Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2016ko uztailaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3022

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 24koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearena eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearena, unibertsitate titulu ofizialetan MECES maila aipatzeko dena.

Uztailaren 15eko 1027/2011 Errege Dekretuak Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparrua (MECES) ezartzen du eta esparru horretako mailak zehazten ditu. Dekretuaren helburua da goi mailako kualifikazioen sailkapena, konparagarritasuna eta gardentasuna ahalbidetzea Espainiako hezkuntza sisteman. MECES nazioartean onartutako tresna da, goi mailako hezkuntzako kualifikazio guztiak modu koherentean parekatzeko aukera ematen duena, kualifikazio horiek sailkatu, erlazionatu eta konparatzeko; era berean, pertsonen mugikortasuna errazten du Europako Unibertsitate Eremuan eta nazioarteko lan merkatuan. Lau maila ditu: 1. maila, goi mailako teknikaria; 2. maila, graduatua; 3. maila, masterra; 4. maila, doktorea.

Lau maila horiek Kualifikazioen Europako Esparruko maila hauen parekoak dira:

Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 1. maila (goi mailako teknikaria) Kualifikazioen Europako Esparruko 5. mailaren parekoa da.

Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 2. maila (graduatua) Kualifikazioen Europako Esparruko 6. mailaren parekoa da.

Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. maila (masterra) Kualifikazioen Europako Esparruko 7. mailaren parekoa da.

Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 4. maila (doktorea) Kualifikazioen Europako Esparruko 8. mailaren parekoa da.

Bestalde, unibertsitateko gradu titulu ofizial batzuei MECESeko 3. maila (masterra) aitortu zaie, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko hamalaugarren xedapen gehigarrian xedatutako prozedurari jarraituta.

Egoki ikusten da aipatzea tituluaren atzeko aldean MECES maila eta maila horren parekoa den Kualifikazioen Europako Esparruko maila, horrek informazioa ematen duelako eta, lehenengo paragrafoan esan den moduan, pertsonen mugikortasuna errazten duelako Europako Unibertsitate Eremuan eta nazioarteko lan merkatuan.

Ebazpen hau Graduko Batzordeari eta Graduondoko Batzordeari aurkeztu zaie 2016ko ekainaren 23ko eta 2016ko ekainaren 24ko bileretan, eta biek onespena eman diote.

Hori dela eta, Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeak eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak, UPV/EHUko errektorearen 2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpenak ematen dizkien eskumenak erabiliz (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko erabakia), eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 10.2 artikulua betez (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Europako Unibertsitate Eremua eraikitzeko prozesua behin abiatuta arautu diren ikasketak egin dituzten ikasleei Euskal Herriko Unibertsitateak (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretua, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua eta urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua) ematen dizkien titulu ofizialen atzealdean Goi mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) maila eta maila horren parekoa den Kualifikazioen Europako Esparruko maila aipatuko dira.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2016ko ekainaren 24a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Eskuordetzaz (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA)

Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea,

AMAIA ZARRAGA CASTRO.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Eskuordetzaz (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA)

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,

NEKANE BALLUERKA LASA.


Azterketa dokumentala