Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2016ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2891

98/2016 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzarena.

Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia-estatutuak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola irakaskuntza arautzea, hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan. Eskumen horretaz baliatuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak (egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila denak) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa lehenengo aldiz arautzeko ekainaren 28ko 173/1988 Dekretua onetsi zuen.

Geroago, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak eta Irakaskuntza Zentroetako Parte-hartze, Ebaluazio eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak Hezkuntza Ikuskaritzarako arau-esparru berria ezarri zuten.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VII. tituluan ezarrita dagoenaren arabera, hezkuntza arloan eskumena duen sailari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza ikuskaritza antolatu, arautu eta egitea. Ikuskaritza hori unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren elementu eta alderdi guztiei buruz egin behar da, legeak behar bezala betetzeko, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan parte hartzen duten guztien eskubideak bermatzeko eta haien betebeharrak zaintzeko, hezkuntza-sistema hobetzeko eta irakaskuntzaren kalitatea eta zuzentasuna ziurtatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzeko abenduaren 19ko 15/2008 Legea onetsiz, besteak beste Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien kidegoa sortu zen. Kidego propio gisa sortu zen, eta hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Irakaskuntzako Funtzio Publikoa osatzen duten kidegoak osatu ziren. Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien kidegoari dagozkion antolamendu eta funtzionamendua ezartzen ditu.

Hezkuntza Ikuskaritzaren jardunaren funtsezko ardatza ikastetxeetan esku hartzea da. Hala, irakaskuntzaren kalitatea eta zuzentasuna bermatzeko hezkuntza-legeriak esleitzen dion funtzioari erantzuna ematen dio Hezkuntza Ikuskaritzak. Horregatik, esku-hartze horiek ez dira araudia betetzen den edo ez ikuskatzera mugatu behar; horretaz gain, hezkuntza-proiektuak gauzatzeko prozesuan eman behar diete ikastetxeei laguntza, nork bere burua ebaluatzeko prozesuak sustatu behar dituzte, kanpo ebaluazioetan parte hartu eta hezkuntza arloko erantzuna hobetzeko bidea emango duten proposamenak egin.

Hezkuntza Ikuskaritzak, ikastetxeak gainbegiratzeko, ikastetxe bakoitzaren ezaugarriak eta funtzionamendua osotasunean ezagutzen ditu. Horretarako, ikasle bakoitzari hezkuntza arloan ematen zaion erantzunean eraginik handiena duten antolaketa arloko eta curriculum arloko aldagaiak aztertzen ditu eta kalitatezko proposamenak egiten ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe bakoitza hobetzen laguntzeko.

Bere helburuak betetzen direla eta bere prozesuak eraginkorrak direla ziurtatzeko, eta etengabe hobetzeko, Hezkuntza Ikuskaritzak Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezarri du, prozesuen araberako kudeaketaren ikuspegitik.

Dekretu hau bost kapitulutan egituratzen da. I. kapituluak hezkuntza ikuskaritzaren eta Hezkuntza Ikuskaritza osatzen dutenen helburu eta esparrua, egitekoak eta eskudantziak ezartzen ditu. II. kapituluak antolaketa eta funtzionamendua arautzen ditu, eta III. kapituluak ikuskaritza lanbidean sartzea eta lanbide horretan aritzea arautzen du. IV. kapituluan prestakuntza sartzen da, eta V. kapituluan hezkuntza Ikuskaritza eta ikuskaritza-zeregina ebaluatzeko prozesua zehazten da.

I. kapituluan hezkuntza arloan eskumena duen sailari unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren elementu eta alderdi guztien gainean dagozkion hezkuntza ikuskaritzaren egitekoak azaltzen dira. Egiteko horiek Hezkuntza Ikuskaritzari esleitzen zaizkio. Egiteko horietako batzuk hauek dira: hezkuntza-sistema hobetzen laguntzea, eskubideak hobeto bermatzeko legea betetzen dela ziurtatzea eta hezkuntza-prozesuen inguruan ebaluazioa egitea, aholkua ematea eta gainbegiratzea.

II. kapituluak Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa eta funtzionamendua planteatzen ditu, prozesuen araberako kudeaketaren ikuspegitik sortutako Kalitatearen Kudeaketa-sistema baten arabera, Hezkuntza Komunitatearen beharrizan eta iguripenei erantzuteko, Hezkuntza Ikuskaritzari esleitutako jarduerak modu eraginkorrean egiten direla bermatzeko eta Hezkuntza Ikuskaritzako kide diren pertsona guztiek Kalitatearen Kudeaketa-sistema garatzen eta hobetzen modu aktiboan parte hartzen dutela sustatzeko.

Kapitulu horretan, halaber, Hezkuntza Ikuskaritzaren egitura zehazten da: Ikuskaritza Zentrala, Ikuskaritzako Lurralde Unitateak eta Ikuskaritza-zonaldeak, hierarkiaren, lurraldeen eta espezializazioaren inguruko irizpideei jarraikiz. Ikuskaritza-zonaldeak eta zonalde horien barruko eskola-bilguneak, bai eta lantoki bakoitzeko ikuskari-kopurua, barnean dela Zonaldeburua, eranskinean ezartzen dira.

Ikuskaritzaren funtzionamendua Lurralde Arteko Koordinazio Batzordeen, Lurralde Batzordeen eta Zonaldeko Taldeen bitartez antolatzen da. Halaber, Hiru Urteko Plan Orokorretan eta Urteko Planetan, Lantaldeak eta Lan Batzordeak eratzen dira, helburua plan horietan ezarritako prozesuetako eta azpiprozesuetako jarduerak planifikatzea, antolatzea eta koordinatzea dela.

Ikuskaritza-lanbidean sartzea eta aldi baterako lanpostuak betetzea III. kapituluan daude jasota, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzeko abenduaren 19ko 15/2008 Legeak arautzen duenaren arabera.

IV. kapituluan onartzen da Hezkuntza Ikuskaritzak lanbide garapenerako lekua izan behar duela, baita ikasketarako erakundea ere, bai urteko planetan planifikatutako prestakuntzako esku-hartzeen bidez, bai ikuskaritzako kideen talde-lanaren bitartez. Lanbide-gaitasunak handitzeko estrategien aniztasuna bultzatuko da. Horretarako, berdinen arteko prestakuntza indartuko da, jardunbide onak inguruko erakundeekin elkartrukatuko dira, eta gainera, Hezkuntza Ikuskaritzaren Europako dimentsioa ere sendotuko da, beste herrialde eta Autonomia Erkidego batzuetako ikuskaritza eta erakundeekin elkarlanean lan eginez. Prestakuntzako urteko planetan jasotzen dira ikuskarien prestakuntza-beharrizanak, kudeaketa-sisteman ezarritako bitartekoekin.

Azkenik, V. kapituluan ikuskaritzaren ebaluazioa egitekoak betetzeko beharrezkoa den tresna dela azaltzen da, bi alderdi kontuan hartuta: ikuskarien banakako ebaluazioaren ondorioz sortzen den alderdia eta Hezkuntza Ikuskaritza erakunde gisa hobetzearen ondoriozkoa.

Hori guztia dela-eta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta, EAEko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, eta 2016ko ekainaren 28an Gobernu Kontseiluak eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA ETA ESPARRUA, HEZKUNTZA IKUSKARITZAREN EGITEKOAK ETA ESKUDANTZIAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.

1.– Dekretu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa, funtzionamendua, lanbiderako sarbidea, prestakuntza eta ebaluazioa arautzea da.

2.– Hezkuntza ikuskaritza, hezkuntza arloan eskumena duen sailak egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritza Kidegoko funtzionario publikoen bidez eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko Ikuskarien Kidegoa zenaren (uztailaren 28ko 23/1988 Legeak aldatutako Funtzio Publikoa Berritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen bidez sortu zena eta gaur egun deseginda dagoena) funtzionario publikoen bidez, baldin eta azken horiek bere garaian Hezkuntza Ikuskarien Kidegoan sartzea aukeratu ez bazuten.

3.– Hezkuntza ikuskaritza unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemaren elementu eta alderdi guztiei buruz egin behar da, legeak behar bezala betetzeko, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan parte hartzen duten guztien eskubideak bermatzeko eta haien betebeharrak zaintzeko, hezkuntza-sistema hobetzeko eta irakaskuntzaren kalitatea eta zuzentasuna ziurtatzeko.

2. artikulua.– Hezkuntza ikuskaritzaren egitekoak.

Hauek dira hezkuntza ikuskaritzaren egitekoak:

a) Pedagogi eta antolaketa ikuspegitik, ikastetxeen funtzionamendua, ikastetxeen autonomiaren esparruaren barruan garatzen diren proiektu eta programak eta hezkuntza sistemaren, ikastetxeen eta beren emaitzen hobekuntzan laguntzeko sistema ebaluatzea, gainbegiratzea eta kontrolatzea.

b) Prozedura objektiboen bidez irakaskuntzako lana eta zuzendaritzako eginkizuna ebaluatzea eta gainbegiratzea, eta horien etengabeko hobekuntzan laguntzea.

c) Hezkuntza sistemaren eta hura osatzen duten elementuen ebaluazioan parte hartzea.

d) Ikastetxeen, programen eta laguntza-sistemaren funtzionamenduari eragiten dioten indarreko xedapenak kontrolatzea eta horiek bete daitezela zaintzea, eta halakoen arduradunei eskatzea antolaketa eta funtzionamendua indarreko araudira egoki ditzatela.

e) Ikastetxeetan eta laguntza-sisteman hezkuntza-sistemaren xedeak betetzeko legeak, erregelamenduak eta indarrean dauden gainerako xedapenak betetzen direla begiratzea.

f) Indarreko legeetan, erregelamenduetan eta gainerako xedapenetan jasotzen diren hezkuntza arloko printzipioak eta balioak betetzen eta aplikatzen direla zaintzea, baita gizonen eta emakumeen berdintasun erreala bultzatzeko direnak ere.

g) Ikastetxeei eta irakasleei aholkuak eta orientazioa ematea eta Administrazioari berari informazioa ematea, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko, barneko eta kanpoko ebaluazioen emaitzak kontuan hartuta.

h) Ikastetxeetan kalitatearen kudeaketa-sistemak ezartzen laguntzea, emaitzak hobetzen laguntzeko.

i) Hezkuntza komunitatearen sektore batzuei eta besteei aholkuak, orientazioa eta informazioa ematea, beraien eskubideak gauzatzeko eta beraien betebeharrak betetzeko.

j) Hezkuntza komunitatearen sektore batzuetan eta besteetan sortu ahal diren gatazkak konpontzen laguntzea, eta horretarako bitartekari lana egitea, adostasuna lortzea edo konponbideak bideratzea, zerikusia duten aldeen parte-hartzearekin.

k) Hezkuntza arloan eskumena duen sailak eskatzen dituen txostenak, edo Hezkuntza Ikuskaritzaren errealitatearen ezagutzak eskatzen dituztenak, egitea, erregelamenduko bideak erabiliz.

l) Hezkuntza arloan eskumena duen sailak bere eskumenen barruan agintzen dizkion bestelako eginkizunak.

3. artikulua.– Hezkuntza ikuskaritzako egitekoak betetzea.

1.– Ikastetxeetan egindako bisitaldiak, txostenak eta aktak ohiko lan sistema dira ikuskari lana egiteko.

2.– Ikuskariak ikastetxe, zerbitzu eta instalazioetan egongo dira goragoko aginduz, ofizioz edo hezkuntza komunitateko kideren batek eskatuta (eta arrazoituta).

3.– Ikuskaritzako bisita printzipio hauen arabera egingo da: plangintza, koordinazioa eta eraginkortasuna. Urteko Planeko lanak burutzea xede duten bisitak arruntak izango dira, eta alderdi batek eskaturik edo ofizioz egiten diren bisitak bereziak izango dira.

4.– Ikuskarien jarduketen edo esku-hartzeen ohiko emaitza txostena izango da. Ikuskaritzako txostenak ofizioz edo goragoko aginduz egin ahalko dira. Txostenaren edukia hezkuntza agintarientzat orientagarri eta lagungarri izango da, egokiak diren erabakiak hartzeko; kasu guztietan, ikuskariaren irizpidearen independentzia bermatuko da.

5.– Urteko planetan orokorrean jasotzen diren jarduerez gain, ikuskariek ikastetxe bakoitzaren ezaugarri, inguruabar eta beharrizan espezifikoetara egokitutako jarduerak planifikatuko dituzte. Hala, esku-hartze eraginkorragoa egin ahalko dute, ikastetxe bakoitza hobetzen laguntzeko eta bide batez, hezkuntza-sistema osoa hobetzen laguntzeko.

6.– Hezkuntza Ikuskaritzak ikastetxeetan esku hartzeko erabiliko duen ereduak ikastetxeen ezagutza sustatuko du, plangintzan oinarrituta, eta hobekuntza lortzea izango du helburu. Ateratzen den diagnostikotik abiatuta, ikuskariek ikastetxe bakoitzari balorazioak eta orientazioak jakinaraziko dizkiote, funtzionamendua eta ikasleei hezkuntza arloan emandako erantzuna hobetzen laguntzeko.

7.– Hezkuntza Ikuskaritzak pertsonen ebaluazio prozesuetan esku-hartzearen helburua pertsona horien egitekoak hobeto garatzea izango da; hala, ikastetxeen funtzionamendua hobetzen lagunduko da, eta hala, ikasleen hezkuntza-emaitzak ere hobetu ahalko dira.

8.– Ikuskariek, beren egitekoak betetzean, legeetan ezarrita dauden eskubideak izango dituzte eta lege horietan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bereziki Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legean (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua), Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean (uztailaren 6ko 6/1989 Legea) eta dekretu honetan aurreikusita dagoena. Halaber, printzipio etikoak errespetatuko dituzte, eta lege-testu horietan ezarritako jokabide-kodeari jaramon egingo diote.

4. artikulua.– Ikuskarien eskudantziak.

1.– Hezkuntza ikuskaritzako eginkizunak betetzeko, ikuskariek eskudantzia hauek izango dituzte:

a) Ikastetxeetan egiten diren jarduera guztiak zuzenean ezagutzea. Horretarako, ikastetxeetan sartzeko bidea izango dute.

b) Ebaluazio tresna egokien bidez egiaztatzea pertsonen egitekoen garapena eta hobekuntza, hezkuntzako prozesuen eraginkortasuna eta efizientzia, eta ikastetxeek lortutako emaitzak.

c) Ikastetxeetako irakaskuntza, pedagogi eta administrazio agiriak aztertzea eta egiaztatzea.

d) Hezkuntza komunitateko sektore batzuetako eta besteetako kideekin bilerak egiteko dei egitea.

e) Ikuskatzaileak, beren eginkizunak betetzeko, agintari publikoak izango dira. Agintari publiko diren aldetik, ikastetxeetako eta hezkuntza zerbitzuetako gainerako funtzionario eta arduradunek beren jarduera egiteko behar duten laguntza eskaini behar diete. Horretarako, ikuskariek akreditazio egokia izango dute.

f) Hezkuntza arloan eskumena duen sailak bere eskumenen barruan agintzen dizkion bestelako eginkizunak.

II. KAPITULUA
HEZKUNTZA IKUSKARITZAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

5. artikulua.– Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketako printzipioak.

1.– Hezkuntza Ikuskaritza antolaketako printzipio hauen arabera eratuko da: hierarkia, profesionaltasuna, parte-hartzea, planifikazioa, espezializazioa, taldeko lana, emaitzen ebaluazioa, genero-berdintasuna, eskariei emandako erantzuna eta etengabeko hobekuntza.

2.– Ikuskariek, beren egitekoak betetzeko, haientzat guztientzat orokorrak diren jarduera batzuk egingo dituzte, baita jarduera espezializatu batzuk ere.

6. artikulua.– Ikuskaritza kudeatzeko sistema.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskaritza-jarduerak kudeaketa-sistema baten bidez antolatuko dira, prozesuen araberako kudeaketaren ikuspegitik, helburuak hauek direla:

a) Hezkuntza komunitatearen beharrizan eta iguripenei erantzutea, hau da, ikastetxeen, ikasleen, familien eta, orokorrean, Hezkuntza Administrazioko arduradunen beharrizan eta iguripenei.

b) Hezkuntza Ikuskaritzari esleitutako jarduerak egitean aplikatu beharreko araudia eta Hezkuntza Sailburuordetzak ezarritako gidalerroak uneoro betetzen direla bermatzea.

c) Hezkuntza Ikuskaritza osatzen duten pertsona guztiek kalitatea kudeatzeko sistema garatzen eta hobetzen modu aktiboan parte har dezatela sustatzea.

2.– Ikuskaritza kudeatzeko sisteman tresna informatikoak erabili beharko dira, pertsona horien jardueren garapena bideratzeko, baita jarduera horien jarraipena egiteko eta sortutako agiriak biltzeko.

7. artikulua.– Parte-hartzea eta komunikazioa.

1.– Hezkuntza Ikuskaritzak, bere jarduera-planen eta kudeaketa-sistemaren bitartez, formulak ezarriko ditu ikuskariek bere eskumenen barruko prozesuen kudeaketan parte hartzen dutela bermatzeko. Hala, ikuskariek esleituta dituzten ikastetxeekin zerikusia duten gaiak zuzenean kudeatuko dituzte; horrez gain, lantaldeetan eta lan batzordeetan parte hartuko dute, baita zonaldeko taldeetan eta Ikuskari Nagusiak eratu ahal dituen taldeetan ere. Talde horien osaera Ikuskaritzaren jarduerak antolatzeko planetan ezarriko da.

2.– Halaber, Hezkuntza Ikuskaritzak, bere kudeaketa-sisteman, prozesu bat definituko du komunikaziorako mekanismo egokiak ezartzeko bai bere antolaketa-egituraren barruan, bai bere zerbitzuen hartzaileekin. Prozesu horretan erabakiak hartzeko oinarrizko prozedurak ezarriko dira, baita Hezkuntza Ikuskaritzako organo bakoitzak barneko eta kanpoko komunikazioari buruzko alderdietan dituen erantzukizunak ere.

8. artikulua.– Hezkuntza Ikuskaritzaren Hiru Urteko Plan Orokorra, Urteko Plana eta Lurralde Planak.

1.– Hezkuntza Ikuskaritzak plangintza estrategikoa erabiltzen du bere esku-hartzeak antolatzeko. Hezkuntza Ikuskaritzaren xedea, ikuspegia, baloreak eta estrategiak azaldu behar dituen plangintza hori hiru urteko plan orokorretan zehazten da. Plan horiek Hezkuntza Ikuskaritzaren esku-hartzearen oinarrizko ildoak ezartzen dituzte eta Hezkuntza sailburuak onesten ditu.

2.– Hiru urteko plan orokorretan ezartzen diren esku-hartzearen oinarrizko ildoak plan horien helburuak lortzeko beharrezko jarduera-esparrua dira. Ildo horiek, ikasturte bakoitzeko esku-hartzeak zehazten dituzten urteko planetan garatuko dira. Ikuskaritzaren esku-hartzeak diseinatzerakoan, ahal dela oreka lortuko da planetan aurreikusitako jardueretan emandako denboraren eta planifikatu gabeko eskarien ondoriozko jardueren denboraren artean.

3.– Hezkuntza Ikuskaritzaren Urteko Plana lurralde bakoitzean garatuko da, dagokion Lurralde Planaren bidez. Bi plan horiek Hezkuntzako Ikuskari Nagusiak onetsiko ditu.

4.– Hiru urteko plan orokorrak nahiz urteko planak beren indarraldia amaitzean ebaluatuko dira. Hiru Urteko Plan Orokorraren ebaluazioa azken Urteko Planaren ebaluazioaren barruan egingo da, kontuan hartuta urteko hiru planen ebaluazioak eta berrikuspen-txostenak.

9. artikulua.– Antolaketa-egitura.

1.– Hezkuntza Sailburuordetzaren mendean dagoen Hezkuntza Ikuskaritzak egitura hau du: Ikuskaritza Zentrala, lurralde unitateak eta Hezkuntzako ikuskaritza-zonaldeak. Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa espezializatua hiru urteko plan orokorretan ezartzen diren lan-eremu espezifikoak garatuz zehazten da. Lan-eremu espezifiko horiek hiru urteko plan orokorretan eta urteko planetan zehazten diren lantaldeek eta lan batzordeek kudeatuko dituzte.

2.– Ikuskaritza Zentrala osatzen dute Hezkuntza Sailburuordetzaren mendeko Ikuskari Nagusiak eta Ikuskari Zentralek. Ikuskaritza Zentralaren oinarrizko egitekoak dira plangintza orokorra egitea, prestakuntza ematea ikuskaritza eta kontrolatzea, bai eta ikuskari guztien parte-hartzea sustatzea ere. Gainera, Ikuskaritza Zentralak egin behar ditu hiru urteko eta urteko plan orokorren jarraipena eta ebaluazioa, eta gainera, sistemaren ebaluazio- eta berrikuspen-txostenak ere egin behar ditu.

3.– Lurralde Historiko bakoitzak Hezkuntza Ikuskaritzako Lurralde Unitatea du. Unitate horretako burua Ikuskaritzako Lurralde Burua da, eta Lurralde Buru hori zuzenean Ikuskari Nagusiaren mendean dago. Ikuskaritzako Lurralde Unitate horiek egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako hiriburu bakoitzean dute, Gipuzkoak izan ezik; lurralde horrek bi egoitza ditu: Donostia eta Eibar.

4.– Ikuskaritzako Lurralde Unitateak Ikuskaritza-zonalde baten edo batzuen bidez antolatzen dira. Lurralde bakoitzeko ikuskaritza-zonaldeek entitate nahikoa izango dute Hezkuntza Ikuskaritzari dagozkion egiteko batzuk zein besteak orokorrean tratatzeko, eta ikastetxeen ezaugarri geografikoen, hizkuntza-ezaugarrien eta tipologiaren arabera behar bezain espezializatua den jarduera egin ahal izateko behar adina hezkuntza-ikuskari edukiko dituzte. Zonaldeburu den ikuskari batek zuzenduko ditu unitate horiek.

5.– Ikuskaritza-zonaldeak eta horien barruko eskola-bilguneak eranskinean daude ezarrita. Zonalde bakoitzeko ikuskarien kopurua Hezkuntza Ikuskaritzaren Urteko Plan bakoitzean ezarriko da.

Zonaldeko Ikuskaritza-talde bakoitzaren osaeran beharrezkoa den oreka lortze aldera, Bizkaiko Lurralde Unitatean zein Gipuzkoako Lurralde Unitatearen Donostiako egoitzan, ikuskariei euren zonaldeak esleituko dizkie Ikuskari Nagusiak, Lurralde bakoitzeko Ikuskaritzako Buruek proposatuta, ikuskariei entzun ostean.

Espezializazio eta esperientzia irizpideei jarraituko zaie, eta esleipen horrek 6 urte iraungo du, salbu eta zerbitzuaren beharrizanen ondoriozko salbuespen arrazoituak sortzen badira edo Ikuskari Nagusiak ikuskarien eskari arrazoitu bat baimentzen badu.

6.– Ikuskaritza-zonalde bakoitzeko taldeak ikasturte bakoitzeko jarduerak antolatuko ditu Ikuskari Nagusiak ezarritako urteko planaren arabera, eta Ikuskaritzako Lurralde Buruak egindako lurralde plana kontuan hartuz.

7.– Zona bakoitzean egin beharreko talde-lana gorabehera, hezkuntzako ikuskari bakoitzak ikastetxe kopuru jakin bat izango du esleituta erreferentziako ikuskari gisa, eta zuzenean bere ardurapean izango du ikastetxe horien gainbegiratzea, bai eta bere esku-hartzearen ondoriozko administrazio-jarduerak ere.

10. artikulua.– Hezkuntzako Ikuskaritza Zentralaren egitura eta lanpostuak betetzeko modua.

1.– Hezkuntza Ikuskari Nagusiaren lanpostua eta lanpostu horren egitekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionarioek nahiz desagertutako hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskarien kidegoko funtzionarioek beteko dituzte.

2.– Hezkuntza Ikuskari Nagusia zuzenean Hezkuntza Sailburuordetzaren mendean egongo da, eta hezkuntza arloan eskuduna den saileko titularrak izendatuko du titularra, Hezkuntza Sailburuordetzak proposatuta, izendapen askearen bidez.

3.– Ikuskari Zentralen lanpostuak eta lanpostu horien egitekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionarioek beteko dituzte.

4.– Hezkuntza Ikuskaritza Zentraleko lanpostuen zuzkidura eta ezaugarriak, lanpostuak betetzeko modua, hizkuntz eskakizuna eta derrigortasun-data, dagokien taldea eta berariazko osagarri gehigarria dekretu bidez onetsiko dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5. artikuluan eta Unibertsitatez kanpoko EAEko Irakaskuntzako Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen II. tituluko I. kapituluan aurreikusita dagoenaren arabera.

5.– Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuek izan beharreko hizkuntz eskakizun eta derrigorrezkotasunak zehazteko araubide espezifikoa ezartzen duen abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak ezarritako 2. hizkuntza eskakizuna izango da Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuak bete eta berorietan aritzeko euskarazko hizkuntz gaitasunaren maila.

6.– Ikuskari Zentralak zuzenean Ikuskari Nagusiaren mendean egongo dira, eta hezkuntza arloan eskumena duen saileko titularrak izendatuko ditu, Ikuskari Nagusiak proposatuta, izendapen askearen prozeduraren bidez.

7.– Ikuskari Nagusiaren edo Ikuskari Zentralaren lanpostuen izendapen askerako deialdiak Euskal Funtzio Publikori buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 47. eta 48. artikuluetan xedatuta dagoenak eraenduko ditu.

8.– Titularra bertaratu ez bada edo gaixo badago, eta orokorrean, justifikatutako arrazoiren bat badago, Hezkuntza Ikuskari Nagusiari dagozkion egitekoak Hezkuntza Sailburuordetzaren titularrak izendatutako Ikuskari Zentralak beteko ditu.

11. artikulua.– Ikuskari Nagusiaren egitekoak.

Ikuskari Nagusia Hezkuntza Ikuskaritzaren zuzendari lanak egingo ditu, eta alde horretatik Ikuskaritzako Lurralde Unitateen lana koordinatu eta orientatuko du. Honako eginkizun hauek ditu:

a) Hiru Urteko Plan Orokorra egiteko lanak zuzentzea eta Hezkuntza Sailburuordetzari plan hori proposatzea, onar dezan, jasotako gidalerroen arabera, bai eta planaren garapena gainbegiratzea ere.

b) Ikasturte bakoitzeko Urteko Plana onartzea Hiru Urteko Plan Orokorraren arabera, plan horren garapena gainbegiratzea eta ebaluatzea. Ebaluazio horretan kontuan hartuko da lan-kargen azterketaren emaitza, lurraldeen artean eta zonaldeen artean oreka lortze aldera.

c) Ikasturte bakoitzeko lurralde planak onestea, lurraldeko buruek proposatuta.

d) Ikuskaritza-jardueran aritzeko irizpideak ezartzea eta gomendioak ematea.

e) Ikuskari bakoitzari Ikuskaritza-Zonalde bat esleitzea, Lurralde bakoitzeko ikuskaritza buruek proposatuta, ikuskariei entzun ondoren eta Lurralde Unitate bakoitzerako edo, Gipuzkoaren kasuan, bi egoitzetako bakoitzerako egindako izendapena errespetatuta.

f) Ikuskari taldeak eratzea laneko eremu espezifikoak garatzeko.

g) Ikuskarien hobekuntza eta espezializaziorako prestakuntzako ikastaroak sustatzea, Lurralde arteko Koordinazio Batzordearen proposamenak kontuan hartuta, zonaldeen eta ikuskarien beharrizanak jaso ondoren.

h) Hezkuntza arloan eskumena duen saileko arduradunei Lurralde Unitate batzuetan eta besteetan ikuskaritza-jarduerak duen bilakaeraren berri ematea eta hori kontuan hartuta bidezkoak diren jarduera-proposamenak egitea.

i) Hezkuntza arloan eskuduna den saileko Zuzendaritza eta Unitateentzat txostenak, proposamenak edo iradokizunak egitea.

j) Urtean behin Hezkuntza Ikuskaritzako prozesuen araberako kudeaketa-sistemaren berrikuspen-txostena egitea.

k) Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko Zuzendaritza-kontseiluan parte hartzea.

12. artikulua.– Ikuskari Zentralen egitekoak.

Ikuskari Zentralen egitekoak honako hauek dira:

a) Ikuskari Nagusiarekin elkarlanean Hiru Urteko Plana eta Urteko Plana egitea.

b) Lurralde arteko koordinazio-batzordean parte hartzea.

c) Urteko Planetan aurreikusitako zereginak edo laneko eremu espezifikoak garatzeko Lan Batzordeak eta Lantaldeak koordinatzea.

d) Urteko Planaren bilakaera eta jarraipena kontrolatzea eta lan-kargen azterketan parte hartzea, lurraldeen artean eta zonaldeen artean oreka lortze aldera.

e) Ikuskaritza-zeregina betetzeko irizpideak ezartzea eta gomendioak ematea, Ikuskari Nagusiarekin lankidetzan.

f) Ikuskarien hobekuntza eta espezializaziorako prestakuntzako ikastaroak planifikatzea, kontuan hartuta Lurralde arteko Koordinazio Batzordearen proposamenak, zonaldeen eta ikuskarien beharrizanak jaso ondoren.

g) Hezkuntza arloan eskuduna den saileko Zuzendaritza eta Unitateentzat txostenak, proposamenak edo iradokizunak egitea.

h) Ikuskari Nagusiarekin batera urtean behin Hezkuntza Ikuskaritzako prozesuen araberako kudeaketa-sistemaren berrikuspen-txostena egiten parte hartzea.

i) Ikuskari Nagusiari aholkua eta laguntza ematea, haren zereginak betetzeko.

j) Ikuskari Nagusiak esleitzen dizkion beste egiteko guztiak.

13. artikulua.– Ikuskaritzako Lurralde Unitateen eta lurraldeko buruen egitura eta lanpostuak betetzeko modua.

1.– Hezkuntza Ikuskaritzako lurralde unitateak osatzen dituzte Lurralde bakoitzean beren egitekoak betetzen dituzten ikuskari guztiek.

2.– Lantoki bakoitzeko lanpostuen zuzkidura eta ezaugarriak, lanpostuak betetzeko modua, hizkuntz eskakizuna eta derrigortasun-data, dagokien taldea eta berariazko osagarri gehigarria dekretu bidez onetsiko dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5. artikuluan eta Unibertsitatez kanpoko EAEko Irakaskuntzako Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen II. tituluko I. kapituluan aurreikusita dagoenaren arabera.

3.– Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuek izan beharreko hizkuntz eskakizun eta derrigorrezkotasunak zehazteko araubide espezifikoa ezartzen duen abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak ezarritako 2. hizkuntza eskakizuna izango da Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuak bete eta berorietan aritzeko euskarazko hizkuntz gaitasunaren maila.

4.– Ikuskaritzako lurralde buruen lanpostuak eta lanpostu horren egitekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionarioek nahiz desagertutako hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskarien kidegoko funtzionarioek beteko dituzte, baldin eta dagokien lurraldean behin betiko destinoa badute.

5.– Lurralde buruak zuzenean Ikuskari Nagusiaren mendean egongo dira, eta dagozkien lurralde ordezkaritzetako arduradunen taldean parte hartuko dute. Hezkuntza arloan eskuduna den saileko titularrak izendatuko ditu titularrak, Hezkuntza Ikuskari Nagusiak proposatuta, izendapen askearen bidez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 47. eta 48. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera.

6.– Titularra bertaratu ez bada edo gaixo badago, eta orokorrean, justifikatutako arrazoiren bat badago, lurralde buruei dagozkien egitekoak Hezkuntza Ikuskarien Kidegoan antzinatasunik handiena duen lurralde buruak beteko ditu. Arabako lurraldean zonalde bakarra dagoela kontuan hartuta, lurralde burua bertaratu ez bada edo gaixo badago, bere egitekoak lurralde horretako zonaldeburuak egingo ditu.

14. artikulua.– Ikuskaritzako lurralde buruen egitekoak.

Ikuskaritzako lurralde buruen egitekoak hauek dira:

a) Lurralde Plana egiteko lana zuzentzea, Ikuskaritzako Urteko Planaren arabera.

b) Zonaldeburuen eta lurraldeko ikuskari-taldearen jarduera zuzendu, koordinatu eta orientatzea eta aholkua ematea, Lurralde Planaren arabera.

c) Bere lurraldeko ikuskarien bileren deialdiak egitea.

d) Ikastetxeen kopuru jakin bat esleitzea ikuskari bakoitzari, zonaldeburuek proposatuta.

e) Ikuskari Nagusiari proposatzea ikuskariak zonalde bakoitzari esleitzea, ikuskariei entzun ondoren.

f) Lurralde Planaren egikaritzapena kontrolatu eta ebaluatzea.

g) Lurralde Ordezkariari eta Ikuskari Nagusiari txostenak eta proposamenak igortzea, eta ikuskaritza-zonaldeetako ikuskariek egindakoak gainbegiratu eta izapidetzea.

h) Aldian-aldian ikuskari nagusiari bere lurraldean gertatzen diren gorabeheren eta aurreikusitako Ikuskaritzako Urteko Planaren betearazpenaren berri ematea, eta urtero Plan hori betetzeari buruzko memoria egitea.

i) Zonaldeko taldeei kontsulta egin ondoren, Ikuskari Nagusiari proposatzea Lurralde Unitateko kideentzako hobekuntza-jarduerak, bai eta ikuskaritzako zereginaren eraginkortasunari on egin ahal dioten neurri guztiak ere.

j) Ikuskarien lantaldeak eratzea Lurralde Plana garatzeko.

k) Lurralde arteko koordinazio-batzordean parte hartzea.

l) Une bakoitzean indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkieten beste eginkizun guztiak.

15. artikulua.– Zonaldeburuen lanpostuen egitura eta lanpostuak betetzeko modua.

1.– Ikuskaritza-zonalde guztietan zonaldeburuei esleitutako egitekoak beteko dituen ikuskari bat egongo da. Ikuskaritzako zonaldeburuen egitekoak dagokien lurraldeari esleituta dauden Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko karrerako funtzionarioek nahiz desagertutako hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskarien kidegoko funtzionarioek beteko dituzte.

2.– Zonaldeburuak zuzenean Lurralde Buruaren mendean egongo dira, eta dagozkien lurralde-batzordeetan sartuko dira. Titularrak zerbitzu-eginkizunetan izendatuko dira Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpen bidez, ikuskaritza-zonaldeari esleitutako Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko funtzionarioen nahiz desagertutako hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskarien kidegoko funtzionarioen artean merezimenduen lehiaketa egin ondoren, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioen arabera. Lehiaketa horretan, Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzak batzorde bat izendatuko du. Batzorde horrek baloratuko ditu egindako lana, zonaldeko esku-hartze proiektua eta izangaien ikuskaritza-jardueraren antzinatasuna. Zonaldeburuei egitekoak esleituko zaizkie bi urteko epealdi baterako, egindako lanaren ebaluazio positiboa egin bada. Epealdi hori lau urtera arte luzatu ahalko da.

3.– Zonaldeburu baten lanpostua araubide arruntean bete ezin bada, Ikuskari Nagusiak, salbuespen gisa, Lurralde Buruak proposatuta, egitekoak behin-behinean esleituko dizkio zerbitzu-eginkizunetan Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko funtzionario bati nahiz desagertutako hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskarien kidegoko funtzionario bati, baldin eta dagokion lurraldean behin betiko destinoa badu.

4.– Titularra bertaratu ez bada edo gaixo badago, eta orokorrean, justifikatutako arrazoiren bat badago, zonaldeburuari dagozkion egitekoak Hezkuntza Ikuskarien Kidegoan nahiz desagertutako hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskarien kidegoan antzinatasunik handiena duen zonaldeburuak beteko ditu.

16. artikulua.– Ikuskaritzako zonaldeburuen egitekoak.

Ikuskaritzako zonaldeburuen egitekoak hauek dira:

a) Zonaldeko ikuskarien jarduera zuzendu, antolatu eta koordinatzea, Lurralde Plana betetzeko.

b) Lurralde Buruari bere zonaldeko ikuskaritza-jardueraren bilakaeraren berri ematea.

c) Zonaldeko ikuskarien bileretarako deialdiak egitea, gutxienez hilean behin, Planaren koordinazioa eta jarraipena egiteko.

d) Zonaldeari esleitutako gainerako ikuskarien berezko egitekoak betetzea.

e) Lurralde Buruari proposatzea ikuskari bakoitzari ikastetxeak esleitzea, zonaldeko taldeei entzun ondoren.

f) Zonaldean Lurralde Planaren egikaritzapena kontrolatu eta ebaluatzea.

g) Dagokien Lurralde Batzordean parte hartzea.

h) Une bakoitzean indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkieten beste eginkizun guztiak.

17. artikulua.– Lurralde arteko koordinazio-batzordea: osaera eta egitekoak.

1.– Lurralde arteko Koordinazio Batzordea osatzen dute Ikuskaritza Zentralak eta Ikuskaritzako lurralde buruek; batzorde horren bilerak gutxienez hilean behin egingo dira. Gainera, zonaldeko buruek batzorde horretan gutxienez hiru bileratan parte hartuko dute ikasturte bakoitzean.

2.– Hauek dira bere egitekoak:

a) Ikuskari Nagusiaren zuzendaritzapean, ikasturte bakoitzerako Ikuskaritzako Urteko Plana egitea.

b) Urteko Planaren eta plan horren helburuen eta garapen-mailaren jarraipena eta azterketa egitea.

c) Ikuskaritza-jarduerari buruz irizpideak bateratzea hiru Lurraldeetan.

d) Lurralde Batzordeek egindako prestakuntza-eskariak aztertzea eta eskari horiei erantzuna ematea.

e) Ikuskarien lanbide-jardueran sor daitezkeen gatazka edo gorabeheretan konponbideak bideratzea.

f) Ikuskariei ikastetxeak esleitzeko beharrezko gidalerroak ematea.

g) Hezkuntza Ikuskaritzaren egitekoei zuzenean eragiten dieten gaiei buruzko eztabaidan Lurralde Batzordeek ateratako ondorioak aztertzea eta azterketa horren emaitza gisa sortzen neurriak kudeaketa-sisteman txertatzeko erabaki egokiak hartzea.

18. artikulua.– Lurralde Batzordeak: osaera eta egitekoak.

1.– Lurralde Batzordeak osatuko dituzte Ikuskaritzako Lurralde Buruak eta zonaldeburuek.

2.– Hauek dira beren egitekoak:

a) Ikuskaritzako Lurralde Buruaren zuzendaritzapean Lurralde Plana egitea, Ikuskaritzako Urteko Planaren gidalerroei jarraikiz.

b) Lurralde Planaren bilakaeraren jarraipena egitea.

c) Lurralde arteko Batzordean hartutako erabakiei buruzko informazioa jasotzea.

d) Ikuskaritza-jarduerari buruz irizpideak bateratzea Lurralde bakoitzean.

e) Lurralde Plana garatzeko beharrezkoak diren Ikuskarien lantaldeak era daitezela proposatzea.

f) Lurraldean ikuskaritza-jardueraren inguruan sortzen diren gorabehera guztien berri izatea, eta kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak proposatzea.

g) Lurralde arteko Koordinazio Batzordeari proposatzea zonaldeko taldeek eskatutako prestakuntza-jarduerak, beharrezkotzat jotzen badira.

h) Hezkuntza Ikuskaritzaren egitekoei zuzenean eragiten dieten gaiei buruzko eztabaidan zonaldeko taldeek ateratako ondorioak aztertzea eta Lurralde arteko Koordinazio Batzordeari azterketa horren emaitzaren berri ematea.

19. artikulua.– Zonaldeko taldeak: osaera eta egitekoak.

1.– Zonaldeko Ikuskaritza-taldeak zonalde bakoitzeko ikuskariek osatzen dituzte. Gutxienez hilean behin bilera arrunta egingo dute.

2.– Hauek dira beren egitekoak:

a) Urteko Plana eta Lurralde Plana betearaztea.

b) Proposamenak egitea Ikuskaritza Planetan sartzeko.

c) Zonaldean Lurralde Planaren bilakaeraren jarraipena eta balorazioa egitea.

d) Lurralde Batzordean hartutako erabakiei buruzko informazioa jasotzea.

e) Zonaldean ikuskaritza-jarduerari buruzko irizpideak bateratzea, eta horretarako, egindako jarduerak, aurkitutako eragozpenak eta arazoen konponbideak bateratzea.

f) Zonaldeburuaren kontsultak jasotzea ikuskari bakoitzari erreferentziako ikastetxeak esleitzeari dagokionez, Dekretu honetan ezarritako irizpide eta prozeduren arabera.

g) Beharrezkotzat jotzen diren prestakuntza-jarduerak proposatzea.

h) Hezkuntza Ikuskaritzaren egitekoak betetzeari zuzenean eragiten dioten gaiei buruzko eztabaidan parte hartzea, parekideen arteko ikasketa sustatzea eta Lurralde Batzordeari ondorioen berri ematea.

20. artikulua.– Lantaldeak eta Lan Batzordeak.

1.– Lehenago azaldu diren Lurralde arteko Koordinazio Batzordeez, Lurralde Batzordeez eta Zonaldeko taldeez gain, Hiru Urteko Plan Orokorretan eta Urteko Planetan zehazten denaren arabera lantaldeak eratuko dira Ikuskaritzako Urteko Planetan abiarazten diren prozesu eta azpiprozesuetako jarduerak antolatu eta koordinatzeko. Espezializazio printzipioaren arabera, gainera, Lan Batzorde batzuk eratuko dira elkarlan-zereginak edo beste zeregin batzuk edo laneko beste arlo espezifiko batzuk garatzeko. Talde eta batzorde horiek aldi baterakoak izango dira.

2.– Lantaldeen eta lan batzordeen kopurua eta haien osaera Hiru Urteko Plan Orokorretan eta Ikuskaritzako Urteko Planetan ezarriko dira. Ikuskari Nagusiak hezkuntza ikuskariak lantaldeei eta lan batzordeei esleituko dizkie, lurralde buruek proposatuta, Lurralde Batzordeei eta proposatutako ikuskariei entzun ondoren.

3.– Lantaldeen eta lan batzordeen esleipena gutxienez ikasturte batean mantenduko da. Salbuespen gisa, Ikuskari Nagusiaren baimenarekin, ikasturte bat baino gutxiago irauten duten lantalde edo lan batzordeek funtzionatu ahalko dute.

21. artikulua.– Lan Batzordeak.

Aldi baterako Lan Batzordeen xedea elkarlan-zereginak edo beste zeregin batzuk edo laneko beste arlo espezifiko batzuk garatzea da. Gutxienez ondoko hauek eratuko dira:

1.– Kalitate Batzordea. Ikuskari Zentral batek koordinatutako eta Lurralde bakoitzeko ikuskariek osatutako Kalitate Batzordea eratuko da. Ikuskari Nagusiaren mendean egongo den batzorde horren xedea Ikuskaritzak egindako jarduera guztiak etengabe hobetzea izango da. Hauek dira bere egitekoak:

a) Ikuskaritza kudeatzeko sistemaren agiri guztiak kontrolatu, aztertu eta eguneratzea, prozesu eta azpiprozesuetako taldeekin koordinatuta.

b) Taldeei aholkua ematea, beren jarduerak egitean kontuan hartu behar dituzten kudeaketa-sistemaren eskakizunei buruz.

c) Ikuskaritzaren kudeaketa-sistema aplikatzean proposatzen diren aldaketa eta ekintzen berri ematea Ikuskari Nagusiari, azter ditzan eta bidezkoa bada onar ditzan.

d) Kudeaketa-sistemaren barruan edo Ikuskari Nagusiak aginduta esleituta dituen beste eginkizun guztiak.

2.– Euskararen erabilera batzordea. Ikuskari Nagusiaren mendean egongo den eta Ikuskari Zentral batek koordinatuko duen batzorde hori Lurralde bakoitzeko ikuskariek osatuko dute. Bere egitekoa komunikazio eta txostenetan eta ikastetxeekiko harremanean euskararen erabilera bultzatu eta hobetzea izango da. Hauek dira bere egitekoak:

a) Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ezartzea Ikuskaritza Zentralarekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiarekin bat etorriz.

b) Euskararen erabilera sustatzea Hezkuntza Ikuskaritzaren barneko komunikazioetan nahiz ikuskaritza horren eta hezkuntza komunitateko beste kide batzuen arteko harremanetan.

c) Ikuskaritzak euskaraz egiten dituen komunikazioen hobekuntza bultzatzea, komunikazio horien kopuruari nahiz kalitateari dagokienez.

d) Euskararen araudiari eta erabilera egokiari buruzko prestakuntzan buru izatea.

e) Ikuskari Nagusiak euskararen arloan esleitzen dizkion beste eginkizun guztiak.

3.– Berdintasun planaren batzordea. Ikuskari Nagusiaren mendean egongo den eta Ikuskari Zentral batek koordinatuko duen batzorde hori Lurralde bakoitzeko ikuskariek osatuko dute. Hauek dira bere egitekoak:

a) Hezkuntza arloan eskuduna den organoak berdintasuna, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sustatzeko bultzatzen dituen plan estrategikoetan ikuskaritzari esleitzen zaizkion ekintzak bete daitezela sustatzea.

b) Ikastetxeek plan horietan gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreala, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa sustatzeko proposatzen diren ekintzak egin ditzatela bermatzeko prozedurak ezartzea.

c) Ikuskaritzak berdintasunaren arloan ematen duen prestakuntzan buru izatea.

d) Hezkuntza sisteman berdintasunaren arloan eta hezkidetzarako eta genero-indarkeriaren prebentziorako eskolaren ereduaren garapen-mailari buruz egiten diren aurrerapausoak garatzeaz eta horien jarraipen, azterketa eta ebaluazioa egiteaz arduratu behar duten erakundeekin elkarlanean aritzea.

e) Ikuskari Nagusiak genero berdintasunaren arloan esleitzen dizkion beste eginkizun guztiak.

22. artikulua.– Lantaldeak.

Lantaldeak aldi baterako taldeak dira, eta Urteko Planetako prozesuen eta azpiprozesuen plangintzaz, koordinazioaz eta jarraipenaz arduratzen dira. Ikuskari Zentral batek koordinatuta, egiteko hauek izango dituzte:

a) Esleitutako prozesu edo azpiprozesua planifikatzea, ikuskaritzaren kudeaketa-sistemaren eskakizunen arabera.

b) Prozesu edo azpiprozesua egikaritzeko plangintza eta laneko metodologia proposatzea, Lurralde arteko Batzordean onartzeko.

c) Prestakuntza nahiz eta jarraibideen eta prozesua edo azpiprozesua garatzeko beharrezkoak diren agirien hedapena bultzatzea.

d) Lurraldeetan prozesuaren edo azpiprozesuaren egikaritzapenaren bilakaeran buru eta koordinatzaile izatea.

e) Lurralde Buruari lurraldeetan prozesuak edo azpiprozesuak duen garapen mailaren berri ematea.

f) Egin beharreko txostena egitea, prozesuaren edo azpiprozesuaren beraren egikaritzapena ebaluatzeko eta egin daitezkeen hobekuntza-ekintzak proposatzeko.

g) Ikuskari Nagusiak esleitzen dizkion beste eginkizun guztiak.

III. KAPITULUA
IKUSKARIEN KIDEGOAN SARTZEA ETA LANPOSTUAK BETETZEA

23. artikulua.– Ikuskaritza-lanbidean sartzeko eta lanpostuak betetzeko prozedura.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ikuskarien Kideagoan sartzea eta Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko funtzionarioen lanpostuak betetzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzeko abenduaren 19ko 15/2008 Legean ezarrita dagoena beteko da.

24. artikulua.– Lanpostuak aldi baterako betetzea.

1.– Lanpostuak aldi baterako betetzeko prozedura Ikuskari Nagusiaren ekimenari jarraikiz egingo da. Ikuskari Nagusiak eskaria igorriko dio Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzari, beharrizanaren eta premiaren aldetik justifikatutako arrazoiak badaude, eta ondoko inguruabarretako bat gertatzen denean:

a) Hezkuntza Ikuskarien Kidegoko lanpostu hutsak egotea, horiek karrerako funtzionarioen bidez bete ezin direnean.

b) Titularrak aldi baterako ordeztea.

2.– Lanpostuak aldi baterako beteko dira irakasle funtzionarioekin, zerbitzu-eginkizunetan. Irakasle funtzionario horiek Hezkuntza Ikuskarien Kidegoan sartzeko ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Zerbitzu-eginkizunek gehienez bi urte iraungo dute. Epealdi hori beste bi urte luzatu ahalko da, horretarako ezartzen den prozeduraren bidez ikuskaritza-jardueraren ebaluazioa egin ondoren.

4.– Lanpostu hutsak edo titularra kanpoan duten lanpostuak hornitzeko zerbitzu-eginkizunak honako zio hauetakoren batengatik amaituko dira:

a) Lanpostu-erreserba duen Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien kidegoko funtzionarioa itzuli edo berriro lanera bueltatu delako.

b) Lanpostua behin betiko bete delako edo Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien kidegoko funtzionarioa behin-behinean esleitu delako.

c) Zerbitzu-eginkizunetarako beharrizana eta premiarik ez dagoela uste denean.

d) Langileak zerbitzu-eginkizunei uko egitea onartu izanaren ondorioz.

e) Zerbitzu-eginkizunak berariaz ezeztatu direnean edo bertan jarduteko gehieneko epea amaitu denean.

5.– 4. idatzi-zatiko a, b eta c hizkietan aurreikusitako kasuetan, zerbitzu-eginkizuna egiteari utziko dio dagokion lantokian Hezkuntza Ikuskaritzaren zerbitzuan denborarik laburrena emanda duen pertsonak. Batek baino gehiagok eman badute denbora bera plaza horietan lanean, lehenbizi irakaskuntzako karrerako funtzionario gisa lanean eman duten denbora hartuko da kontuan, eta hala ere berdinduta segitzen badute, irakaskuntzan lanean emandako guztirako gutxieneko denbora hartuko da aintzat.

25. artikulua.– Hezkuntza ikuskari lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda.

1.– Ikuskarien lanpostuak gutxienez ikasturtearen iraupen bereko epealdi baterako betetzeko, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuetan aldi baterako beharrizanak betetzeko zerrendako izangaiak hautatuko dira.

2.– Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuetan aldi baterako beharrizanak betetzeko izangaien zerrenda osatuko dute honako talde hauek, lehentasunaren hurrenkeran ordenatuta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskarien kidegoan sartzeko hautaketa-prozesu bateko oposizio-fasea gainditu duten izangaiak, lanposturik lortu ez badute, hautaketa-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Izangaien zerrenda hautaketa-prozesu diferentetatik datozen pertsonek osatzen dutenean, zerrendan antzinatasun handiagoaren arabera ordenatuko dira pertsona horiek.

b) Zerbitzuak ikuskaritza-lanpostuetan eman dituztenak, lanpostua utziko badute, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuetan zerbitzuan emandako denbora luzeenetik laburrenera antolatuko dira. Izangai batek baino gehiagok eman badute denbora bera plaza horietan lanean, lehenbizi irakaskuntzako karrerako funtzionario gisa lanean eman duten denbora hartuko kontuan, eta hala ere berdinduta segitzen badute, irakaskuntzan lanean emandako guztirako denbora hartuko da aintzat. Ikuskari-jardueran aurkako ebaluazioa jaso duena izangaien zerrendatik baztertuta geratuko da.

c) Hezkuntza ikuskaritzako lanpostu libreak zerbitzu-eginkizunetan betetzeko egindako deialdi batean aurkeztu diren izangaiak, deialdian ezarritako gutxieneko eskakizunak gainditu badituzte eta lanposturik lortu ez badute, lanpostua betetzeko deialdian lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta. Azken kasu horretan, bi hautagai edo gehiago berdinduta geratzen badira guztirako puntuazioan, baremoko atal bakoitzean punturik gehien lortu dituenak edukiko du lehentasuna, baremo horretan duten hurrenkeraren arabera. Hala ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiataletako puntuazioak hartuko dira kontuan, baremoan agertzen diren hurrenkeraren arabera.

3.– Ikasturtea hasita dagoela, gutxienez ikasturtearen iraupen bererako lanpostu hutsak edo ordezkapenak zerbitzu-eginkizunean betetzeko, kontuan hartuko dira, lehenengoz, zerrendako pertsonak, talde bakoitzerako ezarritako lehentasunaren eta ordenaren arabera.

4.– Zerrenda hutsik badago edo, lanpostuak izangaien zerrendako pertsonei lanpostuak esleitu ondoren, oraindik lanposturen bat hutsik badago, Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzak ebazpen bidez eta Administrazioaren ohiko prozeduren bitartez Hezkuntza Ikuskaritzan hutsik dauden lanpostuen deialdia argitaratuko du, lanpostu horiek zerbitzu-eginkizunetan betetzeko, kontuan hartuta berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak. Lanpostuen deialdian baloratuko dira lanbide-esperientzia, zuzendaritza-karguak bete izana, merezimendu akademikoak eta prestakuntza, eta gainera hitzaldi eta argitalpenak ere bai. Deialdian, halaber, memoria bat aurkeztu eta baloratuko da, eta kasua izanez gero, memoria hori defendatu ere egin beharko da.

5.– Zerbitzuak ematen dituen lurralde berean lanpostu huts bat betetzera deituz gero lanpostu huts horri uko egiten bazaio, izangaia zerrendatik baztertuta geratuko da. Hala ere, Gipuzkoako lurraldean zerrendan dauden eta lurralde horretan zerbitzuak ematen dituzten izangaiek uko egin ahalko diete egoitza Eibarren duten ikuskaritzako lanpostu hutsei. Kasu horietan, uko egin arren ez dira zerrendetatik baztertuta geratuko.

Zerbitzuak ematen dituena ez den lurralde batean ikuskari lanpostu huts bat betetzera deituz gero, lanpostu huts horri uko egiteak ez du zerrendatik baztertuta geratzea ekarriko.

IV. KAPITULUA
HEZKUNTZA IKUSKARITZAREN ARLOKO PRESTAKUNTZA

26. artikulua.– Prestakuntza eta eguneraketa.

1.– Lanbide-jardueran prestakuntza eta eguneraketa eskubidea eta betebeharra da hezkuntza ikuskari guztientzat.

2.– Ikuskari Nagusiak prestakuntza instituzionaleko planak sustatu beharko ditu. Plan horiek Ikuskaritzako Urteko Planetan txertatuko dira, kudeaketa-sisteman ezarrita dauden bitartekoak erabiliz ikuskarien prestakuntza-beharrizanak jaso ondoren.

3.– Prestakuntza-plan horietan hainbat motatako prestakuntza-ekintzak planifikatuko dira:

a) Ikuskari berrien hasierako prestakuntzarako ekintzak. Halakoak harrera-planetan aurreikusiko dira.

b) Lanbide-gaitasunak finkatzea helburu duten jarduerak. Mota horretako ekintzetan barruan hainbat modalitatetako prestakuntza eskainiko da, lanbide-jarduerarekin lotutako alderdi teorikoak nahiz prestakuntza eta informazio nahikoa ematea duten beste jarduera praktiko batzuk, jarduera-planetan aurreikusitako jarduerak errazago egin ahal izateko. Halaber, partekatzeko eta lanbide arloko eztabaida egiteko beste saio batzuk sustatuko dira, esku-hartzeak egiteko moduari buruz eta planifikatutako tresnen erabilerari buruz, esku-hartzerako irizpideak bateratze aldera. Zonaldeko taldeen bileren bitartez, halaber, lanbide-garapena ere ahalbidetuko da, eta hala parekideen arteko ikasketa sustatuko da.

4.– Prestakuntza-planeko jardueretan parte hartzea derrigorrezkoa da, Urteko Planeko gainerako jardueretan bezala. Prestakuntza beti lotuta dago ikuskari guztientzako jarduera orokorretan egindako ikuskaritza-jardueran aritzearekin; beste kasu batzuetan, jarduera espezializatuekin egongo da lotuta. Prestakuntza eta euskararen erabileraren sustapena lehentasunezkoak izango dira Hezkuntza Ikuskaritzaren Urteko Planetan. Gainera, gaitasun digitalaren garapena eta atzerriko hizkuntzen ezagutza –bereziki ingelesa– sustatzeari ere arreta eskainiko zaie.

5.– Gainera, hezkuntza arloan eskumena duen sailak irakasleen prestakuntza eta hobekuntzarako antolatzen dituen ikastaro, laguntza eta diru-laguntzetan parte hartu ahalko dute Hezkuntza Ikuskariek, eta zientzia, teknika, lanbide, elkargo edo elkartegintza arloko ekitaldi kolektiboetara ere joan ahalko dira. Jarduera horietan parte hartzeko, Ikuskari Nagusiak baimena eman beharko du, Ikuskaritzako Lurralde Buruak ontzat emanez gero.

6.– Lurralde bakoitzean lurraldeko mintegiak egin ahalko dira ikuskaritza jardueren buruzko funtsezko alderdiei buruz. Mintegi horiek ikuskariek koordinatuko dituzte, baldin eta borondatez zeregin hori beren gain hartu nahi badute; halakoetan parte hartzea borondatezkoa izango da, Ikuskaritzako Lurralde Buruak baimena ematen badu.

7.– Hezkuntza Ikuskaritza talde gisa hartzeari dagokionez, eta berrikuntzaren sustapena eta jardunbide onen elkartrukea xede izanik, Hezkuntza Ikuskaritzak hezkuntza arloko ikerketarekin eta pedagogi arloko prestakuntzarekin zerikusia duten beste ikuskaritza eta erakunde batzuekin elkarlanean aritzeko jarduerak sustatu eta planifikatu ahalko ditu. Alde horretatik, ildo estrategiko hau landu beharko da: Hezkuntza Ikuskaritzaren Europako dimentsioa sendotzea, beste herrialde batzuetako eta hezkuntzako beste sektore batzuetako bazkideekiko elkarlana indartzeko.

V. KAPITULUA
HEZKUNTZA IKUSKARITZAREN EBALUAZIOA

27. artikulua.– Hezkuntza Ikuskaritzaren ebaluazioa.

1.– Hezkuntza Ikuskaritzak, Hiru Urteko Plan Orokorra eta Urteko Planak egitean, jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat ezarriko du proposatutako helburuak noraino bete diren zehazteko eta jardueren emaitzak baloratzeko. Ikuskaritza-jardueretan adierazle batzuk hartuko dira kontuan emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

2.– Barneko ebaluaziorako sistemez gain, ezartzen diren kanpoko ebaluazio- eta azterketa-prozesuen mendean egongo da Hezkuntza Ikuskaritza.

28. artikulua.– Ikuskaritza-zereginaren ebaluazioa.

1.– Ikuskaritza-zeregina ebaluatuko da, eta horretarako erreferentzia gisa hartuko dira ikuskaritza-lanarekin lotutako gaitasunak; helburua, hezkuntza ikuskarien lanbide-jarduera hobetzea izango da. Ebaluazioaren erreferentzia izango dira gaitasun tekniko eta profesionalak, sozialak, etikoak eta profesionalak, ikuskaritza-zeregina betetzeko beharrezkoak diren aldetik. Ebaluazioa erabilgarritasun, bideragarritasun, egokitasun (legezko modua eta etikoa) eta zehaztasun (emaitza nabarmen eta fidagarriak) estandarren arabera egingo da.

2.– Zerbitzu-eginkizunetan ari diren ikuskarien zerbitzu-eginkizun horiek luzatzeko, egindako lanaren ebaluazio positiboa jaso beharko da, aurreko idatzi-zatian ezarritako erreferentziaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikuskariak Dekretu honen eranskinean ezarrita dauden guneei esleitzeko prozesua 2015-2016 ikasturtearen amaieran egingo da, eta ondorioak sortuko ditu 2016ko irailaren 1etik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.– Indargabetuta geratzen dira honako xedapen hauek:

a) Abenduaren 11ko 342/2001 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Ikuskaritzaren antolaketa arautzen duena.

b) 2002ko ekainaren 18ko Agindua, Hezkuntzako Ikuskaritzaren antolaketa eta funtzionamendua zehazten dituena (EHAA, 2002-07-02).

2.– Indargabeturik geratzen dira, orobat, Dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik beronek xedatutakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Otsailaren 3ko 23/2009 Dekretua aldatzea, zeinaren bidez Batxilergoko curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen baita.

20 bis artikulua gehitzen zaio otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuari (dekretu horren bidez, Batxilergoko Curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen da). Artikulu hori honela dago idatzita:

«1.– Batxilergoa egiten duten ikasleak Oinarrizko Hezkuntzan aukeratutako hizkuntza-eredu berean eskolatzea bermatuko du hezkuntzaren alorreko eskumena duen sailak. Ildo horretan, euskarazko prestakuntza-eskaintza sustatuko du Batxilergoan: D ereduko eskaintza areagotuko du; B ereduan, eskaintza ezarriko du, pixkanaka eta plangintza bati jarraituz; eta, A ereduan, ikasgaiak euskaraz ematea bultzatuko du.

2.– Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan jasotako ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak nola irakatsiko eta erabiliko diren finkatuko du Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuak, eta zehaztuko du zer-nolako trataera izango duten hizkuntzek Ikastetxeko Curriculum Proiektuan, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen Hamargarren Xedapen Gehigarrian aurreikusita dagoenaren arabera.»

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko ekainaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

EKAINAREN 28KOA 98/2016 DEKRETUAREN ERANSKINA.
IKUSKARITZA-ZONALDEAK.
ARABA.

1. zonaldea: horren barruan daude eskola-bilgune hauek: Aiara, Gasteiz, Arabako Errioxa eta Ekialdeko Lautada.

Ikuskari-kopurua: 11.

Lantokia: Vitoria-Gasteiz.

BIZKAIA.

1. zonaldea: horren barruan daude eskola-bilgune hauek: Busturia-Busturialdea, Lea-Artibai, Durangaldea eta Arratia.

2. zonaldea: horren barruan daude Txorierri-Mungia eta Eskuinaldea eskola-bilguneak.

3. zonaldea: horren barruan daude eskola-bilgune hauek: Nerbioi eta Bilbo.

4. zonaldea: horren barruan daude eskola-bilgune hauek: Enkarterri, Meatzaldea, Barakaldo eta Ezkerraldea.

Ikuskari-kopurua: 44.

Lantokia: Bilbao.

GIPUZKOA.

1. zonaldea: horren barruan daude eskola-bilgune hauek: Donostia, Errenteria eta Bidasoa.

2. zonaldea: horren barruan daude eskola-bilgune hauek: Goierri, Urola-Kosta, Tolosaldea eta Lasarte.

Ikuskari-kopurua: 21.

Lantokia: Donostia.

3. zonaldea: horren barruan daude eskola-bilgune hauek: Debagoiena eta Debabarrena.

Ikuskari-kopurua: 5.

Lantokia: Eibar.


Azterketa dokumentala