Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2016ko uztailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3047

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 27koa, Farmaziako zuzendariarena, Zarauzko udalerrian (Gipuzkoa) farmazia-bulego bat sortzeko baimena emateko dena.

Zarautzen (Gipuzkoa) farmazia-bulego bat sortzeko, Blanca Esparza Echarri andreak egin duen baimen-eskaera aztertuta, eta honako hauek ikusita:

EGITATEAK

Lehenengoa.– Osasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 13ko Aginduaren bidez, iragarri zen farmazia-bulego bi –Zarauzko farmazia-barrutian– irekitzeko prozedurari ekin zitzaiola.

Bigarrena.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, 2015eko azaroaren 25ean batzorde horrek hartutako erabaki batez, lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz; erabakia 2015eko abenduaren 3ko EHAAn argitaratu zen (231. zk.).

Zerrenda horren arabera, Begoña Dúo Uriartek zeukan puntuaziorik handiena.

Hirugarrena.– Erabaki hori 2016ko urtarrilaren 27an irmo bihurtu zen.

Laugarrena.– 2016ko otsailaren 3an, Begoña Dúo Uriarte andreak baimen-eskabidea aurkeztu zuen, Vitoria-Gasteizen farmazia-bulego bat irekitzeko zena; hortaz, ulertu zen uko egiten zuela Zarauzko farmazia-barrutikoari dagokion prozedurari.

Bosgarrena.– Prozeduran aurrera eginez, 2016ko otsailaren 4an ofizioa bidali zion Farmaziako zuzendariak María Josefa García-Agundez Pérez-Coca andreari. Ofizioan adierazi zitzaion bera izan zela alegatutako merezimenduen balorazioan puntuaziorik handiena lortu zuena eta, hortaz, 338/1995 Dekretuak, Farmaziak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzen dituenak, 5. artikuluan xedatutakoarekin bat jokatu behar zuela. Ohartarazi zitzaion deialdian parte hartzeari uko egiten ziola ulertuko zela, eskatutako agiriak dekretu horretan ezarritako epean aurkeztu ezean.

Seigarrena.– 2016ko apirilaren 1eko gutunaren bidez, María Josefa García-Agundez Pérez-Coca andreak jakinarazi zuen ezen uko egiten ziola Zarauzko farmazia-barrutiari dagokion prozeduran jarraitzeari.

Zazpigarrena.– 2016ko apirilaren 1ean, Farmaziako zuzendariaren ofizio bidez Blanca Esparza Echarri andreari jakinarazten zaio ezen, Zarauzko farmazia-barrutian bi farmazia-bulego irekitzeko prozedurari dagokionez, behin betiko zerrendan puntuazio handieneko lehiakidea dela; eta ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuko 5. artikuluan xedatutakoarekin bat jokatu behar zuela; Farmaziak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzen ditu dekretu horrek.

Zortzigarrena.– 2016ko ekainaren 2an, Blanca Esparza Echarri andreak Zarautzen farmazia-bulego bat sortzeko eskabidea aurkeztu zuen, 338/1995 Dekretuaren babesean, eta dekretu horren 5. artikuluan aurreikusitako agiriak erantsi zizkion eskabideari.

Aurkeztutako agirietan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Santuiturri kaleko 5.eko behealdea, Zarautz.

Bederatzigarrena.– 2016ko ekainaren 3an, Farmaziako zuzendariaren ofizio bidez espediente honetan interesdun izan daitezkeenei espediente bidali zaitzaien, batetik, espedientean pertsonatzeko, eta bestetik, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkezteko. Hala egin zen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. eta 79.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Hamargarrena.– Azkenik, Farmazia-arloa antolatzeko buruak, 2016ko ekainaren 23an, aldeko txostena egin zuen Blanca Esparza Echarri andreak aurkeztutako dokumentazioari buruz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariak dauka espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena; hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia-antolamenduko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 10. artikuluan.

Bigarrena.– Batetik, aurkeztu diren merezimenduak baloratuta, Blanca Esparza Echarri andreak izan du puntuaziorik handiena; bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedurari dagokionez, 11/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak bete dira; azkenik, dekretu horren 5. artikuluaren arabera, lehiakideak agiri guztiak eta eskatutako epean aurkeztu dituela egiaztatu da. Horrenbestez, bidezkoa da interesdunari farmazia-bulegoa jartzeko baimena ematea.

Dena dela, jardun ahal izateko baimena lortu beharko da, emandako baimenak indarra izango badu; hala ezartzen da 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoan.

Horregatik guztiagatik, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Blanca Esparza Echarri andreari farmazia-bulegoa sortzeko baimena ematea, Zarauzko udalerrian (Gipuzkoa), Santuiturri Kaleko 5.eko behealdean, farmazia-bulegoa jar dezan; betiere, berak aurkeztutako agiriak aintzat hartuta.

Bigarrena.– Baimen honek indarra izan dezan, Blanca Esparza Echarri andreak jardunean jartzeko baimena aurretiaz lortu beharko du. Baimen hori eskatzeko lau hilabeteko epea izango du, honako ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta betiere, 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen berri emango zaie interesdunei; era berean, ohartaraziko zaie honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, ebazpen honen aurka, egoki iritzitako bestelakoez gain, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela zuzendaritza honetan edo Osasuneko sailburuordearen aurrean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 27a.

Farmaziako zuzendaria,

JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala