Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2016ko uztailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3171

AGINDUA, 2016ko uztailaren 12koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie itunpeko ikastetxe pribatuei ituntzeko unitateak zehaztu ditzaten Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2016-2017 ikasturterako.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez iragarri zen hezkuntza-itunak berritzeko eta 2016-2017 eta 2012-2022 ikasturteen arteko ikasturteetarako itun berriak sinatzeko deialdia, baita 2016-2017 ikasturtean itundu beharreko unitateak zehaztekoa ere; baina agindu horren xedean ez dira jasotzen Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekia, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren VI. kapituluan ezartzen ditu hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzako aniztasun-neurriak. Zehazki, hauek aipatzen dira: 37. artikuluan, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, zeinek pedagogia terapeutikoan espezializatutako irakasleak behar baitituzte Oinarrizko Hezkuntzan; 39. artikuluan, berariazko hezkuntza-errefortzuko programak, eta 40. artikuluan, curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean aurreikusten da itunpeko ikastetxeak mantentzeko ekonomia-moduluen arabera finantzatzea Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekia, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak.

Agindu honen bidez dei egiten zaie indarreko hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei ituntzeko unitateak zehaztu ditzatela Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berezi irekian, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2016-2017 ikasturterako.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta hartzaileak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten zaie eska ditzatela ituntzeko unitateak lehen hezkuntza eta derrigorrezko bigarren hezkuntza berezi irekian, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2016-2017 ikasturterako.

2.– Irakaskuntza hauek emateko baimena duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte ituntzeko unitateak:

a) Lehen Hezkuntza, lehen hezkuntza berezi irekiko unitateak eskatzeko.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, bigarren hezkuntza berezi irekiko unitateak, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuak eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak eskatzeko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarriko du gehienez zenbat funts publiko bideratuko den unitate hauetara.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Hezkuntza-itunei buruzko araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuan ezarritako itun-araubideko berariazko eskakizunak bete beharko dituzte ikastetxeek.

2.– II. eranskinean ezarritako irizpideen araberakoa izango da ituntzeko unitate-kopurua.

3.– Aurretik, indarreko legeriaren arabera, baimendu beharko dira Lehen Hezkuntza berezi irekian eta Bigarren Hezkuntza berezi irekian, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan ituntzeko unitateak.

4.– Berariazko hezkuntza-errefortzua ituntzeko, baldintza hauek bete beharko ditu aldi berean ikastetxeak:

a) Egiaztatzea, ituna zer mailatarako eskatzen den, ikasleen % 35 bekaduna izatea Lehen Hezkuntza berezi irekiaren kasuan eta % 35ekoa Bigarren Hezkuntza berezi irekiaren kasuan.

b) Proiektuaren erantzukizuna hartzen duen irakasleria egonkorra izatea.

c) Ituna ratioak jaisteko edo baliabidea sorrarazi duen ikasleentzako talde eta saio espezifikoak sortzeko ez erabiltzera engaiatzea.

5.– Curriculum-aniztasuna ituntzeko, ikastetxeak kreditatu beharko du curriculum-aniztasunerako proposatzen den ikasle-kopurua ez dela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eskolatutako ikasle guztien % 15 baino handigoa, eta, halaber, bermatu beharko du egoera hauetakoren batean daudenek soilik parte hartzen dutela talde berean:

a) Ikasturte bateko programa bat ikasten daudenek.

b) Bi ikasturteko programa bateko lehen maila ikasten daudenek.

c) Bi ikasturteko programa bateko bigarren maila ikasten daudenek, zeinetan sar baitaiteke ikasturte bateko programa bat ikasten diharduen ikaslea edo errepikatzailea.

6.– Curriculum-aniztasuneko bi talde edo gehiago ituntzeko, 300 ikasle baino gehiago egon beharko dira matrikulatuta ikastetxean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan.

7.– Ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar adina aldiz egiaztatuko du itunak eskatu dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du haien oniritzirik beharko.

8.– Ikastetxeek bermatuko dute betetzen dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. zenbakian xedatua, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarria.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Hamabost egunekoa izango da 2016-2017 ikasturterako ituntzeko unitateen eskabideak aurkezteko epea, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetara bertaratuz aurkeztuko dira (Ramiro de Maeztu 10, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen uztailaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutako eraren batean. Eskabideok posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian beharko dute, ziurtatu baino lehen, posta-langileek data jarri eta zigila ditzaten. Horrela egin ezean, aurkeztu den bulego publikoko sarrera-eguna hartuko da sarrera-eguntzat.

I. eranskinaren arabera bete beharko dira eskabideak: ituntzeko unitateen eskabide-eredua. Aipatu eranskinak euskadi.net-en helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/hezkuntza-inklusiboa/y22-izapide/eu

2.– Eskabidearekin batera, ikastetxe eskatzailearen titular diharduen pertsonaren egiaztatzea erantsi beharko dute ikastetxeek, hala dagokienean.

5. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira ituntzeko eskabideak, eta unitate edo zerbitzu engaiatuen txostenak helarazi beharko dira.

Hezkuntza Berrikuntzarako Zuzendaritzak, aurreko ataleko txostenetan oinarrituz eta agindu honen 2. artikuluari jarraikiz, behin-behineko proposamen bat egingo du, eta Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak proposamen horren berri emango du, agindu honen 8. artikuluari dagokionez.

Ituntzeko behin-behineko proposamena Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetatik jakinaraziko zaie ikastetxeei. Proposamen horren aurka, ikastetxeek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete, proposamena jakinarazten den egunetik hasi eta hamar egun naturaleko epean.

6. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

Alegazioak aztertzeko, batzorde bat eratuko da, zeina kide hauek osatuko baitute:

● Lehendakaria: Hezkuntzako sailburuordea edo hark ordezkari izendatzen duena.

● Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark ordezkari izendatzen duena.

● Ikuskari nagusia edo hark ordezkari izendatzen duena.

● Idazkaria: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari bat.

Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertuta, batzordeak Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari jakinaraziko dio ebazpen-proposamena.

Eta, era berean, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuordeari helaraziko dio ebazpen-proposamena.

7. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuordeak ebatziko du deialdia agindu baten bidez, non zehaztuko baitu ikastetxe bakoitzerako Lehen eta Bigarren Hezkuntza berezi irekiko unitate-kopurua, berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuak eta curriculum-aniztasuna, 2016-2017 ikasturterako, aplikatzeko modulua eta zenbatekoa.

2.– Deialdi hau sei hilabeteko epean ebatziko da, agindu honetako 3. artikuluan aipatzen diren eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

3.– Agindu honen bidez itunduko diren unitateek, matrikulazio-epea amaitutakoan, II. eranskinean jasotako ikasle-ratioak bete beharko dituzte, eta ofiziozko aldaketa baten mende egongo dira.

8. artikulua.– Aurrekontu-kreditua.

1.– Aurrekontuetako bi ekitaldiren kargura finantzatuko da ikasturtea, eta hezkuntza-kontzertuak finantzatzera bideratutako aurrekontu partidetan dauden kredituen arabera baimenduko da gastua.

2.– Itundu beharreko gela-kopurua zehazteko izapideak hasi baino lehen, iraila-abendua aldiari dagokion gastua baimendu beharko da, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu partiden kargura finantzatuko baita, eta lege horretan jasotako itunpeko ikastetxeak mantentzeko ekonomia-moduluetan oinarrituta kalkulatuko da.

3.– Halaber, urtarril-abuztua aldiari dagokion gastua aurretik izapidetuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hurrengo urteko aurrekontu orokorren kargura, gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoarekin bat. Zenbatekoa onartzen den unean, aurrekontuen legeak hurrengo urteko ekitaldirako adierazten dituen ekonomia-moduluei doituko zaie zenbateko hori.

9. artikulua.– Hezkuntza-itunak ordaintzea.

1.– Agindu honen bidez arautzen diren diru-laguntzen ordainketa aurretiaz egingo da, lau hilerik behin, ordainketa eskuordetua arautzen duen urriaren 15eko 289/1993 Dekretuaren arabera, ordainketa-mota horrek eragina duen etapetan.

2.– Hezkuntza-itunak ordaintzeko, ikastetxeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3.– Laguntzen ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki eta behar adina aldiz egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta, horretarako, ez du haien oniritzirik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

10. artikulua.– Ez-betetzeak.

Baldin eta agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu onuradunak, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuz.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 12a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ITUNTZEKO IRIZPIDEAK ETA RATIOAK

Lehen Hezkuntza berezi irekia

Lehen Hezkuntza berezi irekia ituntzeak eskatuko du hauek eskolatzea Lehen Hezkuntzako gela arruntetan:

● 4-6 ikasle, desgaitasunei edo jokabidearen nahasmendu larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak (h.b.b.) dituztenak, zeinek, h.b.b.–ko aholkularitzaren iritziz, eskatzen baitute: a) banakako jarduketa-plan bat, zeinak barne hartzen baitu lehen-hezkuntzako hainbat arlotako curriculuma era esanguratsuan egokitzea, eta b) pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin (1-6 ordu astean), zabalarekin (7-15 ordu astean) edo orokortuarekin (16-25 ordu astean); laguntza handia hartzen da batez beste.

● 8-12 ikasle, hauei lotutako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituztenak: heltze-atzerapena, mugako gaitasun intelektuala, nahasmendua arreta defizitarekin (hiperaktibitatearekin ala gabe), irakurketa-nahasmendua edo dislexia, edo hizkuntzako nahasmendu espezifikoa, zeinek, h.b.b.–ko aholkularitzaren iritziz, eskatzen baitute: a) banakako jarduketa-plan bat, barne hartzen duena Lehen Hezkuntzako hainbat arlotako curriculuma era esanguratsuan egokitzea, eta b) pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin (1-6 ordu astean).

Bigarren Hezkuntza berezi irekia

Bigarren Hezkuntza berezi irekia ituntzeak eskatuko du hauek eskolatzea Lehen Hezkuntzako gela arruntetan:

● 4-5 ikasle, desgaitasunei edo jokabidearen nahasmendu larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak (h.b.b.) dituztenak, zeinek, h.b.b.–ko aholkularitzaren iritziz, eskatzen baitute: a) banakako jarduketa-plan bat, barne hartzen duena lehen-hezkuntzako hainbat arlotako curriculuma era esanguratsuan egokitzea, eta b) pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin (1-6 ordu astean), zabalarekin (7-15 ordu astean) edo orokortuarekin (16-25 ordu astean); laguntza handia hartzen da batez beste.

● 8-10 ikasle, hauei lotutako hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituztenak: mugako gaitasun intelektuala, nahasmendua arreta defizitarekin (hiperaktibitatearekin ala gabe), irakurketa-nahasmendua edo dislexia, edo hizkuntzako nahasmendu espezifikoa, zeinek, h.b.b.–ko aholkularitzaren iritziz, eskatzen baitute: a) banakako jarduketa-plan bat, barne hartzen duen Lehen Hezkuntzako hainbat arlotako curriculuma era esanguratsuan egokitzea, eta b) pedagogia terapeutikoko irakasle espezializatuen laguntza, intentsitate mugatuarekin (1-6 ordu astean).

Berariazko hezkuntza-errefortzua

Berariazko hezkuntza-errefortzuko proiektuak ituntzeak eskatuko du hauek eskolatzea:

● 8-15 ikasle: a) 13 edo 14 urtekoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailan matrikulatuak, edo b) 14 urtekoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan matrikulatuak (bi kasuetan 2016ko abenduaren 31 baino lehen bete beharko dituzte urteak), zeinek, gizarte-egoera ahuleko egoeren eraginez, eskola-atzerapen larria baitute, arlo instrumentaletan nagusiki, eta eskola-ingurunean egokitu ezina baitute, sarri ikaskuntza-atzerapenarekin.

● 8-15 ikasle: a) 13 urtekoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan matrikulatuak, zeinek, guztiz justifikatutako arrazoiengatik (beste sistema batean eskolatuak, egokitze-arazoengatiko sustapena...), ez baitute errepikatu eta arlo instrumentaletan hutsune handiak baitituzte, edo, b) salbuespenez, 15 urterekin, atal honetan adierazitako eskakizun berekin, betiere irakasleek uste badute ez daudela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailara igarotzeko ez prestakuntza-ibilbide batzuei ekiteko baldintzetan.

Curriculum aniztasuna

Bi ikasturtetako curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak ituntzeak eskatuko du hauek eskolatzea:

● 8-15 ikasle, 15 edo 16 urtekoak (2016ko abenduaren 31rako beteak): a) oinarrizko hezkuntza errepikatu dutenak, b) ez dituztenak betetzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailara igarotzeko baldintzak, eta c) ez dituztenak gainditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako 4 arlo, gehienez, 2015-2016 ikasturteko ezohiko deialdiaren ondoren.

Ikasturte bateko curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak ituntzeak eskatuko du hauek eskolatzea:

● 8-15 ikasle, 16 edo 17 urtekoak (2016ko abenduaren 31rako beteak): a) oinarrizko hezkuntza errepikatu dutenak, b) ez dituztenak betetzen DBHko 4. mailara igarotzeko baldintzak, eta c) 2015-2016 ikasturteko ezohiko deialdia igarota, ez dituztenak gainditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako 4 arlo, gehienez, edo ikasturte bateko edo biko curriculum-aniztasuneko programa bat ikasi dutenak eta ez direnak Oinarrizko Hezkuntzako Graduatu titulurako proposatuak izan.


Azterketa dokumentala