Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2016ko uztailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3145

AGINDUA, 2016ko uztailaren 8koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko diru-laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak 20 urte baino gehiago daramatza, laguntza hauen lehen deialdia egin zuenetik, apustu sendoa egiten kooperatiba eta lan-sozietate berriek etengabeko hobekuntzaren bidea urra dezaten eta kalitate handiko plangintza- eta kudeaketa-tresnak ezar ditzaten.

Horrenbestez, aginduak eutsi egiten die laguntza-lerro honen ardatzei; izan ere, laguntzak ematen ditu, batetik, gizarte-ekonomiako enpresek bideragarritasun-azterketak egin ditzaten, finantza-erakundeei kredituak eskatzeko, eta, bestetik, oinarrizko kudeaketa-tresnak prestatu eta ezartzeko. Gai horiek berariaz daude jasota 2016ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrekin batera doan memorian, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren lehentasunezko helburutzat jasotzen dira.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikoetarako 2016. urtean emango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko kudeaketaren plangintza eta planaren ezarpena.

b) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurreko derrigorrezko azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, haien erakunde elkartuei bermeak emateko.

c) Kostua kalkulatzeko eta kontrolatzeko metodoak egin eta ezartzea, edo aginte-taula oso bat ezartzea, Euskadin ordezkaritza duten erakundeen aldetik euren elkartuei eman beharreko zerbitzuen antolakuntzatik eratorriak, legeak eta/edo estatutuak betetzeko. Artikulu honetan jasotako bi kudeaketa-tresnetako batek soilik jaso ahal izango du diru-laguntza, erakunde eskatzaile bakoitzeko.

d) 2016ko ekitaldian gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko laguntzen programan onuradun diren 10 langiletik beherako kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketarako berariazko aholkularitza.

e) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea. Gomendio zehatzak jasoko ditu enpresaren lehiakortasuna hobetzeko eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko.

2.– Ekintzek 2016. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko paragrafoko b) idatzi-zatiko ekintzei dagokienez, honako hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek beren erakunde elkartuei bermeen prestazioa egingo dien erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Ekintzak, beranduenez, 2017ko lehen seihilekoan bukatu behar dira.

4.– Egin beharreko jarduera bakoitzeko diru-laguntza bat bakarrik eman ahal izango zaio erakunde eskatzaile bakoitzari.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko ordainketa-kreditua 2016ko ekitaldirako, eta ehun mila (100.000) euroko konpromiso-kreditua 2017ko ekitaldirako. Aurrez aipatutako zenbateko horiek handitu ahal izango dira, baldin eta indarreko legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu hau betetzeko dauden baliabide guztietatik, 200.000 euro erabiliko dira 2.1.a), c), d) eta e) artikuluko ekintzetarako egiten diren eskaerei erantzuteko erabiliko dira, eta 2.1.b) artikuluko ekintzetarako eskaerei erantzuteko erabiliko dira gainerako 50.000 euroak.

3.– Bi atal horietako baliabide ekonomikoak ez baldin badira nahikoak onuradun guztiei erantzuteko, hainbanatu egingo dira kalkulatutako diru-laguntzak, atal bakoitzerako zein bere aldetik.

4.– 2.1 artikuluan zehaztutako ataletako bakoitzean eman beharreko diru-laguntza kalkulatu ondoren, ataletako batek soberako saldoa badu, soberakin hori erantsiko zaie defizitarioak izan daitezkeen atalei.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, bide presentziala zein elektronikoa erabili ahal izango da.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko jarraibideak egoitza elektronikoan daude, helbide honetan:

– https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/at_2016/y22-izapide/es

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, presentziala edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik; nahi den bidea erabil daiteke edozein unetan.

4.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetako 2.1.a), c), d) eta e) artikuluan bildutako jarduerak egiteko laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten kooperatiba eta lan-sozietateek lor ditzakete (azken urteotan sortu edo eraldatu badituzte), baldin eta erakunde aholku-emaile edo ordezkaritza duen gizarte-ekonomiako erakunde baten aholkularitza badute eta kudeaketarako tresna horiek ezartzeko laguntza publikorik jaso ez badute lehendik.

2.– Salbuespenez, eta jarduerak taldean egitea ekonomikoki egokiagoa eta/edo efizienteagoa dela egiaztatzen duten arrazoiak badaude (behar bezala justifikatuta), gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarteak erakunde onuradun gisa hartu ahal izango dira. Horretarako, euren enpresentzat baterako eskaera aurkeztu beharko dute, 2.1 artikuluaren a), c), d) eta e) ataletan jasotako kudeaketa-tresnetakoren bat egiteko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du diruz lagundutako jarduerak jasotzen dituzten erakunde elkartu edo federatuentzat, eta elkarte eskatzaileak berak ordainduko du administrazioak bere gain hartu ez duen kostua.

3.– 2.1.e) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, honako egoera hauetan dauden enpresak hartuko dira zailtasunak dituzten enpresatzat: gero eta galera-maila handiagoa, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.

4.– Agindu honetako 2.1.b) artikuluan bildutako jardueretarako laguntzak gizarte-ekonomiako enpresen elkarteek lor ditzakete.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Baldintza hauek bete behar dituzte aurreko artikuluan adierazi diren gaitasun aitortuko aholkularitza-erakundeek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea edo lantegiren bat bertan edukitzea.

b) Bere jarduera enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, aurreko idatzi-zatietan aipatutako gaietan gizarte ekonomiako enpresetan ziurtatutako esperientzia dutenak.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez.

7. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia(k) eta egoitza soziala edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea, betiere Ogasun eta Finantza Sailak horiei dagokienez ezarritakoaren arabera.

d) Alta emanda egon beharko dute Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide hauetara jo ahal izango da alta emateko edo aldaketa egiteko:

– Bide presentziala erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/altaterceros helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

g) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak, eta eskabidean jaso beharko da adierazpen hori.

2.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileak datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

9. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1.– Diru-laguntzen eskaerak agindu honen eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke inprimaki hori.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko irailaren 15ean amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Bide presentziala erabiltzea erabaki duten pertsonek nahiz entitateek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/nirekudeaketak helbidearen bitartez aurkeztuko dira.

5.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

10. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskaerarekin batera, justifikazioko memoria aurkeztu behar da, bai eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

2.– Gainera, 2.1.a), c) eta d) artikuluko jarduerei buruzko eskaerekin batera, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Agindu honen 5.1. artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, erakunde horrek agindu honetako 6. artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

b) 2015. urteko balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekin, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez, inolako loturarik ez duela adierazten duena.

3.– 2.1.c) artikuluaren kasuan, elkarteak emandako ziurtagiria, xedapen horrek arautzen duen zerbitzuaren antolaketa egiaztatzen duena.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, administrazioak eskaerari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Zenbateko hauek egokituko zaizkie baldintzak betetzen dituzten eskariei:

a) Agindu honen 2.1. artikuluko a) eta d) letretan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-ekintzaren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke erakunde onuradun zuzen bakoitzari hamar langile baino gehiago baldin baditu, eta hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, erakunde onuradun horrek hamar langile edo gutxiago baldin baditu.

b) Agindu honen 2.1. artikuluko b) letran adierazten diren erakundeentzat: erakunde elkartu bakoitzari egiten zaion azterlanaren kostuaren % 75, eta, gehienez ere, hogeita bost mila (25.000) euro, zuzeneko onuradun den erakundearentzat.

c) Agindu honen 2.1. artikuluko c) letran adierazten diren ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren kostuaren % 75, eta, gehienez ere, hiru mila (3.000) euro erakunde onuradun zuzenarentzat.

2.– Erakunde eskatzailea 5.2 artikuluan jasotakoa bada, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo da baterako eskaeran jasotako erakunde independente bakoitzeko, artikulu honen aurreko ataletan jasotako ehuneko, baldintza eta mugekin. Kontzeptu honegatik, erakunde onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso.

3.– Baliabide ekonomikoen premia objektiboa hartuko da kontuan diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, eta behar handienak egiaztatzen dituzten enpresak lehenetsiko dira. Ildo horretan, onuradunek lortutako mozkinek 150.000 euroko muga gainditzen badute aurreko ekitaldian, % 25 murriztuko dira aurreko paragrafoen adierazitako ehunekoak.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa, ezta agindu honetako 12 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa baino gehiagokoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 12 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– Ez dira agindu honen 2.1.a) artikuluan arautzen den laguntzarekin bateragarriak izango Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak gizarte-ekonomiako ekintzailetzaren arloan 2016. urterako kudeatzen dituen laguntzak; betiere, gizarte-ekonomiako ekintzailetza sustatzeko aipatutako laguntzen barruan, erakunde sustatzaile bati diruz laguntzea badakar eta horren barnean erakunde eskatzailearentzako aholkularitza eta segimendua sartzen badira.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioa aparte utzi gabe.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako diru-laguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, entitate onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

2.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita, eta betiere 2017ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

3.– Agindu honen 2.1.a) artikuluko jardueraren baterako eskatzen baldin bada diru-laguntza, onuradunek jarduera horietan egiaz ordaindutako gastu errealak egiaztatu behar dituzte eta gastu horiek estaltzeko erabili behar dute diru-laguntza. Gastuak egiaztatzeko, ordaindutako faktura originalen edo froga-balio bera duten kontabilitate-agiriak aurkeztu behar dira.

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren baten xedea bete ondoren, hura emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen baldin badira, eta, kasuan kasu, administrazio publiko honek edo besteren batek emandako beste diru-laguntzaren bat eskuratzen baldin bada, diru-laguntza aldatzeko ebazpena aldatzeko aukera izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Onuradunak ez baditu betetzen diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko Testu Bategina.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko den; horretarako gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, premiamendu-bideari ekin diezaion.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Minimis araua.

Agindu honen 2.1.a), c) eta d) artikuluko kasuan bakarrik, laguntza edo diru-laguntzek honako arau hau errespetatu beharko dute: 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2013ko abenduaren 18koa, Minimis laguntzen inguruko Ituneko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Laguntza horiek minimis gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Uste da ezen muga horretatik behera laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari eta ez dutela lehia faltsutzen; hortaz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.

Diru-laguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko. Bigarren eranskinean, minimis laguntzak deklaratzeari buruzko eta beste finantzatze-bide batzuei buruzko deklarazio-eredua jasotzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 8a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala