Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2016ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4320

ERABAKIA, 2016ko irailaren 29koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena: Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren arautegia onartzeko dena.

UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 2.2 artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela ikastegien arautegiak onartzea.

Espedientea tramitaturik, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren arautegi proposamenak aldeko txostena jaso du.

Beraz, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Arautegia onartzea, eranskinean ageri den bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, hurrengo egunetik indarrean sartuz.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan, bi hilabeteko epean.

Leioa, 2016ko irailaren 29a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ERANSKINA
GIPUZKOAKO INGENIARITZA ESKOLAKO ARAUTEGI PROPOSAMENA

1. artikulua.– Izaera.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak ingeniaritzako eta antzeko arloetako ikasketa teknikoak antolatzeko ardura du eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatuko ditu.

2. artikulua.– Egoitza.

Eskolak hainbat gune ditu Gipuzkoako Campusean eta bertan ematen dira eskaintzen dituen ikasketak. Egoitza honako helbide honetan dauka: Europa plaza 1, 20018 Donostia.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak jardungo du indarreko legeriaren, Estatutuen eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera eta arau horiek zuzenean aplikatuko zaizkio. Horrez gain, eskola barne arautegi honi ere lotuko zaio, arau horietako xedapenak osatzeko.

4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 7. artikuluaren zehaztapena.

1.– Eskolak atal bat izango du Eibarren, honako helbide honetan: Otaola etorbidea, 29, 20600 Gipuzkoa.

2.– Ataleko koordinatzailea, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasle bat izango da, edo, hori ezinezkoa bada, bertan irakasten duen irakasle bat. Errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposaturik, Ataleko Batzarraren iritzia entzun eta gero. Koordinatzailea zuzendaritza taldean sartuko da, zuzendariorde karguarekin.

3.– Eibarreko Ataleko Batzarrak osakide hauek izango ditu: koordinatzailea (batzarreko burua izango da), eta ikastegiko idazkari akademikoa, atalekoa baldin bada, edo, bestela, atalean zeregin horiek betetzen dituen zuzendariordea. Gainera, beste hamabost kide izango ditu, ataleko kolektibo guztiek aukeratuak, eta honetara banatuak:

– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 9 kide.

– Gainerako irakasle-ikertzaileak: kide bat.

– Ikasleak: hiru kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: bi kide.

4.– Ataleko Batzarraren eginkizunak izango dira Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren lehen xedapen gehigarrian jasotakoak, eta eskuordetuta izango ditu, gainera, Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 10. Artikuluan zehazten diren eginkizunen artetik egoitzari bakarrik dagozkionak, eskuordetu ezin direnak izan ezik.

5.– Artikulu honetan jasotzen ez den guztirako, Eibarko Ataleko Batzarra gobernatuko da Ikastegien Oinarrizko Arautegian Ikastegiko Batzarrerako ezarritakoaren arabera.

6.– Koordinatzailea kide bakarreko organo bat da, Eibarko Atalaren zuzendaritza, ordezkaritza eta administrazioaz arduratzen dena. Hauek dira koordinatzailearen zereginak:

a) Atalaren ordezkaria izatea.

b) Atalaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Ataleko kide anitzeko organoetako burua izatea.

d) Zuzendariaren jarraibideak aplikatzea eta Eskolako Batzarraren eta Ataleko Batzarraren erabakiak betetzea.

e) Ataleko Batzarrari aurkeztea atalaren urteko memoria eta plana.

f) Irakasleek beren irakaskuntza betekizunak betetzen dituztela gainbegiratzea, Ikuskaritza Zerbitzuarekin lan eginez.

g) Horretarako eskumena duten zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ataleko leku guztien higienea eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

h) Ataleko kideen eskaera eta proposamenak bideratzea.

i) Atalaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

j) Ataleko Autobabes Batzordea eratzea eta bertako buru izatea.

k) Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo horiek garatzeko arauek esleitzen dizkiotenak.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2. artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 80 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta:

– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 48 kide.

– Gainerako irakasle-ikertzaileak: lau kide.

– Ikasleak: hamasei kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: hamabi kide.

6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 10.2. artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 10.2 artikuluan zehaztutakoez gain, Ikastegiko Batzarrak honako eskumen hauek dauzka:

a) Urteko kudeaketa txostena onartzea.

b) Eskolari lotutako titulazioen jarraipenerako autotxostenak onartzea.

c) Eskolari lotutako titulazioen akreditazioa berritzeko autoebaluazio txostenak onartzea.

7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12. artikuluaren zehaztapena.

1.– Akademia Antolakuntzako Batzordeak osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: ikastegiko zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (bera izango da burua); ikastegiko idazkari akademikoa (idazkaria izango da); Eibarko Ataleko koordinatzailea; ikastegian ematen diren titulazioetako irakasle bana; eta ikasleen ordezkari bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatua. Batzorde honetako kide izateko ez da beharrezkoa Ikastegiko Batzarreko kidea izatea.

2.– Aholku azpibatzorde bat egon ahal izango da Eibarko Atalean eta beste bat egoitzan. Ahalegina egingo da haietan gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

Egoitzako azpibatzordeak osakide hauek izango ditu: zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen zuzendariordea (bera izango da burua) eta idazkari akademikoa, baldin eta egoitzakoak badira; egoitzan ematen diren titulazioetako irakasle bana; eta ikasleen ordezkari bat, egoitzako ikasleek ikastegiko Ikasleen Kontseiluan dauzkaten ordezkariek proposatua. Zuzendaria edo idazkaria egoitzakoak ez badira, egoitzari atxikitako zuzendariorde bat izango da azpibatzordeko burua, eta beste bat izango da idazkaria.

Eibarko Ataleko azpibatzordeak osakide hauek izango ditu: koordinatzailea, edo hark bere ordez izendatzen duen zuzendariordea (bera izango da burua); atalari atxikitako zuzendariorde bat, halakorik balego; atalean ematen diren titulazioetako irakasle bana; eta ikasleen ordezkari bat, ataleko ikasleen kontseiluak proposatua.

3.– Batzordearen eginkizunak eta bere erabakien eraginak Ikastegien Oinarrizko Arautegian aurreikusitakoak izango dira.

8. artikulua.– Egoitzako Batzordea.

1.– Egoitzako Batzordeak osakide hauek izango ditu: ikastegiko zuzendaria (bera izango da burua) eta idazkari akademikoa (bera izango da idazkaria), egoitzakoak baldin badira. Bietako bat edo ez bata ez bestea ez badira egoitzakoak, zeregin horiek egoitzari atxikitako beste zuzendariorde batzuek beteko dituzte. Gainera, beste 60 osakide izango ditu batzordeak, atalari atxikita ez dauden kolektiboek hautatuak.

Honela banatuko dira osakide hautetsiok:

– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 36 kide.

– Gainerako irakasle-ikertzaileak: hiru kide.

– Ikasleak: hamabi kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: bederatzi kide.

2.– Egoitzako Batzordeak izango ditu arautegi honetako 4.4 artikuluan Ataleko Batzarrerako adierazitako eskumenen artetik egoitzari bakarrik dagozkionak. Batzorde honen funtzionamendurako eta osakideak hautatzeko arauak Ataleko Batzarraren berberak izango dira.

9. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1. artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara Batzordea eratuko da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du ikastegian euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea. Osakide hauek izango ditu: ikastegiko zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (bera izango da burua); irakasle-ikertzaileen hiru ordezkari; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat; eta ikasleen ordezkari bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatua.

Bai egoitzan eta bai atalean Euskara Batzordearen aholku azpibatzordeak egongo dira. Egoitzako azpibatzordeak osakide hauek izango ditu: zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, egoitzakoak badira; irakasle-ikertzaileen hiru ordezkari; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Eskolako zuzendaria izango da burua, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, eta azpibatzordeko kideetako bat izango da idazkaria. Zuzendaria egoitzakoa ez bada, egoitzari atxikitako zuzendariorde bat izango da azpibatzordeko burua.

Eibarko Ataleko Euskara Azpibatzordeak osakide hauek izango ditu: zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, egoitzakoak badira; irakasle-ikertzaileen hiru ordezkari; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ataleko koordinatzailea izango da burua, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, eta batzordeko kideetako bat izango da idazkaria.

10. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.2. artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegian emakumeen eta gizonen berdintasunerako batzorde bat egongo da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta haren helburuak izango dira berdintasun politikak bultzatzea eta ezartzea ikastegiaren gestioko eta ikastegiaren bizitzako eremu guztietan. Osakide hauek izango ditu, betiere gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua orekatua dela, ahal bada: ikastegiko zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (bera izango da burua); irakasle-ikertzaileen hiru ordezkari; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat; eta ikasleen ordezkari bat. Idazkaria batzordeko kideetako bat izango da.

Bai atalean eta bai egoitzan Berdintasun Batzordearen aholku azpibatzordeak egongo dira. Egoitzako azpibatzordeak osakide hauek izango ditu: zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, egoitzakoak badira; irakasle-ikertzaileen hiru ordezkari; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Eskolako zuzendaria izango da burua, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, eta batzordeko kideetako bat izango da idazkaria. Zuzendaria egoitzakoa ez bada, egoitzari atxikitako zuzendariorde bat izango da azpibatzordeko burua.

Eibarko Ataleko Berdintasun Azpibatzordeak osakide hauek izango ditu: zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, egoitzakoak badira; irakasle-ikertzaileen hiru ordezkari; ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Ataleko koordinatzailea izango da burua, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, eta batzordeko kideetako bat izango da idazkaria.

11. artikulua.– Kide anitzeko organoen funtzionamendua. Xedapen orokorra.

Sarbide elektronikoari buruzko legeak eta UPV/EHUko bitarteko elektronikoen arautegiak ezarritakoarekin bat, eskolako kide anitzeko organoek lekuan bertan edo urrutitik egin ahal izango dituzte honako hauek: batzordea eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak bidali. Urrutitik behar bezala funtzionatzeko, aplikatu beharreko arau orokorretan zein unibertsitate mailako arauetan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, eta eskakizun horiek beteko direla bermatzeko bitarteko tekniko eta elektronikoak jarri beharko dira. Zehaztutako baldintzak betetzen diren kasuetan, ikastegiko organo bakoitzak bitarteko elektronikoak erabili daitezkeen ala ez erabaki ahal izango du eta horiek erabiltzeko baldintzak edo xehetasunak zeintzuk diren zehaztu.

12. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1. artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Bi deialdien artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da.

Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.

13. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 23.2. artikuluaren zehaztapena.

2.– Eskolako zuzendaritzak zehaztuko du hartutako erabakiak argitara emateko prozedura. Beranduen jota hiru egun balioduneko epean argitaratu beharko dira eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Erabakiok gutxienez hilabete egongo dira argitaratuta, eta bitarte horretan aurrera egingo du errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak.

14. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24. artikuluaren zehaztapena.

1.– Zuzendaria kide bakarreko organo gorena da eskolaren gobernu, ordezkaritza eta administraziorako. Sufragio unibertsal haztatuaz hautatzen da, unibertsitateko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari jarraiki, ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile doktore iraunkorren artetik, eta errektoreak izendatzen du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.

2.– Eskolako zuzendaria izateko hautagaitzarekin batera, hautagaiaren gobernu taldearen egitura eta osakideen zerrenda eta hauteskunde programa aurkeztu beharko dira, batzarreko zortzi kideren sinaduren bermearekin. Zuzendaria errektoreak kargurako izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Lau urteko agintaldia izango du eta ez dago mugarik segidan bete ditzakeen agintaldietarako.

15. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 38.3. artikuluaren zehaztapena.

3.– Eskolako Kalitate Batzordeak, Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 38.3 artikuluan zehaztutako helburuez gain, honako hau izango du:

e) Eskolaren kalitatea bermatzeko barne sistema hobetzea.

16. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 39.1. artikuluaren zehaztapena.

1.– Eskolako Kalitate Batzordeak, Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 39.1 artikuluan zehaztutako eskumenez gain, honako hauek izango ditu:

f) Eskolan ematen diren titulazioen jarraipenerako autotxostenak egitea.

g) Eskolan ematen diren titulazioen akreditazioa berritzeko autotxostenak egitea.

17. artikulua.– Epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

18. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena indarrean sartuko da organoko idazkariak jakinarazten duenean, hark leku hutsaren berri izan eta astebeteko epean.

19. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Eskolako Batzarrerako bilerarako deia behin eginik, edozein batzarkide hautetsik bilera horretan ordezkatua izateko eskaera aurkeztu ahal izango dio ikastegiko idazkariari, 24 orduko epean, arrazoi justifikaturik izanez gero. Batzarreko buruak erabakiko du eskaera onartu edo ez, kontuan hartuta eskaeran emandako arrazoiak. Erabakia aldekoa bada, eskaera egin duen pertsona ordezkatuko du hautagai zerrenda bereko lehenengo ordezkoak.

20. artikulua.– Xedapen indargabetzailea.

Arautegi hau indarrean sartzen denean indargabetuta geratuko dira Donostiako Eskola Politeknikoko Arautegia eta Eibarko Unibertsitate Eskola Teknikoko Arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2013ko urtarrilaren 25ean eta 2012ko uztailaren 18an argitaratutakoak, hurrenez hurren.


Azterketa dokumentala