Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2016ko irailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3956

128/2016 DEKRETUA, irailaren 13koa, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzkoa.

Dekretu honen bidez Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen funtsezko eskema operatiboa garatzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, gardentasuna kontrolatzeko eta, bereziki, hautazko izaeraz eta administrazioarekiko auzien ordenara iritsi aurretik, herritarrek informazio publikoa eskuratzearen arloan jardun-eremu bateko administrazio publikoek ukatzeko emandako berariazko nahiz ustezko ebazpen ororen aurrean jartzen diren erreklamazioak aztertzeko berariazko organo bat edukitzeari dagokionez.

Estatuko lege horren laugarren xedapen gehigarriak Dekretu honetan jaso den aukera onartzen du, autonomia-erkidegoetako eta haietako sektore publikoko administrazioek eta haietako lurralde eremuan dauden toki-erakundeek emandako ebazpenen kasuetan. Azken aukera hori Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 65. artikuluak ere jaso du, garatzen den aukera gisa.

Berez, nolabaiteko behin-behinekotasuna duen aukera bat bete nahi da, baina aukera horrek aurrerantzean bateratu egin ditzake kasu egin behar zaion interes publikoa asetzea eta, espero daitekeenez, gai hori lege maila duen arau batean arautzeak ematen duen egonkortasunetik aintzat hartzea. Asmo hori egun arte ez da posible izan eta, beraz, azken batean, antolamenduari baino ez dagokion arazo gisa heldu zaio. Haren bidez, gobernuak hurrengo legegintzaldian ebaluatu eta hala badagokio berretsi ahalko den irtenbide bat ematen du. Horregatik guztiagatik, kide anitzeko organo bat sortzea erabaki da. Organo horrek ebatzi beharko ditu informazio publikoaren eskuragarritasunaren arloan administrazioarekiko auzien jurisdikziora jo aurretik jarritako erreklamazioak eta, beste ezaugarri batzuen artean, haren izaera independentea haren kideen jardun aldaezinaren bermean datza. Langile publiko horiek euren lanpostuari dagozkionekin txandakatuko dituzte euren eginkizunak agintaldiak dirauen bitartean.

Eskumenen ikuspegitik, arau honek euskal administrazio publikoak bere burua antolatzeko ahalmena aktibatzen du, Autonomia Estatutuaren 10.2 artikuluan islatzen denez. Haren arabera, autonomia-erkidegoaren eskumen esklusiboa da «autogobernatzeko erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamendua, beti ere Estatutu honen arauen barruan».

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, lehendakariak aldez aurretik onarturik, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 13an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Sortzea eta atxikitzea.

Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea sortzen da, kide anitzeko organo gisa. Batzorde horrek bere egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako eginkizunak, eta gardentasunaren eta herritarren arretaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailean sartuta geratzen da, baina haren egitura hierarkikoan parte hartu gabe, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluak xedatutakoaren arabera. Halaber, Batzordeak bere gain hartzen ditu Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 65. artikuluak ezarritako arauketari buruz aipatzen diren eginkizunak.

2. artikulua.– Osaera eta batzordekideen araubidea.

1.– Batzordea hiru kidek osatuko dute: batzordeburuak, zeina Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren titularra izango baita; eta bi kidek, zeinek, aldi berean, idazkaritza ere hartuko baitute euren gain. Kide horiek autonomia-erkidegoko administrazio orokorreko karrerako funtzionarioak izango dira, eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak izendatuko ditu, deialdi publikoa egin ondoren.

2.– Batzordekideak diren funtzionarioen karguari datxezkion eginkizunek ez dute arduraldi esklusiboa ekarriko, haien lanpostuari dagozkion zereginak beteko dituzte txandaka, eta benetako lanalditzat hartuko da edonola ere. Batzordekide horiek ezartzen diren moduan eta baldintzetan jasoko dute ordainsaria, hartutako zereginengatik, jarduera egiteko erabilitako denboraren eta arduraldiaren arabera, baita aztertzen dituzten gaien kopuruaren arabera ere.

3.– Haien autonomia bermatzeko, aipatu funtzionarioak lau urterako izendatuko dira eta agintaldia iraungitzeagatik edo batzordeburuak euren betebeharrak larriki ez betetzeagatik, euren eginkizuna betetzeko ezgaitasun iraunkorragatik, gerora sortutako bateraezintasunagatik edo dolozko delituagatiko kondenagatik dagokion prozedura bete ondoren baino ezingo dira kargutik kendu.

3. artikulua.– Batzordearen eginkizunak.

Batzordeari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komun edo toki-erakundeetako administrazio publikoen eta euskal sektore publikoko gainerako erakundeen berariazko nahiz ustezko ukatzeei buruz aurkezten diren erreklamazioak ebaztea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan araututako informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzearen arloan xedatutako aurkaratze araubidea aplikatuz.

4. artikulua.– Jarduketen araubide juridikoa.

1.– Batzordearen ebazpenek amaiera emango diote bide administratiboari eta erreklamazioa izapidetzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak errekurtsoei buruz ezartzen duenari jarraituko zaio.

2.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da. Epe hori pasatzen denean, ezetsitzat joko da erreklamazioa. Ematen diren ebazpenak errekurtso-jartzaileari eta interesdunei jakinaraziko zaizkie; dauzkaten datu pertsonalak kendu ondoren, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira, eta Arartekoa haien jakinaren gainean jarriko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Indarrean dagoen egitura organikoa eta funtzionala egokitzea.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 15. artikuluari 4. zenbakia erantsi zaio. Honela geldituko da idatzita:

«4.– Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea Funtzio Publikoko Sailburuordetzari atxikita geratzen da, haren egitura hierarkikoan sartu gabe. Bere eginkizunak erabateko autonomia hierarkiko eta funtzionala izanik beteko ditu eta administrazio orokorrarekin dituen harremanak Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren bitartez bideratuko ditu.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko irailaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana