Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2016ko uztailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3146

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

2016ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrekin batera doan memorian, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren lehentasunezko helburuetako bat da kooperatiben arteko eta gizarte-ekonomiako beste enpresa-mota batzuen arteko lankidetza sustatzea. Globalizazioa gero eta handiagoa da, eta, ondorioz, lehia ere oso handia da. Egoera horretan, gomendatzen da hazkunde-estrategiak hartzea, tamaina egokia lortzeko eta, horri esker, bizirauteko eta lehiakortasuna hobetzeko behar diren gaitasunak eta baliabideak eskuratu ahal izateko.

Aurrekontu-kreditu erabilgarria eta lortutako emaitzak kontuan hartuta, eutsi egingo zaie babes ekonomiko publikoa izan dezaketen eta aurreko deialdietan diseinatu eta jaso diren lankidetza-esparruei. Hauek dira lankidetza-esparruak: elkarreragin komuneko benetako proiektuak landu eta diseinatzea eta, horiek gauzatuz, egitura edo enpresa berriak sortzea.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Gizarte-ekonomiako erakundeek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutu ditzaten, Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, 2016ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea da agindu honen xedea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak diru-laguntzatzat hartuko dira, eta gastuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

a) Lankidetza-proiektu bat lantzeak eta ezartzeak eragindako gastuak, ordezkaritza duten gizarte-ekonomiako elkarteek elkartekide dituzten enpresentzat egindakoak.

Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat, eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea. Era berean, lankidetza-proiektutzat joko da bazkide langileek kapitalean duten partaidetza eskualdatu eta aipatutako proiektuan parte hartzen duten sozietateetan ezartzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatzea eta prestatzea, kasuan kasuko elkartearen gidaritzapean. Mekanismo horiek administrazio-organoak zehaztutako gobernamendu-ereduan integratuko dira.

b) Akordioak landu eta formalizatzeko eta enpresa-lankidetzako enpresak edo egiturak sortzeko beharrezkoak diren gastuak, gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiterako beharrezkoak direnak barne. Halaber, azterketa- eta diseinu-fasean programa honen kargura lagundu ziren eta dagoeneko ezarrita dauden lankidetza-akordioak eta -egiturak finkatzeko gastuak.

Honako hauek kanpoko gastutzat hartzen dira: lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak; akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; eta aurreko paragrafoan jasotako akordioak eta egiturak finkatzeko beharrezkoak diren gastuak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta hirurogeita sei mila seiehun eta hirurogeita zazpi (166.667) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun mila (100.000) euroko ordainketa-kreditua 2016ko ekitaldirako eta hirurogeita sei mila seiehun eta hirurogeita zazpi (66.667) euroko konpromiso-kreditua 2017ko ekitaldirako. Aurrez aipatutako zenbateko horiek handitu ahal izango dira, baldin eta indarreko legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek jasoko dute diru-laguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, bide presentziala zein bide elektronikoa erabili ahal izango da.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko jarraibideak egoitza elektronikoan daude, helbide honetan: www.euskadi.net/intercooperacion2015/y22-izapide/es

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik; nahi den bidea erabil daiteke edozein unetan.

4.– Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutela eratutako kooperatiba-sozietateek, lan-sozietateek, enpresa-lankidetzako elkarteek eta egiturek (guztiak ere gizarte-ekonomiakoak) jaso ahal izango dituzte agindu honetan jasotzen diren laguntzak.

Aholkularitza-erakunde batekin lankidetzan egiten baldin bada jarduera, agindu honen 6. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu erakunde horrek.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Aurreko artikuluan aipatu diren aholkularitza-erakundeek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun horiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia izatea ziurtatu beharko du.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Lantokia(k) eta egoitza soziala edo elkartearena Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ogasun eta Finantza Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.

d) Gainera, alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide hauetara jo ahal izango da alta emateko edo aldaketa egiteko:

– Bide presentziala erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

g) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak, eta eskabidean jaso beharko da adierazpen hori.

2.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileak datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari zuzenean lotutako kostu garbien % 50eraino emango du Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, muga hauekin:

a) 2.a) artikuluko jarduerak: hamabi mila (12.000) euroraino.

b) 2.b) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila (30.000) euroraino.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, hauek izango dira irizpideak:

a) Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna.

Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da: proiektuaren eraginpeko pertsona fisikoen kopuruarekiko batezbestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte-hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera.

d) Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

e) Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

3.– Langile bazkideek kapitalean duten partaidetza eskualdatzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatu eta prestatzeko proiektuen kasuan, artikulu honetako lehenengo paragrafoan aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.

4.– Agindu honen arabera onuradun bakoitzak lortu ditzakeen diru-laguntzen muga orokorra hogeita hamar mila (30.000) eurokoa izango da.

10. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa, ezta agindu honetako 9.4 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa baino gehiagokoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 9.3 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Diru-laguntzen eskabideak agindu honen eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke inprimaki hori.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Bide presentziala erabiltzea erabaki duten pertsonek nahiz entitateek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/nirekudeaketak helbidean aurkeztuko dira.

5.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

12. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan jasotako onurak bereganatu nahi dituzten erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide sinatua, datu hauekin:

– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.

– Kalkulatutako aurrekontua.

– Erakunde bakoitzak kostuetan dituen partaidetza-portzentajeak.

b) Proiektuaren edo lankidetza-jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita: faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako erakundeen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

c) Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu:

– Erakundearen datuak.

– Azterlana egiterakoan lankidetzan jarduteko akordioa.

– Zinpeko aitorpena, agindu honetako 4. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

13. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, administrazioak eskaerari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioa aparte utzi gabe.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako diru-laguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako diru-laguntzaren % 60, diru-laguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako kopurua, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Diru-laguntzaren bigarren ordainketa gauzatu ahal izateko, erakunde onuradunek, jarduera amaitu eta ondorengo 3 hilabeteko epearen barruan, eta betiere 2017ko irailaren 30a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzen duen memoria eta jardueren benetako gastua egiaztatzen duen dokumentazioa (azken horretarako, jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak aurkeztu behar dira).

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren baten xedea bete ondoren, hura emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen baldin badira, eta, kasuan kasu, administrazio publiko honek edo besteren batek emandako beste diru-laguntzaren bat eskuratzen baldin bada, diru-laguntza aldatzeko ebazpena aldatzeko aukera izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Onuradunak ez baditu betetzen diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko Testu Bategina.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko den; horretarako gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, premiamendu-bideari ekin diezaion.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak izatea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala