Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2016ko ekainaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2487

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, deialdia egiten zaie Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteei hizkuntza-proiektu funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) garatzeko eta, proiektu horiei lotuta, irakasleek atzerriko hizkuntzako prestakuntza jasotzeko 2016-2017 ikasturtean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 plana onartu zuen, 2020rako Europako esparruak ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuteko, hezkuntza eta prestakuntzari dagokienez eta gure testuinguru eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkak kontuan hartuta. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea egoera funtzional konplexuak konpontzera.

Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzako definitutako irteerako profil orokorra, hau da, oinarrizko hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: arazoak konpontzeko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko behar dira. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Zeharkako konpetentzietako bat da ahozko komunikaziorako, ez-ahozko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, eta, diziplina barrukoen artean, berriz, hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia dago.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Eta diziplina barruko konpetentziatzat hartzen du hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da hitzezko eta idatzizko testuak egokiro erabiltzea –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean gutxienez–, bizitzako hainbat alorretako egoeratan, eraginkortasunez eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.

Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen lagunduz. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko du euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean komunikazio-konpetentzia praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere nahikoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzea baztertu gabe, hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Hizkuntzen trataera integratua eta integrala ere bultzatuko da.

Hori guztia, honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko: 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Hezkuntza eta Kultura Sailarena, Euskal Herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena –horiek osatzen baitute EAEko hizkuntza-arloko araudia–; eta, era berean, duela gutxi argitaratutako 236/2015 Dekretua betetzeko ere, zeinaren bidez Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen baita (EHAA, 2016ko urtarrilaren 15ekoa).

Testuinguru horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 236/2015 Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, EAEko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Plan horretan, euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak jasotzen dira, eta, bertan, garrantzi berezia izango dute konpetentziaren araberako eredua aplikatuz Oinarriko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek. Plan horretan jasotzen den ildo estrategikoetako bat da «elebitasuna hezkuntza eleaniztun baten barruan» bultzatzea. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntzarako 2014-2017 aldirako Prest Gara Planaren lehentasuneko jardun-ildo bat ere bada. Ebidentzia guztien arabera, lotura estua dago curriculumean ingelesez emandako ordu-kopuruaren eta ingeles-mailan lortzen den aurrerakuntzaren artean, eta antzera gertatzen da euskararekin. Gainera, curriculumeko edukiak atzerriko hizkuntzan emanez, nabarmentzekoa da atzerriko hizkuntza horren hizkuntza-konpetentzian aurrera egitea lortzen dela, baina baita oinarrizko beste konpetentzia batzuetan ere.

Curriculumeko irakasgai bat atzerriko hizkuntzan ematea pixkanaka orokortzeraino, hezkuntza eleaniztun baten esparruan elebitasuna sendotzeko helburuz, beharrezkoa da ikasleen hizkuntza-konpetentzia hobetzea. Eta, horretarako, atzerriko hizkuntzako irakasleen prestakuntza hobetu behar da, bai eta eskola-komunitate bakoitza bere testuinguruan jarri eta ikasleengan, irakasleengan eta hezkuntza-komunitatean duen eragina zenbatetsi ere. Hartara, hasierako egoeraren aldean izandako aldaketa nabaritu ahalko da. Horregatik, garrantzitsua da ikastetxeek beren hizkuntza-proiektua izatea, hezkuntza-proiektuaren barruan eta testuinguru soziolinguistikoa kontuan hartuta, metodologia-, prestakuntza- eta antolaketa-alderdiak hizkuntzen tratamendu integratuaren inguruan zehatz ditzan eta hizkuntzen irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien neurri guztiak planifikatu ditzan.

Horiek horrela, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako EAEko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 23ko 9/2015 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez (9/2015 Legearen bidez EAEko 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau

EBAZPEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-hornidura.

1.– Agindu honen xedea da Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteentzako diru-laguntzen deialdia egitea, 2016-2017 ikasturtean hizkuntza-proiektu funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) garatzeko eta, proiektu horiei lotuta, irakasleei atzerriko hizkuntzako prestakuntza emateko.

2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura, 1.332.000 euro bideratuko dira guztira.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauei heldu ahal izango diete 4. artikuluko betekizunak betetzen dituzten eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarteek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza izan beharko dute autonomia-erkidego honetan.

2.– Diru-laguntzak jasotzeko, aurreko atalean deskribatutako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatu beharko dute hizkuntza-proiektua, hiru ikastetxe izan beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honek, honako honetarako emango du diru-laguntza 2016-2017 ikasturtean: irakasleek aurreko esperientziei lotutako hizkuntza-proiektu hirueledunak eta eleaniztunak garatzen jarraitzeko eta funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren hizkuntza-proiektu berriak abiarazteko behar duten hizkuntza-prestakuntza jasotzeko, estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte onuradunekin erlazionatuta dauden ikastetxeetan.

2.– Hau izango da diruz lagundu daitekeen hizkuntza-prestakuntza:

● Atzerriko hizkuntzako prestakuntza: hala jakintza-mailaren ziurtapena lortzea helburu duten prestakuntza-jarduerak, nola edukien bidezko atzerriko hizkuntzako prestakuntza.

● Hizkuntzetan adituak diren nahiz ez diren irakasleen hizkuntza-eguneratzea lortzeko prestakuntza.

● Irakasleentzako atzerriko hizkuntzako prestakuntza metodologiko eta didaktikoa.

3.– Deialdi honen kontura diruz lagunduko diren gastuak egiteko aldia 2016ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2017ko ekainaren 15ean bukatuko.

4.– Erakunde onuradunak diruz lagundu daitekeen jarduera gauzatzeko azpikontratatu egin ahal izango du, baina, % 75eraino gehienez ere, eta, edonola ere, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan horri buruz ezarritakoa errespetatu beharko du.

4. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Parte hartzen duten ikastetxe elkartuetan ezarriko den bi urterako hizkuntza-proiektua, funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna), aurkeztea. Hizkuntza-proiektu eleaniztunetan, esperientzian parte hartzen duten ikasle-taldeentzat, aukeratutako atzerriko hizkuntzan, murgiltzeko ordu bat gehiago izango da gutxienez, hartara eragotzi gabe deialdi honetako 14. artikuluko d) letran ezarritakoa; izan ere, horrek ezingo du eragin A eta B ereduetan euskaraz ordu gutxiago ematea.

b) Egingo den prestakuntza zehaztea, eta prestakuntza jasoko duten ikastetxeen eta irakasleen kopuruaren aurreikuspen bat egitea.

c) Gainera, ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

● Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

● Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

2.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Azkenean, prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza dakarren zehapena edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako diru-laguntza hori indargabetu egingo litzateke, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batzuetan egoteagatik –diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluko a), g) eta h) letretan ezarri dira egoera horiek–.

3.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

4.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

● Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

● Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik, eta, halaber, ez duela debekurik diru-laguntzak itzultzeko obligazioak egunean ez izateagatik.

● Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

● Estatu-esparruko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak egoitza duela Euskal Autonomia Erkidegoan, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, EAEn kokatutako hiru ikastetxe ere.

5.– Erakunde onuradunak dokumentuak ez aurkezteko eskubidea du, baldin eta haiek kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez badituzte, edo administrazio jardulearen eskutan badaude, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikulua aplikatuz.

Alde horretatik, diru-laguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak ez du aurkeztu behar dokumentazio osagarririk (eskrituraren eta/edo eratze-aktaren kopiarik, diru-laguntza eskatzeko ahalorde askietsiaren dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentazio hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurreko deialdietan aurkeztu bada eta aldatu ez bada.

5. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2016/eleaniztasunerantz/y22-izapide/eu

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez egin beharko dira.

4.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu hirueleduna (eta eleaniztuna); proiektuak honako atal hauek izan beharko ditu, bi urterako proiekzioa kontuan hartuta:

○ Diagnosia; eta bertan sartuko da esperientzia hirueledun eta eleaniztunetan duen ibilbidea, honako hauek aipatuz: esperientzia horietan parte hartu duten ikasle-taldeak, ikasle horiek diagnosi-ebaluazioetan euskara, gaztelania eta ingelesean izandako emaitzak, eta atzerriko hizkuntzetan Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailen baliokideak diren tituluak dituzten irakasleak.

○ Parte hartzen duten ikastetxeen hezkuntza-proiektuei lotutako epe ertain eta luzeko helburuak, ikastetxeetako ikasleen hizkuntza-konpetentzia hobetzera bideratuak.

○ Ikastetxeen hizkuntza-proiektuaren garapenaren bi urterako plangintza, kontuan izanda ikastetxearen beraren esparruan hizkuntzen irakaskuntzarekin eta erabilerarekin lotutako alderdi guztiak.

– Hori dela eta, adierazi beharko da zein maila eta taldetan emango diren irakasgaiak atzerriko hizkuntzan, bai eta zenbat ordu izango dituen atzerriko hizkuntzak eta zenbat ordu emango diren atzerriko hizkuntzan.

– Euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopuruari eta irakasgaiei dagokienez, adieraziko da zein den hasierako egoera eta zer aurrerapen aurreikusten den. Plangintza horretan honako hau jaso beharko da gutxienez: atzerriko hizkuntzaz gain, irakasgai bat edo hari dagokion ordu-kopurua atzerriko hizkuntzan ematea, ikastetxeko hizkuntza-proiektuan zehaztutako baldintzetan.

– Hizkuntza-proiektuan islatu beharko da zer eragin duen proiektuak atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopuruaren gehikuntzari dagokionez, kontuan izanda atzerriko hizkuntzan ordu gehiago emateak ezin duela ekarri A eta B ereduetan euskaraz irakatsi beharreko ordu-kopurua txikiagoa izatea. Hori dela eta, adierazi beharko da, talde bakoitzari dagokionez, zein irakasgairi eta zein komunikazio-hizkuntzari kenduko zaizkion orduak.

– Era berean, adieraziko da plantillako zein irakaslek parte hartuko duten parte proiektuan.

○ Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak:

– Atzerriko hizkuntzako prestakuntza, hala jakintza-mailaren ziurtapena lortzea helburu duten prestakuntza-jarduerak, nola edukiak atzerriko hizkuntzan emateko behar den hizkuntza-konpetentzia lortzeko prestakuntza.

– Hizkuntzetan adituak diren nahiz ez diren irakasleen hizkuntza-eguneratzea lortzeko prestakuntza.

– Irakasleentzako atzerriko hizkuntzako prestakuntza metodologiko eta didaktikoa.

○ Gauzatzeko egutegia. Hizkuntza-proiektuaren ezarpenaren eta epeen faseak.

○ Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara edo Bigarren Hezkuntzatik Batxilergora hizkuntza-proiektu funtsean hirueledunari (edo eleaniztunari) jarraitasuna emateko estrategiak.

○ Proiektua ebaluatzeko eta emaitzak neurtzeko irizpideak.

○ Eragin-adierazleak: ikastetxe-kopurua, zenbat ikasle-taldetan ezartzen den, parte hartzen duten ikasleen kopurua, parte hartzen duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, proiektua egin ondoren B1, B2 eta C1 tituluak lortzen dituzten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaietan zenbat ordu gehiago ematen den.

● «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatua (I. eranskina), non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; ikastetxe bakoitzean ezarriko den hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datuak; eta aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

● «Deskripzio-fitxa» inprimaki normalizatua, non honako hauek jasotzen baitira: ikastetxeetan funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektua ezartzearen laburpena (II. eranskina). Dagokion elkarteak edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, taula bat beteko da.

● «Prestakuntza-jardueren deskripzio-fitxa» inprimaki normalizatua (III. eranskina), non zehazten baitira sareko ikastetxeetan hizkuntza-proiektua garatzeko beharrezkoak diren irakasleentzako prestakuntza-jarduera guztiak.

5.– Ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, Agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.

6.– Aurkeztutako eskaeran akatsen bat, datu ez-zuzenen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari arazoa zuzen dezan.

6. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusten diru-laguntzak emateko prozedura.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hautaketa-batzorde izendatuko du, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakasleen Hobekuntzarako arduraduna: batzordeburu jardungo du.

● Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako bi teknikari. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.

● Berritzegune Nagusiko bi aholkulari, hizkuntza-arloan adituak direnak.

8. artikulua.– Aukeraketa-prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du Ebazpen honetako IV. eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.

2.– Eskaera kanpoan geratuko da, baldin eta funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektuak gutxienez 7 puntu lortzen ez baditu 1. atalean (proiektuaren balorazioa), IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuta.

3.– Eskabideen balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horretan jasoko da funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren zer hizkuntza-proiektu hautatu diren, eta zein ikastetxetan egingo diren proiektu horiek, baita federazio edo elkarte bakoitzari zer diru-laguntza ematea proposatzen den ere. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Federazio edo elkarte bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbateko osoak elkarte edo federazioak aurkeztutako hizkuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-jardueren kostu osoa estali ahal izango du, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako muga hauekin:

a) Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den proiektuan jasotako prestakuntza-jardueretan emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu hartzeak eta otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen badira proiektua gauzatzeko. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak. Lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia eta ekonomia irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

b) Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

c) Hizkuntza-proiektuak eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzean beharrezkoa bada material espezifikoak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako diru-laguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.

d) Diruz lagundu ahalko dira proiektua garatzeari lotutako zuzendaritza-, koordinazio-, segimendu- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari dagozkion prestakuntza-jarduerei lotutakoak. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, segimenduari eta ebaluazioari egotz dakizkiokeen gastuek orduko 25 euroren muga izango dute.

2.– Aurrekonturik ez dela-eta eskabideen pretentsio ekonomiko guztiei erantzutea ezinezkoa bada, onartutako hizkuntza-proiektu hirueleduna (eta eleaniztuna) garatzen duen federazio edo elkarte eskatzaile bakoitzari diru-laguntzaren zenbatekoa esleituko zaio, IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuz lortutako puntuak aintzat hartuta:

10. artikulua.– Laguntzak, funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren hizkuntza-proiektuak garatzean.

1.– Hizkuntza-proiektu bat garatzen duten ikastetxeek kasuan kasuko Berritzeguneko erreferentziazko aholkulari bat izendatuta izango dute, eta hura, ikastetxeen elkarteak edo federazioak izendatutako pertsonarekin eta ikastetxean proiektuaren koordinatzaile denarekin batera, onartutako proiektuaren segimendua eta ebaluazioa egiteko lanen arduraduna izango da.

2.– Hizkuntza-prestakuntza horretan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute berritzeguneetako aholkulariek hizkuntzen didaktikaz emandako prestakuntza jasotzeko.

11. artikulua.– Ziurtatzea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko dizkie, ofizioz, onartutako hizkuntza-proiektu eleaniztun edo hirueledunak dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako arduraldiaren eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzearen ehunekoa ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada. Horretarako, 2015-2016 ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahala emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: http://www.proiektuak.net/index.php

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste ezein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin.

13. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badu ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, hau da, funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektua garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak atzerriko hizkuntzan prestatzeko.

c) Konpromisoa hartzea hizkuntza-proiektuen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko hezkuntza-administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.

d) Prestakuntzak atzerriko hizkuntza emateko orduetan duen eragina islatzea. Hazkunde horrek ezingo du A eta B ereduetan euskaraz ematen diren orduak urritzea ekarri. Horri dagokionez, hizkuntza-proiektua aurrera daraman federazio edo elkarteak adierazi beharko du, parte hartzen duen ikastetxe bakoitzari buruz, ea zer irakasgairi eta zer komunikazio-hizkuntzari kendu zaizkion orduak, atzerriko hizkuntzan edukiak emateko.

e) Proiektua garatzeko baldintza hau ezartzea: funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den eta deialdi honetako diru-laguntzen onuradun ateratzen den hizkuntza-proiektu bat garatzen duten ikastetxe elkartuetan, aktiboki parte hartu beharko dute atzerriko hizkuntzako B2 mailako titulua edo goragokoa duten irakasleek (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua).

f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero beren funtzioak gauzatzerakoan.

g) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

h) Laguntza emateko kontuan hartutako edozer aldatu bada, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

i) Lankidetzan aritzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen segimendu eta ebaluazioan, bai eta funtsean hirueledunak (eta eleaniztunak) diren hizkuntza-proiektuei eta haiek gauzatzen diren ikastetxeetan duten eraginari buruzko ebaluazioan ere.

15. artikulua.– Ordainketa.

1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da. Honako aurreikuspen hauen araberakoak izango dira ordainketa horiek:

a) Lehen ordainketa emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren herena izango da, eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean egingo da, baldin eta tartean laguntzari berariaz uko egin ez bazaio eta lehen ordainketari dagokion zenbatekoaren % 50 justifikatu bada.

b) Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, erakunde onuradunak 16. artikuluan aipatutako frogagiriak ikasturtea amaitu eta 2015eko ekainaren 15era bitarte aurkeztu ondoren.

2.– Elkarteari edo federazioari, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzaren kontura, ordaindu beharreko lehen ordainketaren zenbatekoa, edo bigarren ordainketarena, edo bien ordainketena batera, 180.303,63 eurotik gorakoa bada, federazio edo elkarte onuradunak, laguntza jaso aurretik, ordainketak bermatu beharko ditu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta haien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira (EHAA, 26. zk.a, 1992ko otsailaren 7koa).

16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.net/misgestiones

2.– Erakunde onuradunek, 2016-2017 ikasturtea amaitutakoan, ekainaren 15era bitarteko epea izango dute, funtsean hirueleduna (eta eleaniztuna) den hizkuntza-proiektu hautatuari buruzko memoria aurkezteko. Memorian atal hauek jasoko dira:

○ Hizkuntza-proiektua zer neurritan gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta hura orokorrean ebaluatzea.

○ Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, eskainitako plaza-kopurua, parte-hartzaile kopurua eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Era berean, prestakuntza-jarduera bakoitzaren kostu ekonomikoa adieraziko da.

○ Hizkuntza-proiektuak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, atzerriko hizkuntzetan B1, B2 edo C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara aurkezten diren irakasleak zenbat diren, eta haien ehunekoa.

○ Jasotako diru-laguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazio edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.

3.– Erakunde onuradunak, txostenarekin batera, emandako diru-laguntzaren hartzaile diren hizkuntza-proiektua eta prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten gastu-frogagiriak, fakturak edo bestelako dokumentuak aurkeztuko ditu. Era berean, honako hauek ere aurkeztuko ditu: batetik, 9. artikuluko 1. zenbakiko a) letran adierazitakoak, hornitzaileen eskaintzei dagokienez, eta, bestetik, 14. artikuluko 2. zenbakian adierazitakoak, hizkuntza-proiektu eleaniztuna gauzatzeko azpikontratazioaren portzentajeari dagokionez.

17. artikulua.– Segimendua.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartutako hizkuntza-proiektuen eta ikastetxeetan duten ezarpenaren segimendua egingo du, diru-laguntzaren helburua betetzen dela bermatzeko.

18. artikulua.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretakoren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.

19. artikulua.– Ez betetzea.

1.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeak, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– ondorengo kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

● Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat denean.

● Diru-laguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.

● Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.

● Justifikatzen ez denean diru-laguntza erabili dela eman zenean zehaztutako helburu zehatzetarako.

● Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Prestatzeko eta berritzeko proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira (19. fitxategian), diru-laguntzen deialdi hau kudeatu eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da administrazio-prozedurako gaietan agindu honetan aurreikusten ez den guztirako.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 25a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
LABURPEN-FITXA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIPZIO-FITXA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-JARDUEREN DESKRIBAPEN-FITXA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ESKARIEN BALORAZIO TEKNIKOA EGITEKO BAREMOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala