Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2016ko uztailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3380

AGINDUA, 2016ko uztailaren 19koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

Urriaren 27ko 203/2015 Dekretuak onartu egin zuen Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua. Erregelamendu horrek, 91. artikuluan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorra arautzen du.

Fitxategi hori bi xedetarako sortu da: batetik, balizko onuradunei jakinarazi ahal izateko hildako pertsona bat BGAE bateko bazkide zela; eta, bestetik, BGAEei bazkide edo onuradunen heriotzaren berri eman ahal izateko, ez dagokien prestaziorik ordaintzen jarrai ez dezaten.

5/2012 Legearen erregelamenduak 91.6 artikuluan ezartzen duenez, Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolamendua gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak emandako agindu batek arautuko du.

Hori guztia aintzat hartuta, honako hauek ematen dizkidaten eskumenak baliatuko ditut: 20/2012 Dekretua –9. artikuluaren 1. zenbakiko g) letra–, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 192/2013 Dekretua (3. artikulua), apirilaren 9koa, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena. Eskumen horiek baliatuta, eta Bazkideen Fitxategi Orokorraren funtzionamendua, sarbidea, eta hura mantentzen eta erabiltzen duten eragile guztiekiko harremanak arautzeko xedearekin, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aginduaren xedea.

Agindu honen bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko BGAEetako Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua. Fitxategi hori Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren 91. artikuluan dago jasota.

2. artikulua.– Izaera eta kokapena.

1.– BGAEetako Bazkideen Fitxategi Orokorra Euskal Autonomia Erkidegoko BGAEentzako eta BGAEei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24.1 artikuluan jasotako kontingentziak aurreikuspen-planen bitartez estaltzen dituzten erakundeentzako Erregistroari atxikita dago. Bazkideen Fitxategi Orokor horretan egiten diren kontsultak ez dira Euskal Autonomia Erkidegoko BGAEen Erregistroan inskribatzeko moduko egintzak.

2.– Informazioa emateko baldintza izango da BGAEek datuak igortzea, eta betiere informazio-ondorio hutsetarako egingo da, BGAEen datu-emate horretan oinarrituta.

3. artikulua.– Etengabeko datu-elikatzea.

1.– Gizarte-aurreikuspeneko planen bitartez prestazioak ematen dituzten EAEko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztiek fitxategi elektroniko bat bidali beharko dute hilero. Datuen transmisioa XML formatuan egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko sarbidearen bitartez, eta datu hauek jasoko dira:

a) BGAEak Euskal Autonomia Erkidegoko BGAEen Erregistroan duen inskripzio-zenbakia.

b) Lotutako karga-aldia, zeinari baitagozkio informatu beharreko datuak.

c) Gizarte-aurreikuspeneko planen kode-zenbakia. Indarreko aurreikuspen-plan bakoitzaren zenbakia BGAEen Estatistika eta Kontabilitate Dokumentazioko 1. ereduan dago; eredu horretako «Aurreikuspen-planak» atalean ageri den «planaren kodea» da. Eratzen diren plan berrietako bakoitza eratzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko BGAEen Erregistroan alta emateko ebazpenean zehaztuko da planak Erregistroan izango duen zenbakia, alegia, planaren kodea.

d) Bazkide aktibo, pasibo eta etendurapeko guztien nortasun-agiri nazionalen zenbakiak edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiak (AIZ) edo pasaporte-zenbakiak, bai eta kobratu gabeko eskubideak dituzten onuradunenak ere; horien (bazkideen eta onuradunen) bajenak ere jasoko dira, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta hori guztia aurreikuspen-plan bakoitzarekin.

e) Datuak igortzeko fitxategi elektronikoan NAN bakoitzaren jabearen egoera zehaztuko da: bazkidea (aktiboa, pasiboa edo etendurapekoa) edo onuraduna; hala badagokio, horien bajak ere jasoko dira, aurreko hilabetearekin alderatuta.

2.– Agindu hau argitaratu eta gero eratzen diren BGAEek aurreko paragrafoetan azaldutakoa egin beharko dute, eratzen direnetik hilabeteko epea igaro baino lehen.

3.– Informazioa hilero igorriko da, hilabete bakoitzaren azken eguna erreferentzia dela, eta aipatutako egun horren osteko 10 egun naturalen barruan.

4. artikulua.– Herritarrek Bazkideen Fitxategi Orokorra kontsultatzea.

1.– Interes legitimoa duen edozein herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko BGAEetako Bazkideen Fitxategi Orokorrerako sarbidea izan dezake, informazioa eskuratu ahal izateko, ea hildako pertsona bat BGAE edo aurreikuspen-planen bateko bazkide edo onuradun ote zen.

2.– Pertsona interesdunek aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte prozedura horretako eskaerak, kontsultak eta izapideak.

3.– Bitarteko elektronikoak erabili nahi badituzte, euren burua identifikatu beharko dute, identifikazio elektronikorako onartutako bideetatik edozein erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

4.– Interesdunek prozedura horretako eskaerak, kontsultak eta izapideak egiteko erabili ahal izango dituzten baliabide elektronikoak Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan araututa daude, bai eta Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean ere, zeinak e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen baitu.

5.– Izapideak aurrez aurre edo bide elektronikotik egiteko azalpenak eta eskaera-orriak eskura daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

6.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

7.– Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikotik egin nahi badira, «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

8.– Identifikazio elektronikoaren ondoren, eta interes legitimoa frogatzeko, interesdunak bere kontsultako bazkide edo onuradunaren heriotzaren ziurtagiria erantsi beharko du. Kontsulta aurrez aurre egiten bada, interesdunak heriotza-ziurtagiria erantsi beharko dio kontsultari.

9.– Kontsultak egiteko, gutxienez 10 egun naturaleko epea igaro behar da heriotza-datatik.

10.– Interesdunak erantzuna jasoko du, gehienez ere 30 eguneko epean. Erantzunean adieraziko zaio ezen, kontsultatik hurbilen dagoen datan (datuak dauden datarik hurbilenean), kontsultako bazkide edo onuradun horrek aurreikuspen-planik duen, eta, izanez gero, planen izenak eta zer BGAErenak diren.

5. artikulua.– BGAEek kontsulta egitea.

1.– BGAEek, bazkide pasiboei edo kobratu gabeko eskubide ekonomikoak dituzten onuradunei dagokienez, horiei buruzko informazioa eman badiote Bazkideen Fitxategi Orokorrari, informazioa eskatu ahal izango dute, euren bazkide pasibo edo onuradunetakoren bat hil den jakiteko.

2.– BGAEari igorriko zaion informazioa ez da heriotzaren ziurtagiri izango. Erregistro Zibila da heriotzaren ziurtagiria egiteko eskumena duen erakunde bakarra, indarra duen araudiari jarraituz.

3.– BGAE batek kontsulta egin ahal izateko, gutxienez 3 hilabete igaro behar dira aurreko informazio-eskaera egin zuenetik.

4.– BGAEak erantzuna jasoko du, gehienez ere 30 eguneko epean. Erantzunean adieraziko zaio ezen, kontsultatik hurbilen dagoen datan (datuak dauden datarik hurbilenean), kontsultako bazkide edo onuradun hori hil egin den.

5.– BGAEek prozedura honetako eskaera, kontsulta eta izapide guztiak bide elektronikoak soilik erabiliz egin beharko dituzte. Bide horiek Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan araututa daude, bai eta Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean ere, zeinak e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) onartzen baitu.

6.– Izapideak egiteko azalpenak eta eskaera-orriak eskura daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan.

7.– Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikotik egin nahi badira, «Nire kudeaketak» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

6. artikulua.– Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Heriotza-ziurtagiririk eransten ez bada, ziurtagiria irakurtezina bada, edo identifikazio-zenbakiren bat bikoiztuta badago, eskatzaileei akats horiek jakinaraziko zaizkie, zuzen ditzaten.

7. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Agindu honetan xedatutakoa betetzeko biltzen edo lantzen diren datu pertsonalak babestu egingo dira, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoari jarraituz.

Ondorio horietarako, aldatu egiten da «5.8. BGAEetako bazkideen fitxategi orokorra» izeneko fitxategia, zeina Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2015eko martxoaren 20ko Aginduaren bidez sortu baitzen. Agindu horren bidez, izaera pertsonaleko fitxategiak sortu eta ezabatzen dira, eta Ogasun eta Finantza Sailaren eta Euskal Estatistika Erakundea eta Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoen datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen 2014ko otsailaren 28ko Aginduaren I. eranskina aldatzen da. Horren edukia agindu honen eranskinean dago jasota.

8. artikulua.– Interesdunei bidali beharreko jakinarazpena.

1.– Herritarrentzako jakinarazpena.

Interesdunak jakinarazpena jasoko du; bertan adieraziko zaio ea, egun jakin batean, bere informazio-eskaeran aipatu duen pertsona zenduak aurreikuspen-planik bazeukan, eta, baiezkoan, planen izenak, eta zein BGAErenak diren.

2.– BGAEentzako jakinarazpena.

BGAEek, bazkide pasiboei edo onuradunei dagokienez, horiei buruzko informazioa eman badiote Bazkideen Fitxategi Orokorrari, informazioa eskatu ahal izango dute, euren bazkide pasibo edo onuradunetakoren bat hil den jakiteko. BGAE interesdunak fitxategi bat jasoko du, eta bertan informazio hau:

Bazkide pasiboaren edo onuradunaren identifikazio-agiriaren zenbaki bakoitzeko:

1) Bazkideen Fitxategi Orokorrean hildakotzat agertzen bada:

Heriotza-eguna: XXXX(e)ko XXaren XX(a).

2) Bazkideen Fitxategi Orokorrean hildakotzat agertzen ez bada, horrela adieraziko da.

3) Ez bada agertzen eskaera egin duen BGAEko ez bazkide pasibo gisa ez onuradun gisa, horrela adieraziko da.

9. artikulua.– Jakinarazpenen hizkuntza.

Interes legitimoa duten pertsonek eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute kontsultak egiteko. Zentzu horretan, erantzuna ere kontsula egiteko hautatu den hizkuntzan emango da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bazkideen Fitxategi Orokorra abian jartzea.

BGAEetako Bazkideen Fitxategi Orokorra 2017ko urtarrilaren 1ean hasiko da funtzionatzen.

Bazkideen Fitxategi Orokorra abian jartzeko eta funtzionatzen hasteko, gizarte-aurreikuspeneko planen bitartez prestazioak ematen dituzten EAEko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde guztiek, 2016ko abenduaren 31 baino lehen, Agindu honen 3. artikuluak aipatzen duen XML fitxategia bidali beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko sarbidetik.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Datuak Babesteko Euskal Agentziari jakinaraztea.

Agindu hau Datuak Babesteko Euskal Agentziari jakinaraziko zaio, agindu honen eranskinean aldatutako fitxategia inskribatzeko Datuak Babesteko Euskal Agentziaren Datuak Babesteko Erregistroan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 19a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

ERANSKINA, AGINDU HONI DAGOKIONA: AGINDUA, 2016KO UZTAILAREN 19KOA, OGASUN ETA FINANTZETAKO SAILBURUARENA, BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEETAKO BAZKIDEEN FITXATEGI OROKORRAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

Aldatu egiten da Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2015eko martxoaren 20ko Aginduaren I. eranskinean jasotako datu pertsonalen fitxategi hau, eta honela idatzita geratzen da (agindu horren bidez, izaera pertsonaleko fitxategiak sortu eta ezabatzen dira, eta Ogasun eta Finantza Sailaren eta Euskal Estatistika Erakundea eta Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoen datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen 2014ko otsailaren 28ko Aginduaren I. eranskina aldatzen da):

5.8.– BGAEetako bazkideen fitxategi orokorra.

a) Helburua eta aurreikusitako erabilerak:

Bazkide guztien berri izatea, informatu ahal izateko hildako pertsona bat BGAE bateko bazkide zela.

Hala eskatzen dutenean, BGAEei bazkideen heriotzaren berri ematea, ez dagokien prestaziorik ordaintzen jarrai ez dezaten.

b) Zer pertsona edo talderen datuak jaso nahi diren:

BGAE baten bazkide diren pertsona fisikoak, eta, zehazki, aurreikuspen-plan batekiko atxikipena dutenak, bai eta horien onuradunak ere.

c) Datuen jatorria eta datuak biltzeko prozedura:

Jatorria: bazkideen altak eta bajak, bai eta prestazioen onuradunenak ere, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek bidalitakoak; gainera, baita heriotzagatiko bajak ere, erakundeek eurek eta erregistroek bidaliak; eta, horiez gain, legez datu horiek lagatzea aurrez ikusita duten fitxategiak.

Biltzeko prozedura: formularioak.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio-datuak: hildako bazkidearen NAN/IFZa, prestazioen onuradunaren NANa, eta informazioa eskatzen duen pertsonaren NANa eta ziurtagiri digitala.

Datu ekonomiko-finantzarioak: Beste batzuk: Gizarte-aurreikuspeneko planak (aurreikuspen-planen izena, zer zenbakirekin inskribatuta dagoen EAEko BGAEen erregistroan, erakundearen izena).

e) Datu-lagapenak:

Interesdunak, onuradun posibleak eta BGAE.

f) Fitxategiaren ardura duen organoa:

Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza.

g) Datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkaratzeko eskubidea erabiltzeko aukera ematen duen zerbitzua:

Ogasun eta Finantza Saila.

Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

h) Segurtasun-neurrietan eskatu beharreko maila:

Oinarrizkoa.

i) Tratamendu-sistema:

Mistoa.


Azterketa dokumentala