Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2016ko irailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4115

AGINDUA, 2016ko irailaren 6koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez baimentzen baita Mondragon Unibertsitateko masterreko ikasketa ofizial batzuk ezartzea eta beste batzuk kentzea.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua) 8.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoak erabakiko du estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, kontseilu horren adostasunarekin, eta, betiere, Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan dago araututa nola egokitu Europako unibertsitate-eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan behar diren egokitzapenak bultzatuko dituzte, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko, euskal unibertsitate-sistema Europako unibertsitate-eremuan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatua), eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan.

Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatzen duenez, estatu osoan izaera ofiziala eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan egituratuko dira: gradua, masterra eta doktoregoa izenekoetan, hain zuzen.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikuluan arautzen da zer prozedura jarraitu behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

2016ko apirilaren 27an, 2016-2017 ikasturtean masterreko lortzeko ikasketak ezartzea onartu zuen Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak.

Unibasq-Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatuaren arabera (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatua), aldeko ebaluazio-txostena eman du 2016ko ekainaren 24an, Mondragon Unibertsitateak proposatutako masterreko ikasketa ofizialak ezartzeari dagokionez; ikasketa horiek eranskinean jasotzen dira.

2016ko uztailearen 20an, Unibertsitateen Kontseiluak ebatzi du alde egiaztatzea eranskinean ageri den masterraren irakaskuntza ofizialari dagokion ikasketa-plana.

Hori dela-eta, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuz, eta proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari 2016ko irailaren 5eko bilkuran jakitun jartzeko aurkeztu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Baimena ematea 2016-2017 ikasturtetik aurrera eranskinean jasotako masterreko ikasketa ofizialaren irakaskuntza ezartzeko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, tituluaren izaera ofiziala ezartzeko proposamena Gobernuari igor diezaion, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dadin eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezaten.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baimentzen den masterreko ikasketa ofizialak lau urte igaro baino lehenago izan beharko du berrituta egiaztapena, hasierako egiaztapena ematen den egunetik aurrera. Urriaren 16ko 205/2012 Dekretura egokituko da berriztapen hori; dekretu horren bidez xedatzen baitira prozedura eta epeak gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 6a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ERANSKINA
UNIBERTSIITATE MASTER OFIZIAL BATEN TITULAZIOA EZARTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala