Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4331

EBAZPENA, 2016ko irailaren 12koa, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baitira Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2016ko apirilaren 13ko Aginduaren babesean aurkeztutako diru-laguntza eskabideak. Agindu horren bidez, immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren esparruko jardueretarako laguntzak emateko oinarriak onesten dira 2016. urterako.

Aurrekariak:

1.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2016ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez (EHAA, 2016ko apirilaren 25ekoa), erakunde publikoei esku-hartze sozialaren esparruan programa, proiektu eta jardueretarako laguntza teknikoa edo administratiboa emateko eta horiek garatzeko laguntzetarako oinarriak zehaztu eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2016. urterako. Aipatutako aginduaren III. Kapituluan, diru-laguntzen bigarren lerroa arautzen da: Immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta kultura arteko bizikidetzaren alorreko jardueretarako laguntzak.

Agindu horren 18. artikuluak immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren esparruko jardueretarako erakunde publikoei zuzendutako diru-laguntzen aurrekontu kreditua zehazten du. Bestalde, aipatutako aginduaren 18.2 artikuluan zera aurreikusten da: «Kide anitzeko organoaren ebazpen-proposamenaren bidez, beste laguntza-azpilerroetatik edozeinetan soberan geratzen diren baliabideak erabiltzea proposa daiteke, horretarako arrazoiak emanez».

2.– 2016ko apirilaren 13ko Aginduaren 19.2. artikuluak honakoak zehazten ditu: alde batetik, diru-laguntza eskuratzeko eskatzaileak bete beharreko betekizun eta baldintzak; eta, bestetik, diru-laguntzak esleitzeko irizpide zehatzak.

3.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzan immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren esparruko jardueretarako diru-laguntza eskatu duten erakunde publikoak I. eranskinean adierazitakoak dira.

4.– 2016ko apirilaren 13ko Aginduaren 19. artikuluari jarraikiz, Balorazio Batzordea 2016ko uztailaren 4an bildu zen eta aurkeztutako laguntza-lerro honetan eskabideei buruzko ebazpen-proposamena egin zuen, gorago aipatutako araudia kontuan hartuta.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzako Balorazio Batzordeak landutako txosten teknikoa ikusita, eta 2016ko apirilaren 13ko Aginduaren 8.4 artikulua betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– II. eranskinean zehazten diren erakunde publikoei bertan adierazitako diru kopuruak ematea, ondorengo kontzeptupean: immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren esparruko jardueretarako laguntzak.

Bigarrena.– III. eranskinean jakinarazten diren diru-laguntza eskabideak ukatzea.

Hirugarrena.– TEC (Immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako laguntzak) azpilerroan soberan geratu den 4.774,00 euroko kreditua LOC (Immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren esparruko jardueretarako laguntzak) azpilerrora bideratzea, 2016ko apirilaren 13ko Aginduaren 18.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, lehenengo azpilerro horretan diruz lagundu beharreko kopurua aginduaren 18. artikuluan horretarako ezarritako aurrekontu-kreditua baino txikiagoa izan baita.

Laugarrena.– Emandako diru-laguntza bi epetan ordainduko da:

a) Aurreikusitako epea uko egin gabe igaro ondoren, % 70 ordainduko da, diru-laguntza ematen den egunetik hasita hilabeteko epean.

b) Gainerako % 30a ondorengo puntuetan ezarritakoaren arabera justifikatzen denetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Bosgarrena.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak plazaratu, zabaldu edo argitaratzen dituenean, nahitaez adierazi eta jasoarazi beharko du horietan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza izan duela.

Seigarrena.– Gastuen justifikazio orokorra 2017ko lehenengo bi hilabeteetan egingo da, jatorrizko egiaztapen-dokumentuak aurkeztuta, edota, salbuespen gisa, dokumentu horien kopia konpultsatuen bidez, edo dagokion erakunde publikoan fede publikoa duen pertsonak aldez aurretik ziurtagiria eman ondoren. Azken kasu horretan, ziurtagiriak immigrazio teknikari gisa kontratatu diren pertsonen kopurua eta lanbide-kategoria, horien ordainsariek eragindako guztizko kostu ekonomikoa eta garatutako jardueren zerrenda eta kostua adieraziko ditu, 2016. urteari dagozkionak.

Zazpigarrena.– Diru-laguntzaren gastuak justifikatzeko bidaltzen diren agiriak aztertu ondoren bigarren ordainketa gutxitu behar izatea gertatuz gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako guztia edo zati bat itzuli behar izanez gero, bai gehiegizko finantzaketa egon delako edo bai eskatutako ordainagiri guztiak aurkeztu ez direlako, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, eta, hala badagokio, bi hilabeteko epea emango du, ebazpena jasotzen denetik hasita, itzuli beharrekoa itzultzeko.

Zortzigarrena.– Diru-laguntzak eta horien onuradunak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariaren ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 12a.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria,

JOSÉ JAVIER MIGUEL DE LA HUERTA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala