Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2016ko irailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4082

EBAZPENA, 2016ko irailaren 8koa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2016ko urria eta 2017ko iraila bitarteko euskara-ikastaroengatik, Euskal Etxeei esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen dituena.

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko erakunde eta Euskal Etxeekiko harremanak arautzekoak, bere 8.1.j) artikuluan ezarrita dauka Euskal Etxeek eta aipatutako lege horren arabera onartutako federazio eta konfederazioek izango dutela euskara-ikastaroak antolatzeko gaitasuna.

Era berean, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak bere bigarren xedapen gehigarrian dio HABEk euskaltegi pribatuek burututako ikastaroei dagozkien laguntza-deialdiak zabal ditzakeela Euskal Etxeetara, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan izena eman eta datuak gaurkotuta izanik, HABEk ezarritako helduen euskalduntzerako programei egokitutako euskara-ikastaroak ematen badituzte.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak, 2013an onartu zuen Euskararen Agenda Estrategikoan, Euskal Etxeei zuzendutako diru-laguntzak aurreikusi zituen 3.1 Euskararen gaitasuna eta erabilera eremuko atalean; hain zuzen ere, «KAP 158.3 Euskara eskolak ematen dituzten Euskal Etxeei honako arlo hauetan laguntza eskaini: diru-laguntzak, material didaktikoak eta irakasleen formazioa» kodea duen ekintza-atalean, eta horren ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2016ko maiatzaren 2ko Aginduz onartu zuen Plan Estrategikoan jaso zituen diru-laguntza horiek.

HABEren diru-laguntzen deialdietan parte hartzeko bete behar diren irizpide akademiko eta baldintzei dagokienez, oinarrizkoak diren baldintzak arautzen dituen 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak, HABEren zuzendari nagusiarenak, ezartzen du Euskal Etxeen kasuan urteroko deialdiek xedatuko dituztela baldintza horiek eta bestelako irizpideak zentro horien berezitasuna eta egoera ezberdinak kontuan hartuta.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da Euskal Etxeek 2016ko urria eta 2017ko iraila bitartean emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzen baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

HABEren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak 237.000 euro dira guztira, honela banatuta:

1.– 57.000 euro ordaintzeko kredituan, 2016ko urri-abenduko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

2.– 180.000 euro konpromisozko kredituan, 2017ko urtarril-iraileko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten Euskal Etxeek eta Euskal Etxeon Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte Ebazpen honen bidez arautzen diren diru-laguntzak, beti ere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) HABEk emandako diru-laguntzak oro zurituak edukitzea.

c) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

d) Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa edo zehapen-prozedura oro, eta ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

2.– Betekizun akademikoak:

a) HABEk ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente.

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldearen gutxienekoa sei ikaslekoa izango da; batez bestekoa, aldiz, zortzikoa gutxienez.

4. artikulua.– Eskariak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.habe.euskadi.eus web-orrian jasotako ereduan egingo dira eta HABEren zuzendari nagusiari zuzendu eta igorriko zaizkio. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Herri Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeran- adierazitako beste bideak erabiliz ere aurkeztu daitezke eskabideak.

2.– Eskabideak, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira.

3.– Eskariek jaso beharko dute Ebazpen honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren talde/orduen proposamen zehatza. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, diru-laguntzak egoki banatu ahal izateko 2016-2017 ikasturteak hartzen dituen bi ekitaldietako Aurrekontuen artean, eskariek bereizi beharko dituzte ekitaldi bakoitzerako aurreikusten dituzten talde/orduak, hau da, urri-abenduko eta urtarril-iraileko talde/orduak, hurrenez hurren. Eskariak ondoren zehazten diren agiriekin batera aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz (III. eranskina).

3.2.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak egiaztatuz (IV. eranskina).

3.3.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, diru-laguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez direla adieraziz, eta horrelakoren batean parte hartu izan badute, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela adieraziz (IV. eranskina).

5. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta garbi adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela.

6. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuari dagokio, Pedagogi Laguntzetako unitatearen bitartez, deialdi honek eskatzen dituen kudeaketa eta egiaztatze-lanak burutzea. Kudeaketa zerbitzuari dagokio, berriz, Ekonomia eta Administrazio unitatearen bitartez, diru-laguntzen izapide administratiboa.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei dagozkien diru-laguntzen modulua 10,50 eurokoa izango da, talde/orduko.

Ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako kopuruak eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, diru-laguntzak hainbanatuko dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren ebazpena.

1.– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari onartzen zaizkion orduak eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 9. artikuluak dioenaren arabera.

2.– Ebazpena, eskariak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hiru hilabetera jakinaraziko da, betiere 2016ko abenduaren 31 baino lehenago. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.

Ikasturteko behin betiko datu errealen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, aurreikusitako talde/orduena bereziki, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatuko da. Zentzu horretan, HABEren zuzendari nagusiak kitapen ebazpena emango du aitortutako laguntza-kopuruak doituz.

10. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Diru-laguntzen ebazpena ematen den momentuan 2016ko urri-abendurako aurreikusitako talde/orduei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2017ko martxotik aurrera, 2016ko urritik abendura bitartean emandako talde/orduen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso, aztertu eta nahikotzat eta egokitzat jo ondoren, 2017ko urtarril/irailerako erabakitako diru-laguntzaren % 60a ordainduko da.

3.– Ebazpenean erabakitako gainerako diru-laguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, HABEren zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

12. artikulua.– Zuriketa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten erakundeek diru-laguntzak zuritzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, horretarako II. eranskinean edo www.habe.euskadi.eus web-orrian jasotzen den eredua erabiliz, eta ondoko informazioa bilduz:

a) Dagokion epealdian benetan emandako talde/orduen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako ekintzak sortutako gastuen ziurtagiria, gastuen izaeraren arabera sailkatuak: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioak, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, hori guztia diru-laguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zenbat dagokien euskara-ikastaroei, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak izan ezik, hauek euskara-ikastaroei inputatuko baitzaizkie erabat.

c) Diru-laguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratutako truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

2.– HABEren diru-laguntza behar bezala zuritua dagoela ulertzeko bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dagokion epealdian benetan emandako eta ziurtatutako talde/orduek deialdiaren ebazpenean zehaztutako adinakoak izatea.

b) Ziurtatutako gastuen batuketak emandako diru-laguntza adinakoa izatea, gutxienez, betiere deialdi honetako 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Onuradunek HABEren esku utzi beharko dituzte diru-laguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak, jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gordez, HABEk egin dezakeen edozein inspekziotarako. Agiri horiek onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.

4.– Zuritu beharreko kopuruak zenbatzeko, diru-laguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukea hartuko da aintzat.

5.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2016ko urritik abendura bitartekoak, 2017ko otsailaren 15a baino lehenago.

b) 2017ko urtarril-iraila bitartekoak, 2017ko urriaren 15a baino lehenago.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Diru-laguntza eman den helburu jakin hartako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska dezaketen informazioa oro ematea.

c) HABEren esku uztea diru-laguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gorde beharko dituzte HABEk egin dezakeen edozein inspekziotarako.

d) Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako diru-laguntzaren izaera publikoari, diru-laguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak, dena den, lotuta daude azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean zehaztuta dagoen lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean, jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztutakoarekin.

Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2016ko irailaren 8a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EUSKAL ETXEAK JASOTAKO DIRULAGUNTZA ZURITZEKO EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ZIGOR ADMINISTRATIBO EDO PENALIK EZ DUENEKO ERANTZUKIZUNPEKO AGIRIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
BATERAGARRITASUN-ADIERAZPENAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala