Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2016ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2903

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 12koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, Laneko Gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide Arteko Akordioa (Preco) aplikatzeko arau berri bat ezartzen duen akordioa erregistratu, argitaratu eta gordailutzeko agintzen duena. Arau berria akordio haren eranskinean azalduko da, 14. arau gisa, izenburu honekin: «Hitzarmen kolektiboek arbitrajepean jartzeko dituzten klausulen bidez ezarritako arbitrajeak» (hitzarmen-kodea: 86099015091990).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko maiatzaren 5ean, Regcon erregistroan aurkeztu zen aipatutako lanbide arteko akordioaren batzorde paritarioaren akordioari dagokion dokumentazioa, enpresaburuen eta sindikatuen ordezkariek sinatuta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 90.2 eta 90.3 artikuluetan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), bat etorriz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.1.i artikuluarekin (2013-04-24ko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko BOE).

Bigarrena.– Akordioa Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan xedatutako eskakizunekin bat etorriz sinatu dute Confebask, ELA, CC.OO., LAB eta UGT sindikatuen ordezkariek.

Horiek horrela, hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Akordioa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 12a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.

PRECOREN BATZORDE PARITARIOAREN AKORDIOA, HITZARMEN KOLEKTIBOETAN EZARRITAKO ARBITRAJEAREN MENPEKOTASUN KONPROMISOEN BABESPEKO ARBITRAJEAK TRAMITATZEARI BURUZ.

ATARIKOA

Preco lanbide arteko Akordioak 2000ko bertsioan zenbait hitzarmen kolektibotan ezarritako araudiei atea irekitzea erabaki zuen, hitzarmen hauen negoziatzaileek Precoko prozedurak bere artikuluetan agertzen ez diren gatazketan aplikatzea edota prozedura horiek Precon aurreikusita ez dauden konpromisoen arabera praktikatzea nahi baitzuten. Honetarako Preco Akordioaren 6. puntuan Akordioan bertan sortutako Batzorde Paritarioari, arrazoizkotzat jotzen dituen hitzarmen edo akordio kolektiboetan ezarritako berezitasunak aho batez onetsi ahal izateko eskumena eman zitzaion. Akordioaren puntu horren arabera, berezitasun horiek onartzearen ondorioz, hitzarmen edo akordio horrek zekarren araudi berezia aurrerantzean Preco akordioaren parte bat izango zen hitzarmen edo akordio haren eraginpeko subjektuentzat, kasu bakoitzean Batzordeak jartzen zituen baldintzen arabera.

Puntu honen babespean Batzorde paritarioak hitzarmenetako klausula asko aztertu ditu, gehien-gehienetan arbitrajearen menpekotasun konpromisoak, lanbide arteko Akordioan ezarritako arbitrajea gatazka kolektibo batean alderdietako baten gehiengoak hala eskatuta praktikatu ahal izan dadin. Batzordeak klausula horiek berretsi egin izan ditu, enpresako hitzarmenen kasuan edo sektoreko hitzarmen baten batzorde paritarioaren desadostasunetan. Batzordearen 2003ko arautegizko akordio batek –akordio honen indarraldia 2005ean luzatua izan zen eta gaur egun iraungita dago–, honelako berezitasunak onartzeko baldintzatzat, konpromiso hauek barneratzeko behar ziren tresnazko arauak ezarri zituen, arbitrajearen mendean ezarritako gaia zehazteari, jardun beharreko arbitroari eta arbitrajearen nolakotasunari dagokienez, hitzarmen kolektiboak honi guztiari buruzko beharrezko arauak ez zekartzanean.

Precoko 6. puntu hau aplikatzearen esperientziaren eraginez, Preco sinatu zuten erakundeek komenigarritzat jo dute arbitrajeko konpromisoko klausula hauek onesteko aurretiaz Batzorde Paritarioak haietako bakoitzaren kasuan esku hartu behar ez izatea, beti ere onartutako irizpidearekin bat datozela, hots: enpresa edo enpresa taldeko hitzarmenetako klausulak edo batzorde paritarioen desadostasunei buruzko sektoreko hitzarmenetako klausulak onartzen dira. Hala ere, Batzordeak bestelako arbitrajeko konpromisoak edo bestelako edukia dakarten klausulak, adibidez Precoko prozedurak banako gatazketan aplikatu ahal izateko aukera, aztertu ahalko ditu 6. puntuaren arabera, bertan aurreikusitako ondoreetarako onetsi ahal izateko.

Horregatik 2000ko Lanbide arteko Preco Akordioa garatzeko akordio hau, Preco Akordioko 6. puntuaren babesean onartzen da eta dagoeneko argitaraturik dauden aplikazio arauei gehitzen zaie, Precoko 5. puntuak Batzorde Paritarioari ematen dion eskumena erabiliz, Precoko zerbitzuek irizpide horren araberakotzat jotzen dituzten klausulak Batzorde Paritarioak onetsitakotzat jo daitezen eta honelako kasuetan arbitrajearen mendean jarritako gaia, arbitrajearen nolakotasuna eta arbitroa nor den zehazteko modua arautzeko, Precoko arbitraje prozeduraren zalantzarik gabeko menpekotasun konpromisoa ezarri duen hitzarmen kolektiboko klausulan honelakorik zehaztu ez denean.

Lehenagoko gogoetak aintzat hartuta, Precoko Batzorde Paritarioak 2016ko apirilaren 20an egindako ohiko bileran, Preco Lanbide arteko Akordioa sinatu zuten erakunde guztiak bertan zirela eta bileran zeuden kide guztien aho batezko adostasunez.

Preco lanbide arteko akordioa Aplikatzeko ondorengo araua onetsi du:

14.– Hitzarmen kolektiboetako menpekotasun klausulen bidez ezarritako arbitrajeak.

1.– Arbitrajea praktikatzea, alderdietako baten gehiengoak hala eskatuta.

Aplikagarria den enpresako edo enpresa taldeko hitzarmen kolektiboan onartutako arbitrajearen menpekotasun konpromisoa dagoenean, mota guztietako gatazka kolektiboetan edo kontsulta aldiko desadostasunetan arbitraje prozedura alderdietako bakarraren gehiengoak hala eskatuta burutuko da.

Halaber, hitzarmen kolektibo batean, hitzarmenaren eremua edozein delarik ere, batzorde paritarioaren barruan dauden gatazkak edo desadostasunak direla-eta, arbitrajearen menpekotasun konpromisoa dagoenean, prozedura alderdietako bakarraren gehiengoak hala eskatuta garatuko da.

Precoko zerbitzuek, hitzarmeneko klausula aurreko bi irizpideetako baten arabera egokitzen bada, eskaera hauek tramitatzeko onartuko dituzte eta klausula Batzorde Paritarioak onartutzat emango da, Precoko 6. puntuaren ondoreetarako.

Konpromisoa dakarren hitzarmen kolektiboa enpresaren gaineko eremuko hitzarmena denean, arbitrajea alderdietako baten gehiengoak hala nahita hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da konpromiso hori aurretiaz Lanbide arteko Akordio honen Batzorde Paritarioak homologaturik egotea.

2.– Arbitrajeko alderdiak.

Alderdi izatea mota guztietako gatazka kolektiboetan Precoko 9. puntuaren arabera legitimatutako subjektuei dagokie, Langileen Estatutuko Legeko 87.1 artikuluak aurreikusten duenez, atal sindikalek lehentasuna dutelarik. Kontsulta aldiko desadostasunetan kontsulta aldian esku hartu duten ordezkaritzei dagokie eta hitzarmen kolektiboetako batzorde paritarioen barruan gertatzen direnetan, batzorde paritario hura osatzen duten ordezkaritzei.

3.– Arbitrajea praktikatzeko beharrezko zehaztapenak.

Arbitrajea eskatu ez duen alderdia dei egin zaion elkarraldira ez badoa, edo elkarraldian egonda, arbitrajearen mendean jartzen den gaiari buruz edo arbitraje laudoak aintzat hartu behar duen zuzenbide ala ekitatezko irizpideari buruz, edo arbitroaren nortasunari buruzko akordiorik lortzen ez bada eta hitzarmen kolektiboak halako kasuetarako aurreikuspenik ez badu, gauza hauek ondorengo arauen arabera zehaztuko dira:

a) Gatazka kolektiboetan arbitrajearen mendean jarritako gaia arbitraje eskaeran deskribaturiko desadostasuna izango da. Kontsulta aldiko desadostasunetan, kontsulta aldiaren hasieran enpresaburuen alderdiak pertsonalaren ordezkaritzari planteatutako uzia izango da. Batzorde paritarioetako desadostasunetan, batzordeari planteatu zaion gaia izango da, batzordearen erabakia eskatu duenak adierazi duen moduan.

b) Arbitroak zuzenbideko laudoa eman beharko du; hala ere, arbitroak behar duen hautazkotasun teknikoa izango du, enpresaburuen erabakiak hartzeko legeak eskatzen dituen inguruabarrak aztertzeko edo mota guztietako negoziazio kolektiboetan alderdien desadostasuna bateratzeko.

c) Arbitrajea eskatu ez duen alderdia arbitroa izendatzeko ekitaldira ez badoa edo, bertan egonda, Precoko 18. puntuan aurreikusitako moduan izendatzeko lankidetzarik ematen ez badu, lurraldeko zerbitzuak izendapena ekitaldian dauden aurreko zozketaz egingo du, horretarako prozedura tramitatzen den lurraldeari dagokion Precoko arbitroen elkargoan dauden profesionalen zerrenda erabiliz.

4.– Hitzarmen kolektiboetako baldintzak ez aplikatzeari buruzko arbitrajeak.

Hitzarmen kolektiboetako klausuletan oinarritutako hitzarmena ez aplikatzearen gaineko desadostasunei buruzko arbitrajeak, Preco Lanbide arteko Akordioko Eranskineko 9. aplikazio arauan ezarrita dauden arauei jarraiki tramitatuko dira.

Era berean, Akordio hau Lan Agintaritzaren aurrean erregistratu eta gero dagokion aldizkari ofizialean argitaratzeko behar diren tramite guztiak egitea, Lan Harremanen Kontseiluko buru Tomas Arrieta Heras jaunaren eskuan uztea erabaki da.

Confebasken ordezkaria.

Confebasken ordezkaria.

UGTren ordezkaria.

ELAren ordezkaria.

LABen ordezkaria.

CC.OO.ren ordezkaria.


Azterketa dokumentala