Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2016ko uztailaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3354

AGINDUA, 2016ko ekainaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita LANdhome programa, Euskadira itzulitako euskal profesionalak kontratatzeko diru-laguntzak ematekoa EAEn kokatutako enpresei 2016ko ekitaldian, eta programa horren deialdia iragartzen.

Enpresen 2013-2016 Nazioartekotze Planaren bitartez, X. legegintzaldian euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza publikoak ordenatu eta sostengatzen dira. Plan horretan, hiru osagai nagusi nabarmentzen dira: Euskadi ekonomia irekia dela aitortzea; jasaten dugun krisi luzea gainditzeko, euskal enpresek laguntza behar dutela egiaztatzea, eta Jaurlaritzak euskal enpresei laguntzeko duen borondatea, hain justu ere ekonomia globalean euren konkurrentzia-espazioa aurki dezaten, betiere haietariko bakoitzaren tamainaren eta nazioartekotze-etaparen arabera.

Halaber, Jaurlaritzaren X. legegintzaldiko programa enplegu eta pertsonekiko konpromisoan oinarritzen da, besteak beste. Konpromiso horren ondorioz, nazioartekotze-arloko prestakuntzako helburu bat definitzen da, eta prestakuntza horren barruko dira honako hauek: bekadunentzat nazioartekotze- eta mugikortasun-espezializazioko programak, zeinek erraztu egiten baitute euskal profesional gazteak kanpora ateratzea. Era berean, Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Planaren markoaren barruan, nazioartekotzea laguntzeko neurri konkretu gisa, lankidetza publiko-pribaturako estrategia bat garatzea jasotzen da, zeinarekin bermatuko baita: nazioartean esperientzia lortu ostean, Euskal Autonomia Erkidegora itzultzen diren gazteek kalitateko enplegua izatea.

Bestalde, atzerrira joandako euskal profesional gazteek lortu esperientzia internazionalak balio handia dakarkie gure enpresei, garapenaren eta hedapenaren arloetako erronkei aurre egiteari dagokionez. Horren froga da giza baliabideen arloko politikak era eragingarriagoan kudeatzen dituzten enpresa handiek eta industria-taldeek, normalean, lehen mailako eskakizuntzat dutela kanpoan proiektuetan parte hartu izana, hala sustatu egiten baitira erantzukizuneko postuetara doazenen karrera profesionalak.

Hala ere, karrera profesionala garatzeko ereduzko modelo horiek ez dira ohikoak euskal enpresa gehienetan. Errealitatean, gure enpresa gehienek aitortzen dute ezen ezin dutela meritatu atzerrira joandakoaren esperientzia, bi arrazoi hauengatik: batetik, Euskadiko enpresen barruan pertsonak txandakatzea ohikoa ez izatea, eta, bestetik, kanpora joandakoen esperientzia integraleko edo generalistako profilak matrizean birkokatzeko zailtasuna, zeren matrizeak espezialista premia handiagoa izan ohi baitu.

Hori dela-eta, zaila edo oso zaila egiten da aipatu profesional esperimentatuen itzulera gauzatzea, eta bai enpresen egungo beharretarako egokia eta baliotsua den talentua berreskuratzea ere. Eta zirkunstantzia horrek dirua eralgitzeaz gain, zuzenean inplikaturik diren pertsonen igurikapenak hondatzea ere badakar, eta, azken baten, pertsona horiek erresistentzia agertzea, enpresa nazioartekotuetan beharrezko diren atzerriratze-prozesuei atenditzeari dagokionez.

EAEko enpresei laguntzeko, batetik, euren antolakuntzak egokitzen eta, bestetik, kanpoan esperientzia lortu duten profesionalak, direktiboak eta teknikariak itzultzea ahalbidetzen, LANdhome programa indarrean jartzen da, zeinaren azken helburu baita kanporako joan-etorrien fluxuak barnean dituzten karrera-planak erakargarriago egiteko pizgarriak ahalbidetzea.

LANdhome programako laguntzak diru-laguntza publikoen bidez gauzatzen dira, eta enpresak laguntzea du helburu, zehazki, nazioarteko aipatu ezagutzak egiaztatzen dituzten profesionalak kontratatu ahal ditzaten; hartarako, lan-kontratuko lehen urteko soldata-kostu gordinaren zati bat ordainduaz.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– LANdhome programaren deialdiko oinarri arautzaileak (I. eranskinean jasoak) onartzea, 2016ko ekitaldiari dagokionez. Kanpotik itzulitako euskal profesionalak kontrata ditzaten, EAEn kokatutako enpresak diruz-laguntzeko da aipatu programa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 29a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
LANDHOME PROGRAMAREN ARAU ERREGULATZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da LANdhome izena duen programa garatzea; programa horren bidez, sostengu publikoa emateko laguntzak arautzea kanpoan euren karrerak garatzen ari diren profesionalak EAEn egoitza soziala duten enpresetara (aurrerantzean euskal enpresak) itzultzea sustatzeko.

2. artikulua.– Indarraldia.

2016ko ekitaldian izango da indarrean laguntza-programa hau.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Lehenengo artikuluko helbururako, 400.000 euroko baliabide ekonomikoak daude, horietatik 200.000 euro 2016ko ordainketa-kreditutako eta 200.000 euro 2017ko konpromiso-kreditutako, EAEko Aurrekontu Orokorretako 16 0 1 03 7613 23 45200 005 kontu-sailaren kargura.

2.– LANdhome programarako dauden baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan daude izendatuta. Deialdi honi lotuta emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurua baino handiagoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurua baino handiagoa. Horrenbestez, diru-kopuru hori agortutakoan, ezin izango da diru-laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Enpresek, banan-banan edo kooperazioan, eskuratu ahal izango dituzte oinarri hauetan jasotako laguntzak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak badaude eta indarrean badute nazioartekotze-plana.

2.– Oinarri hauen eremutik kanpo geratzen dira sektore publikoko enpresa eta erakundeak.

3.– Baztertu egingo dira Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez dauden erakundeak eta enpresak.

4.– Ez dira diruz lagunduko zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakundeak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean dauden erakundeak ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak jaso dituztenak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

6.– Onuradun izateko kondizioa diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

5. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Enpresa onuraduna.

LANdhome programan jasotako laguntzak eskuratu ahal izateko, zuzendaritzako edo goi-mailako teknikarien postu bat betetzeko lan-kontratu mugagabe bat eskaini eta formalizatu beharko dute enpresek. Kontratazio horrek lagundu beharko du enpresako kontratazio mugagabeen kopuru garbia emendatzen zarratutako aurreko ekitaldiarekiko.

2.– Atzerritik itzulitako profesionala.

a) 50 urte edo gutxiago izatea.

b) Atzerrian, kanpora joandako profesional gisa, etenik gabe gutxienez 4 urte eginda izatea, edo egoera berean 8 urte eginda izatea etenaldiekin, betiere programa honek laguntzen duen lan-kontratua sinatu aurretik.

c) Egiaztatzea, atzerrialdia hasi aurreko unean, gutxienez 2 urtez administrazio-egoitza eduki izana EAEn.

d) Atzerritik itzuli aurreko unean, kanpoan enpresa bateko (euskal enpresa baten filiala izan zein ez izan) teknikari edo zuzendaritza mailako postu bat betetzea.

e) Gutxienez 4 urtez Euskadin lan egiteko iraunkortasun-konpromisoa hartzea.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen mugak.

1.– Diruz lagun daiteke lan-kontratazioaren kostu gordina, kontratazio horren indarraldiaren lehenengo urtean.

2.– Laguntzaren muga izango da erreferentziako lan-kontratuan kontsignatu soldata-kostu gordinaren % 50, betiere 35.000 eurotik igaro gabe. Eskabidea aurkeztu aurretik egindako kontratazioak berariaz baztertuko dira.

3.– Enpresa edo erakunde eskatzaile bakoitzak (banan-banan edo kooperazioan) laguntza bakarra jaso ahal izango du, atzerriratu bati lan-kontratazioa egiteari dagokionez.

7. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

Itzuli beharrik gabekoak izango dira oinarri hauetan jasotako laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

Espedientea osotu den momentuaren arabera ordenatuki egingo da laguntzen esleipena, betiere eskakizun guztiak konplitzen dituzten eskabideen sarrera-ordena kontuan izanik, harik eta eskuragarri den aurrekontua agortu arte.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarri dira beste herri-administrazio batzuek edo erakunde pribatuek, agindu honetan jasotako helburu berarekin, emandako laguntzekin. Nazioartekotze-arloan eskumenak dituen zuzendaritzari jakinarazi beharko diote enpresa onuradunek laguntza horien gainekoa. Diruz lagundutako gastua berdina balitz, laguntzen guztikoak ez du gainditutako aurkeztutako gastuaren guztizko kostuaren % 50; beraz, muga hori gaindituko balitz, agindu honen pentzutan emandako laguntza gutxitu egingo da mugaz kanpo den zenbatekoan.

2.– Nolanahi ere, agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte; izan ere, laguntza hauei edo Europar Batasunaren esparruan emandako beste jarraibide edo xedapen batzuei dagokie erregelamendu hori.

9. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Nazioartekotze Zuzendaritzara bideratuko dira, eta, bide hauetakoren bat erabiliz aurkeztuko: zuzenean, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako bat erabiliz; edo, bestela, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Bulegoetan. Horretarako, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik 2016ko urriaren 17ko 12:00ak arteko epea izango da.

II. eranskinean jasotzen da eskabide-eredua, eta web-orri honetan ere eskuratu ahal izango da: http://www.euskadi.eus/industria

2.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskaera, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta agindu honen 10. artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

3.– Sailarekiko hartu-emanetan, enpresek eskubidea dute EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko, bai ahoz eta bai idatziz ere, eta, jakina, erantzunak aukeratutako hizkuntzan jasotzekoa.

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Proiektuaren memoria xehatua aurkeztu beharko dute erakunde eta enpresa eskatzaileek; gutxienez eduki hauek jasoko dira bertan:

a) Enpresari edo enpresa elkartuei buruzko informazio orokorra.

b) Egingo den kontratazioaren deskribapena, non jasoko baitira eskainitako postua, kontratatuko den pertsonaren curriculum vitaea eta soldata-kostu gordina.

c) Proiektu bererako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako laguntzak.

d) Minimis araudia bete dela, horretarako aurreko bi zergaldietan jasotako laguntza publikoen berri eman beharko da.

e) Zarratutako aurreko ekitaldiarekiko enpresako kontratazio mugagabeen kopuru garbia emendatu dela.

2.– Agiri osagarriak.

a) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia, salbu eta agiri hori Sailaren esku bada, eta indarrean.

b) Zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

c) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria. Administrazioak bere kabuz egingo du aipatu egiaztapena.

d) Enpresa eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena hauei buruz:

i) Ez egotea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatuari jarraikiz.

ii) 5.1 artikuluan ezarritako eskakizunak btetzea.

e) Atzerritik itzulitako profesional kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpena, 5.2 artikuluko eskakizunak konplitzeari buruzkoa.

3.– Aipatu erantzukizunpeko adierazpenean, egiazkoa ez den daturen bat jartzen badu enpresa eskatzaileak, indarrean den zigor-araubidea aplikatuko zaio, administratiboa zein penala.

4.– Nolanahi ere, aurkezten den eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio nazioartekotze-arloan eskumenak dituen sailak enpresa eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatua aplikatuko da. Agiriak eskatzen zaizkion unean zehazten den epean aurkeztu beharko agiriok.

11. artikulua.– Eskabideak onartzea eta zuzentzea.

Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo agiri osagarriren bat falta dela hautemanez gero, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; eta horretarako dagokion ebazpena emango da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean.

12. artikulua.– Ebaluazioa eta zenbatekoak zehaztea.

Nazioartekotze Zuzendaritzak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskabideak aztertu eta ebaluatzeko lanak. Eta, eskabide bakoitzari dagokionez, kalkulatutako laguntzaren zenbatekoa ere jasotzen duen txosten teknikoa egin beharko dute aipatu teknikariek. Eskabide bakoitza aztertu eta balioetsi eta gero, laguntzak ematearen gaineko ebazpen-proposamena helaraziko diote izendatutako zerbitzu teknikoek organo eskudunari; eta proposamen horretan honako hauek jaso beharko dira: laguntzaren zenbatekoa, jarduerak burutzeko epeak eta baldintzak, eta bai eskabide bakoitzaren oinarri den proiektua garatzeko beharrezko den beste edozein baldintza ere.

13. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.

1.– Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio prozedura ebazteko administrazio-ebazpena ematea eta jakinaraztea, eskabidea jaso eta hurrengo egunetik hara bi hilabeteko epean. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nazioartekotze-arloan eskumenak dituen sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatuari jarraikiz.

Epe hori igaro eta inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, bere uzia onartu egin dela ulertu ahal izango du interesdunak, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, berariazko ebazpena emateko duen obligazioa.

2.– Laguntzak emateko ebazpena enpresa interesdun bakoitzari banan-banan jakinarazi beharko zaio. Horretaz gain, enpresa esleipendunen zerrenda urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko prozedura oro amaiturik izan beharko da, enpresa eta erakunde onuradunei laguntzak emateko eta, egoki bada, ordaintzeko.

14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Diru-laguntza bi alditan ordainduko da. Lehen ordainketa, laguntzaren % 50 izango da, eta, aurrerakin gisa, ebazpena ematen denean gauzatuko da. Gainontzeko % 50a, bigarren ordainketa emango da, behin justifikatuta eta lagundutako kontratu aldia (lagundutako lan-kontratuaren indarraldiko lehen urtea) amaitu eta hilabete bat geroago.

2.– Behar bezalako justifikazioa egiteko, soldatak ordaindu izana egiaztatzeko agirien eta lan-kontratuaren kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu enpresa edo erakunde onuradunak.

3.– Nazioartekotze-arloan eskumenak dituen sailak edozein unetan eska dakizkioke erakunde edo enpresa onuradunari beharrezkotzat jotzen diren agiri eta informazio osagarriak, berak aurkeztutako agirietako datuak –eta, bereziki, agindu honen 10. artikuluan aipatutako adierazpenean jasotako datuak– egiazkoak direla egiaztatzeko.

15. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorrean eta hura garatzeko arauetan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete behar dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Hori dela-eta, diru-laguntza esleitzen zaiola jakinarazten dion adierazpena jaso eta hamabost eguneko epean, diru-laguntzaren onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.

2.– Nazioartekotze-arloan eskumenak dituen sailak, lagundutako kontzeptua garatu eta gauzatzeari dagokionez, egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute enpresa onuradunek.

3.– Laguntza zertarako ematen den, horrexetarako erabili beharko dute enpresa onuradunek, hau da, profesional bat atzerritik itzultzea ahalbidetzeko, 5.2 artikuluko eskakizunak betez.

4.– Enpresa onuradunek aurkeztutako justifikazio-agiriak 4 urtez egongo dira artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura.

5.– Nazioartekotze-arloan eskumenak dituen sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –jasotako laguntzei dagokienez euren eginkizunetan ari direla– eskatzen dieten informazio guztia aurkezteko obligazioa dute enpresa onuradunek.

6.– Helburu bera burutzeko, beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak jaso badituzte, hori jakinarazi beharko dute enpresa onuradunek.

7.– Azkenik, diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, nazioartekotze-arloan eskumena duen zuzendaritzari horren berri eman beharko diote.

16. artikulua.– Betearazpenerako epea eta laguntza justifikatzea.

Diruz lagundutako lan-kontratazioa formalizatzeko epemuga 2016ko abenduaren 31 izango da; eta laguntzaren justifikazioa hilabeteko epean egin beharko da, erreferentziako lan-kontratuaren lehen urtea amaitzen denetik aurrera.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen baldin badira, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke; betiere, diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko arauan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete badira. Horri begira, Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen egokia emango du, zeinarekin berregokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Enpresa onuradunak ez baldin baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan xedatua, agindu honetan eta betetzekoak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunak eta, hala dagokionean, ebazpenean ezartzen diren eskakizunak, organo eskudunak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du diru-laguntza eskuratzeko eskubidea iraungi zaiola, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen dutena. Horrez gainera, egoki diren gainerako ekintzak abiaraziko dira. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– 4 urteko epea baino txikiagoan eta langileari ezin egotzi zaion kausa dela-eta kontratua desegiten bada, enpresak laguntza itzuli beharko du.

3.– Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea irekitzea eta espediente hori ebaztea.

4.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala