Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2016ko abuztuaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3514

AGINDUA, 2016ko uztailaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta egokitzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA 4).

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu du. Heziberri 2020 planaren helburua hauxe da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza-eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea, hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin.

Plan horretan sartuta dago Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa, hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituen proiektua. Marko horrek paradigma aldaketa nabarmena dakar, konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza delako. Horrek aldaketak sortu ditu hezkuntza-etapa guztietako ikuspegi pedagogikoan, ondorioz curriculumak egokitu egin dira.

Dagoeneko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 236/2015 eta 237/2015 dekretuen bidez Haur Hezkuntzako eta Oinarrizko Hezkuntzaren curriculum berriak zehaztu ditu.

Heziberri 2020 planaren markoan jasotako 5.3 atalean berariaz hitz egiten da material didaktikoez; besteak beste, hezkuntza-eredu pedagogikoarekin bat etorri behar dutela esanez. Hortaz, material didaktikoek dekretuek ezartzen dituzten curriculum berrietara egokitu beharko dute.

Horren harira, Unibertsitate aurreko irakasmailetako curriculum-planteamendu berrien arabera euskarazko ikasmaterialak sortu eta egokitzeko beharrari erantzuteko helburua du 2016ko EIMA 4 diru-laguntza deialdiak.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: Unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterialen sortze- eta egokitze-lanei zuzenduriko diru-laguntzak arautu eta horretarako dei egitea.

II. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

2. artikulua.– Diru-laguntzen deialdirako ehun mila (100.000) euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan xede horretarako dagoen aurrekontu sailetik hartuko da.

3. artikulua.– Gehienez ere, hamazortzi mila (18.000) euro emango zaizkio ikasmaterial bakoitzari.

4. artikulua.– Diru-laguntzok bateraezinak dira gainontzeko Herri Aginteek edota erakunde pribatuek helburu bererako ezarria daukaten beste edozein laguntzarekin.

III. KAPITULUA
IKASMATERIALEN BALDINTZAK

5. artikulua.– 1.– Honako laguntza-deialdi honek ikasmaterialen, bai oinarrizkoen bai osagarrien, euskarazko testu idatziaren sorkuntza eta egokitzapena bakarrik hartuko ditu kontuan. Ondorioz, ez dira testu idatzi horien itzulpen-lanak aintzakotzat hartuko, ezta maketazio- eta ilustrazio-lanik ere.

2.– Ikasmaterialek euskaraz idatzita egon beharko dute. Hala ere, beren ezaugarriak eta, era berean, ikasmateriala erabiltzekoa den jakintzagaia gogoan izanik, partez euskaraz eta partez erdaraz egon dauden ikasmaterialak ere bildu ahal izango dute (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak ...).

3.– Egokitze-lanei dagozkien ezaugarriak finkatu ahal izateko, honako muga hauek gogoan hartuko dira:

a) Euskara batutik euskalki literario batera zein alderantziz egindako testu-egokitzapenik ez da onartuko.

b) Aurretiaz sortu eta, aldi berean, argitara emandako ikasmaterial baten egokitzapenari curriculum-planteamendu berritzaileen argitan ekin nahi izanez gero, gutxienez bost (5) urte igaro behar izango dira esandako ikasmateriala argitaratu zen urtetik kontatzen hasita.

6. artikulua.– Ikasmaterial esaten denean, honako hau adierazi nahi da: euskarri inprimatuan edo digitalean (Internet, CD-ROM, liburu elektronikoa etab.) argitaratuta egonik, eskola-curriculumaren garapenari eta inplementazioari, eta ikasleei eta irakasleei zuzenduta dagoena.

7. artikulua.– Ikasmaterial baten sorkuntzak edo egokitzapenak, batez ere irakasmaila jakinetan irakasgai zehatz bat jorratzeko beharrezkoak diren ikasmaterialena, ikasmateriala bere osotasunean hartuko du gogoan. Ondorioz, ikasmaterial horren kapitulu solteren bati bakarrik loturiko eskabideak kanpo utziko dira.

8. artikulua.– Honako deialdi hau, landu, argitaratu eta zabaldu ostean, 2017-2018 ikasturtetik aurrera erabilgarri egongo diren ikasmaterialei zuzenduta dago.

9. artikulua.– Ikasmaterialek aurretik finkatutako egutegia izango dute. Egutegi hori, Agindu honen 26.1 artikuluan aipatzen den Ikasmaterialaren txostena formularioan adieraziko du diru-laguntza eskatzaileak, beti ere honako epeen baitan:

1.– Ikasmateriala amaitu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespen-aitormenera aurkezteko azken eguna 2017ko maiatzaren 5a izango da.

2.– Ikasmateriala argitaratzeko azken eguna 2017ko abuztuaren 31 izango da.

3.– 2017ko irailaren 15ean, beranduenez, euskarri fisikoan sortutako ala egokitutako ikasmaterialen kasuan (digital ala inprimatu), materialaren bi ale aurkeztu beharko dituzte; gainontzeko materialen kasuan, ikasmateriala ikusteko beharrezko URL eta pasahitzak jasotzen dituen agiria.

Diru-laguntza eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da zehaztutako hiru epe horiek betetzea.

10. artikulua.– Ez dute biltzerik izango laguntza-deialdi honetara diruz lagundu nahi diren ikasmaterialak argitaratzeko eta merkaturatzeko konpromiso finkorik gabe lan-talde batek aurkezturiko eskabideak. Konpromiso hori, Agindu honen 26.3 artikuluan aipatzen dena, idatzita eta sinatuta egongo da. Honako honek sinatuta: landutako ikasmateriala eskuratu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hizkuntzaren ikuspegitik onartu ostean edizioaz eta komertzializazioaz arduratze aldera lan-taldeko pertsona fisikoak harremanetan jarri diren enpresaren, elkartearen edo fundazioaren legezko ordezkariak hain zuzen ere.

Eskatzailea enpresa, elkarte edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.

11. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren ikasmaterialek Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikora eta horren baitan onartutako dekretueta egokitu beharko dute: 236/2015 dekretua, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena eta 237/2015 dekretua, abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Heziberri 2020 planeko hezkuntza-eredu pedagogikoa konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-eredua izanik, hezkuntza-etapa guztietako curriculumak egokitu behar diren moduan, ezinbestekoa da ikasmaterialak ere egokitzea, curriculumak garatzeko material didaktikoak izateko.

Hortaz, material didaktikoek honako ezaugarriak izango dituzte hezkuntza-eredu pedagogikoarekin koherenteak izan daitezen:

a) Ikasleen irteera-profilean definitutako oinarrizko konpetentziak lortzearen alde egitea.

b) Ikasleei eta irakasleei irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen plangintza, garapena eta ebaluazioa egiten laguntzeko mota guztietako materialak izango dira.

c) Zorroztasun zientifikoa eta hizkuntza egokitu egingo zaizkio ikasleen adinari eta 236/2015 eta 237/2015 dekretuetan araututako curriculumei. Lege-ordenamenduko printzipioak, balioak, askatasunak eta betebeharrak ere agertu eta sustatu behar dira, eta diseinu unibertsalaren eta irisgarritasunaren ezaugarriak bete.

d) Irisgarriak izan behar dute, bai desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektualen bat duten ikasleentzat, bai ikasteko beste zailtasun batzuk dituztenentzat.

e) Hizkuntza ez da modu sexistan erabiliko, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatuko da.

f) Aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertuko da ikasmaterialetan, eta gainerako errealitate kulturalak, etnikoak ...

12. artikulua.– Ikasmaterialen ezaugarriekin zerikusia duten edukiak eta Heziberri 2020 planarekin loturako dokumentu eta tresna baliagarriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren honako helbidera aurki daitezke: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-hezi2020/eu/

13. artikulua.– Honako laguntza-deialdi honen bidez sortu edo egokitu nahi diren ikasmaterialek Unibertsitate aurreko irakasmailei, bai araubide orokorreko irakasmailei bai araubide berezikoei, zuzendurik egongo beharko dute.

14. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara biltzen diren proiektuek honako arlo hauetakoren bati lotuta beharko dute:

1.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako prestakuntza zikloetako edota Batxilergoko jakintzagai bati (derrigorrezkoa nahiz aukerakoa) loturiko ikasmaterialaren edo jakintzagai desberdinei buruzko produktu globalizatu edo diziplinarteko baten sorkuntzari edo egokitzapenari dagozkion proiektuak.

2.– Zehar-lerro bati buruzko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

3.– Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektuak. Ikasmaterialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoen neurketa eta diagnosirako balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.

4.– A ereduko ikasleentzat eta haien irakasleentzat euskara i(ra)kasteko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

5.– Helduen Hezkuntzan erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

6.– Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

7.– Musika-irakaskuntzan erabiltzeko diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

8.– Hezkuntza Berezian erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

9.– Curriculumaren euskal dimentsioa lantzera datozen ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

10.– Berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei zuzendutako ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

15. artikulua.– Ikasmaterialek 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

IV. KAPITULUA
ONURADUNAK

16. artikulua.– Honako hauek izan daitezke laguntza jasotzaile:

1.– Euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten entitateak (enpresa, elkarte edo fundazio). Hots, legearen argitan eratuta egon eta dagokion agiri akademikoen jabe diren pertsonez osatutako lan-talde baten ordezkaritza duten entitateak.

2.– Dagokion agiri akademikoaren jabe izanik, lan-taldea osatu eta euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten pertsona fisikoak.

17. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Erakunde Autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradun diren pertsona fisiko eta entitateei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

18. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitate eta pertsona fisikoek honako baldintzak bete beharko dituzte:

1.– Lan-talde bakoitzak bi (2) kide izango ditu gutxienez, eta gehienez hamar (10).

2.– Lan-taldearen osaerari dagokionez, lan-taldeko kideetako batek gutxienez klase-emankizunean ibili beharra du irakasle modura.

3.– Lan-talde bakoitza osatzen duten pertsonak zehazte aldera, zera ulertuko da lan-taldeko kidetzat: ikasmaterialaren sorkuntzan edo egokitzapenean zuzen-zuzenean ari den pertsona, beti ere 5. artikuluan finkatutako mugen baitan.

4.– Lan-talde bakoitzeko kideek arduradun bat izendatuko dute, beren artetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin izan beharreko harremanetan solaskide gisa aritzeko. Nolanahi ere, lan-talde bateko kideak argitaletxe, elkargo edo fundazio batentzat ari direnean, delako argitaletxe, elkargo edo fundazio horretako ordezkari bat izan daiteke lan-taldearen arduradun.

5.– Lan-taldea osatzen duten pertsonetatik inork ere ez du deialdi honetara bildutako ikasmaterialaren garapenean aurre ikusitako denbora eta langintzaren ehuneko (% 70) hirurogeita hamar baino gehiago bereganatzerik.

6.– Ikasmateriala sortu edo egokitu nahi duen lan-taldeko kideek Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C1 mailaren jabe (EGA, irakasleen bigarren hizkuntza eskakizuna (HE2) ala beste baliokideren bat) izan beharko dute, euskarazko ikasmateriala behar den garantiaz sortu edo eta egokitu ahal izateko.

7.– Laguntza-deialdi honetara biltzen den enpresa, elkarte edo fundazio orok legearen argitan eratuta egon beharra dauka.

8.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

9.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan zehaztutako betebeharrak gordeko dituzte.

V. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA

19. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta 2016ko irailaren 15ean amaituko da.

20. artikulua.– 1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-4/y22-izapide/eu/

Tramitazio elektronikoa honako lege-arau hauetan araututa dago: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoa arautzen duena, eta e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

2.– Aurkeztu daitekeen eskabide kopurua diru-laguntza eskatzailearen izaeraren araberakoa izango da:

a) Pertsona fisikoz osatutako lan-taldea denean, gehienez hiru (3) eskabide egin ahal izango dira.

b) Entitatea (legez eratutako enpresa, elkarte edo fundazioa) denean, gehienez hamabi (12) eskabide egin ahal izango dira.

21. artikulua.– Eskabidearen ondoko izapideak, 40.3.2 artikuluan jasotakoa salbu, Eusko jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

22. artikulua.– Eskabidearekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eskabideak aurkezteko erabiliko den helbidean.

23. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsonek eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, bere 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritako moduan.

24. artikulua.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina aplikatuta, diru-laguntza eskatzen duten lan-taldeek, pertsona fisikoz osatutakoek, eta entitateak Ikasmaterialaren txostena formularioan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez honako baldintza hauek egiaztatuko dituzte:

1.– Ikasmateriala berria dela eta euskaraz sortuko dela.

2.– Administrazio Publiko edo entitate pribaturen batetik euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta egokitzeko diru-laguntzarik jaso ez izana eta jasotzen ari ez direla.

3.– Administrazio Publiko edo entitate pribaturen bati euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta egokitzeko diru-laguntzarik eskatu ez izana.

4.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez izatea, ezta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean egotea ere, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

5.– Lan-taldearen ordezkaria lan-taldea osatzen duten pertsona fisiko guztiek izendatu dutela, guztien izenean honako diru-laguntza honen kudeaketa-organoaren aurrean eskabidea aukez dezan eta solaskidea izan dadin.

6.– Entitateen kasuan, diru-laguntza eskatzen duen entitatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela adieraztea.

25. artikulua.– Diru-laguntza eskatzaileen baldintzak ziurtatzea.

1.– Datu akademikoak eta hizkuntza-gaitasuna.

Diru-laguntza eskatzaileek ikasmateriala sortu ala egokituko duten pertsonen datu akademikoak eta hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak ziurtatzeko nahikoa izango dute Ikasmaterialaren txostena formularioan, dagokion atalean, berariazko baimena ematea kudeaketa-organoari, honek datuak egiaztatzeko, baieztatzeko edo ziurtatzeko. Baimena eman ezean, administrazio-ziurtagiriak aurkeztuko beharko dituzte aipatutako baldintzak ziurtatzeko.

Bi salbuespen daude:

a) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Hezkuntza-administrazio bati lotutako irakasleen kasuan ez dago datuak ziurtatzeko baimena ematerik, irakasle-izaera ziurtatzeko ezinbestean aurkeztu beharko dute administrazio-ziurtagiria.

b) Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bost (5) urtez irakasten ibili arren euskara-agiririk ez duten irakasleek aipaturiko Unibertsitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Entitatearen legezko eraketa.

Diru-laguntza eskatzailea entitatea denean, eskabidea egiteko entitatearen txartela erabiltzen ez badu, honako agiriak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera: eraketa-eskritura edo aktaren kopia, beti ere bere izaera juridikoaren arabera, ordezkari legalaren izendapena, eta IFZren (Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren) kopia.

3.– Zergen betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Betebeharren egiaztatzeaz deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da, diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoei eta entitateei baimena eskatu gabe. Aurreko hori, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina ezarriz egingo da.

Salbuespena Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten entitate eta pertsona fisikoak dira. Horien kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.

Aurkeztu beharreko agiriak, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada honen esku daudela, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, «Erantzukizunpeko adierazpenak» atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.

26. artikulua.– Ikasmaterialari dagozkion agiriak.

Eskabidearekin batera honakoak aurkeztu beharko ditu diru-laguntza eskatzaileak:

1.– Diru-laguntza eske aurkezten diren ikasmaterial bakoitzeko formulario bat, behar den bezala beteta. Ikasmaterialaren txostena deritzon formulario horretan diruz laguntzea nahi den ikasmaterialari buruzko datu teknikoak jasoko dira. Formulario hori Euskadi.eus atariko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-4/y22-izapide/eu/

2.– Sortu edo eta egokitu nahi den ikasmaterialaren beraren eredu edo lagin bat, ahalik eta era zehatzenean aurkeztua.

3.– Diruz lagundu nahi den ikasmateriala argitaratzeko eta merkaturatzeko idatzizko konpromisoa. Konpromiso hori, formatu libreko agiri batean idatzia, honako honek sinatuta etorriko da: landutako ikasmaterial eskuratu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartu ostean edizioak eta komertzializazioaz arduratze aldera lan-taldeko pertsona fisikoak harremanetan jarri diren enpresaren, elkartearen edo fundazioaren legezko ordezkariak hain zuzen ere. Diru-laguntza eskatzen duena enpresa, elkartea edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.

27. artikulua.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar (10) eguneko epea emango dio diru-laguntza eskatzen duen entitate interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.

28. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

VI. KAPITULUA
KUDEAKETA ORGANOA

29. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren baitako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

2.– Berariaz eratutako batzorde bat arduratuko da diru-laguntzaren ebazpen-proposamena egiteaz, eta diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa egin artean gerta litezkeen gorabeherak bideratzeaz. Honako pertsona hauek osatuko dute batzordea:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA 4 programako teknikaria, batzordearen idazkari.

VII. KAPITULUA
IKASMATERIALEN EBALUAZIOA

30. artikulua.– Aurkeztutako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak behar bezala aztertzeko, eta 31.1 artikuluan adierazitako irizpideekin zer neurritan bat datozen balioesteko ebaluazio talde bat izendatuko du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.Talde hori Hezkuntza Sailaren Laguntza-zerbitzuetako alorrean alorreko adituek osatuko dute.

31. artikulua.– 1.– Ebaluazio taldeak, deialdiaren baldintzak zuzen betetzen dituzten eskabide guztiak aintzakotzat hartuz, horien balioespenari ekingo dio, zeregin horretan honako irizpideok eta balio hauek kontuan izanik:

a) Irizpide nagusien balioespena (gehienez ere 20 puntu):

– Proiektuaren zehaztasuna (0tik 5 puntura).

– Helburua garbi adieraztea (0tik 5 puntura).

– Norainoko sortze-lana (0tik 5 puntura).

– Lan-taldearen balioespena (0tik 5 puntura).

b) Curriculumaren araberako balioespena (gehienez ere 40 puntu):

– Indarrean dagoen curriculum-diseinurako egokia (0tik 5 puntura).

– Oinarrizko Konpetentziak garatzeko planteamendua (0tik 5 puntura).

– Helburuak (0tik 5 puntura).

– Edukiak (0tik 5 puntura).

– Ebaluazio-irizpideak eta -estrategiak (0tik 5 puntura).

– Metodologia (estrategiak, ikasleen inguruarekiko hurbiltasuna, taldekatzeak, denbora, espazioak ...) (0tik 5 puntura).

– Aniztasunari erantzuteko proposamenak (0tik 5 puntura).

– Curriculumaren Euskal dimentsioa garatzeko planteamendua (0tik 5 puntura).

c) Laginaren balioespena (gehienez ere 40 puntu):

– Azalpenaren zehaztasuna (informazio zehatza) (0tik 5 puntura).

– Oinarrizko Konpetentzien garapena (Gogoeta eta metakognizioa bultzatzeko, autonomia sustatzeko, ikasten ikasteko, informazioa bilatzeko jarduerak ...)(0tik 10 puntura).

– Metodologia (estrategiak, ikasleen inguruarekin lotura dute arazo egoerak, taldekatzeak, denbora, espazioak, hizkuntzen trataera integratu eta integrala ...)(0tik 10 puntura).

– Edukiak (0tik 5 puntura).

– Ebaluazio tresnak (0tik 5 puntura).

– Hizkuntza kalitatea eta egokitasuna (0tik 5 puntura).

2.– Puntu horiek denak behar bezala egiaztatu ahal izateko, ebaluazio taldeak aurrez aurreko azalpen-bilera egin ahal izango du mintegien edo lan-taldeen arduradunekin.

3.– Proiektuen balioespena egiteko, ebaluazio taldeak berariazko ebaluazio-fitxa beteko du.

4.– Prozeduran aurrera egin ahal izateko, proiektuek, gutxienez, hirurogei (60) puntu lortu beharko dituzte. Hori dela eta, gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten egitasmoek, ez dute diru-laguntzen banaketa-prozesuan parte hartuko eta, ondorioz, ez dute inongo diru-laguntzarik jasoko.

5.– Ikasmaterial digitalen kasuan, Hezkuntza Baliabide Irekiak (HBI) motakoak badira, 10 puntu gehituko zaizkio Ebaluazio taldearen puntuazioari.

VIII. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN KALKULUA ETA EBAZPENA

32. artikulua.– 1.– 29. artikuluan aipatutako batzordea arduratuko da ebaluazio taldeak balioetsitako proiektuei eman beharreko diru-laguntza zehatza kalkulatzeaz, 31.1 eta 34. artikuluetan adierazitako lehentasunen eta irizpideen arabera.

33. artikulua.– Batzorde horrek banan-banan neurtuko ditu ebaluazio taldeak balioetsitako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak, baita finkatuko ere eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa, eta, ondoren, Hezkuntza sailburuordeari deialdiaren ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

34. artikulua.– Aurreko artikuluan aipaturiko zenbatekoa, berriz, era honetara finkatuko da:

1.– Oinarri moduan, proiektu bakoitzari dagokionez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak begiz jotako kostua (BJK) hartuko da. Kostu hori finkatzeko honako datuok hartuko dira kontuan:

a) Lan-taldeak begiz jotako testu-orrialde estandarren kopurua. Kopuru hori zehazte aldera, pertsona fisikoz osatutako lan-taldeak edo entitateak honako erreferentzia hauek izango ditu gogoan: Times New Roman 12-ko 2.342 karaktere, tarte zuriak barne; DIN A4 formatua eta 1,5eko lerro-artea.

b) Berrogeita hamar (50) euro, testu-orrialde estandar bakoitzeko.

2.– Aurreko puntuan lortutako oinarriari Ebaluazio taldeak 31.1 artikuluaren argitan emandako puntuak (EP) aplikatuko zaizkio. Puntuazioak 60tik 100era arteko oszilazioa izango du. Puntuazio horren eragin-indarra 0,5ekoa izango da.

3.– Jarraian, sortuko edo eta egokituko duen ikasmaterialaren lehentasuna eta izaera hartuko dira kontuan. Horiek, hurrenez hurren 0,25eko eragin-indarra dutelarik, honako bi adierazgarri hauekin definituko dira:

a) Lehentasuna (A1):

– Indarrean dauden curriculum-dekretuetan zehaztutako ikasgai eta arlo berriak garatzeko ikasmaterialak, ikasmaila edozein delarik = 1.

– Batxilergoko, Helduen Hezkuntzako eta Heziketa Zikloetako ikasmaterialak = 0,5.

– DBHko ikasmaterialak = 0,6.

– LMHko eta HHko ikasmaterialak = 0,4.

b) Ikasmaterial mota (A2):

– Oinarrizko ikasmateriala = 1.

– Ikasmaterial osagarria = 0,5.

4.– Horren ondorioz, proiektu bakoitzari legokiokeen diru-laguntza honela kalkulatuko da:

DL = (BJK) x [(EP/100) x 0,5 + (A1 x 0,25 + A2 x 0,25)]

5.– Eskabide-orria pertsona fisikoz osatutako lan-talde batek sinatutakoa denean, pertsona bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da. Pertsona bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoaren finkapena lan-taldeak berak eskabide-orrian zehaztutako ehunekoen arabera burutuko da.

6.– Baldin eta esleitutako zenbatekoen batuketa diru-laguntza partida baino handiagoa bada, proportzionalki banatuko da.

35. artikulua.– 1.– Ebazpen-proposamena ikusirik, Hezkuntza sailburuordeak laguntza-deialdi hau ebatzi egingo du.

2.– Ebazpen horrek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektuen zerrenda eta proiektu horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundu izan ez diren proiektuen zerrenda, ukatzearen zioa azalduz.

3.– Agindua EHAAn argitaratu eta, beranduenik, sei hilabeteko epean emango da Ebazpena. Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta jakinarazi eta biharamunetik hasita izango du eragina. Hau da iragarki-taularen lotura: https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

4.– Sei (6) hilabeteko epea amaitu eta diru-laguntza eskatu duen pertsona fisikoak edo entitateak inongo jakinarazpenik hartu ez badu, egindako eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren arabera.

36. artikulua.– 1.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote diru-laguntza eskatzaileek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

2.– Esandako epean Ebazpenik hartu ezean, isiltasuna ezezko erantzuntzat hartuko da.

37. artikulua.– Diru-laguntzaren Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita hamar (10) egun naturaleko epean esleitutako diru-laguntzari berariaz uko egiten ez badiote entitate eta pertsona fisiko onuradunek kudeaketa organoari, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.

38. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, laguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota banku-datuak aldatzeko eredua lotura honetan hartu eta bide elektronikoz aurkeztuko du: https://www.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

IX. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN ORDAINKETA ETA IKASMATERIALAK AURKEZTEKO PROZEDURA

39. artikulua.– 1.– Ebazpena hartu eta onuradunek esleitutako diru-laguntza onartu egiten dutela egiaztatu ostean, diru-laguntzaren lehen zatiaren ordainketari ekingo zaio, hau da ehuneko hogei (% 20) ordainduko da.

2.– Gainerako ehuneko laurogeia (% 80), berriz, dagokion ikasmateriala argitaratu eta 42. artikuluan ezarritako baldintza guztiak bete direla konprobatu ondoren ordainduko da.

40. artikulua.– Esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatia jaso ahal izateko, onuradun diren pertsona fisikoen lan-taldeek edo entitateek honako hau egin behar dute:

1.– Laguntza-gai den proiektuaren sorkuntza- edo egokitzapen-lana bukatu eta, beranduenez, 2017ko maiatzaren 5ean ikasmateriala argitaratuko duen argitaletxearen eskutik Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari aurkeztea, Sail horretan dagokion atalak, sortutako edo egokitutako ikasmaterialaren onespen azterketari ekin diezaion.

Onespena eskatzeko agiria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-4/y22-izapide/eu/

2.– Ikasmateriala, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako onespenaren jabe denean, ez lehenago:

a) Ikasmaterialaren argitaratzeari eta merkaturatzeari ekingo zaio. Argitaratze-lanak gauzatzeko azken eguna 2017ko abuztuaren 31 izango da. Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpearen M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.

b) Argitara emandako ikasmaterialak argi eta garbi adieraziko ditu materialaren sortze- edo egokitze-lanetan ibilitako kide guztien izen-abizenak. Eskabide-orrian adierazitako kideak, ez beste inor, izango dira ikasmaterialaren sortzaile edo eta egokitzaile.

c) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onetsitakoa denez, ikasmaterialak honako esaldi hau eramango du, ongi ikus daitekeen tokian eta ale guztietan: «Ikasmaterial honek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena du», onespena jaso duen datarekin.

3.– Argitaratu eta berehala talde-arduradunak, beranduenez, 2017ko irailaren 15ean, honako hauek aurkeztuko ditu:

1.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

a) Ikasmaterialari buruz beharrezkoak diren azalpenak eta argibideak emanaz lan-taldea osatzen duten pertsona guztiek kide guztiek izenpeturiko oroitidazkia.

b) Ikasmateriala Euskarazko Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) katalogatzeko eskaera fitxa, behar bezala beteta.

Inprimaki hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan izango da eskuragai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/eima-4/y22-izapide/eu/

c) Euskarri fisikorik ez duten ikasmaterial digitalen kasuan, ikasmateriala ikusteko beharrezko URL eta pasahitzak jasotzen dituen agiria.

2.– Euskarri fisikoan sortutako ala egokitutako ikasmaterialaren kasuan (digitalak ala inprimatuak), materialaren bi (2) ale aurkeztu beharko dira aurrez aurre; ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan -Zuzenean- edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzetan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 4 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

41. artikulua.– Ikasmateriala bera eta dagozkion agiriak jaso eta Agindu honetan finkaturiko baldintzak bete direla ikusi ostean, esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketari ekingo zaio, hau da gainerako ehuneko laurogeiaren (% 80) ordainketari.

42. artikulua.– Diru-laguntzaren bigarren ordainketa egin ahal izateko, ikasmaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Sortutako edo egokitutako ikasmaterialak bat etorri beharko du Ikasmaterialaren txostena dokumentuan adierazitako proiektuko alderdi curricularrekin.

2.– Behin betiko edizio-modua zein argitaletxea bat etorriko dira hasiera-hasieran begiz jotakoekin.

3.– a) Behar den bezala inprimatu edo editatutako ikasmaterialaren testu-orrialde estandarren kopurua txostenean adierazi eta ikasmaterialari dagokion diru-laguntza finkatzeko orduan erabilitako datu operatiboren berdina edo antzerakoa izango da. Hartarako zera ulertuko da antzerakotasunaz: bere aldakuntza aldeak, goitik edo behetik, hasieran begiz jotako bolumena ehuneko hogeian (% 20) gainditzen ez duena.

b) Aitzitik, baldin eta testu-orrialde estandarren kopurua txostenean adierazitakoa baino txikiagoa bada ehuneko hogeitik (% 20) gorako portzentajean, proportzio horren araberako kenketa egingo zaio ordaintzeke dagoen diru-laguntzatik eta, dagokionean, aurretiaz hartutako diru-kopurutik, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena eman ondoren.

4.– a) Ikasmaterialak, ezinbestean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena izan behar du.

b) Aitzitik, baldin eta ikasmaterial hori beharrezkoa den egokitasun-aitorpenik gabe inprimatu edo editatu bada, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

5.– a) Honako laguntza-deialdi honen bidez sortutako edo egokitutako ikasmaterialei dagozkien euskarazko testuen egiletasuna bat etorriko da txostenean adierazitakoarekin. Egiletasun hori, ikasmateriala sortzen edo egokitzen ibili diren pertsona guztien izenen zerrenda batean jasota egongo dena, aipaturiko ikasmaterialean egongo da behar den moduan ikusgai.

b) Hasieran begiz jotako lan-taldeari pertsona berri baten edo gehiagoren gehitzeak ez dakar pertsona horri edo horiei dagokionez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenenik.

c) Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren baja, borondatezkoa edo derrigorrezkoa, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

d) Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren bajak, borondatezkoa edo derrigorrezkoak, eta pertsona horren edo horien ordezkapenak ez dakar pertsona berri horri edo horiei dagokienez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenik.

43. artikulua.– Agindu honen IX. Kapituluan xedatutako baldintzak ez betetzeak kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

44. artikulua.– Agindu honen 42.3 artikuluan jarritako baldintza ez betetzeak ordaintzeke dagoen diru-kopuruaren eta, dagokionean, aurretiaz jasotako diru-kopuruaren kenketa proportzionala ekarriko du, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena eman ondoren. Kenketa proportzional hori testu-orrialde estandarren kopuruan izandako txikiagotze proportzionalaren parekoa izango da.

45. artikulua.– Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontu dauden diru-laguntzen onuradun diren pertsona edo entitateei dagozkien betebeharrean ez betetzeak ordaintzeke dagoen diru-kopurua kobratzeko eskubidearen galera ekarriko du, eta aurretiaz jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

X. KAPITULUA
GERTAKIZUNAK

46. artikulua.– 1.– Diruz lagundutako ikasmaterial baten sorkuntza- edo egokitze-fasean 26.1 artikuluan aipatzen den proiektuari dagokionean aldaketa funtzional edo metodologikoren bat sartzea ezinbestekotzat jotzen bada, aldaketari ekin aurretik, lan-talde edo entitateak idatziz eta modu arrazoituan jakinarazi beharko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordearen bitartez, eskaera aztertu eta dagokion erantzuna emango du. Hilabeteko epean erantzunik ez balego, erantzuna baiezkoa dela ulertuko da.

2.– Halaber, 40. artikuluaren arabera ikasmaterialek bete beharreko datei dagokienez (onespen-azterketara aurkeztea, argitaratzea eta kudeaketa-organoan aurkeztea), lan-talde edo entitateak idatziz eta modu arrazoituan luzapena eskatu ahal izango dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari; betiere luzatzea eskatu nahi duen epea amaitu aurretik. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordearen bitartez, eskaera aztertu eta dagokion erantzuna emango du. Hilabeteko epean erantzunik ez balego, erantzuna baiezkoa dela ulertuko da.

XI. KAPITULUA
ONURADUNEN BETEBEHARRAK

47. artikulua.– Onuradun diren pertsonak eta entitateek honako betebeharrak dituzte:

1.– Diru-laguntza esleitzea oinarri duen jarduera burutzea, aurreikusitako exekuzio-epeak betez.

2.– Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza emateak eta disfrutatzeak dakartzaten betebeharrak eta baldintzak betetzea, eta, aldi berean, jardueraren gauzatzea justifikatzea.

3.– Egiaztatze- jarduerei men egitea eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzei emandako erabileraren fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

4.– Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari xede berberaz bestelako herri administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatutik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen, diru kopuruen edo bitartekoen berri ematea.

5.– Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza esleitzeko orduan kontuan izandako edozein egoeraren, bai objektiboa bai subjektiboa, aldaketa jakinaraztea.

XII. KAPITULUA
ZIURTAPENA

48. artikulua.– 1.– Irakasle diren mintegikideen kasuan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak haien parte-hartzea berariaz ziurtatuko du, baldin eta interesatuek idatziz hala eskatzen badute eta sortutako edo eta egokitutako ikasmaterialak onespena jasoa badu.

2.– Sortutako edo eta egokitutako ikasmaterial bakoitzeko, unean uneko ordu-balioztapena emango zaio mintegian edo lan-taldean aritutako irakasle bakoitzari. Hala ere, lan-bolumen txikiko ikasmaterialen balioztapena egiterakoan sail bat osatzen badute, ikasmaterial bakartzat hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua esandako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala