Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2016ko urriaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4298

AGINDUA, 2016ko urriaren 6koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kideak izendatzen dituena eta batzordearen osaera jakinarazten duena.

Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen 2016ko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuak erreklamazioak ebazteko gaitasuna eman zion batzordeari, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzearen arloan xedatutako aurkaratze-araubidea aplikatuz.

2.1 artikuluan zehaztu zenez, «batzordea hiru kidek osatuko dute: batzordeburua, zeina Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren titularra izango baita; bi kide, zeinek, aldi berean, idazkaritza ere hartuko baitute euren gain. Kide horiek autonomia-erkidegoko Administrazio orokorreko karrerako funtzionarioak izango dira, eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak izendatuko ditu, deialdi publikoa egin ondoren».

Horretaz gain, 2.2 artikuluan ezarri zenez, «batzordekideak diren funtzionarioen karguari datxezkion eginkizunek ez dute arduraldi esklusiboa ekarriko, haien lanpostuari dagozkion zereginak beteko dituzte txandaka, eta benetako lanalditzat hartuko da edonola ere. Batzordekide horiek ezartzen diren moduan eta baldintzetan jasoko dute ordainsaria, hartutako zereginengatik, jarduera egiteko erabilitako denboraren eta arduraldiaren arabera, baita aztertzen dituzten gaien kopuruaren arabera ere».

Bi kideren postuak betetzeko deialdia 2016ko irailaren 19an argitaratu zen Jakinan eta iragarkien taula elektronikoan, eta eskaera egiteko bost egun balioduneko epea zabaldu zen. Iragarki horretan, bidenabar, eskainitako arduraldiagatik jasoko duten ordainsaria Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bitartez xedatuko dela ere jakinarazi zen.

Horrenbestez, emandako epea igaro ondoren, aurkeztutako zazpi hautagaitzak aztertu dira; horietako sei epe barruan eta bat epez kanpo aurkeztu dira. Hala, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen 2016ko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren 2.1 artikuluak emandako eskumenen bitartez, eta izendapena eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera gehienez hilabeteko epean Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren aginduaren bidez emango zela xedatu zuen iragarkia dela bide, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian plazaratutakoa, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Izendatzea Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kideak, eta argitara ematea batzordearen osaera. Honako hau izango da:

Batzordeburua: Javier Bikandi Irazabal. Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria.

Kideak:

a) Ana Arkotxa Azkue.

b) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino.

2. artikulua.– Agintzea argitara dadila jende guztiak honen berri izan dezan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 legeko 123 eta 124 artikuluetan xedatutakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46 artikuluetan xedatutakoa betetzeko (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 6a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana