastuen ordainketa urtean zehar lau hilean behingo hiru ordainketaren bidez gauzatuko da. Salbuespen gisa, 2016. urteari dagokion ordainketa aldi bakar batean gauzatuko da, azken lauhilekoari dagokionez hain zuzen ere.

Bosgarrena.– Apirilaren 7ko Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea betez, baimena emango zaio Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari adostu dezan Hitzarmen honetan ezarritako finantza-konpromisoen finantza-bermea.

Seigarrena.– «Bigarren xedapenari» dagozkion aldaketak edo eguneratzeak Hitzarmen honen Eranskinen bidez egingo dira, eta hitzarmeneko alderdiek sinatuko dituzte.

Eta bi alderdien adostasuna frogatzeko, goiburuan adierazitako lekuan eta datan ale bitan sinatzen dute honako hitzarmena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Pasaiako Udaleko alkate-lehendakariak,

IZASKUN GOMEZ CERMEÑO.


Azterketa dokumentala