Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4323

ERABAKIA, 2016ko irailaren 29koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena: Bilboko Ingeniaritza Eskolaren arautegia onartzeko dena.

UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 2.2 artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela ikastegien arautegiak onartzea.

Espedientea tramitaturik, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren arautegi proposamenak bere txostena jaso du.

Beraz, eta idazkari hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Arautegia onartzea, eranskinean ageri den bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Bilboko Ingeniaritza Eskolaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin, hurrengo egunetik indarrean sartuz.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2016ko irailaren 29a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ERANSKINA
BILBOKO INGENIARITZA ESKOLAKO ARAUTEGIA

1. artikulua.– Izaera.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak ingeniaritzako eta antzeko arloetako ikasketa teknikoak antolatzeko ardura du eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatuko ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Eskolak hainbat gune ditu Bizkaiko Campusean eta bertan ematen dira eskaintzen dituen ikasketak. Egoitza honako helbide honetan dauka: Torres Quevedo Ingeniero plaza 1, Bilbao, 48013 Bizkaia.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak jardungo du indarreko legeriaren, Estatutuen eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera eta arau horiek zuzenean aplikatuko zaizkio. Horrez gain, eskola barne arautegi honi ere lotuko zaio, arau horietako xedapenak osatzeko.

4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 140 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: 84 kide.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 7 kide.

– Ikasleak: 32 kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 17 kide.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 11. artikuluaren zehaztapena.

Batzorde iraunkor bat egongo da, honako osakide hauek izango dituena: zuzendaria (batzordeko burua izango da), idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da), administrazio eta zerbitzuetako langileen artean ardura handiena daukan langilea eta beste hamabost kide, era honetara banatuta: irakasle eta ikertzaile iraunkorren bederatzi ordezkari, gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat, ikasleen hiru ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari. Batzordearen eginkizunak izango dira Ikastegien Oinarrizko Arautegiak ikastegiko batzarrari esleitzen dizkion berberak, eskuordetu ezin zaizkionak izan ezik; batzordearen funtzionamendurako oinarrizko arauak ere oinarrizko arautegi horretan ikastegiko batzarrerako ezarritako berberak izango dira.

6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak osakide hauek izango ditu: zuzendaria, edo hark bere ordez izendatutako pertsona (batzordeko burua izango da), zuzendariak izendatutako zuzendariorde bat eta eskolako idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da). Horiez gain, honako hauek ere batzordeko kide izango dira: ikastegiari atxikita dauden edo ikastegian atala duten sailek izendatutako irakasle iraunkorrak (sail bakoitzeko bat) eta Ikasleen Kontseiluak izendatutako bi ikasle. Ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen eta ez da beharrezkoa izango ikastegiko batzarreko kidea izatea batzorde honetako kide izateko.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara batzordea eratuko da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea. Batzordeak honako osakide hauek izango ditu: zuzendaria edo hark bere ordez izendatutako pertsona, irakasle eta ikertzaileen sei ordezkari, administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari eta ikasleen bi ordezkari, biak ere Ikasleen Kontseiluak proposatutakoak.

8. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegian emakumeen eta gizonen berdintasun batzordea egongo da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du berdintasun politikak bultzatzea eta ezartzea ikastegiaren gestioko eta ikastegiko bizitzako eremu guztietan. Batzordeak honako osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: zuzendaria edo hark bere ordez izendatutako pertsona (batzordeko burua izango da), irakasle eta ikertzaileen sei ordezkari, administrazio eta zerbitzuetako bi ordezkari eta ikasleen bi ordezkari. Batzordeko idazkaria batzordeko kide bat izango da.

9. artikulua.– Kide anitzeko organoen funtzionamendua. Xedapen orokorra.

Sarbide elektronikoari buruzko legeak eta UPV/EHUko bitarteko elektronikoen arautegiak ezarritakoarekin bat, fakultateko kide anitzeko organoek lekuan bertan edo urrutitik egin ahal izango dituzte honako hauek: batzordea eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak bidali. Urrutitik behar bezala funtzionatzeko, aplikatu beharreko arau orokorretan zein unibertsitate mailako arauetan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, eta eskakizun horiek beteko direla bermatzeko bitarteko tekniko eta elektronikoak jarri beharko dira. Zehaztutako baldintzak betetzen diren kasuetan, ikastegiko organo bakoitzak bitarteko elektronikoak erabili daitezkeen ala ez erabaki ahal izango du eta horiek erabiltzeko baldintzak edo xehetasunak zeintzuk diren zehaztu.

10. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 18.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoetako kideek euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratu nahi izanez gero, idatziz egin beharko diote eskaria idazkari akademikoari. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute nola dokumentazio hori behar duten beren eginkizunak bete ahal izateko. Idazkariak astebeteko gehienezko epean hartuko du erabakia eta hamabost eguneko epean gehienez ere, ikastegiak eskatzailearen esku jarriko du dokumentazioa ikastegiko idazkaritzan.

11. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Bi deialdien artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

12. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 23.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hartutako erabakiak, beranduen jota, hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira zuzendaritzak ezarritako informazio puntu ofizialetan eta eskolako Intraneten eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Erabaki horiek gutxien dela hilabete bat egongo dira ikusgai. Aldi hori kontuan hartuko da errekurtsoak jartzeko epea zenbatzean.

13. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Batzarrak eskolako zuzendaria hautatzeko, botoa aldez aurretik emateko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean jasota dagoen aukera onartuko da.

14. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.

Eskolako zuzendarirako hautagai zerrendari gobernu taldea eta programa erantsiko zaizkio.

15. artikulua.– Epaimahaiak.

Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Arautegiak ezarritakoarekin bat, ikastegian epaimahai espezifikoak sortuko dira 1., 2., 3. eta 4. deialdirako.

16. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena indarrean sartuko da organoko idazkariak jakinarazten duenean, hark leku hutsaren berri izan eta astebeteko epean.

17. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko du ordezkapen eskaera, eskolako batzarrerako deia egin eta 24 orduko epearen barruan. Batzarreko buruak erabakiko du ordezkapena onartu edo ez, kontuan hartuta eskaeran emandako arrazoiak. Erabakia aldekoa bada, eskaera egin duen pertsona ordezkatuko du hautagai zerrenda bereko lehenengo ordezkoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzen denean indargabetuta geratuko dira Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Arautegia, Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Arautegia, Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Arautegia eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko Arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2012ko maiatzaren 16an, 2012ko urriaren 23an, 2012ko irailaren 3an eta 2012ko irailaren 4an argitaratutakoak, hurrenez hurren.


Azterketa dokumentala