Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2016ko azaroaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4644

57/2016 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Bizkaiko Foru Aldundiarekin ekintzailetza arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin ekintzailetza arloan sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 21a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEdro luis BAZAcO ATUchA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 21EKO 57/2016 EBAZPENARENA
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREKIN EKINTZAILETZA ARLOAN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA

Bilbao, 2016ko urriaren 14a.

Alde batetik, Angel Tarsicio Toña Güenaga jauna, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, bere karguaren egikaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta hura ordezkatuz.

Beste alde batetik, Teresa Laespada Martínez andrea, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta hura ordezkatuz.

Alderdiek esparru-hitzarmen hau formalizatzeko nahikoa eta beharrezkoa den legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta jarduteko duten ordezkaritza elkarri aitortuta, adostasunez, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.– Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko enpresa-ehunaren modernizazioa eta haren produktibitatea areagotzea lortzeko baliabideak koordinatu nahi dituzte, soziala eta lurraldearen ikuspegitik kohesionatua den ekonomiaren aurrerabidearen egiturazko berme gisa, ekintzailetzarako aukerak eta kalitatezko aukerak sor daitezen.

Bi erakundeek euren ahaleginak eta baliabideak –propioak zein gai horretan espezializatutako erakunde instrumentalenak– koordinatu nahi dituzte, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa areagotzea lortzeko helburua duten jarduketak martxan jartzeko, eta, horretarako, ekintzailetza, enpresa-espiritua, zuzendaritza-karguetan ari diren pertsonen kalitatea indartzea eta prestakuntza handiko talentua babestuko dituzte.

II.– Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari dagokion funtzioetako bat da enplegu-politikak diseinatzea eta garatzea. Eskumen horiek egikaritzeko, ekintza propioak eta Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomiadunaren ekintzak bultzatzen ditu, honako helburu hauek lortzeko: enplegu egonkorraren eta kalitatezkoaren erabateko garapenean laguntzea, langileen enplegagarritasuna bermatzeko modu eraginkorrean laguntzen duen lan-merkatua eratzearen alde egitea eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea; era berean, gizartearen eta lurraldearen kohesioa bultzatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.

III.– Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, enpleguaren sorrera bultzatzeko eta Bizkaiko industria- eta enpresa-ehuna sustatzeko helburuarekin, lurralde horretan garatzen diren hainbat ekimen –enpresa-ekintzailetzako ekimenen garapena hobetzera bideratua– babesten ditu.

Horregatik guztiagatik, bi alderdiek lankidetzarako esparru-hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, klausula hauen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Esparru-hitzarmenaren xedea.

Esparru-hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren lankidetzaren eta koordinazioaren oinarri orokorrak ezartzea, bai eta alderdietako bakoitzak bere gain hartzen dituen finantza-konpromisoen zein konpromiso materialen esparrua arautzea ere, honako xede hauek bermatzeko: Bizkaiko ekintzaileak sustatzeko eta haiei laguntzeko eta aholkularitza emateko ekintzak elkarrekin kudeatzea, enpresa berriak sortzea eta haiek sendotzea –lehendik daudenak sendotzea ere bai– eta helburu horiekin lotuta dagoen ezagutza sortzea eta zabaltzea.

Aipatutako helburuak modu ordenatuan eta behar bezala betetzeko xedearekin, esparru-hitzarmen honek honako alderdi hauek arautzen ditu:

– Sinatzen duten administrazioen eta haien erakunde instrumentalen arteko harremanak eta koordinazio-moduak artikulatzea, eta horretarako konpromisoak eta kontu-emate prozedura ezartzea.

– Bizkaian elkarrekin bultzatuko dituzten programen finantzaketa zehaztea; Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin garatuko ditu programa horiek, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ostera, DEMA-Enpresa Garapenaren laguntzarekin.

– Urtero, ekitaldi bakoitzean sinatzaileek bere gain hartu behar dituzten betebeharrak zehaztuko dira esparru-hitzarmen honen jarraipen-batzordearen proposamenaren bidez, eta proposamen hori administrazio publiko sinatzaileek berretsi beharko dute.

Bigarrena.– Hitzarmenaren esparruan garatu beharreko jarduera-lerroak.

Esparru-hitzarmen hau exekutatzeko xedearekin, nola Eusko Jaurlaritzak eta haren sozietate instrumentalak –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak– hala Bizkaiko Foru Aldundiak eta haren sozietate instrumentalak –DEMA-Enpresa Garapenak– , ekintzak egingo dituzte honako jarduera-lerro hauen baitan:

– Enpresa-kultura hedatzeko jardueren sustapena, sentsibilizazioa eta garapena, Bizkaian enpresak sortu eta sendotzeko helburuarekin.

– Gazteen artean ekintzailetza-kultura sustatzea –LHko ikasleak, unibertsitateko ikasleak, langabetuak–: sentsibilizazio-tailerrak eta -jardunaldiak, enpresa-egitasmoen ideia- eta lanketa-lehiaketak, bai eta interesekoak diren enpresetarako bisitak ere.

– Ekintzaileen eta enpresarien sareak eta elkarteak sortzeko eta indartzeko jarduerak sustatzea.

– Azterketei, merkatu-analisiei eta Bizkaiko egitura produktiboari buruzko informazioa trukatzea.

– Esparru-hitzarmen honetan zehaztu gabe egon daitezkeen enpresentzako zerbitzu espezializatuak bultzatzea, zabaltzea eta garatzea, jarraipen-batzordeak aldez aurretik ezagutu eta onartuta.

– Dinamismo ekonomikoa eta lan-merkatua xedetzat dituzten jarduerak; jarduera horiek profesionalei, enpresariei eta ekintzailetzaren eremuan enplegurik gabe dauden pertsonei zuzenduko zaizkie.

– Ekintzailetzaren alorrean ekimen berriak garatzen dituzten gizarte- eta lan-arloko berrikuntza-politikak.

– Enpresa-ideia berriei laguntzea enpresa-sorkuntzaren sustapenaren bidez, eta, horretarako, negozioetarako ideiak bideragarritasun-eta definizio-indize altuak dituzten enpresa-egitasmoetan eraldatzea.

– Negozio-plana egiteko ekintzaileei laguntza teknikoa ematea, haien bideragarritasuna eta lehia-posizioa bermatuz.

– Ekintzaileen kudeaketa-gaitasunen garapenerako laguntza teknikoa.

– Ekintzaileei jarraipena egitea eta laguntza ematea.

– Enpresak abian jartzea, enpresak sendotasunez ezar daitezela sustatuz, bi urteko jardunean egon arte, eta, horretarako, enpresa-kudeaketaren alderdi guztietan indarra egingo da.

– Ekintzaileei laguntzea itunak eta finantza-baliabideak bilatzen, haien ekimen ekintzaileak abian jar ditzaten.

– Lanbideren webgune ofizialeko Ekintzailetzako atalaren mantentze-lanak egitea.

Zeharkakotasunez, jarduera-lerro guztietan, berdintasun-printzipioa eta aniztasunaren kudeaketaren printzipioa aintzakotzat hartuko dira.

Hirugarrena.– Urteko jarduera-plana.

Urteko Jarduera Plana definitzeko, administrazio sinatzaileek euren jarduera-planak koordinatuko dituzte. Plan horiek honako printzipio hauek beteko dituzte:

a) Erakundeek jarduera-programak dituzten jarduera-lerroen azterketa.

b) Erakundeek jarduera-programarik ez daukaten jarduera-lerroen azterketa.

c) Programen osagarritasunaren azterketa, eta bikoiztasunen saihestea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, jarduketak garatzen ari den programetan, zehaztuko du Bizkaian lortu beharreko helburuak zein diren eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta bere erakunde instrumentala den DEMA-Enpresa Garapenarekin nola lortu helburu horiek.

Laugarrena.– Administrazio Publiko Sinatzaileen Konpromiso Ekonomikoak

Administrazio publiko sinatzaileek konpromisoa hartzen dute beharrezko neurriak hartzeaz arduratzeko, urteroko aurrekontuen lege-proiektuetan eta foru-arauetan beharrezkoa den zuzkidura jaso dadin, esparru-hitzarmen honetan aurreikusitakoa gauzatzearen ondoreetarako.

Ildo horretatik, jarraipen-batzordean aldez aurretik onartutako Urteko Jarduera Planean jasotako programen exekuzioa posible egiteko, administrazio publiko sinatzaileen ekarpenak, urteroko aurrekontuekiko, honako proportzio hauetakoak izango dira: % 60 Eusko Jaurlaritzak –800.000 euroko gehieneko mugarekin– eta % 40 Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak.

Aipatutako programak Urteko Jarduera Planean aurkeztu beharko dira, euren behin-behineko aurrekontuekin batera, eta bi erakundeen erakunde instrumentalen jarduera koordinatuaren bidez exekutatu behar dira.

Esparru-hitzarmen hau exekutatzeko erabakitzen diren urteko programek erakunde instrumentalen –Lanbideren eta DEMA-Enpresa Garapenaren– jardueraren zati bat baino ez dute ordezkatzen; izan ere, horrez gain, beste programa/ekintza batzuk gauzatuko dituzte beste finantzaketa-iturri batzuen bidez.

Eusko Jaurlaritzaren ekarpena urtero gauzatzeko modua honakoa hau izango da:

Eusko Jaurlaritzak bi epetan transferituko dio Bizkaiko Foru Aldundiari berari dagokion ekarpena: % 50, kasua denean, dagokion diru-laguntza eman ondoren, aldez aurretik onartutako Urteko Jarduera Planaren arabera, ekitaldi bakoitzaren EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean sartu ondoren. Eta gainerako % 50 planaren arabera egin diren jarduera-lerro guztiak dokumentu bidez (memoria ekonomikoaren eta jardueren memoriaren bidez) justifikatu direnean.

Bosgarrena.– erakunde instrumentalen izaera orokorreko betebeharrak:

Urteko Jarduera Plana osatzen duten programa exekutatu behar dutenak bi erakundeoi laguntzen dieten erakunde instrumentalak direnean:

– Aurrekontuei dagozkien betebeharrak eta izaera ekonomikoa eta finantzarioa dutenak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Dema-Enpresa Garapenak, urtero, irailaren 15a baino lehen, hurrengo urteko Urteko Jarduera Plana aurkeztu beharko diete bi administrazioei behin-behineko aurrekontuarekin batera –aurrekontu horrek aurreko urteko aurrekontua izango du erreferentzia gisa–.

Entregatuko den behin-behineko aurrekontuak banakatuta jasoko ditu Urteko Jarduera Planaren programak eta helburuak, aurrekontu xehatua eta jarduera-kronograma, eta programa bakoitzari lotutako diru-sarrerak.

Aipatutako urteko plana eta bere aurrekontua urriko bileran aztertuko ditu jarraipen-batzordeak.

– Aurrekontuaren exekuzioari dagozkion betebeharrak eta ekintzen exekuzioaren justifikazioari dagozkionak.

Ekitaldi bakoitzeko maiatzaren 1a baino lehen, DEMA-Enpresa Garapenak jarraipen-batzordeari aurkeztuko dizkio aurreko ekitaldiari dagozkion dokumentuak. Dokumentu horiek honako hauek dira:

a) Aurreko ekitaldiaren bukaeran erakundearen finantza- eta ekonomia-egoera zein zen erakusten duten kontabilitate-agiriak eta egoera-balantzea, baita ekitaldiko sarrera-gastuen aurrekontuen eta programaz programako aurrekontuaren likidazioa eta kontu ikuskatuak ere.

b) Betiere jarraipen-batzordeari oinarrian daukan arrazoia justifikatuta, DEMA-Enpresa Garapena sozietate instrumentalak jarduera-lerro bakoitzean eta jarduera-/programa-lerro desberdinen artean aurrekontu-doikuntzak egin ahal izango ditu ekitaldian zehar, eta kasu orotan aurreko puntuan jasotzen den aurrekontu osoaren likidazioa errespetatuko du.

c) Jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko memoria.

d) Orobat, jakinarazi beharko du, bere ohiko jarduera eta programak betetzeko, edozein erakundek edo pertsona publikok zein pribatuk beste diru-laguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat eman dion.

– Izaera materialekoak eta jarduerari dagozkionak.

Programen exekuzioari buruzko memoria bat aurkeztu beharko dute, beren garapenarekin zerikusia duten intzidentzia guztien berri emateko.

Jarraipen-batzordeak edo administrazio publiko sinatzaileetako edozeinek eskatutako beste edozein informazio aurkeztu beharko dute.

Seigarrena.– Hitzarmenaren Indarraldia.

Esparru-hitzarmenaren indarraldia 2016ko abenduaren 31ra artekoa da. Bere ondoreak hedatzen dira urtarrilaren 1etik aurrera hasi eta egin diren jarduketen bukaerako justifikaziora arte eta esparru-hitzarmena finantzatzeko transferitu diren baliabide ekonomikoen aplikazioaren justifikaziora arte.

Hitzarmen hau urtez urte luzatuko da, gehienez ere lau urte, hau da, 2019ko abenduaren 31ra arte, baldin eta aurrekontu-kreditu nahikoa eta egokia badago. Kreditu hori bere helbururako izendatuta egon ahal izango da, kasuan kasuko ekitaldietarako, administrazio sinatzaileen aurrekontu orokorretan.

Zazpigarrena.– Jarraipena eta justifikazioa.

Esparru-hitzarmen honen jarraipen-batzorde bat eratzen da. Batzorde hori osatzen dute Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak –edo hark eskuordetuta Lanbideko zuzendari orokorrak edo azken horrek eskuordetzen duen pertsonak– eta Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak –edo hark eskuordetzen duen pertsonak–. Batzorde horri izendapen politikoko pertsonek laguntza eman diezaiokete.

Jarraipen-batzordea da esparru-hitzarmen honen koordinazioaren eta kontrolaren ardura daukan organoa.

Jarraipen-batzordeari dagokio, hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak egiteko administrazio publiko sinatzaileek egindako ekarpenei erakunde instrumentalek emandako erabileraren kontu-ikuskaritza justifikatzaileak burutzeko kontu-ikuskarien izendapen-proposamena egitea.

Jarraipen-batzorde honek, gutxienez, bi bilera egingo ditu urtean: bat maiatzean –kontu-egoera eta egin diren jardueren zein jasotako funtsei emandako erabileraren memoria justifikatzailea onartzeko– eta bestea urrian –behin-behineko aurrekontua eta hurrengo urterako programen araberako jarduera-plana onartzeko, jarduerak finantzatzeko erakunde bakoitzak aurrekontuetan egin beharreko ekarpenak zehaztuz–. Dena den, erakunde sinatzaileetatik edozeinek eskatuta, ezohiko bilerak egin ahal izango dira, betiere gaiaren garrantziak hala eskatzen badu.

Zortzigarrena.– Hitzarmena iraungitzea.

Seigarren klausulan ezarritako indarraldia gorabehera, esparru-hitzarmen hau iraungitzeko kausak honako hauek izango dira:

– Alderdietako batek hitzarmenetik eratortzen diren konpromisoak ez betetzeagatik berau suntsiaraztea.

– Elkarrekiko adostasuna.

– Betebeharrak betetzeko gerora sortutako ezintasuna, betiere hitzarmena sinatu duten alderdietako edozeini egozgarria ez bada.

– Alderdietako edozeinek bere gain hartutako konpromisoak betetzen ez baditu, beste alderdiei aukera emango die esparru-hitzarmen hau suntsiaraztea eskatzeko.

– Hitzarmena adostutakoa ez betetzeagatik suntsiarazten den kasuan, hasita dauden jarduketak bukatu egingo dira, eta ez da jarduera berririk hasiko hitzarmena salatu den datatik aurrera.

– Hitzarmena aurreko ataletan adierazitako kausetako edozeinengatik iraungitzen denean, benetan egindako jarduketak egiaztatu beharko dira, eta horri buruz erabakitzen denaren arabera, dagokion likidazio ekonomikoa egingo da.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta aplikagarria zaion araubide juridikoa Administrazio Prozedura Erkidea Arautzen duen Legean ezarritakoa da.

Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 4.1. artikuluaren c) letraren barnean dagoela irizten zaio; beraz, goian aipatutako legearen eremutik kanpo dago, eta haren (3/2011) printzipioak aplikatuko zaizkio sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko, 4.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Hitzarmenetik erator daitezkeen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mendean ezarriko dira.

Klausula gehigarria.– 2016ko ekitaldirako urteko jarduera-plana.

2016ko ekitaldirako Urteko Jarduera Plana onartzen da; plan hori hitzarmen honi eransten zaio, eta bere zenbateko osoa 1.333.334 eurokoa da.

Eta lehenago adierazitako guztiarekin ados daudela erakusteko, alderdiek bi aletan eta eragin bakarrarekin sinatzen dute idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

BFAko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua,

TERESA LAESPADA MARTÍNEZ.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala