Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2016ko ekainaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2489

AGINDUA, 2016ko ekainaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira Irale programaren barnean 2016. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako laguntzak.

Irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko programa (Irale) arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduak (1994-02-11ko EHAA) bere hirugarren atalean dioenez, Irale programak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko ikastetxeetan, publiko zein pribatutan eta edozein irakasmailatan, lanean diharduten irakasleak hartuko ditu kontuan.

Hezkuntza Sailburuordetzak 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetarako Aurkezpen Txostenak argitaratuak ditu formato elektronikoan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara), bertan ikastetxe pribatuetako irakasleei irakastordu barneko ikastaroetan parte hartzeko aukera ematen zaielarik.

Kontuan hartu ditu, bide batez, ondoko lege eta dekretu hauek: batetik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoak, eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lege hori garatzen duen eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz; bestetik abenduaren 20ko 4/2013 Legea, zeinaren bitartez Eusko Legebiltzarrak, besteak beste, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren gastuen egoera onartu baitzuen. Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Agindu honen xedea da 2016. urtean IRALE programaren irakastordu barneko ikastaroren batean ikasketari gisa ari den irakaslerik duten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoei dei egitea, aipatu irakasleen ordezkatzeak sortutako gastuei aurre egiten laguntzeko asmoz. Honetarako, 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik 2.370.000,00 euroko diru-partida erabiliko da.

Diru-laguntza bi epe-alditan banatuko da: lehenengo ebazpena, urtarriletik ekainera artekoa, partida osoaren % 70 izango da, gehienez. Bigarren ebazpena, berriz, irailetik abendura artekoa. Lehen ebazpenean sobratzen dena bigarrenera pasako da.

2. artikulua.– Deialdi honetan honako hauek parte hartu ahal izango dute:

a) 2016. Urtean, irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematerakoan irakasle bat edo gehiago onartu(ko) zaizkien ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

b) Dagokion ikastetxeko zuzendariak aipaturiko irakasleak liberatuak izateko adostasuna emandako ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

3. artikulua.– Ikastetxe pribatuetako irakasle batek edo gehiagok, adierazitako epean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzea eskatua izan beharko du ikastetxe horiek diru-laguntza jaso ahal izateko.

Gainera, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe pribatuak ondoko errekerimendu hauek bete beharko dituzte:

a) Diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen ari datekeen itzultze edo zigortze-jardunbidea bukatuta egotea, baldin eta laguntza eta diru-laguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude.

b) Zigor-edo administrazio-arloko zigorra jaso duten eta, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonek edo erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

c) Diru-laguntza eskatzen duten entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izan behar dute.

Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzailea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharretan egunean dagoela ziurtatzeaz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenak, arautzen duen bezala.

d) Eskatzaileak berariazko baimena ematen dio laguntza kudeatzen duen organoari, gainontzeko datuak edota dokumentazioa lortu edo egiaztatu ditzan, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere, eta herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak eragotzi gabe.

e) Ikastetxeak ekimen honetarako beste erakunderen baten diru-laguntza jaso edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du eskabide-orriari erantsitako orri batean, edozein modutan ere diru-laguntzen baturak ezingo duelarik gainditu gastuaren % 100. Horretarako, behar den neurrian murriztuko da legokiokeen diru-laguntza.

f) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluak dioena izaera orokorrarekin aplikatuko da.

4. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi honen bidez eskaintzen duen diru-laguntza irakastordu barneko ikastaroetarako da. Irakasle baten ordezkoari dagokion diru-laguntza, irakasle horren irakasmailak eta ordezkotza-kontratuaren noiztik noiz artekoak erabakitzen dute.

Hala ere, irailetik abendura arteko ebazpenari dagozkion diru-laguntzak emateko orduan zera egingo da: atal honen hurrengo pasartean ezarritako diru-banaketak egin ondoren, soberakin hori txanda horretako bertako diru-laguntzen onuradunen artean banatu, hainbanaketa eginez (hots, guztien arteko diru-zatiketa eginez). Soberakin horren banaketa osagarriaz, hori bai, inola ere ezingo da ordezkoaren gastu osoaren % 100 baino handiagoko diru-laguntzarik eman.

Diru-laguntza munta zehazteko, honako laguntza-kopuru hauek ezarri dira, kostu gordin osoaren % 80ri dagozkionak:

(Ikus .PDF)

5. artikulua.– Diru-laguntza hori lanaldiaren proportzioan emango da, ordezko irakaslea egun osoz hartu ordez denbora gutxiagorako kontratatzen den kasuetan.

Liberatuta dagoen ikasketariak baja-aldirik badu, Iralek ez dio ikastetxeari baja-aldiari dagokion neurrian pertsona horren ordezkotza-gasturik ordainduko.

Gizarte Segurantzak ordaintzen duen zatia, ez du deialdi honek estaliko.

6. artikulua.– Irakasle ordezkoari ikastetxeak ordainduko dio honen lan-hitzarmenak dioenari jarraikiz, eta ordaindu beharreko kopurua kontratuan ezarritako maila profesionalari dagokiona izango da.

Plazaren jabearen titulazioa eta irakasle ordezkoarena berdina izango da, edo bateragarria.

Ordezkotzaren epea Iralera doan titularraren liberaziozko epearen parekoa izango da, gehienez. Aipaturiko ordezkapena irakasle baten bidez edo batzuen artean egin ahal izango da.

Iraleko ordezkoaren lan-hitzarmenak bitarteko izaera izango du, irakasle erlijiosoen kasuan izan ezik. Mugagabeko lan-hitzarmena duten irakasleak ondoko kasu hauetan onartuko dira:

a) Aurreko ikasturtearekiko, ikastetxean itundutako gela-kopurua murriztu denean, baina irakasle-kopurua mantenduz.

b) Ikastetxeak lanaldi partzialean diharduten irakasleak dituenean, baina lanaldia handitzeko xedearekin.

7. artikulua.– Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxe pribatuek bete behar hauek dituzte:

a) Diru-laguntza onartzea. Jasoko den diru-laguntzaren berri izan eta 15 eguneko epean diru-laguntza horri idatziz uko egiten ez bazaio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

d) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluak dioena izaera orokorrarekin aplikatuko da.

8. artikulua.– Diru-laguntzetarako eskabideak ikastetxeak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabetekoa izango da. Eskabide-orria bete ondoren, modu elektronikoan, https://euskadi.eus/ Egoitza Elektronikoan aurkeztuko da. Izapidetze elektronikoa honako arauek erregulatzen dute: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarenak, Platea plataforma, E-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

1.– Eskabide-orria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/irale-pribatuak/y22-izapide/eu) egongo da eskuragai.

2.– Tramiteak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragai (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/irale-pribatuak/y22-izapide/eu).

3.– Eskaeraren ondorengo tramiteak (kontsultak, agiriak aurkeztea etab.) helbide honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Horrezaz gainera, 2015-2016 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2016ko urtarriletik ekainera arte) liberaturik dauden irakasleen kasuan, ikastetxeak ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsi beharko dio eskabideari.

2016-2017 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2016ko irailetik abendura arte) irakasleren bat liberatzen duten ikastetxeek, berriz, ikastaroa hasi eta hilabeteko epea izango dute ordezko irakaslearen kontratuaren kopia aurkezteko. Dokumentazioa behar den epean aurkeztu ezean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ez dio ikastetxe horri diru-laguntzarik emango.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren ‘Nire Kudeaketak’ atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Eskabidean jasotako datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren fitxategi informatizatuetan sartuko dira. Legeak jasotzen dituen sarbide-, zuzenketa-, deuseztapen- eta aurkakotasun-eskubideak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabil daitezke (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

11. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

Diru-laguntzak emateko orduan IRALEren irakastordu barneko hautatze-irizpideak, urtero-urtero Aurkezpen Txostenean definitzen direnak, kontuan hartu beharko ditu agindu honek. Hori dela-eta, kontuan izango ditu Sailak esparru horretako ikasketarien lehentasun-irizpideak, ikastetxe pribatuetako edo gizarte-ekimenezko ikastetxeetako ordezkari adituekin batera adostasun-puntuak eskuratzen saiatuz. Horretarako, sare pribatuko euskalduntze alorreko jarraipen-batzordea (JARRAIBA) eratua dago, bere partaideak ondoko hauek izanik:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua;

Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduraduna, idazkari;

Patronalaren ordezkariak;

Unibertsitateaz kanpoko eskola-sare pribatuko sindikatuen ordezkariak.

12. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren 4. atalaren 3. puntuak xedatzen duenez(1994ko otsailaren 11ko EHAA), Aurkezpen Txostenez jakinaraziak ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aldian aldiko ekitaldiaren baldintza konkretuak. Horien arabera, 2016. urtean egin beharreko liberazio-txanda bakoitzaren iraupena 2015-2016 ikasturterako eta 2016-2017 ikasturterako Aurkezpen Txostenetan ezarritakoa izango da edota, bestela, bertan adierazten den moduan, hori eguneratzen duen edozein arautan adierazten den hainbatekoa.

13. artikulua.– Irale programaren bidez irakastordu barnean liberatuta dagoen irakasleak ez du aldi horretan irakasletzan jardungo eta bere ikastetxeak ezin izango dio diru-kopururik bere soldatatik kendu.

14. artikulua.– Ikasketarigaien kopurua 2016ko dirubideek onar dezaketena baino handiagoa denean, Iraleren Aurkezpen Txostenean emandako lehentasun-irizpideen arabera jokatuko da. Beraz,

1.– Kupoa izango da, batetik, HE1erako eta HE2rako prestatze-ikastaroetarako. Kupo horretan honako hauek izango dira oinarrizko ezaugarriak eta lehentasunak.

a) Lehendabizi jarraipenezkoak liberatuko dira: U3koak eta U2koak.

b) Horien ondoren, U3 ikastaroetan hastera doazenak: 2016an gehienez 57 urte betetzen dutenak. Hortik gorako kasu bereziak jarraipen-batzordean (Jarraiba) aztertuko dira.

2.– Dagoen diru-partida kontuan izanik eta gaia Jarraiban landu ondoren, azpikupo bat adostuko da R ikastaroetarako. Kupo hori betetzeko, honako hautapen-irizpideak izango dira gidari:

a) Lehendabizi, 2016an gehienez 55 urte betetzen dutenak aukeratuko dira, eta, gero, lekurik balego, 55etik gorakoak: lehenik, 2016an 56 urte betetzen dutenak, gero 57, 58... kupoa amaitu arte.

b) Ikastetxe bakoitzetik aldi berean irakasle gehiegi R ikastaroetara joan ez dadin, arrazoizko neurri-mugak jarriko dira. Zehatz azaltzeko, honako hauek:

• 12 gela arteko ikastetxeetan, irakasle bakarra.

• 13 gelatik 24ra arteko ikastetxeetan, bi irakasle.

• 25 gelako (edo hortik gorako) ikastetxeetan, hiru irakasle.

c) HE2, EGA edo baliokidea lehenago lortutako irakasleak lehenetsiko dira.

d) Aurreko puntuan berdinketarik balego, adinez gazteenak lehenetsiko dira.

15. artikulua.– Berariaz sortutako ebazpen-batzorde batek banan-banan aztertuko ditu ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoen laguntza-eskabideak, baldintzak bete dituzten ala ez aztertuz. Horren arabera 2016. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzeko aukeratuen zerrendetako irakasleen ordezkapenen kontzeptupean zein ikastetxeri diru-laguntza eman proposatuko dio batzorde horrek Hezkuntzako sailburuordeari, azken honek dagokion ebazpena argitara dezan. Bertan, ikastetxe bakoitzean liberazio partziala edo osoa izan duten irakasleen zerrenda azalduko da. Aipaturiko ebazpen-batzordearen partaideak hauek izango dira:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua eta bertako IRALE programaren arduraduna, azkenengo hau idazkari;

Hezkuntza Ordezkaritza bakoitzeko Hezkuntza Berriztatze Zerbitzu burua edota euskara atalburua;

Irakaskuntza pribatuko euskalduntze arloko jarraipen-batzordeko kide bat, patronalaren izenean;

Jarraipen-batzordeko beste kide bat, sindikatuen izenean.

16. artikulua.– Hezkuntza Sailburuordetzak bi laguntza-ebazpen jakinaraziko ditu dagozkien epe-aldiei. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko dira, eta jakinarazi eta biharamunetik hasita izango dute eragina.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

Lehenengo laguntza-ebazpenean 2015-2016 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2016ko urtarriletik ekainera) liberatuta egonik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagunduko dituen irakasleen zerrenda jakinaraziko du, 2016ko urriaren 15a baino lehen. Bigarren laguntza-ebazpena, aldiz, 2016-2017 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2016ko irailetik abendura) liberatutako ordezko irakasleen kontratua aurkezteko azken egunaren biharamunetik gehienik sei hilabetera jakinaraziko du, txanda horri dagokion diru-laguntzaren kopuruen zerrenda adieraziz.

Ezarritako epeetan ebazpenak jakinarazten ez badira, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.

Ebazpen hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita.

17. artikulua.– Diru-laguntza hauek denak batera ordainduko dira, salbu eta agindu honen 10. atalean finkatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezko bakoitzari dagokion diru-laguntza ordainduko dio liberazio txanda amaitutakoan, betiere, txanda horretan gertatutako gorabeherak kontuan harturik.

18. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu diru-laguntzok begiz jotako helbururako erabiltzen direla ziurtatzeko. Hau bete ezean, ikastetxeak itzuli egin beharko ditu. Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, jaso duen diru-kopurua eta horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala