Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2016ko urriaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

URAREN EUSKAL AGENTZIA
4536

IRAGARKIA, Butroe unitate hidrologikoaren eremuko emari ekologikoen erregimena ezartzeko hitzartze-prozesuarena. Ur-aprobetxamenduak errespetatu beharreko gutxieneko ur-emari ekologikoak jakinaraztea.

Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segura eta Jucarreko eta Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen plan hidrologikoen berrikuspena onartzen duen urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 15.1 artikuluaren I. eranskinean dakar indarrean dauden emakidei aplikatuko zaiela emari ekologikoen erregimena, eta 2013ko ekainaren 9an indarrean zeuden emakiden titularrekin egindako hitzartze-prozesuari kalterik eragin gabe.

Uraren Euskal Agentziak, bere eskumenen esparruan, hitzartze-prozesu horri ekin dio unitate hidrologikoz unitate hidrologiko, emari ekologikoen erregimena ezartze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetan. Prosezu hori Plangintza Hidrologikoaren Erregelamenduaren 18.3. artikuluan xedatutakoari jarraituz ari da izapidetzen eta parte hartzea bermatzen du bi urratsetan behintzat: informazioari eta kontsulta publikoari dagokien urratsetan.

Informazio publikoaren urratsari dagokionez, Uraren Euskal Agentziak jendearentzat eskuragarri jarri du prozesu honi buruz jakin beharreko informazioa, www.uragentzia.eus webgunean. Bertan bildu dira prozesua arautzen duten arau nagusiak, azterketak eta dokumentu teknikoak; horien artean «Dibulgazio dokumentua» deritzona. Dokumentu horrek hitzartze-prozesua garatzeko aurreikusita dauden prozedura-urratsak laburbiltzen ditu eta ur-aprobetxamenduak A eta B taldeetan sailkatzeko erabaki diren irizpideak identifikatzen ditu.

Horrez gain, aipatutako webgunean GIS bisorea ere eskegi da, eta, horren bitartez, ur-aprobetxamenduaren hargune zehatz bakoitzaren emari ekologikoaren erregimenaren kontsulta espaziala egiteko aukera ahalbidetzen da. Azkenik, hitzartze-prozesuaren garapenaren gaineko informazioa ere eskuragarri dago, unitate hidrologikoz unitate hidrologiko.

Bigarren urratsari dagokionez, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren 2015eko uztailaren 21eko Ebazpenarekin bat, hilabeteko epea eman zitzaion kontsulta publikorako «Emari ekologikoen erregimena ezartzeko hitzartze-prozesua – Butroe unitate hidrologikoa (2015eko uztaila)» izeneko dokumentuari. Ebazpen hori 2015eko uztailaren 29ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (144. zk.) argitaratu zen, bai eta Butroe unitate hidrologikoaren barruan dauden udalen iragarki-tauletan ere.

Halaber, Butroe unitate hidrologikoan hitzartze-prozesu horren xede diren zenbait ur- aprobetxamendu daudenez, Natura 2000 Sarean eta espezie mehatxatuen interes bereziko eremuetan sartuta, 2015eko uztailaren 29ko idatziaren bitartez, prozesu horri buruzko informazioa helarazi eta eremu horretako kontsulta publikoari hasiera eman zitzaiola jakinarazi zitzaion Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari.

Behin kontsulta publikoaren epea bukatuta, 2015eko irailaren 22koa Ebazpenaren bitartez, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak «Emari ekologikoen erregimena ezartzeko hitzartze-prozesua – Butroe Unitate Hidrologikoa (2015eko iraila)» izeneko behin betiko dokumentuari onespena eman dio. I. eta II. eranskinetan daude zehaztuta sailkatutako aprobetxamenduak, A eta B multzoetan, hurrenez hurren.

Behin behinean, iragarki honetako eranskinen ur-aprobetxamenduak B taldean sartu ziren, alegia, uraren erabileran, zenbait kasutan, emari ekologikoen ezarpenak halako eragin nabarmenak sor litzakeen taldearen barruan.

B multzoko aprobetxamenduei dagokienez, uraren gaineko eskubideak dituzten titularrek parte-hartze aktiboa izateko prozesua egitea aurreikusi zen; hau da, bilerak egin nahi ziren zer aukera dauden baloratzeko, jarrerak hurbiltzeko eta, egoki bazen, erabakiak hartzeko.

Aipatutako parte-hartze horren aurretik, B taldean sartutako ur-aprobetxamenduak berariaz aztertu dira, sortuz joan den informazio guztia kontuan hartuta (oraingo erabilerak eta eskaerak, ur-aprobetxamenduaren egoera, emakida-erregimena, e.a.). Azterketaren ondorioz, honako hau ondorioztatu da: iragarki honen eranskineko aprobetxamendu(eta)ko hargunean errespetatu behar ziren emari ekologikoak bateragarriak direla gaur egun urak dituen erabilerekin.

Horiek horrela, Uraren Euskal Agentziak duen informazioarekin bat, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5 artikuluan ezarritakoaren arabera: «Prozedura bateko interesdunak zein diren ezagutzen ez denean, jakinarazpenetarako duten tokia edo artikulu honen 1. puntuan adierazitako baliabidea ezagutzen ez denean, edota jakinarazpena egiten saiatu arren ezin izan denean egin, jakinarazpena estatuko aldizkari ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez egingo da.»

I. eranskinean jaso diren ur-aprobetxamenduen titularrei gutxieneko emari ekologikoak eta ur-aprobetxamenduetan kontuan izan behar dituzten baldintzak jakinarazten zaizkie.

Jakinarazpena jaso eta gehienez 6 hileko epean, titularrak eginda izan beharko ditu gutxieneko emari ekologiko horiek bete daitezen behar diren jarduketak, baldin eta titularrari epea luzatu zaion jakinarazpenik izan ez badu, betiere.

Jakinarazpen honek ondorioak izango ditu Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 10a.

Jabari Publikoa Kudeatzeko zuzendaria,

JOSU PEREA ARANDIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala