Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2016ko uztailaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3021

EBAZPENA, 2016ko ekainaren 24koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Plentziako herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun deklaratu zuen maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko eta interesdunei entzunaldia emateko eta jendaurrean jartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultur ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Eskumen hori baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.

Eskumen horiek direla bide, maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretuaren bidez, Plentziako herrigune historikoa (Bizkaia), monumentu-multzo kategoriarekin, kultura-ondasun deklaratu zen.

Plentziako Udalak, 2016ko apirilaren 29an, Palas eraikinaren barrualdeko babesa partez aldatzeko eskabide bat bidali zuen (kultur ordenamendu faltagatik). Eraikin hori Plentziako Erribera kaleko 42. zenbakian dago.

Kontuan hartu ziren eskabidea, udalak zer adierazi eta argudiatu zuen eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dauden txostenak, eta, ondorioz, haren zerbitzu teknikoek txostena eman zuten, zeinaren bidez ziurtatzen baita Palas eraikinaren kultur interesa kanpoaldeari baino ez dagokiola, eta, beraz, ez dela egokia maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretuaren oinarrizko babesean sartzea (277/2009 Dekretua, Plentziako herrigune historikoa monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun deklaratu zuena). Ondorioz, Palas hostala izeneko eraikina kendu egingo da 3. zerrendatik (oinarrizko babesa), eta dekretu horren 6. zerrendan sartuko da (babes partziala).

Era berean, kendu egingo da Areatza kalearen erreferentzia; kale hori dekretuaren 3. eta 7. zerrendetan azaltzen zen, eta nahasterako bidea eman dezake; izan ere, katastroan Palas hostala Erribera kaleko 42. zenbakian dagoela azaltzen da, hala eskatu baitzuen bere garaian Plentziako Udalak (eraikina desafektatzeko egindako aurreko eskabide batean).

Bestetik, kontuan hartzekoa da irailaren 18ko 176/2012 Dekretuaren bidez Artekale kaleko 12. zenbakiko higiezina desafektatzea ebatzi zela aurri-egoerako prozedura batean egoteagatik. Elementu hori ere 3. zerrendan zegoen sartuta (oinarrizko babesa), baina ez zen egin behar zen aldaketa zerrenda horretan, eta, beraz, orain kenduko da zerrenda horretatik.

Zerbitzu teknikoek egindako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Plentziako herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun deklaratu zuen maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretua aldatzeko espedientea hastea, jendaurrean jartzea eta interesdunei entzuteko izapidea irekitzea, I. eranskinean sartuko diren 3. (Oinarrizko babesa), 6. (Babes partziala) eta 7. (Diskordantzia partziala) zerrenda berrien arabera. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 20 eguneko epean, egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Bigarrena.– Maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretua aldatzeko espedientea interesdunei jakinaraztea. Hartara, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita 15 eguneko epean, aukera izango dute euren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko eta dokumentuak aurkezteko.

Hirugarrena.– Espedientearen izapideekin jarraitzea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.

Laugarrena.– Ebazpen honen berri ematea Plentziako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak jakin dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 24a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MAIATZAREN 26KO 277/2009 DEKRETUAREN III. ERANSKINAREN V. KAPITULUAREN 3., 6. ETA 7. ZERRENDEN IDAZKERA BERRIA

3. zerrenda: Oinarrizko babesa.

– Erribera, 1, 3, 5, 7, 8, 10, 11, 13, 18, 21, 23, 25 (Arrarte Hotela), 26, 30, 44, 48, eta 50 (Barrenkale, 47).

– Barrenkale, 1, 7, 12, 14, 19 (Erribera, 20), 20, 22, 24, 26, 33, eta 35.

– Artekale, 1, 2, 3, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 14, 15, 17, 21, 22, 23, 24, 25, 29, 31, 32, 33, 35, eta 39 (Arbide aldapareko izkina).

– Goienkale, 1A (Villa Saturnina), 3, 12, 13, 14, 15, 17-19, 21, 22, 23, eta 31.

– Eleiz Enparantza, 3, 4, 5, 6, 9, 10, 11, 13, 14, 15, eta 16.

– Portaleta, 2 eta 4.

– Kale Barria, 1 eta 3.

– Arbidea, z/g.

– Udaletxe Aldapa, 5.

– Magdalen Aldapa, 1, 3, 4, 5, 6, 7, 10, 11, eta 13.

– Kristo Eskilara-enparantza, 4, 7, eta 8-12 (Kultur aretoa).

– Etxegana (Gaminiz, 1, Azurtegiondo).

6. zerrenda: Babes partziala.

– Barrenkale, 31: harrizko zokaloa.

– Goienkale, 33, 35, 37: fatxadak.

– Eleiz Enparantza, 17: fatxada nagusia.

– Opatua (Kristo Enparantza, 6): fatxadak.

– Palas hostala (Erribera, 42): kanpoaldea (fatxadak eta teilatua).

7. zerrenda: Diskordantzia partziala.

– Erribera, 6, 9, 15, 28: hegalkin trinkoak.

– Barrenkale, 28: hegalkin trinkoa.

– Artekale, 20: hegalkin trinkoa.

– Goienkale, 11: hegalkin trinkoa.

– Eleiz Enparantza, 14: hegalkin trinkoa.

– Palas hostala (Erribera, 42) Arkupea-Fatxada nagusiko hormigoi armatuko terraza.


Azterketa dokumentala