Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2016ko irailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4044

14/2016 EBAZPENA, irailaren 6koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, Nekazaritzako Ustiategien Egiturari buruzko 2016ko Inkesta egiteko Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nekazaritzako Ustiategien Egiturari buruzko 2016ko Inkesta egiteko Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 6a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.

ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN IRAILAREN 6KO 14/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKOA, NEKAZARITZAKO USTIATEGIEN EGITURARI BURUZKO 2016KO INKESTA EGITEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN

Batetik, Gregorio Izquierdo Llanes jauna, Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, INE) lehendakaria. Gregorio Izquierdo Llanes jaunak erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz jardun du, bat etorrita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 6. artikuluan eta hamahirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin eta 508/2001 Errege Dekretuak maiatzaren 11n onartu zuen Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuko 5.2 a) artikuluan ezarritakoarekin.

Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundearen (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak esleitutako eskuduntzak betez, Gobernu Kontseiluak 2016ko apirilaren 12ko bilkuran emandako baimena dela bide.

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

Abenduaren zazpiko 1658/2012 Errege Dekretuaren bidez onartutako 2013-2016 Estatistika Plan Nazionalak ezartzen duenez, Estatistikako Institutu Nazionalaren ardura da Nekazaritzako Ustiategien Egiturari buruzko 2016ko Inkesta estatuan egitea, eta azaroaren 13ko 3/2014 Legearen bidez onartutako 2014-2017 Euskal Estatistika Planak Eustati esleitzen dio Nekazaritzako Ustiategien Egiturari buruzko Inkesta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egiteko betebeharra.

Bai estatuak eta bai Euskal Autonomia Erkidegoak ikerketa estatistiko hori egin nahi dute, eta, horregatik, ahaleginak bateratzea komeni da; izan ere, Konstituzioko 149.1.31. artikuluaren arabera, Estatuak estatu-xedeko estatistiketan eskumen esklusiboa dauka, eta, abenduaren 18ko 3/1979 Legeak onetsi zuen Euskal Autonomia Estatutuko 10.37. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumen eta xedeetarako estatistiketan eskumen esklusiboa dauka.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta Estatistikako Institutu Nazionala eta Eustat arlo horretan hainbat aldiz lankidetzan aritu direla emaitza onekin, eta, beste alde batetik, informatzaileen zama arintzea eta erakunde publikoen baliabide eta ahaleginak aurreztea alderdi garrantzitsuak direla, alde biek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauekin:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea, Nekazaritzako Ustiategien Egiturari buruzko 2016ko Inkesta EAEn egiteko.

Bigarrena.– Metodologia, direktorioa eta galdera-sorta.

a) Hitzarmena sinatutakoan, Estatistikako Institutu Nazionalak Eustati Nekazaritzako Ustiategien Egiturari buruzko 2016ko Inkestaren Proiektua emango dio, baita Autonomia Erkidegoan ikertu behar diren ustiategien zerrenda ere.

b) Hitzarmena sinatutakoan, Estatistikako Institutu Nazionalak Inkestako datuak jasotzeko erabili behar diren eskuliburuak eta gainerako inprimakiak emango dizkio Eustati, eta itzulpenaz eta beharrezkoak diren aleen argitalpenaz Eustat arduratuko da.

c) EAEn datuak biltzeko erabiliko den galdera-sorta eta Estatu osoan erabiliko dena eduki aldetik berdinak izango dira, baina formatu aldetik ezberdinak, EAEkoa euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo baita. Halaber, galdera-sorta guztietan hitzarmen hau sinatzen duten bi erakundeen anagramak erantsiko dira. Eustat arduratuko da galdera-sortaren itzulpenaz, fotokonposizioaz eta inprimaketaz, baita gainerako bilketa-bitartekoetan instrumentatzeaz ere. Hala ere, Eustatek eranskin propioa gehitu ahal izango du EAErako bereziki interesgarria den informazioa jasotzeko. Halaber, euskarara itzuliko du posta bidezko galdera-sorta nazionalaren jarraibide-orria.

Hirugarrena.– Inkestaren sustapena.

a) Bi erakundeek Nekazaritzako Ustiategien Egiturari buruzko 2016ko Inkesta sustatzeko gutuna bidaliko diete galdera-sorta bete behar duten ustiategi guztiei, inkesta hori EAEn nola egingo den azalduz. Gutuna gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egongo da, eta Estatistikako Institutu Nazionalaren Produktu Estatistikoen zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuko dute.

b) Halaber, inkestan bildutako datuen estaldura eta kalitatea hobetzeko EAEn beste edozein sustapen egitea aproposa izan daitekeela uste badute, bi erakundeek elkarrekin ekin ahal izango diote sustapen horri.

Laugarrena.– Informazioa bildu, araztu eta balioestea.

a) Estatistikako Institutu Nazionalak, lanaren antolamenduak hala eskatzen badu, prestakuntza-ikastaroak emango dizkie Eustateko agenteen prestakuntzaren eta Inkestako informazioaren kontrolaren eta araztearen ardura duten langileei.

b) Eustatek hautatu, kontratatu eta prestatuko ditu datuak biltzen ibiliko diren pertsona guztiak.

c) Eustatek hartuko du osorik landa-lanaren ardura, bilketarako prozedurari eta aurretiaz Eustatekin adostu diren Estatistikako Institutu Nazionalaren arauei jarraituz, eta halaber, klausula honetako a) idatz-zatian aipatutako prestakuntzarako ikastaroaren ondorioz ezarritakoekin bat etorriz. Eragiketaren barruan, laginen ustiapenetatik eratorri ahal diren altak ikertuko dira.

d) EAEn 2016ko azken hiruhilekoan hasiko da informazio bilketa, eta 2017ko martxoaren 15erako amaituta egon beharko da.

e) Estatistikako Institutu Nazionalak ezarriko du ikuskapen eta kontrol sistema, Eustatekin adostuta. Bereziki, bi erakundeek Inkestako datuak jasotzeari buruzko eta landa-lanaren gorabeherei buruzko txostenen egutegia eta edukia erabakiko dituzte.

f) Informazioa biltzen hasi baino hiru hilabete lehenago, Estatistikako Institutu Nazionalak Euskal Estatistika Erakundeari galdera-sortak eskuz arazteko arauak bidaliko dizkio, baita grabazioaren erregistro-diseinua eta galdera-sortaren aldagaien balioespenak ere.

g) Grabatzen diren datuak balioespenerako eta kontrol logikorako prozesu automatiko baten barruan sartuko dira, Estatistikako Institutu Nazionalera bidali baino lehen informatikoki tratatzeko. 2017ko martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dira datuak, ezartzen zaien balioespen- eta kontrol-prozesuari buruzko txostenarekin.

h) Eustatek grabaketarekiko fitxategia bidali ostean, Estatistikako Institutu Nazionalak egiaztatu egingo du. Hamabost eguneko epean jakinaraziko dio Estatistikako Institutu Nazionalak Eustati fitxategia onartu den edo, aitzitik, onartu ez den. Onartzen ez bada, itzuli egingo zaio (arrazoiak emanez) eta, orduan, Eustatek aurreko epe bera izango du grabaketak zuzendu eta itzultzeko.

i) Estatistikako Institutu Nazionalak Eustati EAEn dauden ustiategien amaierako fitxategiaren kopia itzuliko dio, informazioa guztiz araztu eta balioetsita, eta dagozkion goratzeko faktoreekin, beranduenez 2017ko abenduaren 15ean.

Bosgarrena.– Emaitzen zabalkundea.

a) Eustatek bidezkotzat jotzen dituen EAEri buruzko taulak argitaratu ahal izango ditu, baldin eta laginaren diseinuak horretarako aukera ematen badu.

b) Estatistikako Institutu Nazionalaren behin betiko fitxategiak oinarri hartuta Inkestaren emaitzak zabaltzeko egiten diren produktu guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: INE, Euskal Autonomia Erkidegoan Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística (Eustat) erakundearen lankidetzarekin».

c) Era berean, Eustaten behin betiko fitxategiak oinarri hartuta Inkestaren emaitzak zabaltzeko egiten diren produktu guztietan honako hau adierazi behar da: «Iturria: Eustat, Euskal Autonomia Erkidegoan Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) lankidetzarekin».

d) Estatistikako Institutu Nazionalak balioetsi ez duen fitxategia oinarritzat hartuta argitaratzen den informazioan beren beregi azaldu beharko da emaitzak behin-behinekoak direla.

e) Hitzarmena sinatzen duten bi erakundeek modu koordinatuan emango dituzte argitara inkestaren gaineko behin betiko datuak, aldez aurretik beraiek ezarritako datan. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainiako eremuan kokatzeko, INEk Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio Eustati, emaitzak zabaltzeko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago.

Seigarrena.– Estatistika-sekretua.

Estatistikako Institutu Nazionalak eta Eustatek informazioa erabiltzen denean banakako datuak guztiz babestuta geratzen direla bermatzeko ardura izango dute. Lanetan parte hartzen duten langile guztiak behartuta egongo dira estatistika-sekretua gordetzera, bai eta Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzetik eratortzen diren murrizketak betetzera ere.

Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Teknikoa.

Hitzarmen honen jarraipena egingo duen batzorde teknikoa sortu da. Hauek izango dira batzorde horretako kideak:

Estatistikako Institutu Nazionalaren aldetik:

– Ingurumeneko, Nekazaritzako eta Finantzetako Estatistiken zuzendariorde nagusia.

– Produkzio Estatistikoa eta Laginketa Kontrolatzeko Departamentuko pertsona bat.

– Estatistiken eta Lan Estatistiken eta Prezio Estatistiken Zuzendaritza Nagusiko pertsona bat.

Eustaten ordezkariak:

– Estatistika Produkzioko eta Analisiko zuzendariordea.

– Estatistika-azpiegitura arloko arduraduna.

– Arlo Juridiko eta Administratiboko arduraduna.

Hitzarmen hau interpretatu edo burutzean sor daitezkeen desadostasunak edo eztabaidak Jarraipen Batzorde Teknikoak ebatziko ditu.

Zortzigarrena.– Finantzaketa.

Estatistikako Institutu Nazionalak Eustati, bere Gastuen Aurrekontutik, laurogeita hiru mila (83.000) euroko kopuru zehatza ordainduko dio, Eustatek hitzarmen honen ondorioz egin dituen lanengatik.

Estatistikako Institutu Nazionalak honela ordaindu beharko dio Eustati kopuru hori:

% 50a, berrogeita bat mila eta bostehun euro, hasierako direktorioa osatzen duten laginaren unitateen % 30 bildu dela egiaztatzen duen ziurtagiria jasotzean, Euskal Estatistika Erakundeak emana; 2016ko gastuen aurrekontuen kargura ordainduko da.

Gainerako % 50a, berrogeita bat mila eta bostehun euro, laugarren klausulako g) puntuan azaltzen den grabaketa-fitxategiko informazioa Estatistikako Institutu Nazionalak balioetsi eta onartu ondoren, 2017ko gastuen aurrekontuaren kontura.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean bertan jarriko da indarrean, eta indarrean jarraituko du harik eta hitzartutako lanak burutu arte eta Estatistikako Institutu Nazionalak zortzigarren klausulan ezartzen den ordainketa egin arte.

Ez da hitzarmenaren luzapenik aurreikusi.

Hamargarrena.– Aplika daitezkeen araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administratiboa da, eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginetik baztertuta geratuko da, Lege horren 4.1.c) artikuluaren arabera. Hala, bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6. eta 8. artikuluek arautzen dute.

Bestalde, aipatutako 30/1992 Legearen 8.3. artikuluan xedatutakoaren arabera, protokoloa indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen auzi eztabaidagarriak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira, hura arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Horrenbestez, ados daudela adierazteko, lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, 2016ko maiatzaren 16an.

Estatistikako Institutu Nazionalaren lehendakaria,

GREGORIO IZQUIERDO LLANES.

Euskal Estatistika Erakundearen zuzendari nagusia,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.


Azterketa dokumentala