Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

167. zk., 2016ko irailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3782

EBAZPENA, 2016ko uztailaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Containers Susperregi, S.L.k Errenterian (Gipuzkoa) sustatutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko eta balorizatzeko jarduerari dagokion ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten duena.

AURREKARIAK

2016ko apirilaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Containers Susperregi, S.L.k aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa jaso ziren. Enpresa horrek Errenterian egin nahi duen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko jarduerari dagokion proiektuari buruzko dokumentazioa zen, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura has dadin, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horretako II. eranskineko 9 taldeko b atalean dagoelako. Eskaera horrekin batera proiektuaren ingurumen-dokumentazioa aurkeztu zen, aipatutako Legeko 45. artikuluan ezarritako edukiarekin.

Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen Sailburuordetzak proiektu honek eragiten dien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egin die kontsulta, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazteko.

Zehazki, hauei guztiei egin die kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza, Uraren Euskal Agentzia, Ihobe (guztiak Eusko Jaurlaritzako erakundeak), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, Errenteriako Udala eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa.

Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat egindako kontsulta-aldian, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren eta Ihoberen erantzunak jaso dira –horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren organismoak dira–. Hala, Ihoberen erantzunean adierazi da jarduera egin nahi den lurzati horretan potentzialki kutsatzailea den jarduera bat egin dela lehenago; halaber, Lurzoruaren kalitatea zehazteko deklarazioa egiteko prozesuari hasiera eman zaiola adierazi da, eta lurzoru hori egokia dela erabilera industrialerako, eta hori jasotzen duen 2014ko urriaren 15eko Ebazpena erantsi dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek, besteak beste, egoki bermatu beharko dute ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, aukera egokienak hautatu ahal izateko, betiere jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik.

Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horretako II. eranskinean dauden proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Containers Susperregi SLk sustatutako metalezko hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko plantari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio. Ebaluazio honek zehaztuko du proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.

Hauek ikusirik: Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Containers Susperregi SLk egin nahi duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko / eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko jarduera dela-eta, ondoren adierazitakoaren arabera.

A.Aztertzen ari garen proiektuaren helburua da Errenterian (Gipuzkoa) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko planta bat martxan jartzea. Hondakinak jasotakoan, sailkatu eta, tipologiaren arabera, baimendutako kudeatzaileari bidali edo balorizatuko dira, agregakin birziklatuak lortuz.

B.Ingurumen-inpaktuari buruzko txosten honek 21/2013 Legeko III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuko edukia aztertzen du.

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Instalazioetan egingo den jarduera eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzea eta balorizatzea da, aurrerantzean EEH, eta aurreko hondakin horiekin batera irits litezkeen produktu ez-arriskutsuen kudeaketa (tamaina handikoak, papera eta kartoia, plastikoa, zurak, beira, txatarra...). Jarduera hau egingo da:

– Materiala instalazioan jasotzea, pisatzea eta begiz ikuskatzea.

– EEHetan aurki daitezkeen hondakinen tipologiak bereiztea eta sailkatzea, eta behar bezala biltegiratzea, baimendutako kudeatzaileari bidaltzeko.

– Hormigoi garbiaren, adreiluen eta material zeramikoaren frakzioak balorizatzea / birrintzea, instalazio finkoaren bidez (aurre-baheketa; bereizte-kabina; finen eta lodien hautaketa; xehamakina; bahetzailea), Hondakinen Europako Zerrendaren frakzio hauetarako: 17.01.01 (hormigoia), 17.01.02 (adreiluak), 17.01.03 (teilak eta material zeramikoak), 17.01.07 (hormigoi, adreilu, teila eta material zeramikoen nahasketak, 17.1.06 kodean zehaztutakoez bestelakoak) eta 17.09.04 (eraikuntzako eta eraispeneko hondakin nahastuak, 170901, 170902 eta 170903 kodeetan zehaztutakoez bestelakoak).

– Agregakin birziklatua biltegiratzea, tipologien arabera, erabilera baimenduetarako saltzeko.

– Hondeaketa-lurrak eta agregakin naturalak biltegiratzea, harik eta berrerabili arte.

– Birziklatzekoak ez diren geldoak eta erabiltzen ez den birziklatuaren soberakinak biltegiratzea, kudeatzaile baimenduari bidaltzeko.

Hondakin ez-arriskutsuen 160.000 tona tratatuko dira urtero. Hona hemen izan daitezkeen ingurumen-ondorioak:

– Isurpen atmosferikoak, dela erabilitako makinen errekuntza-gasek eragindakoak, dela agregakin birziklatuak kargatzearen, birrintzearen eta lurzoruan uztearen ondoriozko hauts-isurpenak. Zenbait puntutan, ureztapen-gailuak egongo dira, eta horietarako ura estalkiko uretatik hartuko da.

– Instalazioko jarduerak abian direnean, zarata eta bibrazioa sortzea, EEHak bahetzearen eta material birziklatuak kargatzearen eta uztearen ondorioz. Instalazioak isilgailuak, bibrazioen kontrako gailuak eta isolatzaileak ditu, ondorioak gutxitzeko.

– Hondakin-urak sortzea:

• edo ur beltzak (iragazki biologiko batekin tratatzen dira, isuri baino lehen).

• Edo kutsatuta egon daitezkeen euri-urak (bildu egiten dira eta, ibilgura isuri baino lehen, dekantagailu batetik igarotzen dira). Gainera, material birziklatua biltegiratzeko gunetik datozen urak hidrokarburoen bereizgailuaren bidez bideratzen dira.

• Edo jariatze-urak: bideratu egingo dira, nahastu ez daitezen, eta Pekin errekara birbideratuko dira, bereizita.

URAren 2015eko urtarrilaren 21eko isurpen-baimena entregatu dute (indarrean dago).

– Lurzoruaren kalitatea kaltetzea: 2014ko urriaren 15eko Ebazpenaren arabera, lurzorua egokia da aurreikusita dagoen erabilera industrialerako, lurpeko uren kontrola eta jarraipena egiteko neurriak aintzat hartuta. Hormigoizko zolata bat dauka biltegiratze kimikoaren gunean eta makinariaren mantentze-lanak egiteko gunean.

– Hondakinak sortzea. Jasotako hondakinak instalazioan bereizten eta tratatzen direnez, hondar-materialak kudeatzaile baimenduetara bideratzen dira. Jardueran sortzen diren hondakin arriskutsu gehienak makinen mantentze-lanei lotuta daude, eta behar bezala biltegiratuko dira, bai eta kudeatzaile baimenduei entregatu ere.

2.– Proiektuaren kokapena:

Instalazioa Errenterian dago, zehazki, Egiburuberri industrialdean, Zentolen gunearen 52 zenbakian (60 sektorea, 29 eremua), hirigunetik 1.300 metro ingurura. Lurzatiak Egiburuberri industrialde berria du muga.

Hiri-lurzoruaren kalifikazioa du lurzatiak, eta 9.718 m2 ditu. Egun izapidetze-prozesuan dagoen Barne Erreformako Plan Berezian aurreikusitako lagapenak (gune berdeetarako eta bideetara) egin ondoren, 8.401,55 m2 izango ditu. Gainera, aipatu planak lurzatiaren saneamendua aurreikusten du; beraz, hobetu egingo dira ingurumen-ezaugarriak.

Lurzatiaren zorua kutsatua egon daitekeen zoru gisa sailkatua dago, eta, 2014ko urriaren 15eko Ebazpenaren arabera, industria-erabilerarako egokia da, lurpeko uren kontrola eta jarraipena egiteko neurriak aintzat hartuta.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak direla-eta, inpaktu adierazgarrienak instalazioaren jarduerari berari dagozkionak dira. Garrantzitsuenak airearen kutsadurari dagozkionak dira (emisio difusoak), balorizatu beharreko materialak manipulatzean sortutako hautsarengatik zein ibilgailuen zirkulazioak eta makineriaren erabilerak eragindako errekuntza-gasen bestelako emisio eta zarata batzuengatik sortutakoak.

Isurpenek ibilguari egin diezaioketen kalteari dagokionez, ur beltzak nahiz kutsatutako euri-urak Pekin errekara isuri baino lehen tratatzeko sistema bat du enpresak. Bestalde, hautsa saihesteko behar den ura baino ez da erabiliko, eta hori euri-uretatik etorriko da.

Jarduerak eragindako paisaia-inpaktua negatibotzat jo da; baina, neurri zuzentzaileak hartuz gero, bateragarria izan daiteke. Neurriok paisaia eta inguruaren berezitasunak errespetatu behar dituzte; adibidez, landare-pantaila bat jar daiteke, zuhaixka- eta zuhaitz-espezieen dibertsitatearen irizpideari jarraikiz, hau da, bertakoak diren landareak baino ez dira erabiliko plan berezian aurreikusitako lagapen-guneetan.

Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira hurrengo baldintzak:

Sustatzaileak 2016ko apirilaren 13an aurkeztutako dokumentazioan adierazitako babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak eta sektorekako baimenetan adierazitakoak aparte utzi gabe, honako baldintza hauek aintzat hartu beharko ditu sustatzaileak:

– Obrak, bai eta lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako gunetik kanpo, obretako makinen zirkulazioa ahalik eta gehien murriztuko da. Jardueraren mugen kontrol zorrotza egin beharko da, eta, horretarako, hesi bat eraiki. Alboko guneari eraginez gero, kaltetutako gunearen ingurumen-ezaugarriak leheneratzeko proiektu bat egin beharko da.

Bestalde, sarbide berriak ireki behar badira, eta proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu edo instalazioak egon diren lurzatietan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko du, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren esparruan.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua eta lurzoru kutsatua prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea.

– Balorizatu beharreko materialaren deskarga eta biltegiratzea, bai kanpokoa bai barrukoa, behar bezala iragazgaiztutako azalera batean egingo da, eta urak jasotzeko sistema bat jarriko zaio. Berreskuratutako materialak biltegiratzeko guneak hormigoitu egin beharko dira.

– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalita biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean eta ihesak edo lixibiatu likidoak biltzeko sistemarekin. Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.

– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek –atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik– izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahal den hauts gutxien sortzeari. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

• Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

• Uda-garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

• Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela egiaztatuko da eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.

• Gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da, ureztatzearen eraginkortasuna areagotu dadin.

• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

• Biltegiratzeetarako baldintzei dagokienez, saihestu beharko da haizeak hondakinak arrastatzea, bai eta hondakinaren edo haren osagaien beste edozein galera ere. Metaketen altuera kontrolatuko da.

Materialak kanpoaldean metatuta dauden kasuetan, metaketa horiek haize-babeslekuetan kokatuko dira.

• EEH garbiak birrintzeko eta bahetzeko lanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

• Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.

• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

– Kutsadura akustikoari dagokionez: kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.

Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan (bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez) funtzionatzen duela bermatzeko.

– Pekin errekara isuriko diren uren inguruan, 2015eko urtarrilaren 21eko Ebazpenaren bidez emandako Uraren Euskal Agentziaren isurketa-baimenean ezarritako mugei eta kontrolei kalterik egin gabe, aurretratamendurako sistemaren ohiko kontrolak egingo dira (iragazki biologikoa, dekantagailua eta hidrokarburoen bereizlea), eta funtzionamendu egokia duela bermatzeko mantentze-lanak egingo dira.

– Hondakinei dagokienez, jarduerak lortu beharreko baimenak edozein direla ere, enpresak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.

Hondakinen sorkuntza minimizatu egingo da, ahal den neurrian.

Sortutako hondakinak lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa balitz, hondakinak deuseztatzean ingurumenean eragina izatea saihestuko da, edo ahal den gehien murriztuko da eragin hori.

Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak izango dira, nahaste horiek saihesteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.

Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.

Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.

– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan hori egiteko egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

Hirugarrena.– Kontuan izanik lehenengo puntuan ezarritako baldintzak eta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoak eta dagozkion baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Containers Susperregi SLk Errenterian egin nahi duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko / eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko jarduerari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaie bai Errenteriako Udalari eta bai proiektuaren sustatzaileari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau bidali egin behar da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala