Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4335

EBAZPENA, 2016ko urriaren 13koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiarena, 2016an Huelvan egin diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VI. edizioan parte hartu duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak arautzen eta deitzen dituena.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iritziz, beharrezkoa da honako hauek sustatzeko politika bat ezartzea: Ertzaintzako kideak sasoian egotea, kirol-lehiaketen balioak bultzatzea, eta akademia honetan prestakuntza jaso duten Ertzaintzako kideen prestigioa eta irudi ona mantentzea.

Laguntza hauen xedea da aurtengo ekainaren 11tik 19ra bitartean Huelvan egin diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VI. edizioan parte hartzea erraztea.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egiturari buruzko martxoaren 30eko 96/2010 Dekretuaren 8. artikuluak ematen dizkidan eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da diru-laguntzetarako deialdia egitea 2016ko ekainaren 11tik 19ra bitartean Huelvan egin diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VI. edizioan parte hartu duten Ertzaintzako kirolarientzat.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Ebazpen honen diru-zuzkidura hogei mila (20.000,00) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari jokoetan parte hartzeagatik izandako gastuaren % 60 emango zaio gehienez, betiere ebazpen honetan ezarritako mugekin, eta inoiz ez zortziehun (800,00) euro baino gehiago.

2.– Bidaia, ostatua eta mantenua eta izena emateko kuota ordaintzeko gastuetarako emango dira ebazpen honek arautzen dituen laguntzak, betiere honako baldintza hauekin:

a) Bidaia-gastuei dagokienez, hau ordainduko da: ordaindu eta justifikatutako joan-etorriko txartelaren zenbatekoa, hautatutako garraiobidean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Huelvako hiriaren artean. Ibilgailu partikularra erabiltzea aukeratu bada, eginiko kilometroak ordainduko dira, 0,29 euro kilometro bakoitzeko. Horrez gain, autobideko bidesari-gastuak ere ordainduko dira.

b) Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko dute ostatu.

Ostatu-gastuengatik jasoko den zenbatekoa benetan ordaindutakoa eta justifikatutakoa izango da, hurrengo paragrafoan ezarritako mugen barruan.

Hartutako ostatuan gosaririk eduki ezean, gosariaren truke ordaindutako zenbatekoa ordainduko zaie, eta gehienez ere 6 euro.

c) Mantenu-gastuetarako laguntzak ordaindutako eta justifikatutako zenbatekoengatik emango dira, eta zenbateko horiek ezingo dute urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan ezarritako muga gainditu (5/2012 Dekretua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa).

Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenu-gastutzat joko dira bazkaltzeko eta/edo afaltzekoak, banan-banan hartuta.

d) Aukeratutako modalitateetan izena emateko gastuak joko dira inskribatzeko gastutzat.

3.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen zenbatekoa (bera bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batera hartuta) ez da izango, inola ere, onuradunak Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartzeagatik izan duen gastua baino handiagoa.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Ertzaintzako kirolariek eska dezakete diru-laguntza, baldintza hauek betez gero:

a) Ertzaintzako funtzionarioa izatea eskaera egiten den unean.

b) Diruz laguntzeko eskatzen den modalitateari edo modalitateei dagokien federazioaren lizentzia izatea. Kirol-ekitaldiak iraun duen bitartean indarrean egon behar izan du federazioaren lizentzia horrek.

c) Eskatzaileak, kirolari den aldetik, Eusko Jaurlaritzaren bekarik sekula jaso ez izana, eta merezimenduak akreditatu dituen diziplinan Kirol Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendan ez egotea edo egon ez izana.

2.– Ezingo dira laguntza hauen onuradun izan laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere –bereziki Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitakoak–, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasotakoarekin bat.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kirol-jarduerak.

Polizien jarduerarekin lotura handiena duten kirol-diziplinak lagunduko dira diruz ebazpen honen bidez, banan-banan zein batera hartuta. Hona zehazki zein diren:

– Borroka-arteak (karatea, judoa, borroka, taekwondoa eta abar).

– Atletismoa.

– Biatloia eta triatloia.

– Txirrindularitza.

– Igeriketa.

– Pistola-tiroa.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak lortu nahi dituztenek eranskinean jasotako eskabide-eredua bete beharko dute eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu, edo, bestela, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluak aipatzen dituen bideetako edozein erabilita, betiere Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari zuzenduta.

2.– Kirolari bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, zein modalitaterako (baterako zein bat baino gehiagotarako) eskatzen duen diru-laguntza azalduta, eta eskaeran adierazitako agiriekin batera.

3.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, beharrezkotzat jotzen duen kasuetan, egoki iritzitako agiri osagarriak aurkezteko eskatu ahalko die eskatzaileei, formalizatutako eskabideak ebazte aldera. Hori eskatu ostean, eskatzaileak ezartzen den epean dokumentazioa aurkezten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

Hori guztia urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak laguntzak jaso ahal izateko.

Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte (azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan eskatutakoaz gain):

a) Izena eman zuen proban edo probetan benetan parte hartu izana.

b) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo Segurtasun Sailak antolatutako ekitaldietan parte hartzea, bai eta bestelakoetan ere, erakunde horiek Europako Jokoen parte-hartzaileen presentziari egoki iritziz gero.

c) Emandako diru-laguntza onartzea, emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egin ezean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

d) Zertarako ematen den diru-laguntza, horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.

e) Diru-laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako diru-laguntzak edo laguntzak eman dizkiola.

f) Deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen gainean eskatutako informazioa helaraziko zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

g) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

h) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eskatzen duen informazioa ematea, bereziki eginbeharrak bete izana justifikatzeari dagokionez. Informazio hori diru-laguntza ordaindu aurretik eman beharko da.

i) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

8. artikulua.– Diru-laguntzak eskuratzeko kirol-irizpideak.

Eskatzaileek, ebazpen honetan araututako laguntzak eskuratzeko, gutxienez baldintza hauetakoren bat betetzen dutela egiaztatu beharko dute:

– 2016ko Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan 5. postua edo hobea lortu izana egiaztatzea. Taldekako probetan, nahikoa izango da taldeko partaide batek egiaztatzea postu hori.

– Edo, bestela, urrezko domina bat, edo zilarrezko bi, edo brontzezko hiru lortu izana 2009tik 2015era bitartean (biak barne) izandako Munduko Jokoetan edo Europakoetan, eta hala egiaztatzea.

9. artikulua.– Hautatzeko prozedura.

1.– Eskatzaileen artean emango dira laguntzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Ebazpen honetako 7. artikuluan zehaztutako betebeharrak eta 8. artikuluan ezarritako kirol-irizpideak betetzen dituzten eskatzaileei esleituko zaie aurreikusitako diru-zuzkidura.

Hori horrela izanik, ebazpen honetako 2. artikuluan zehaztutako zenbatekoa kontuan hartuz emango dira laguntzak. Dena dela, diru-zuzkidura nahikoa ez balitz, betekizun guztiak betetzen dituzten eskaeren artean hainbanatuko litzateke, betiere diru-zuzkiduraren zenbatekoa gainditu gabe.

10. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta dokumentazioa egiaztatzeko organo eskuduna izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Araubide Juridiko, Kudeaketa Ekonomiko eta Gai Orokorretako Alorra.

2.– Alor horrek dagokion ebazpen-proposamena helaraziko dio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiari.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, gehienez ere hiru hilabeteko epearen barruan emango du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena. Ondoren, ebazpen horren berri emango zaie esleipendunei.

2.– Ebazteko epea amaitzen bada interesdunei inolako jakinarazpenik egin gabe, eskabidea ezetsitzat joko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta oraindik itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

4.– Deialdia ebazten duen ebazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iragarki-oholean argitaratuko da, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariaren ebazpena argitaratu ondoren ordainduko da diru-laguntza, non eta eskatzaileak aurretik uko egiten ez dion.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatu ahalko da, diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa eginez gero eta deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, betiere deialdiaren xedea betetzat jotzen bada. Ondorio horietarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntza eman ahal izateko ezarri diren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko da jasotako zenbateko osoa gehi legez dagozkion interesak, betiere 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuari eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraikiz. Batez ere honelakoren bat gertatuz gero:

a) Laguntzaren helburua ez betetzea.

b) Laguntza jasotzea horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

c) Ebazpen honetako 7. artikuluan ezarritako betebeharren bat edo batzuk ez betetzea.

d) Laguntzen diru-kopuruak jardueraren kostua gainditzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Arkauti, 2016ko urriaren 13a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala