Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2016ko urriaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4179

EBAZPENA, 2016ko irailaren 8koa, HABEren zuzendari nagusiarena, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei, 2016-2017 ikasturteko euskara-ikastaroengatik, esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen dituena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk diru-laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan jardunez, HABEk jarritako helburuak lor daitezen, HABEren zuzendari nagusiak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran diru-laguntzen deialdia egingo duelarik.

Bestalde, HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak arautzen ditu HABEk, bere baliabideen arabera, ikasturtero ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek euskara-ikastaroak emateko bete behar dituzten baldintza akademikoak eta HABErekiko harremanetan aintzat hartu beharrekoak.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak, 2013an onartu zuen Euskararen Agenda Estrategikoan, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako diru-laguntzak aurreikusi zituen 3.1. Euskararen Gaitasuna eta Erabilera eremuko atalean; hain zuzen ere, «EGE 14.5 Euskaltegi publikoen eta pribatu homologatuen finantzaketara laguntza deialdiak egin» kodea duen ekintza-atalean, eta horren ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2016ko maiatzaren 2ko Aginduz onartu zuen Plan Estrategikoan jaso zituen diru-laguntza horiek.

Bidezkoa da, beraz, 2016-2017 ikasturterako diru-laguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea, honen bidez euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei dagozkienak finkatuz.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Ebazpen honen helburua da euskaltegi pribatuei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei 2016-2017 ikasturteko (2016ko urria eta 2017ko iraila bitarteko) euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzen baldintzak arautzea.

2.– Horrelako laguntzetan emango diren diru-kopuruak HABEren aurrekontuetan horretarako dauden partiden konturakoak izango dira: 18.275.000 euro, beraz. Era honetan banatzen da kopuru hori:

a) 15.670.000 euro, 6.1 artikuluan zehaztu euskaltegien berezko ekimenezko aurrez-aurreko jarduera babesteko.

b) 1.165.000 euro, 6.2 artikuluan zehaztu euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera babesteko.

c.1.– 670.000 euro, 3.1 eta 6.3.1 artikuluetan zehaztu hitzarmenpeko taldeak eskolatzen dituzten euskaltegietako jarduera babesteko.

c.2.– 165.000 euro, 3.2 eta 6.3.2 artikuluetan zehaztu hitzarmenpeko taldeak eskolatzen dituzten euskaltegietako jarduera babesteko.

d) 605.000 euro, 6.4 artikuluan zehaztu barnetegietako jarduera babesteko.

3.– Azpi-atal batetik bestera dirua pasatu ahal izango da, batean soberakinik egonda, bestean eginiko eskariei erantzuteko behar adina diru ez balego. Horrelakoetan c.1) azpi-atalak lehentasuna izango du a) eta d) azpi-atalekiko, eta hauek b) azpi-atalarekiko; soberakinak azpi-atal batetik bestera pasatzetik at geratzen da c.2) azpi-atala.

Hala ere, diru-kopuru hori eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoa ez balitz, hainbanatu egingo da diru-laguntza onuradunen artean, azpi-atal bakoitzeko emaitzak errespetatuz, a) eta d) azpi-atalak salbu, hauek batera eta maila berean hainbanatuko baitira. Hau guztia, nahiz eta a) edo d) azpi-ataletan bere baitako beharrei aurre egiteko behar beste baliabide izan.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honen bitartez banatuko diren laguntzen onuradun izan daitezke euskaltegi pribatuak eta autoikaskuntzarako zentro homologatuak, baldin eta bakoitzari ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Betiere, hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

2.1.– Eskakizun orokorrak.

a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea, edo 3.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera eguneratzea.

b) Zerga guztiak ordainduta edukitzea eta egunean Gizarte Segurantzarekiko ordainketak.

c) Eskariarekin batera, Ebazpen honen 3. artikuluan ezartzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.

d) Finantzaketa publikoa (Europako edo Estatuko Erakundeetatik, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi edo Udaletatik edo Administrazio Publikoaren baitako beste Erakunde Autonomoetatik datorrena), gehienez, diruz lagundutako jardunaren aurrekontu osoaren % 70 izango da.

e) Diru-laguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

f) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

g) Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

2.2.– Betekizun akademikoak.

Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek HABEren diru-laguntzak jasotzeko, Zuzendaritza Nagusi honen 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 2. artikuluan ezarritako oinarrizko baldintzak bete beharko dituzte.

Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak ezarritako baldintzez gain, C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea eta HABEk emandako gaikuntza didaktikoa izan beharko dituzte; eta ikasleek C1 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute.

Jardueraren aldetik, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek.

Bestalde, taldeen osaketarako 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak, 5. artikuluan ezarritako irizpideak bete beharko ditu euskaltegiak. Hala ere, euskaltegi batek talde-ratioari dagokion batez bestekoa betetzen ez badu, Ebazpen horren 10.6 artikuluak aurreikusi bezala, eskariko orduak baldintza hori betetzeraino doitu ahal izango dira diru-laguntzatarako.

Barnetegi erako ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.

Halaber, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluaren azken pasartean aurreikusitakoaren arabera, 2016-2017 ikasturtearen hasieran, hau da, urrian, herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez diren hondar-taldeak ere diruz lagungarriak izan litezke salbuespen gisa, betiere kontuan izanda, alde batetik ikasleen maila eta ordutegien arabera taldea osatzeko beste aukerarik dagoen eta, bestetik, euskaltegiaren jarduera osoarekiko alderaketa, aldez aurretiko Ikuskatzailetzaren txostena jasota.

Era honetako hondar-talderik onartua izateko, bi baldintza bete beharko ditu euskaltegiak:

– Ikasle horiek (maila eta ordutegiaren arabera) beste taldeetan txertatzeko ezintasuna.

– Euskaltegiaren ikasturte-hasierako talde-orduen % 10 baino gutxiago izatea salbuespen-gai diren taldeen orduak.

Honelako hondar-talderik daukan euskaltegiak HABEren zuzendari nagusiari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio 2016ko urriaren 21a baino lehen.

3. artikulua.– Eskarien aurkezpena.

1.– Ikasturte osoko eskaria.

Interesatuta dauden euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek HABEren zuzendari nagusiari zuzenduko dizkiote diru-laguntzen eskariak, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren legezko ordezkariak sinatuta.

Eskariak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2016ko azaroaren 7ra bitartekoa izango da. Eskariok II. eranskinaren ereduaren arabera bete eta honako agiri hauekin batera aurkeztuko dira:

a) 2016-2017 ikasturterako talde-orduen, autoikaskuntzako matrikulen eta barnetegi-egunen aurreikuspena, ebazpen honen 6. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera osatutakoa. Beraz, urrian hasitako ikastaldeen orduen, autoikaskuntzako matrikulen zein barnetegi-egunen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera hiru atal horietan onartutakoen batuketekin bat etorri beharko dute eskariko talde-orduen, autoikaskuntzako matrikulen edo barnetegi-egunen kopuruek (ikus III. eranskina).

HABEk berak euskaltegiratzen dituen HABErekin hitzartutako erakundeetako langileak trebatzeko bai aurrez-aurreko taldeak eta bai autoikaskuntza bidezko ikasleak ere, udalerri bakoitzean mota horretako zerbitzua eskaintzen duten euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen artean bere ekimenezko jarduera onargarriaren arabera proportzionalki banatuko ditu HABEk (aurrez-aurreko taldeak, horrelakoetan aurreko ikasturtean emandako eskola-ordu onargarrien arabera, eta beste horrenbeste autoikaskuntzakoak). Horrelakoetan, euskaltegia edo autoikaskuntzarako zentroa derrigortua egongo da HABEk erakunde bakoitzarekin hitzartutako baldintza bereziak betetzera (ezarritako eskola-egutegian aurreikusitako egun guztietan eskolak eman beharra barne).

b) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak zergak ordainduak dituela egiaztatzen duen Foru-Ogasunak emandako agiria.

c) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak Gizarte Segurantzako ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

d) Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentro homologatuaren ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera (V. eranskina).

e) Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentro homologatuaren ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak egiaztatuz (VI. eranskina).

f) Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentro homologatuaren ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, diru-laguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez direla adieraziz, eta horrelakoren batean parte hartu izan badute, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela adieraziz (VI. eranskina).

g) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak HABEren euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan datu guztiak eguneratuak ez balitu, eskariarekin bat falta diren datuak ekarri beharko ditu.

2.– Ikasturte erdiko eskaria.

HABErekin hitzarmena duten erakundeetako ikaslez osatuta HABEk berak euskaltegiratutako ikastalderik duen euskaltegiak, ikasturtean zehar beste eskari bat egin ahal izango du 2017ko martxoaren 3ko epemugarekin, jatorri horretakoak izaki, ikasturte osoko eskaria egin ondoren hasi diren taldeei dagokien diru-laguntza eskatu ahal izateko. Eskari hau dagokien euskaltegiek HABEren zuzendari nagusiari zuzenduko diote, euskaltegiaren legezko ordezkariak sinatuta, II. eranskinaren ereduaren arabera bete, eta talde/orduen zenbatekoa (ikus III. eranskina) aurkeztuz.

4. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, aldez aurreko ebazpenaren bitartez Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan jasotako baldintzetan.

5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Euskaltegien berezko ekimenezko aurrez-aurreko jarduera.

Euskaltegi bakoitzari diru-laguntzatarako onartuko zaizkion aurrez-aurreko talde-orduak 2015-2016 ikasturtean euskaltegi bakoitzak eman eta HABEk onartu dizkion talde-orduak izango dira, ikasturte honetarako eskatutakoekiko % 7koa baino alde handiagorik ez badago. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, euskaltegiari onartuko zaion aurreikuspenaren gehiengoa urrian hasitako ikastaldeen orduen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako ikastaldeen orduen batuketa izango da.

% 7ko alde hori gainditzen bada, nahiz gora nahiz behera, ordu onargarriak egokitu egingo dira, onartzen den alde horretatik (% 7tik) gorako proportzioa aplikatuz egokitu ere.

2015-2016 ikasturtean diruz lagundu gabeko euskaltegien kasuan, ebazpen honen 3.1.a) artikuluan ezarritako irizpidearen arabera eginiko eskariko orduak izango dira horrelakoaren abiapuntu.

1.1.– Euskaltegien aurrez-aurreko ikastaldeen diru-laguntzak bi zati izango ditu: oinarrizko modulua eta ratioarengatiko gehigarria.

a) Oinarrizko modulua: euskaltegiaren eskarian onartzen diren talde-ordu bakoitzeko oinarrizko modulua 37,24 eurokoa izango da. Modulu hau aplikatuko zaie HEOCaren C2 mailako eta jardun biko talde onargarrietako tutoretza-saioei ere.

b) HABEren diru-laguntzapeko taldeetan, euskaltegiaren beraren ekimenezkoetan, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren tamainari HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluaren arabera dagokion gutxieneko batez bestekotik gorakoa bada, talde-orduak aldearen puntu bakoitzeko 1,92 euroko gehigarria izango du. Ratio hau urriaren azken lanegunean neurtuko da.

1.2.– Uda-barnetegien kasuan, egun osoko pentsioagatik (ostatua, gosaria, bazkaria eta afaria), eguneko eta ikasleko 17,95 euroko laguntza izango dute.

2.– Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera.

Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro bakoitzari diru-laguntzetarako onartuko zaizkion autoikaskuntzarako matrikulak honela zehaztuko dira:

a) Eskariko matrikulak, hau da, urrian hasitako ikasleak eta dagokion proiekzioa –ikasturte erdikoak gehi udakoak– aurreko ikasturtean ikasleek benetan burututako matrikula onargarrien proportzio berean doituko dira. Matrikula onargarriak deialdi honen I. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera zehaztuko dira. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, euskaltegiari onartuko zaion aurreikuspenaren gehiengoa urrian hasitako autoikaskuntzako matrikulen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako autoikaskuntzako matrikulen batuketa izango da.

b) Doitutako kopuru hori oinarri bezala kontuan hartuta, laguntzarako matrikulak 2015-2016 ikasturtean bakoitzak eman eta HABEk onartutako berak izango dira, % 7koa baino alde handiagorik ez badago.

c) % 7ko alde hori gainditzen bada, nahiz gora nahiz behera, doitutako matrikula onargarriak egokitu egingo dira, onartzen den alde horretatik (% 7tik) gorako nahiz beherako proportzioa aplikatuz egokitu ere.

d) 2015-2016 ikasturtean diruz lagundu gabeko euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroen kasuan, ebazpen honen 3.1.a) artikuluan ezarritako irizpidearen arabera eginiko eskariko orduak izango dira horrelakoaren abiapuntu.

Autoikaskuntza bidez ikasten duten ikasleen jarduera, Ebazpen honen I. eranskinaren 3.1 puntuan zehaztutako modulu estandarra osatu duen ikasleko 795,68 eurotan babestuko da. Ikasturte erdiko (edo 100 orduko) ikastaroa burutzen duen ikasleko 397,84 eurotan babestuko da. Modulu hauek proportzionalki egokitu egingo dira, ikastaro-modulu onargarria izanik ere, jarduera osoa burutzen ez duen ikasleko.

3.– Hitzarmenpeko jarduera.

3.1.– HABErekin hitzarmena duten Erakundeetako ikaslez osatu eta HABEk berak euskaltegiratu eta ikasturte osoko eskarira bildutako taldeetako modulua, euskaltegiaren egoitzaren batean emandako talde-orduko 38,42 eurokoa izango da. Hitzartutako erakundearen beraren lokaletan emandako talde-orduko modulua 32,65 eurokoa izango da.

3.2.– Aurreko modulu berak erabiliko dira ikasturte erdiko eskarira biltzen diren HABErekin hitzarmena duten Erakundeetako ikaslez osatu eta HABEk berak euskaltegiratzen dituen taldeetarako.

4.– Barnetegi iraunkorretako ikastaroen kasuan, eskolarako modulu horrez gain, eguneko 5,62 euroko modulua aplikatuko da pentsio erdia bada (bazkaria) eta eguneko 17,95 euro pentsio osoa denean (ostatua, gosaria, bazkaria eta afaria). Pentsio osoko ikasleen kasuan, ikastaroak dirauen bitartean eta euskaltegiak bideratuta, familia euskaldun batean bizi diren ikasleen kasuan, ikasle eta eguneko 5 euroko gehigarria jasoko du euskaltegiak.

7. artikulua.– Diru-laguntzarako ebazpenak.

1.– Ikasturte osorako ebazpena.

1.1.– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez ezarriko zaizkio onuradun bakoitzari, ikasturte osorako eskariaren arabera, onartzen zaizkion orduak, autoikaskuntzarako matrikulak, barnetegi egunak eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta ebazpen honen 11. artikuluak dioenaren arabera.

1.2.– Ebazpena 2016ko abenduaren 31 baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

2.– Ikasturte erdiko Ebazpena.

2.1.– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez ezarriko zaizkio onuradun bakoitzari, ikasturte erdirako eskariaren arabera, onartzen zaizkion orduak eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta ebazpen honen 11. artikuluak dioenaren arabera.

2.2.– Ebazpena jakinaraziko da, eskariak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabetera gehienez. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.

8. artikulua.– Beste diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, edota finantzaketa publikoetan aurreikusitako mugak gaindituko balira, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

9. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

a) Ikasturte osoko diru-laguntzen ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 32,05 ordainduko da.

b) 2017ko martxotik aurrera, 2016ko urritik aurrerako gastuen bitartez lehen ordainketan jasotako diru-laguntza osoa egoki zuritu ondoren, ikasturte osoko Ebazpenean ezarritako zenbatekoaren % 45 ordainduko da.

c) Ikasturte erdiko Ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 60 ordainduko da.

d) Ikasturte osoko Ebazpenean eta ikasturte erdikoan erabakitako gainerako diru-laguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, HABEren zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu eta agiriak bidali ondoren, ordainduko da.

2.– Beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Zuriketa.

1.– HABEren diru-laguntza behar bezala zuritua dagoela ulertuko da, jarraian adierazten diren kontzeptuengatik bidalitako zuri-agiri guztien batuketa emandako diru-laguntza adinakoa bada.

HABEren diru-laguntzen zuriketarako honako gastu hauek onartuko dira, eta horretarako agirien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztuko dira:

a) Langileen gastuak: euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan jasota daudenenak soilik. Langileen gastuak, euren ordainketarako banku bidezko zerrendak (edo nominak), eta Gizarte Segurantzari eta PFEZari dagozkion ordainketen agiriak aurkeztuz zurituko dira. Banka elektronikoaren bidez eginiko eragiketen agiriek dagozkien aztarna elektronikoen kodeak eduki behra dituzte eta bankuaren ordainagiriek, zigilua edo baliozkotze mekanikoa.

b) Lokalen alokairuak: soilik euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZ, Ogasunerako atxikipena...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Alokatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren bidez luzaturiko erreziboak onartuko dira.

c) Mantenu-gastuak: barnetegiko pentsiotarako diru-laguntza onartua duten euskaltegiek, eta horretarako esleitutako kopurua, gehienez.

d) Garbiketa-gastuak: azpikontratatuta daudenean.

e) Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).

f) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu, artikulu honen 5. puntuan xedatutakoaren arabera.

2.– Bestalde, 2. artikuluko 2.1.d) puntuan zehaztutako baldintza betetzeari begira, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak helduen euskalduntze-alorreko zereginetan ikasturtean izan dituen sarrera eta gastu guztien balantzea azaldu beharko dio HABEri, IV. eranskineko ereduari jarraiki.

3.– Agiri horiek aurkezteko epeak:

a) 2017ko otsailaren 10a, ikasturteko lehen ordainketan jasotako diru-laguntza zuritzeko behar besteko gastuen zuri-agiriak aurkezteko.

b) 2017ko urriaren 11, gainerako diru-laguntza zuritzeko behar besteko gastuen zuri-agiriak eta artikulu honetako 2. puntuan eskatutakoa aurkezteko.

4.– Zuriketaren edozein fasetan egindako ez-betetzeak diru-laguntzarako eskubidea galtzea eta jasotako zenbatekoa itzultzea ekarriko du, ez-betetzeak dituen gainontzeko lege-ondorioez gain.

5.– Irakaskuntzaren kalitatea hobetze aldera, deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzaren % 3a gutxienez jarraian zerrendatzen diren hobekuntza-prozesuetan erabili izana ziurtatu beharko du onuradun bakoitzak: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan. Dena den, euskaltegi edo zentroren batek ikusten badu, behin-behineko egoera medio, hobetzeko jardueretako agiriekin ez duela portzentajea hori zuritzerik izango, memoria arrazoitua helaraziko dio HABEren zuzendari nagusiari 2017ko urriaren 11ko epe-mugarekin.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.

1.– Euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoa baliatuz euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak HABEra dagozkion epeetan bidaltzen dituen datuak izango dira 2016-2017 ikasturteko jardueraren oinarri.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honek onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Ikasturteko behin betiko datu errealak (emandako eskolak eta pentsio-egunak) eta gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, diru-laguntzen kopurua erabakitzeko baliatu den edozein baldintzak behera egin duela ikusten bada, diru-laguntzak emateko erabakia aldatu egingo da, HABEren zuzendari nagusiaren kitapen-ebazpenaren bitartez laguntza-kopuruak doituz, era honetan jokatuko delarik:

2.1.– Emandako talde- eta ikasle-orduak eta pentsio-egunak esleitutakoak baino gutxiago izan badira, horiek hartuko dira aintzat (bere ekimenezko jarduerari dagokionean, Ebazpen honen 6.1 eta 6.2 artikuluetan finkatu irizpideak aplikatuta).

2.2.– Diru-laguntzaren Ebazpenean esleitutako talde-ratioak behera egin badu ikasturtean zeharreko batez bestekoan, azken hau hartuko da aintzat, taldeak berregitearen ondorioz jaitsi bada ratioa.

2.3.– Erabakitako diru-kopurua zuritzen ez bada edota 2.2.1.d) artikuluan zehaztutako % 70eko muga gainditzen bada, doitu egingo da, era berean, erabakitako diru-laguntza.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebeharreko hauek izango dituzte:

1.– Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

2.– Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

3.– Ebazpen honek eta bere I. eranskinak araututakoak eta ezarritakoak, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak; 2005eko uztailaren 27ko HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenak, HABEk deialdiz eskaintzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko euskaltegi publiko zein pribatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak ezartzen dituenak eta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bidez ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak, Eukal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri VI. eranskina erabiliz. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

5.– Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako diru-laguntzaren izaera publikoari, diru-laguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

13. artikulua.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak, dena den, lotuta daude azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean, jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.

Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea dela eta, baldintza honen pean gelditzen dira 1.2.c.2 artikuluan aurreikusten diren ikasturte erdiko ikastaroei legozkiekeen diru-laguntzak: 2017ko ekitaldian kreditu egokia, kopuruz zein izaeraz, izan behar da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2016ko irailaren 8a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

I. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren diru-laguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2016-2017 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:

1.– Ikasturtea.

Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2016ko urriaren 1ean hasi eta 2017ko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:

– Irailean zehar hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira eta, diru-laguntzetan onartuak izateko, ikastaro hauetako talde guztiek 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluan taldeak antolatzeko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute, ikastaroaren hasiera egunetik bertatik, lehenengo eskola-eguna barne.

– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.

Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako zirkularraren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.

2.– Aurrez aurreko irakaskuntzan.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:

2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak:

a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2 eta C1 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.

c) C2 mailako ikastaroak:

C2 mailako ikastaroek bi atal dituzte:

– C2 maila aurrez aurreko irakaskuntzan gutxienez 150 eta gehienez 200 irakastordu. Ikastaro honetan ikasle guztien abiapuntua C1C1 eta helburua C2C1 izango dira. Diru-laguntzen barruan urritik ekainera bitartean antolatutako ikastaroak bakarrik onartuko dira.

– Autoikaskuntzan 15 tutoretza-ordu ikasleko. Ikastaro honetako ikasle guztien abiapuntua C2C1 eta helburua C2C2 izango dira. Atal hau ikasturte berean edo hurrengoan egin ahal izango da, baina osorik eta zatikatu gabe.

2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak:

a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.

c) Baldintza hauetatik kanpo ondoko ikastaroak antolatu ahal izango dira udan ekainetik irailera bitartean HABEren diru-laguntzapean, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean (ikasturtean zehar euskaltegi edo zentro berean ikasitako ikasleak, euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehenengo deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duten edo agiria eskuratu ez duten ikasleak...):

– Ekainetik irailera bitarteko udako ikastaroetan HABEren mailak egiaztatzeko bigarren deialdian aurkeztuko diren ikasleentzat maila burutzeko helburua izanik eta trebetasun zehatzak lantzeko osatzen diren ondoko ikastaroak eta aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena behar ez dutenak:

• Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

• Udako barnetegi ikastaroak: aste beteko udako barnetegiak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

– Ikastaro horiez gain euskaltegiak besterik emateko asmorik badu eta diru-laguntzapean bildua izan dadin, aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena beharko luke.

2.3.– Maila burutzeko ikastaroak:

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2 eta C1 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:

a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.

b) A2, B1, B2 eta C1 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, burutu nahi den mailaren aurreko azpimaila.

c) C2 mailako HABEren ohiko deialdietako egiaztatzegintza-probak gainditu ez dituzten ikasleei zuzendutako ikastaroak: gutxienez, 60 irakastordu.

Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.

3.– Autoikaskuntzan.

HABErentzat onargarria izan dadin, autoikaskuntza bidezko ikaskuntzak honako baldintzak bete behar ditu:

3.1.– Ikastaro-moduluei dagokienez:

a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

b) 100 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 4 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

c) 70 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, ekainetik irailera bitarteko udako autoikaskuntza-ikastaroetan, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

3.2.– Bestelako baldintzak:

Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da diru-laguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehienezko orduak eman eta hartutako mintza-saio eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.

Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa.

Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, diru-laguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.

Autoikaskuntzan ikasprozesuaren jarraipena bermatzen duen e-learning plataforma batean ostatatua egon beharko da ikasmateriala, ikasleak bere kasa, mintza- eta tutoretza-saioetan egiten duen lana eta emandako denbora HABEk jarraitzeko era izan dezan. Hori izan ezean, ikas-prozesuaren jarraipena bideratu ahal izateko tresnaren bat proposatu beharko dio euskaltegiak HABEri, honek onar dezan. Halaber, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasle guztientzako mintza-saioen eta tutoretza-saioen plangintza bermatu beharko du. HABEren zuzendari nagusiak zehaztuko duen maiztasunaz eman beharko dio horren berri, baita ikasleen asistentziarena ere.

IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».

3.3.– C2 maila autoikaskuntzan:

HEOCaren C2 maila autoikaskuntzaren bidez eman ahal izateko, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena izan beharko du eta diru-laguntzari dagokionez, atal honetan autoikaskuntzarako zehaztutako irizpideak aplikatuko dira. Autoikaskuntzaren bidezko C2 mailako ikastaroek bi atal dituzte:

a) Eskariaren arabera onartutako autoikaskuntza-ikastaroa. Atal honetan ikasle guztien abiapuntua C1C1 eta helburua C2C1 izango dira.

b) Autoikaskuntzan 15 tutoretza-ordu ikasleko. Ikastaro honetako ikasle guztien abiapuntua C2C1 eta helburua C2C2 izango dira. Atal hau ikasturte berean edo hurrengoan egin ahal izango da, baina osorik eta zatikatu gabe.

4.– Jardun biko ikastereduan.

4.1.– HABEren diru-laguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:

a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.

b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.

c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

4.2.– Ikastaro horiez gain, euskaltegiak beste ikastarorik emateko asmorik badu eta diru-laguntzapean bildua izan dadin, aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena beharko luke.

5.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.

5.1.– Aisa, Dendaketan eta Ostalaritza ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra. Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe.

5.2.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.

Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.

5.3.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean, gehienez, 8 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

5.4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 5 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

6.– Malgutasuna.

Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. Zuzendaritza honek helduen euskalduntzearen sustapenari begira eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako lehentasunak kontuan hartuz ebatziko du eskariaren gainean. Erabakia ezezkoa balitz, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala