Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2016ko ekainaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
2365

AGINDUA, 2016ko ekainaren 1ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez indarrean dagoen Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluaren 12. atalean jasotako aukerari buruzko erabakia hartzen den, 2015. eta 2016. urteetako norbere eginbeharretarako baimen-egunei aplikatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 17ko 17/2015 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioek, estatutupeko langileek eta lan-kontratuko langileek 2015. urtean izango duten urteko lanaldia ezartzen da, eta, horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura lan egiten duten langileei (Ertzaintzaren langileak ere barne hartzen dira) norbere eginbeharretarako baimena eman zaie Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legeak baimen horretaz idatzitako eran, garai hartan bost baimen-egunetan kuantifikatuta zegoelarik.

Euskal Herriko Poliziaren Legearen 75.j) artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Herriko Polizia Kidegoak osatzen dituzten funtzionarioek eskubidea izango dute Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean orokortasunez ezarritako lizentziak izateko, funtzionarioen lanbide-estatutu bereziaren ondorioz araudiz egin daitezkeen egokitzapenen kaltetan gabe.

2011., 2012. eta 2013. urteei dagokienez, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluan aurreikusitako norbere eginbeharretarako baimenaren arauketak (urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretuaren bidez onetsi zen akordioa; urtarrilaren 20ko EHAA, 14. zk.), zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta, Segurtasun Sailak funtzionarioek norbere eginbeharretarako baimen-egunak hartu beharrean konpentsazio ekonomikoa jaso ahal izateko erabakia hartzeko aukera ezartzen du.

Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 2ko Aginduaren bidez (martxoaren 6ko EHAA, 45. zk.), aipatutako konpentsazio ekonomikoaren aukera ezartzeko erabakia hartu zen, norbere eginbeharretarako hiru eguneko baimenaren ordez, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluaren hamabigarren zenbakia aplikatuta.

2015eko irailaren 12an, irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretua (Estatuaren aurrekontuan ezohiko kredituak eta kreditu gehigarriak esleitzen dituena eta enplegu publikoaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste neurri batzuk onartzen dituena) jarri zen indarrean; horren bidez, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen (apirilaren 12ko 7/2007) 48. artikuluko k) letra aldatu zen, zeinaren bidez ezarri zen funtzionario publikoek urtean norbere eginbeharretarako sei eguneko baimena izango dutela, alegia, ordura arte zeuden egunak baino bat gehiago.

2016. urte honetan, aurreko urtean hartutako erabakiaren oinarri izan ziren motibo berei eusten zaie, eta, gainera, ertzainek beren eskubideak baliatu ahal izateko arazoak areagotu egin dira, polizia-zerbitzuaren beharrei egoki erantzuteko arazoak direla eta, langile-kopuruaren murrizketan beste instantzia batzuek hartutako erabakiak duen eragina kontuan hartuta.

Alde batetik, azaldu den bezala, 2015eko irailaren 12an irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretua indarrean sartu izanaren ondorioz, norbere eginbeharretarako seigarren eguna gehitu zen, Ertzaintzari aplikatzekoa, otsailaren 17ko Eusko Jaurlaritzaren 17/2015 Dekretuaren 2. artikuluko hirugarren zenbakian ezartzen denaren arabera. Segurtasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 30eko Aginduaren bidez, seigarren egun hori baliatzeko aukera 2017ko urtarrilaren 31ra arte gaitu zen.

Gainera, aipatu dugun irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretuaren bidez onartu zen administrazio publikoek antzinatasunagatik norbere eginbeharretarako baimena ezartzeko aukera; horrek, Ertzaintzaren eremuan, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 53. artikuluan baimen honen aplikaziorako aurreikusitako etetea kentzea ekarri du, bai eta langileek eskubide hori une horretatik aurrera baliatu ahal izateko aukera ere. Ondorioz, azaroaren 17ko Aginduaren bidez, 2015ari dagozkion baimen-egunak 2017ko abenduaren 31ra arte baliatu daitezke. Horren ondorioz, 2015eko egun horien gehienak aurten hartuko dira.

Bestalde, esan beharra dago erabaki judizial ugari ari direla sortzen, eta horien ondorioz 2016an antzinatasunagatiko baimen-egunen eskubidea aitortzen ari dela, ertzainek uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua (aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzkoa, 2013. eta 2014. urteei dagozkiena) indarrean sartu zen unean aitortua zutena; eskubide hura ekitaldi honetan zehar hasi da gauzatzen, langileek dagozkien egunak baliatuz. Gaur egun kontzeptu horregatik oraindik hartu ez diren baimen-egunen kopurua hogeita hamazazpi milatik gorakoa da.

Azaldutako guztiaz gain, kontuan hartu behar da otsailaren 2ko 12/2016 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioek, estatutupeko langileek eta lan-kontratuko langileek 2016. urtean izango duten urteko lanaldia ezartzen duena), urteko gehieneko lanaldiaren murrizketa ezarri dela; 2015ean 1.614,5 ordu ziren, eta, 2016an, berriz, 1.592 ordu.

Ertzaintzak esleituta duen eta bere oinarria den polizia-zerbitzuaren izaerak zehazten du sarritan dauden beharrei berehala erantzun behar zaiela, ezin dela itxaron; horretarako, une zehatz horretan beharrezkoak diren langileak eduki behar dira. Gainera, Ertzaintzaren kasuan, ezin da kudeaketa-irizpideetara jo, horrelako kasuetan administrazio publikoko gainerako sektoreetan ohikoak direnetara (besteak beste, aldi baterako langileen kontratazioa).

Hori guztia kontuan hartuta, 2016an gertakizun horiek guztiek oso eragin nabarmena izan lezakete, presentzia eraginkorra murriztuko litzatekeelako, eta horren ondorio izango litzateke zerbitzuaren erantzunean kalteak eragitea, atseden-egunetan dauden langileei lan egiteko egindako deien kopuru handia ekarriz, lan-plangintzari jarraikiz. Halako neurririk hartuz gero, aldatu egingo lirateke ezarritako atsedenaldiak, eta zerbitzu berezi horien ordaina emateko obligazioa sortuko litzateke; horrek, gainera, gastuak areagotuko lituzke.

2016an aipatutako inguruabarrak batu direnez, eta horiek zerbitzuko beharrei behar bezala erantzuten jarraitzeko arazo berezia dakartenez, Segurtasun Sailak ulertzen du, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluko hamabigarren zenbakian zehazten denarekin bat etorriz, bidezkoa dela, hasieran ezarritakoa beharrean, norbere eginbeharretarako baimen-egun gehiago hartzearen ordezko konpentsazio ekonomikoaren aukera ezartzea, aurten bakarrik aplikatzekoa; hori da, Sailaren iritziz, polizia-beharrei erantzuteko baliabideen kudeaketa eraginkorragoa eta gastu publikoari eusteko gaitasuna uztartzeko neurri egokiena.

Ertzaintzako langileen lan-baldintzak 2011., 2012. eta 2013. urteetan araupetzeko Akordioaren 52. artikuluko hamabigarren zenbakian ezartzen dena aplikatzeko (urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretuak onetsia), eta apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren (Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa; apirilaren 18ko EHAA, 74. zk.) 4. artikuluan esleitutako eskumenak baliatuta, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Konpentsazio ekonomikoa jasotzeko aukera ezartzea, 2015eko irailaren 30eko Aginduak 2015erako gehitutako norbere eginbeharretarako baimen-egunaren ordez, 2015eko martxoaren 2ko Aginduak ezarritako hiru baimen-egunen ordezko konpentsazio ekonomikorako aukerarekin metatuta, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluko hamabigarren zenbakian ezartzen denarekin bat etorriz, betiere agindu honetan ezartzen diren baldintzetan.

2015ari dagokion norbere eginbeharretarako baimen-egunaren ordezko konpentsazio ekonomikoaren aukera onartuko zaie 2016aren hasieran 2015eko irailaren 30eko Aginduak gehitutako baimen-egun hori hartu ez dutenei.

Bigarrena.– Konpentsazio ekonomikoaren aukera ezartzea 2016ari dagozkion norbere eginbeharretarako bost baimen-egunen ordez, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluko hamabigarren zenbakian ezartzen denarekin bat etorriz, agindu honetan ezartzen diren baldintzetan, jarraian arautzen diren modalitateen arabera:

Aurtengo urtarrilean hiru baimen-egun hartzearen ordezko konpentsazio ekonomikoaren aukera baliatu duten langileen kasuan, urte honi dagozkion beste bi baimen-egunak hartzearen ordezko konpentsazio ekonomikoaren aukera baliatu ahalko dute. Ez da onartuko egun baten ordezko konpentsaziorik.

Aurtengo urtarrilean hiru baimen-egun hartzearen ordezko konpentsazio ekonomikoaren aukera eta norbere eginbeharretarako baimena baliatzeko modu gisa urteko lanaldia murrizteko aukera baliatu ez dutenek aurtengo urteari dagozkion bi baimen-egun hartzearen ordezko konpentsazio ekonomikoaren aukera baliatu ahalko dute. Ez da onartuko egun baten ordezko konpentsaziorik.

Urtarrilean urteko lanaldiaren murrizketa aukeratu duten langileek ezingo dute, ekitaldi honetan, konpentsazio ekonomikoa aukeratu 2016ari dagozkion norbere eginbeharretarako bi baimen-egunen ordez.

Hirugarrena.– Aurreko bi puntuetan ezarritakoarekin bat etorriz konpentsazio ekonomikoaren aukera eska dezaketen langileek, agindu hau argitaratu ondoren norbere eginbeharretarako egunak baliatzeko baimena badute, aukera baliatzeko unean espresuki adierazi beharko dute uko egiten diotela egun jakin horiek hartzeari, ezarritako epean.

Agindu hau indarrean sartzen denean 2016an baimen horren egunen bat dagoeneko hartu bada, hartzeko motiboaren aldaketa eskatu ahalko da, eta opor-eguntzat, antzinatasun-baimentzat edo gehiegizko ordutzat hartuko da, eta aukeratzen den kontzeptuaren ordu-kopuruetatik kenduko dira; horretarako, berariaz jaso beharko da erabaki hori aukera baliatzeko unean, ezarritako epean.

Laugarrena.– 2015ari dagokion norbere eginbeharretarako baimen-egun bat eta 2016ari dagozkion norbere eginbeharretarako bi baimen-egun baliatu ordez konpentsazio ekonomikoaren aukera erabiltzen duten langileek, agindu honetan ezarritako baldintzen arabera, zenbateko ekonomikoak Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluko laugarren zenbakian aurreikusitako zenbatekoen proportzioan jasoko dituzte.

Bosgarrena.– Konpentsazio ekonomikoa agindu honetan ezarritako kasuetan eta baldintzetan baliatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Gurenet erakundearen intranetean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Seigarrena.– Parametroak ebaluatu ondoren –horiek eragina baitute aurreikusita dauden zerbitzu-beharrizanak betetzeko behar den benetako presentzia balioesteko–, hartu beharreko erabakia hartuko du Sailak. Alegia, agindu honen indarraldia bukatzen denetik aurrera norbere eginbeharretarako baimenaren zati baten ordez konpentsazio ekonomikoa eman daitekeen erabakiko du. Hurrengo urtea hasi aurretik horren inguruko agindurik eman ezean, langileek Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluan ezarritako norbere eginbeharretarako baimenaren aukerak baliatu ahalko dituzte, idatzi diren baldintzetan.

Zazpigarrena.– Agindu hau Gurenet erakundearen intranetean eta polizia- instalazioetako iragarki-oholetan argitaratuko da, Ertzaintzako langileak jakinaren gainean egon daitezen.

Zortzigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien epaitegian, eta horretarako bi hilabete izango dira, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 1a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala