Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2016ko irailaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4151

AGINDUA, 2016ko irailaren 13koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzetarako dei egiten diena 2016-2017 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean zehaztutako estrategiari jarraitzen dioten Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei.

Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik sortzen da lehiakortasuna, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunaren baitan dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.

Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, bai eta oinarrizko eta zeharkakoena ere; besteak beste, ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna.

Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.

Lanbide-heziketako zentroentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua sor dadin erraztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak. Horretarako, sektore produktiboen –batez ere industriaren– premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai direla, horiek enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetuko badituzte.

Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, zentroen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duten gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETEei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.

Ildo horretan, 2014ko azaroaren 24an onartutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar dituen tresna den aldetik, beste helburu batzuen artean, hauxe ezartzen du 1. helburu gisa: «Lanbide-heziketa produkzio-sektoreen egungo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegagarritasunera egokitzea, enpresek kualifikazio eta espezializazio gero eta handiagoen arloan dituzten premiei erantzuteko»; eta 4. helburu gisa: «Euskadiko enpresekin berrikuntza aplikatuko proiektuak babestea eta sustatzea, bereziki ETEekin, lanbide-heziketako ikastegien eta enpresa horien arteko harreman estuaren bidez, Euskadin lehiakortasunerako estrategikotzat jotako arloetan».

Era berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2020ko Euskal Planak argi eta garbi egin du hazkunde jasangarri eta adimenduneko estrategia integralaren alde. Estrategiaren oinarrian, kapital intelektuala eta ezagutzaren kudeaketa eraginkorra daude, baita espezializazio eta berrikuntza aplikatua, enpresetan balioa sortzeko eta lehiatzeko abantailen iturri gisa eta, ondorioz, enplegua sortzeko iturri gisa.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, lanbide-heziketan berrikuntza eta ekintzailetza hobe dadin bultzatze aldera, dei egiten die itunpeko ikastetxeei, beren irakasleen bidez, irakasle-prestakuntza sendotzen duten proiektuetan parte har dezaten –prestakuntza horren xedea da ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatu eta konplexuagoetara egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea–, lanbide-heziketaren partaidetza bultza dezaten enpresetan –bereziki ETEetan–, suspertzen ari diren sektoreetan lan egin dezaten giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez, lanbide-heziketako ikastegien partaidetza susta dezaten ingurune konplexuetan lan egiten duten enpresen espezializazio-maila hobetzeko –bereziki ETEena– eta lanbide-heziketako ikastegien baitan modu proaktiboan sortzen diren berrikuntza aplikatuko proiektuak eta ekintzailetza-proiektuak bultza ditzaten.

Deialdi hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Diru Laguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da.

Adierazitako helburua lortzeko, behar adina kreditu dago abenduaren 23ko 9/2015 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituena) ezarritako aurrekontuan.

Ondorioz, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera –1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Lege horretan, laguntza eta diru-laguntzetarako Euskal Autonomia Erkidegoko araubidea arautzen da) VI. Tituluan, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena)–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2016-2017 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planari jarraitzen dioten berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, eta horrela, aldi berean, horietan ikasitakoak ikasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako zentroei eta enpresei, batik bat, ETEei, helarazteko aukera ahalbidetu dadin.

2. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek hel diezaiekete Agindu honetan erregulatutako diru-laguntzei: ikastetxe pribatuaren titular diren pertsona fisiko nahiz juridikoak, baldin eta, 2016-2017 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak badituzte itunduta.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuek ezaugarriak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuek espezializazio adimenduneko estrategiari jarraitu behar diote. Estrategia hori Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean dago ezarrita, baita Gobernuaren Ekintzaren Plangintza Estrategikoko Ekimenen barruan sartutako beste plan sorta batean ere.

2.– Proiektuak banan-banan gauzatu ditzakete onuradun izan daitezkeenek, Agindu honetako 2. Artikuluan zehaztu moduan, edo hainbaten artean lankidetzan gauzatu daitezke. Proiektu bat lankidetzakoa dela ulertuko da, baldin eta gutxienez bi onuradunak parte hartzen badute proiektua sortzen eta gauzatzen.

3.– Lankidetzako proiektuak badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da elkartutako kideek zein ordezkari edo ahaldun bakar izendatu duten, eta behar adina ahalmen izan behar ditu onuradun gisa elkarteari dagozkion bete beharrak konplitzeko. Elkartea ezingo da desegin harik eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

4.– Aurkeztutako proiektuen iraupena 200 ordukoa izan behar du gutxienez, eta 2400 ordukoa gehienez.

5.– Bikoiztasunak saihesteko asmoz, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak beste programa edo deialdi batzuen bitartez landutako proiektuak ez dira diruz lagunduko. Lanbide-heziketan beste programa edo deialdi baten bitartez dagoeneko lantzen ari den proposamen bat aurkezten bada, erabakiko da proposamen hori ez dela deialdiaren xedera egokitzen, eta horixe adieraziko da proposamenaren balorazioan. Ikus 10. artikulua.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko dira ordezko langileak kontratatzeko direnak, hala eskola-orduak irakasteko (zuzeneko irakasletza) nola, diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan, horrekin zerikusia duten beste jarduera osagarri batzuk egiteko. Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitekeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.

Lanaldi osoko liberazio baterako, gehienez ere, 726 eskola-ordu eta 474 ordu-osagarri egotz dakizkioke proiektuari. Ordezko langileak kontratatzeko, hogeita hamabost (35) euro/ordu izango da diruz lagundu daitekeen eta proiektuari egotz dakiokeen gehieneko orduko kostua. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuari gehienez ere egotz dakiokeen gehieneko ordu kopurua lanaldi osorako ezarritako gehienekoaren arabera kalkulatuko da.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen estaldura-aldia diruz lagundutako jarduera hasten denetik amaitzen den arte zenbatuko da, betiere diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan, hau da, 2016ko irailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era arteko aldian.

5. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-hornidura eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honen xede diren proiektuak diruz laguntzeko zenbateko osoa zazpiehun eta hirurogeita hamar mila eurokoa (770.000) izango da.

2.– Proiektuak ebaluatzeko fasea amaituta, lehentasunaren arabera ordenatuko dira, handitik txikira, lortutako puntu kopuruaren arabera. Berdinketarik balego, artikulu hauetan ezarritako irizpideen arabera lortutako puntu kopuruari erreparatuz ordenatuko dira proiektuak, handitik txikira ere: 10.2.a, proiektuaren egokitasunari buruzkoa; 10.2.c, proiektuaren norainokoari eta eskalagarritasunari buruzkoa, eta 10.2.g, Agindu honetan proposatutako helburuen koherentziari eta asmoari buruzkoa. Oraindik ere berdinduta baleude, dagokion eskabideak erregistroan duen antzinatasunari erreparatuz ebatziko da.

3.– Proiektuak esan bezala ordenatuta, eta hala ezarritako lehentasunari jarraikiz, dagokion diru-laguntza esleitzeari ekingo zaio. Horretarako, ezarritako kuantifikazio-irizpideak aplikatuko dira, deialdiaren zenbatekoa agortu arte.

6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, betekizun hauek betetzen direla egiaztatu behar da:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2016-2017 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak ematea.

b) Ez egotea diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean sexu-bazterkeria dela-eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Egunean izatea indarreko xedapenetan ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordainduta edukitzea diru-laguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak ere. Bi baldintza horiek lortu den diru-laguntza kitatzen den unera arte bete behar dira; beraz, emakida esleitzean eta ordainketak egitean egiaztatuko da betetzen diren.

d) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan ezarritako egoeraren baten ez egotea.

e) Lankidetzako proiektuak badira, kide guztiek bete beharko dituzte betekizunok.

7. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen iraupena.

Diruz lagundutako proiektua aldi honetan gauzatuko da: diru-laguntza ematen denetik 2016-2017 ikasturtea amaitu arte; hau da, 2016ko irailaren 1etik 2017ko ekainaren 30era arte.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Zentro interesdunen titularrek –lankidetzako proiektuak badira, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarrek– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz eskatuko, kontsultatuko eta egingo dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuak (otsailaren 21eko 21/2012), eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainontzeko izapideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/proyivpvfp/y22-izapide/es

4.– Eskaera egin osteko izapideak, justifikazioa barne, Nire Kudeaketak atalaren bitartez egin beharko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (II. Eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, Agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta.

2.– -Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da diru-laguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.

3.– Agindu honen 3.2 artikuluan zehaztutako lankidetza-proiektuak badira, elkarteko ordezkari edo ahaldun bakarrak aurkeztuko du eskabidea. Kide guztiek sinatu behar dute, eta horietako bakoitza hartuko da diru-laguntzaren eskatzailetzat.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.6 artikulua eta azaroren 17ko 38/2003 Legearen 13.7 artikulua (Dirulaguntzei buruzkoa) aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu da eskabidearen barne. Haren bitartez, betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa adierazita.

b) Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

c) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak izatea, eta indarrean dagoen araudian laguntza horiek jasotzeko ezarritako baldintzak betetzea.

5.– Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) II. Eranskina – «Proiektuaren fitxa».

6.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiaztatu dezan diru-laguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izana. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

7.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 42. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

10. artikulua.– Aukeraketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen proiektuak norgehiagoka-prozedura bidez zehaztuko dira, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 22. artikuluan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuena) 51.4 artikuluan xedatutakoa betez; hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuz, horien lehentasuna ezartzeko, I. eranskinean jarduera bakoitzarentzat aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz, eta, erabilgarri dagoen kredituarekin, irizpide horiei jarraikiz balorazio handiena lortu dutenak adjudikatzeko.

2.– Proiektuak irizpide hauei jarraikiz balioetsiko dira, dagozkion haztapenak eginda:

a) Proiektuak egokitasuna justifikatu du: azken balorazioaren % 15. Atal honetan, proiektuak Lanbide Heziketako IV. Euskal Planarekin daukan harremana balioetsiko da.

b) Proiektuak proposatzen den teknologia erabil dezaketen enpresa(k) aurkezten ditu, eta, gainera, enpres(ar)en babesa dauka: azken balorazioaren % 15.

c) Proiektuak norainoko eta eskalagarritasun zabala ditu: azken balorazioaren % 15.

d) Proposatutako helburuen koherentzia eta asmoa: azken balorazioaren % 15.

e) Proiektuaren alderdi berritzailea: azken balorazioaren % 15.

f) Proiektuaren plangintza maila: azken balorazioaren % 10.

g) Beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentzia: azken balorazioaren % 15.

3.– Irizpide bakoitzeko puntu kopurua 1etik 10era bitarteko eskala batean adieraziko dira, dezimalik gabe: 1 izango da puntuazio txikiena, eta 10 gehienekoa. Proiektu bakoitzaren guztizko puntuazioa irizpideotako bakoitzean lortutako puntuazioaren batuketa haztatuaren bitartez lortuko da.

4.– Lankidetzako proiektuak batera balioetsiko dira. Lankidetzako proiektu bat aukeratuko balitz, dagokien diru-laguntza banan-banan eman eta ordainduko zaie kideei, bakoitzak justifikatzen dituen eta bakoitzari egotz dakizkiokeen gastuen arabera.

11. artikulua.– Prozedura bideratzea.

1.– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak izango du emateko prozedura izapidetzeko eskumena.

2.– Aurkezturiko eskabideak aztertzeko, ebaluatzeko eta aukeratzeko, Balorazio Batzordea osatuko da, eta honako kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Ramón Martínez de Murguia Urreta jauna, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria edo hura ordezten duen pertsona.

b) Kideak:

Begoña Arraiz Argoitia andrea, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna edo ordezten duen pertsona.

Jon Labaka Intxauspe jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Lanbide Heziketaren esparruko Berrikuntza Aplikatuaren arloko zuzendaria edo hura ordezten duen pertsona.

Asier Bikandi Elorriaga jauna, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari arituko da hitza bai baina botorik gabe.

3.– Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki deritzeten alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, konpromisoak eta baldintzak eman dakiekeen diru-laguntzara egokituta. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada proposamenaren edukira jo gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraikiz izapidea egintzat joko da, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.

5.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, Balorazio Batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, diru-laguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.

6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen aipatutako proposamenean proposatutako onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea egiteko prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean laguntzak eman eta, hala badagokio, ukatuko dira. Laguntza ematen bada, honako hauek zehaztuko dira: pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxeri dagokion, diru-laguntza jasoko duen proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Horrez gain, nortasun juridikorik gabeko elkarte pribatuak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du agortzen administrazio-bidea, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

4.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio; halere, eta jendea jakitun izan dadin, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, eragindako ikastetxea, finantzatutako proiektua eta diru-laguntzaren zenbatekoa adierazita.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion deialdi-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 44.1. artikuluan xedatutako ondorioetarako.

6.– Agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoan ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidean badute.

13. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Agindu honen xede diren diru-laguntzen onuradunek, 2017ko irailaren 19a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) IV. eranskina, proiektuaren azken memoria, non, besteak beste, alderdi hauei buruzko informazioa jasoko baita: programatutako helburuak zenbateraino lortu diren; proiektuaren bilakaera, kontrol-prozesua eta jarraipena; hobetzeko proposamenak; lortutako eraginaren ebaluazioa, eta garatutako transferentzia-ekintza eta -baliabideak.

b) V. Eranskina, liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria. Ziurtagiriarekin batera Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta Zentroaren zuzendariak sinatuta. Bertan islatuko da, «ProylVPVFP» gisa, diruz lagundutako proiektuan aritzen diren irakasleen liberazioa.

c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia konpultsatua.

d) Agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia konpultsatua.

2.– Justifikazio horiek aurkezteko orduan Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte, helbide honetako Nire Kudeaketak atalaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Lankidetzako proiektuak badira, ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonaren ardura izango du jasotako diru-laguntzaren guztizkoa justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea. Horretarako, proiektuan parte hartzen duen kide bakoitzaren gastu diruz lagungarriak justifikatzeko dokumentazioa bildu beharko du.

4.– Diru-laguntzaren guztizkoa lortzeko, jasotako zenbatekoa baino handiagoak edo berdinak izan behar dute ordezko langileen kontratazioari egotz dakizkiokeen gastuak.

14. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak zatituta ordainduko dira, zehazki, hiru ordainketa eginez. Honela egingo dira ordainketak:

a) Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 33 ordainduko da, betiere 17.1 artikuluko epea igaro bada eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketan, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 57 ordainduko da, 2017ko ekitaldian, diruz lagundutako jardueraren % 60a gauzatu ostean, betiere Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldeko ebaluazioko txostena egiten badu, eta ordezko irakasleen gastu-zerrenda 2017ko martxoaren 1ean aurkeztu ondoren (III. Eranskina).

c) Hirugarren ordainketan gainerakoa ordainduko da; hots, % 10, diruz lagundutako proiektua amaitutakoan, izandako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko atal guztiak bete ostean.

2.– Aukeratutakoak lankidetza-proiektuak badira, proiektua lankidetzan asmatu eta gauzatu duten entitate guztiei banan-banan eman eta ordainduko zaizkie dagozkien zenbatekoak.

15 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Diru-laguntza ezeztatzeko eta itzultzeko arrazoi izango da, diru-laguntza ordaintzen denetik itzultzeko beharra adosten den datara arteko atzerapen-interesak barne, Diru-laguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean egotea. Hori dela-eta, egoki deritzen egiaztapenak egiteko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

2.– Diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua osorik edo zati batean itzuliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, aplikatu daitezkeen atzerapen-interesak barne. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.

3.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, diru-laguntza emateko ebazpena ere aldatu egin ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira.

4.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, diru-laguntza osorik zein diru-laguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.

16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.– Nolanahi ere, 2016-2017 ikasturtean, ezingo dira bateratu deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuetan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzeko diru-laguntzak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza edo diru-laguntza batzuk, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.

17. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunek baldintzei jarraikiz gauzatu beharko dute proiektua, eta jarraian zehaztutako betebeharrak bete behar dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren emakida jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egin diru-laguntzari, ulertuko da onartu egin dutela.

2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren aurrean justifikatzea deialdian ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsen erabilpena frogatzen duten agiriak gordetzea, are elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribaturengandik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzaren kontrolaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, dela zuzenean, dela TKNIKAren, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren, bitartez.

9.– Jasotako diru-laguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek euskarrietan, informatiko zein bestelakoetan, adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».

10.– Onuradunek eskatutako jarduera amaitu arte mantendu beharko dute jarduera horretarako liberatutako irakaslea. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu jarraitu, ikastetxeak hura ordezkatzeko baimena eskatuko dio Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, bai eta aldaketaren arrazoia ere.

11.– Diru-laguntza jaso duten onuradun guztiek eskola-ordurik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea proiektuaren fitxan adierazitako astegunetan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «ProylVPVFP» gisa.

12.– Diru-laguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 14. eta 46. artikuluek xedatutako betebeharrak bete behar dituzte, baita 1/1997 Legegintza Dekretuaren ((Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.2 artikuluan ezarritakoak ere.

18. artikulua.– Datuen babesa.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoarekin (abenduaren 13ko 15/1999) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa) bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Berrikuntza-proiektuotan parte hartzeak berekin dakar Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, prozeduren arloan, arau hauetan xedatutakoak aplikatuko dira: 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Diru-laguntzei buruzkoa, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 13a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
PROIEKTUAREN FITXA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
JASOTAKO DIRU-LAGUNTZARA EGOTZ DAITEZKEEN GASTUEN LABURPENA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROIEKTUAREN AMAIERAKO MEMORIA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
LIBERATUTAKO ETA ORDEZKO IRAKASLEEN ORDU-DEDIKAZIOAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala