Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2016ko ekainaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2361

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 25ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2016rako laguntzen deialdia iragartzen duena.

Ebazpen honen bidez, bete egiten dira, 2016rako, otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena) ezarritako xedapen guztiak (martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria). Dekretu hori aldatu egin zuen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, baina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar dituzte.

34/2007 Dekretuak arautu egiten ditu, hegoaldeko pobretutako herrialdeen prozesu endogenoak eta gaitasunak indartuz, pobreziaren aurkako borrokan laguntzen duten garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzak. Horretarako, tokikoari lehentasuna eman nahi zaio estatukoari eta nazioartekoari loturik, garapenerako lankidetzako irabazi asmorik gabeko erakundeen bitartez.

Aipatutako dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia atxikita dagoen saileko organo eskudunak xedatuta, laguntzen deialdia egingo da. Deialdi horretan, honako hauek adieraziko dira: deialdiaren xedea, diru-hornidura orokorra, hiru laguntza-modalitateetarako aurreikusitako diru-hornidura, erakunde bakoitzak gehienez eska dezakeen zenbatekoa, hautaketa-irizpideak, eskaerak aurkezteko tokia eta epea, eta eskaera-eredua. Kasu honetan, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuan (Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa) ezarritakoa aplikatuta, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da eskumen hori duen agintaritza.

Beste alde batetik, dekretuaren 22.4 artikuluak hau ezartzen du: erakunde bakoitzak gehienez aurkez ditzakeen eskaeren kopurua eta/edo erakunde bakoitzak proiektu guztietarako gehienez eska dezakeen guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion deialdia egiteko ebazpenean.

Halaber, 24. artikuluak ezartzen du diru-laguntzaren ordainketa bakoitzaren ehunekoak deialdiaren ebazpenean ezarriko direla.

Bestalde, aurreikusten da erakunde interesdunek aukera dutela laguntzen programa honetarako izapide guztiak egiteko bitarteko telematikoak erabiltzeko, Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuaren arabera (otsailaren 21eko 21/2012) hori ahalbidetuko duen prozedura bat txertatuz, eta aukera horretan aurrera egin da.

Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta, bestetik, apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak (Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa), Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak iragarri behar du diru-laguntzen deialdia.

Aipatutako laguntzen eta horiek emateko egin beharko diren ebazpenen kudeaketari dagokionez, horretarako eskumena Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari dagokio, honako arau hauen arabera: ekainaren 19ko 5/2008 Legearen (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duena) 4.b) artikulua, eta martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren bidez onetsitako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Antolaketa eta Funtzionamenduko Erregelamenduko 5.b) artikulua.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2016ko otsailaren 8an egindako bilkuran.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetza-proiektuetarako 2016ko diru-laguntzen deialdia egitea; uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena) arautzen ditu laguntza horiek.

2. artikulua.– Diru-hornidura.

1.– Deialdi honetara bideratutako diru-horniduraren zenbatekoa, guztira, 30.000.000 eurokoa izango da. Laguntza mota bakoitzerako honako diru-hornidura hau kalkulatu da:

a) Garapenerako lankidetza-proiektuetarako laguntzetara 24.600.000 euro bideratuko dira.

b) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzetara 900.000 euro bideratuko dira.

c) Garapenerako hezkuntzarako proiektuetarako laguntzetara 4.500.000 euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzerako eskatutako diru-laguntza.

Proiektu bakoitzeko ezin izango da 600.000 euro baino laguntza handiagoa eskatu.

4. artikulua.– Erakunde bakoitzeko eska daitekeen gehieneko zenbatekoa, guztira.

Erakunde bakoitzak, banaka edo beste batzuekin elkartuta, gehienez 8 proiektutarako laguntza eskatu ahal izango du, eta horien guztien gehieneko zenbatekoa aurreko artikuluan aipatutakoa izango da.

Erakundeari eman ahal izango zaion zenbatekoak ez du inola ere gaindituko 2016 ekitaldirako onartutako funts banagarrien % 7.

5. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Emandako diru-laguntza honako epe hauetan ordainduko da:

a) Emandako diru-laguntzaren % 20 (lehenengo ordainketa), laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Emandako diru-laguntzaren % 40 (bigarren ordainketa), ordaindutako diru-laguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

c) Emandako diru-laguntzaren % 40 (hirugarren ordainketa), ordaindutako diru-laguntzaren % 80 edo hortik gora egin dela justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatu, eskatu eta egiteko, bide elektronikoak erabil ditzakete erakunde interesdunek.

2.– Hemen eskura daitezke eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean.

3.– Eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko aurrez aurreko bidea edo elektronikoa erabiltzeak ez du lotzen aurrerantzean ere bide bera erabiltzera prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein unetan alda daiteke aukeratutako bidea.

4.– Eskaera bide elektronikoa erabiliz egin osteko izapideak helbide hauetan egin beharko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Laguntza-eskaerak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatu baten bidez, atal guztiak behar bezala beteta.

Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskaerak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Diru-laguntzak eta bekak atalean), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean (Deialdiak atalean).

3.– Eskaera egiteko eskabide normalizatu bat aurkeztu beharko da; aipatutako egoitza elektronikoan eskura daiteke.

4.– Aurrez aurreko eskaera, 8. artikuluan zehaztutako agiriekin batera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara igorri beharko da (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

8. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Agiri hauek aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera:

a) Proposamen teknikoa eta aurrekontua. Biak behar bezala beteta aurkeztu beharko dira. Hemen eskura daitezke: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean.

b) Lege-ordezkaritzaren egiaztapena, aurrez aurreko eskaera sinatzen duen pertsona ez bada erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta agertzen Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistroan, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada (https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus).

c) Lankidetzaren esparruan gutxienez bi urteko etengabeko esperientzia duela adierazten duen egiaztagiria, baldin eta erakundearen estatutuetan ez badago berariaz jasota erakundearen helburua dela hegoaldeko herrialdeen garapenera bideratutako proiektuak gauzatzea.

d) Elkartutako erakundeak badira, dagokion hitzarmena aurkeztuko da, egoitza elektronikoan eskura daitekeen ereduaren arabera.

e) Gastuak fakturekin ez baizik eta ordainagirien bidez justifikatzea aurreikusi bada, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, hori justifikatzen duten arrazoiekin. Azalpen-memoria hori egoitza elektronikoan eskura daiteke.

f) Erakunde eskatzaileak erbesteratutako pertsonak bidaltzen baditu, eginbeharreko lanak eta iraupena azalduko dituen eta beharrezko gaitasun- eta kalifikazio-irizpideak jasoko dituen azalpen-memoria aurkeztu beharko da. Memoria-eredu bat eskuratu ahal izango da egoitza elektronikoan.

g) Proforma fakturak, aurrekontuak edo kanpoko balorazioak, Dekretuak ezartzen duenaren arabera hori beharrezkoa bada.

h) Nagusiki hegoaldeko herrialde batean egiten diren proiektuen kasuan, bertako langileen batez besteko soldataren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

i) Nagusiki hegoaldeko herrialde batean egiten diren proiektuen kasuan, eta Dekretuak ezartzen duenaren arabera, txandakako funtsaren azalpen-memoria aurkeztu beharko da.

2.– Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena) 50.3 artikulua aplikatuz.

3.– Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3 artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeak ezingo dira laguntzen onuradun izan.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntzen lerro honen kudeaketa-lanak egitea, eta Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak egingo ditu laguntza-eskaeren analisi teknikoa eta balorazioa; gero, horren berri emango dio Kontseilu Errektoreari, zeinak dagozkion laguntzak ematea proposatuko baituen.

10. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.

11. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

Eskatutako betekizun guztiak biltzen dituzten eskaerak ebazpen honen I. eranskinean jasotako hautaketa-irizpideen arabera baloratuko dira.

12. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, hitzarmena sinatuko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta erakunde esleipendunaren artean, emandako diru-laguntza bakoitzeko, finantzatzen den proiektu motaren arabera. Hitzarmen hori https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean egongo da ikusgai.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztirako, arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 34/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena (dekretu hori uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu zuen); eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru Laguntzei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko maiatzaren 25a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

I. ERANSKINA
APLIKATU BEHARREKO HAUTAKETA-IRIZPIDEAK
A) GARAPENERAKO LANKIDETZA PROIEKTUAK (I. KAPITULUA) ETA GARAPEN PRODUKTIBOKO, PRESTAKUNTZAKO ETA LAGUNTZA TEKNOLOGIKOKO PROIEKTUAK (II. KAPITULUA), LEHENTASUNEZ HEGOKO HERRIALDE POBRETU BATEAN BURUTZEN DIRENAK
I.– PROIEKTUAREN EDUKIEN ETA IKUSPEGIAREN ARABERA: 75 PUNTU
1.– Proiektuaren koherentzia orokorra: 16 puntu

1.1.– Proiektua xede-biztanleriaren pobreziaren aurkako borrokako estrategiaren barruan eta 2014-2017 aldiko Garapenerako Lankidetzako III. Plan Zuzendariaren barruan egotea: 4 puntu gehienez.

– 2 puntu esku-hartzea egokia bada testuinguruaren azterketaren arabera eta diagnostikoan identifikatutako premiei erantzuten badie.

– Puntu 1 jarraitutako identifikazioko parte-hartze prozesua behar bezala oinarrituta badago.

– Puntu 1 xede-biztanleria identifikatuta badago, egokia bada eta hautaketa behar bezala oinarrituta badago.

1.2.– Helburuen, emaitzen eta aurreikusitako jardueren arteko koherentzia: 3 puntu gehienez.

– 3 puntu, esku-hartze logikak helburu espezifikoa lortzeko beharrezko emaitza eta jarduera guztiak biltzen baditu.

– Puntu 1, esku-hartze logikak helburu espezifikoa lortzeko beharrezko emaitzaren bat ez badu edo helburua lortzeko beharrezkoak ez diren emaitzak sartzen badira, edo emaitzek eta dagozkien jarduerek koherentziarik ez badute.

1.3.– Jardueren deskribapena eta ezarritako baliabideekin duten erlazioa jarduera horiek ezartzeko: 3 puntu gehienez.

– 2 puntu erlazio koherentea badago jardueren, bitartekoen eta kostuen, eta elementu horiek aurrekontuan biltzeko moduaren artean.

– Puntu 1 desoreka badago jardueren eta haien aurrekontu-zuzkiduraren artean edota beharrezkoak ez diren kontzeptuak badaude esku-hartzearen logikarako.

– Puntu gehigarri bat jarduerak nahikoa deskribatuta badaude.

1.4.– Jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak: 5 puntu gehienez.

– 5 puntu adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak ezartzen badira helburu espezifikoaren eta espero den emaitza bakoitzaren inguruan, prozesu-adierazleak, inpaktu-adierazleak eta generoko inpaktu-adierazleak barne, kuantitatiboak eta kualitatiboak.

– 3 puntu helburu espezifikoaren eta espero den emaitza bakoitzaren inguruan adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak ezartzen badira.

– Puntu bat adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak emaitzen arteko batzuentzako soilik ezartzen badira.

1.5.– Proiektua erakunde eskatzailearen Plan Estrategiko baten barruan zuzen eta berariaz sartzea. puntu 1 gehienez.

2.– Proiektuaren bideragarritasun eta iraunkortasuna denboran: 15 puntu

2.1.– Bideragarritasuna: 10 puntu gehienez

– 5 puntu gehienez proiektua behar bezala ezartzeko baliabide metodologiko, tekniko eta instiuzionalak dituela frogatuz gero.

– 3 puntu gehienez proiektua behar bezala ezartzeko giza baliabide nahikoak dituela frogatuz gero.

– Puntu gehigarri bat proposamena garapen publiko edo sozialeko plan zabalago batean txertatzen bada, behar bezala ziurtatuta.

– Puntu gehigarri 1 proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 10 gutxienez tokiko ekarpena bada.

2.2.– Iraunkortasuna denboran: 5 puntu gehienez

3.– Zehar-lerroak: 36 puntu

3.1.– Zehar-lerroa: genero-ikuspegia sartzea eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna eraldatzea: 7 puntu gehienez

– Diagnostikoa: puntu 1

– Marko logikoaren ideia nagusia 2 puntu

– Bideragarritasuna: 3 puntu

– Estrategia: puntu 1

3.2.– Zehar-lerroa: tokiko gaitasunak indartzea: 7 puntu gehienez

– Diagnostikoa: puntu 1

– Marko logikoaren ideia nagusia 2 puntu

– Bideragarritasuna: 3 puntu

– Estrategia: puntu 1

3.3.– Zehar-lerroa: parte hartzeko prozesuak sortzea: 7 puntu gehienez

– Diagnostikoa: puntu 1

– Marko logikoaren ideia nagusia 2 puntu

– Bideragarritasuna: puntu 1

– Estrategia: puntu 1

– Neurri espezifikoak askotariko eta ezkutuko bihurtutako kolektiboen parte-hartze aktiboa bermatzeko proiektuaren ekintzetan: puntu 1

– Neurri espezifikoak emakumeen parte-hartze aktiboa bermatzeko proiektuaren ekintzetan: puntu 1

3.4.– Zehar-lerroa: antolakuntza sendotzea: 5 puntu gehienez

– Diagnostikoa: puntu 1

– Marko logikoaren ideia nagusia 2 puntu

– Estrategia: puntu 1

– Artikulazioak sendotzea erakundeen artean lurraldean edota sektorean: puntu 1

3.5.– Zehar-lerroa: eskubideen ikuspegia: 5 puntu gehienez

– Diagnostikoa: 2 puntu

– Marko logikoaren ideia nagusia 2 puntu

– Estrategia: puntu 1

3.6.– Zehar-lerroa: jasangarritasun ekologikoa: 5 puntu gehienez

– Diagnostikoa: puntu 1

– Marko logikoaren ideia nagusia 2 puntu

– Estrategia: puntu 1

– Proiektuaren jarduerak prebenitzeko eta arintzeko neurriak: puntu 1

4.– Eremu geografikoari, sektorialari eta proiektuaren ereduari lotutako alderdiak: 8 puntu

4.1.– Eremu geografikoa: 3 puntu

– Proiektua honako herri hauetako batean gauzatzen bada: El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Mexiko, Kuba, Brasil, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Venezuela, Boli Kosta, Ruanda, Mozambike, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Uganda, Burundi, Palestina eta India.

4.2.– Sektoriala: 3 puntu

– Proiektua Eusko Jaurlaritzaren 2014-2017 aldiko Garapenerako Lankidetzako Plan Zuzendarian lehenetsitako sektoreetako batean sartzen bada.

4.3.– Partzuergoak: 2 puntu gehienez

– Puntu 1, proiektua euskal erakundeen partzuergo batek gauzatzen badu.

– Puntu 1, proiektua toki-erakundeen partzuergo batek elkarlanerako programa baten barruan gauzatzen badu.

II.– EUSKAL ERAKUNDE ESKATZAILEAREKIN EDO EAEKO ORDEZKARITZAREKIN LOTUTAKO ALDERDIAK: 10 PUNTU
1.– Oinarri soziala: 3 puntu gehienez

– Puntu 1, 200 bazkide edo gehiago baditu EAEn.

– Puntu 1, 10 boluntario edo gehiago baditu EAEn.

– Puntu 1, lankidetzaren arloko koordinakunde edo sare batean parte hartzen badu, betiere erakunde horrek jokabide-kodea badu eta dagokion jarraipen-batzordeak zigorrik ezarri ez badio.

2.– Esperientzia: 2 puntu gehienez

– 2 puntu proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aldez aurreko bost urte naturaletan gutxienez (2011-2015).

– 1 puntu proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aldez aurreko bi urte naturaletan gutxienez (2014-2015).

3.– Gaitasuna eta kaudimena: 2 puntu gehienez

– 2 puntu erakundeak azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren edo Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lankidetza-laguntzaren bat kudeatu badu, behar bezala justifikatuta, eskatutako diru-kopuruaren parekoa edo hortik gorakoa, eskaerak aurkezteko epearen amaiera-egunean.

– Puntu 1 erakundeak azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren edo Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lankidetza-laguntzaren bat kudeatu badu, behar bezala justifikatuta, eskatutako diru-kopuruaren parekoa edo haren % 75etik gorakoa, eskaerak aurkezteko epearen amaiera-egunean.

4.– Euskal erakundearen eta tokikoaren arteko aurreko harremana: 2 puntu

– 2 puntu euskal erakundeak lan jarraituko esperientzia egiaztatzen badu gutxienez deialdiaren aurreko bost urte naturaletan (2010-2014).

5.– Genero-ikuspegia erakunde-arloan sartzea: puntu 1

– Puntu 1, erakundeak genero-ekitatearen aldeko indarreko ekintza-plan estrategikoa badu.

III. – TOKIKO ERAKUNDEAREKIN LOTUTAKO ALDERDIAK: 15 PUNTU
1.– Esperientzia: 5 puntu gehienez

– 5 puntu proiektua erakundeak txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu deialdiaren aldez aurreko zortzi urte naturaletan gutxienez (2008-2015).

– 2 puntu proiektua erakundeak txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu deialdiaren aldez aurreko bost eta zortzi urte naturalen artean (2011-2015).

– Puntu 1 proiektua erakundeak txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu deialdiaren aldez aurreko bi eta bost urte naturalen artean (2014-2015).

2.– Gaitasuna eta kaudimena: 2 puntu gehienez

– 2 puntu erakundeak azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren edo Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lankidetza-laguntzaren bat kudeatu badu, behar bezala justifikatuta, eskatutako diru-kopuruaren parekoa edo hortik gorakoa, eskaerak aurkezteko epearen amaiera-egunean.

– Puntu 1 erakundeak azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren edo Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lankidetza-laguntzaren bat kudeatu badu, behar bezala justifikatuta, eskatutako diru-kopuruaren parekoa edo haren % 75etik gorakoa, eskaerak aurkezteko epearen amaiera-egunean.

3.– Tokiko erakundearen harremana xede-biztanleriarekin: 4 puntu gehienez

– 4 puntu proiektua tokiko erakundeak lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu xede-biztanleriarekin proiektuaren esparru geografikoan deialdiaren aldez aurreko lau urte naturaletan gutxienez (2011-2014).

– 2 puntu proiektua tokiko erakundeak lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen badu xede-biztanleriarekin proiektuaren esparru geografikoan deialdiaren aldez aurreko bi urte naturaletan gutxienez (2013-2014).

4.– Tokiko erakundea xede-biztanleriarekin lotzeko perspektibak: 3 puntu gehienez

– 3 puntu tokiko erakundearen indarreko Plan Estrategikoak xede-biztanleria berariaz biltzen badu.

– Puntu 1 tokiko erakundearen indarreko Plan Estrategikoak xede-biztanleria modu generikoan biltzen badu.

5.– Genero-ikuspegia erakunde-arloan sartzea: puntu 1

– Puntu 1, tokiko erakundeak genero-ekitatearen aldeko indarreko ekintza-plan estrategikoa badu.

B) GARAPENERAKO HEZKUNTZA PROIEKTUAK (III. KAPITULUA) ETA GARAPEN PRODUKTIBOKO, PRESTAKUNTZAKO ETA LAGUNTZA TEKNOLOGIKOKO PROIEKTUAK (II. KAPITULUA), LEHENTASUNEZ EUSKADIN BURUTZEN DIRENAK
I.– PROIEKTUAREN DISEINUA DEIALDIRA EGOKITZEAREN ARABERA (26 PUNTU)
1.– Helburuen, emaitzen eta aurreikusitako jardueren arteko koherentzia: 3 puntu gehienez.
2.– Jardueren, baliabideen eta kostuen arteko erlazio egokia: 3 puntu gehienez.
3.– Proiektuaren egokitasuna xede-biztanleriari, gaiari eta proposamen motari dagokienez: 5 puntu gehienez.
4.– Proiektuan erabilitako prozedurak koherenteak dira deialdian lehentasunezkotzat identifikatutakoekin: 3 puntu gehienez.

A) Eragin politikoko proiektuak. Herritarren mobilizazioko, salaketako, partaidetzako eta zabalkundeko kanpainak lehenetsitako gaiei dagokienez. 3 puntu gehienez, baldin eta:

– eragin politikoko estrategia bat badu, inplikatutako eragileak zehaztuko dituena (eskubideen titularrak eta erantzukizunen edukitzaileak, baita hirugarren aktoreak ere).

– bakoitzarentzat ekintza estrategikoak planifikatzen badira bereizitako inpaktuekin.

– ekintzaren denborazkotasun bat zehazten bada.

– sareak edo aliantzak ezartzea planteatzen bada.

B) Hezkuntza-berrikuntzako proiektuak Garapenerako Hezkuntzan. 3 puntu gehienez, baldin eta:

– Argitalpeneko/Banaketako-Hedapeneko/Komunikazioko estrategia bat badu.

– hizkuntzaren eta kontzeptuen erabilera egoki bat egitea planteatzen badu (bereziki genero-ikuspegiarekin lotutakoak, giza eskubideen arau multzoa eta Garapenerako Hezkuntzarako funtsekoak).

– berrikuntza planteatzen badu hurbilketa metodologikoan.

– kasuan kasu, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera gaineratzen badu edo planteatzen badu.

– irrati- edo telebista-programen kasuan, komunikazio-estrategia bat badu eta profesionalen aholkularitza badu irrati- edo telebista-alorrean.

C) Ikerketa-proiektuak. 3 puntu gehienez, baldin eta:

– ikerketa-estrategia bat badu bere elementu guztiekin (ikerketa-gai edo -arazoaren justifikazioa, aurrekariak, artearen egoera, esparru teorikoa, metodologia, ondorioak, gomendioak).

– ikerlari talde gaitu bat badu (egokitasun-memoriaren edo Erreferentziazko Terminoen bidez egiaztatutakoa).

– erakundeak aldez aurreko esperientzia ikertzailea badu ikerketaren gaian.

– ikerketa lagungarria bada pobrezia estrukturalaren eta munduko desparekotasunen arrazoiak ulertzeko.

– jakintza sozializatzeko estrategia bat planteatzen bada.

– emaitzen aplikazio praktiko bat planteatzen bada garapenerako lankidetzaren/hezkuntzaren esparruan.

D) Prestakuntza- eta sentsibilizazio-proiektuak.

– Unibertsitatez kanpoko prestakuntzarako. 3 puntu gehienez, baldin eta:

– berariaz hautatutako publiko bat aurkezten badu.

– helburu-publikoaren premietara egokituta badago.

– prestakuntza-plan xehatua aurkezten badu.

– pertsonen eta kolektiboen gaitasunak indartu nahi baditu.

– Plan Zuzendariarekin koherenteak diren edukiak garatzen baditu.

– aliantzak eta koordinazioa garatzen baditu unibertsitateekin/ikastetxeekin (formala eta ez formala).

– Hegoko agenteen edota Iparrean baztertutako pertsonen partaidetza bultzatzen badu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-baldintzetan.

– Unibertsitateko prestakuntzarako. Gehienez 3 puntu, aurretik planteatutakoaz gain, kontuan hartzen badu unibertsitatearen abalekin eta izaera akademikoko erakunde-egitura baten laguntzarekin.

E) Artikulazio- eta truke-proiektuak; Gehienez 3 puntu baldin eta:

– artikulazioaren eta trukearen justifikazioa badu.

– bereizitako parte-hartzea zehazten badu eragile eta kolektiboentzat.

– komunikazio-estrategia bat garatzen badu komunikazio-ekintzetarako (hitzaldiak, jardunaldiak, biltzarrak, eta abar), eta komunikazioko edo sareen/aliantzen ezarpeneko ekintzen esperotako inpaktuak planteatzen badira.

5.– Xede-biztanleak bat badatoz deialdian lehentasunezkotzat identifikatutakoekin, 4 puntu gehienez

5.1.– Proiektuaren xede-biztanle gehienak lehentasunezko kolektiboetako pertsonak badira: 2 puntu.

5.2.– Proposamenetan xede-biztanle gehienak EAEko hiriburuak ez diren udalerritan bizi diren pertsonak eta kolektiboak badira: puntu gehigarri 1.

5.3.– Euskal gizartean baztertuta dauden kolektiboak subjektu gisa barne hartzen baditu: bestelako gaitasun-mailak dituzten pertsonak, espetxeratutakoak, adingabe arau-hausleak, gutxiengo etnikoak, eta abar: puntu gehigarri 1.

6.– Proiektuan lehentasuna ematen zaien gaiak koherenteak dira deialdian lehentasunezkotzat identifikatutakoekin: 4 puntu gehienez

6.1.– Dekretu arautzaileak bere 17.1.f) artikuluan lehenetsitako gaietako bat bada: 2 puntu.

6.2.– Horrez gain, proposamenaren esparruan genero-ekitatearekin erlazionatutako gaiak berariaz sartzen badira: 2 puntu gehigarri.

7.– Proiektua erakunde eskatzailearen Garapenerako Hezkuntza Plan Estrategikoaren edo Eraginaren barnean hartuta dago: 2 puntu
8.– Irabazi asmorik gabeko erakundeen eta lehentasunezko kolektiboen erakundeen arteko partzuergoa da: 2 puntu
II.– PROIEKTUAREN BIDERAGARRITASUNAREN ARABERA (15 PUNTU)
1.– Erakunde eskatzaileak aldez aurreko esperientzia du garapenerako hezkuntza eta aztertutako gaian: 2 puntu gehienez

1.1.– Proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aldez aurreko bost urte naturaletan gutxienez (2011-2015). 2 puntu

1.2.– Proiektua txertatuta dagoen sektorean lan-esperientzia jarraitua egiaztatzen bada deialdiaren aldez aurreko hiru urte naturaletan gutxienez (2013-2015): puntu 1

2.– Gaitasuna eta kaudimena: 2 puntu gehienez

2.1.– 2 puntu erakundeak azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren edo Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lankidetza-laguntzaren bat kudeatu badu, behar bezala justifikatuta, eskatutako diru-kopuruaren parekoa edo hortik gorakoa, eskaerak aurkezteko epearen amaiera-egunean. 2 puntu

2.2.– Erakundeak azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren edo Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lankidetza-laguntzaren bat kudeatu badu, behar bezala justifikatuta, eskatutako diru-kopuruaren parekoa edo haren % 75etik gorakoa, eskaerak aurkezteko epearen amaiera-egunean. puntu 1

3.– Proiektua egikaritzen duten pertsonen prestakuntza egokia: 2 puntu gehienez

3.1.– Proiektua diseinatzen eta bideratzen duten pertsonek egokitasun-memorian aurkeztutako prestakuntza akademiko egokia badute: puntu 1

3.2.– Esparru horretan esperientzia profesionala badute eta azalpen-memoria gaineratzen bada: puntu 1

4.– Testuinguruaren eta xede-biztanleriaren diagnostiko bat egin da proiektua baino lehen: 2 puntu gehienez.
5.– Landutako gaiari buruzko aldez aurreko ikerketa egin da: 2 puntu gehienez
6.– Jarraipeneko eta ebaluazioko adierazleen sistema. 5 puntu gehienez

6.1.– Helburu-adierazleak oinarri espezifikoko ildo batetik abiatuz eraikitzen badira: 2 puntu

6.2.– Helburu espezifikoaren eta espero den emaitza bakoitzaren inguruan adierazle zehatzak, neurtzeko modukoak eta egiaztatzeko modukoak, kuantitatiboak, kualitatiboak eta prozesukoak ezartzen badira. 2 puntu

6.3.– Ebaluazio-adierazleak proiektuaren genero-inpaktua identifikatzeko moduan eraikita badaude: puntu gehigarri 1

III.– DIMENTSIO POLITIKOAREN ARABERA (13 PUNTU)
1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez

1.1.– Proiektuaren xede-biztanleriaren edota haren erakundeen partaidetza-gaitasunei buruzko diagnostiko bat badago: puntu 1

1.2.– Egoeraren/gaiaren diagnostiko bat egiten bada hura sortzen duten arrazoiak gaineratuz: puntu 1

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 2 puntu gehienez

2.1.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian ekonomian sozial eta solidarioko baliabideak indartzen edo baliatzen dituzten jarduerak badaude: puntu 1

2.2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian errealitatearen ulerkuntza kritikoan aurrerapausoak neurtzen dituzten adierazleak badaude: puntu 1

3.– Estrategia: 5 puntu gehienez

3.1.– Partaidetza-estrategia baten barruan txertatzen bada: 2 puntu gehienez

– Esku-hartzea xede-biztanleriaren partaidetza aktibo eta erreflexibo batean txertatzen bada: puntu 1

– Esku-hartzea erakundearen boluntarioen parte-hartze aktiboko estrategian txertatzen bada proiektuaren diseinuan, egikaritzapenean eta ebaluazioan: puntu 1

3.2.– Esku-hartzea tokikoa dena eta globala dena lotzeko estrategia batean txertatzen bada: puntu 1

3.3.– Esku-hartzeak tokiko garapen-estrategia publikoa, edo erakunde eta sareena edo gizarte-mugimenduetan indartzen badu: puntu 1

3.4.– Esku-hartzea kanpaina edo sare tematiko espezifiko batean txertatzen bada: puntu 1

4.– Metodologia: 4 puntu gehienez

4.1.– Xede-biztanleriak egikaritzapenean parte hartzea errazten eta sustatzen duten metodologiak erabiltzen badira eta deskribatuta badaude: puntu 1

4.2.– Arrazoien eta alternatiba posibleen azterketa kritiko bat errazten duten metodologiak erabiltzen badira: puntu 1

4.3.– Landutako gaien inguruko salaketa eta eragina indartzen duten metodologiak erabiltzen badira: puntu 1

4.4.– Material guztiak eta proiektuak sortutako beste proiektu batzuk nazioartean interesa duen edozein pertsonarentzako eskuragarri badaude, webgunearen edo beste edozein plataformaren bidez dohainik: puntu 1

IV.– KULTURA ARTEKO DIMENTSIOAREN ARABERA (9 PUNTU)
1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez

1.1.– Kultura arteko bizikidetza sustatzeko xede-biztanleriaren muga eta potentzialtasunei buruzko diagnostiko bat aurkezten badu: puntu 1

1.2.– Dibertsitatearen kudeaketarekin lotutako EAE dauden politikei/planei/estrategiei buruzko diagnostiko bat aurkezten bada (aldeko testuingurua edo ez): puntu 1

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez

2.1.– Kultura arteko bizikidetza bultzatzeko xede-biztanleriaren gaitasunak indartzea helburu duten jarduera zehatzak eta ondo definitutako jarduerak badaude: puntu 1

2.2.– Kultura-dibertsitateari dagokionez jarreren eta diskurtsoaren aldaketan aurrerapausoak neurtzen dituzten adierazleak badituzte: puntu 1

2.3.– Kultura-dibertsitatearen sustapena bultzatzen duten material eta baliabide didaktikoak lantzeko jarduerak badaude: puntu 1

3.– Estrategia: 3 puntu gehienez

3.1.– EAEko eta Hegoko erakunde edota kolektiboen arteko artikulazioa edo elkarraldiak planteatzen badira haien gaitasun eta harremanak indartzeko: puntu 1

3.2.– EAEko bi hizkuntza ofizialen erabileraren erabateko egokitzapena kontuan hartzen bada: 2 puntu gehienez

– Sentsibilizazio-jardueretan, jardunaldietan, biltzarretan eta abar aldibereko itzulpen elebiduna barne hartzen bada: puntu 1

– Proiektuaren baitan landutako komunikazio-material eta -euskarri guztien (ikus-entzunezkoak, irudiak eta abar barne) produkzio elebiduna bermatzen bada: puntu 1

4.– Metodologia: puntu 1 gehienez

– Ekintzak helburu dituen kolektiboen kultura-dibertsitateari egokitutako metodologia bat planteatzen bada: puntu 1

V.– DIMENTSIO PEDAGOGIKOAREN ARABERA (15 PUNTU)
1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez

1.1.– Xede-biztanleriaren ikaskuntzako edo desikaskuntzako gaitasun eta mugei buruzko diagnostiko bat badago: puntu 1

1.2.– Prestakuntza-esparruari buruz ingurunean dauden politika eta dokumentuei buruzko diagnostiko bat badago, baita, kasuan kasu, zalantzan jartzeak eta alternatiba posibleak ere: puntu 1

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez

2.1.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian xede-biztanleriaren prestakuntza-gaitasunak indartzea helburu duten jarduerak badaude: puntu 1

2.2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian material eta baliabide didaktiko eta prestakuntzazkoak lantzeko jarduerak badaude: puntu 1

2.3.– Marko Logikoaren Ideia Nagusian xede-biztanleriaren komunikazio- eta motibazio-abilezien garapenean aurrerapausoak neurtzea ahalbidetzen duten adierazleak badaude: puntu 1

3.– Estrategia: 5 puntu gehienez

3.1.– Gatazken kudeaketa eta konponketaren ikaskuntzaren aldeko apustua egiten duen ikuspegi pedagogikoa proposatzen bada: puntu 1

3.2.– Eskubideen ikuspegi bat planteatzen bada: puntu 1

3.3.– Egungo produkzio eta kontsumoko ereduekiko Ikuspegi kritikoa proposatzen bada, beste garapen-eredu alternatibo batzuk berreskuratzeko eta indartzeko: puntu 1

3.4.– Modu komunean eta berdintasunean hezteko aukera ematen duen hezkidetza-ikuspegi bat proposatzen bada, biztanle onuradunen maskulinoari eta femeninoari lotutako estereotipoak detektatuz eta gaindituz: puntu 1

3.5.– Hainbat esparrutako hezkuntza-agenteen artikulazio-estrategia bat planteatzen bada: puntu 1

4.– Metodologia: 5 puntu gehienez

4.1.– Metodologia pedagogikoak gizarte-ekintzako printzipio bat barnean hartzen badu, eta horrek prestakuntza eta gizarte-ekintza lotzen dituzten estrategien bilaketa kooperatiboa, trukea eta ahalduntzerako estrategiak bultzatzeko apustua egiten badu: 2 puntu gehienez

– Estrategien trukea eta bilakaera kooperatiboa sustatzen bada: puntu 1

– Prestakuntza eta gizarte-ekintza lotzen baditu: puntu 1

4.2.– Proiektua burutzen den udalerriko xede-biztanleetara, baldintzetara eta testuingurura, eta parte-hartzaileen interesetara egokitutako metodoa eta hedapen-sistema erabiltzen bada (espezifikoa bada eta ez generalista): puntu 1

4.3.– Proiektuak metodologia berritzaileak erabiltzen baditu edo berrikuntza-esperientziak sustatzen badituzte garapenerako hezkuntzan.

4.4.– Proiektuaren helburua lortzeko parte-hartze metodologiak eta/edo ikerketa eta ekintzako tresnak gaineratzen badira.

VI.– GENERO IKUSPEGIAREN ZEHARKAKOTASUNAREN ARABERA (11 PUNTU)
1.– Diagnostikoa: 2 puntu gehienez

1.1.– Emakumeek eta gizonek proiektuaren eremuan duten izaera eta posizio desberdinari buruzko azterketa on bat aurkezten baditu, konpondu nahi dituen genero-desberdintasunak identifikatzen baditu, sexuaren arabera banandutako informazioa barnean hartzen badu, baita proiektua landuko den eremuaren barruan baliabideen sarbide eta kontrol diferentziala ere; eta gizonen eta emakumeen premiak eta interesak identifikatzen baditu: puntu 1

1.2.– Jardun-sektorean dauden genero-politikei/berdintasun-planei buruzko diagnostiko bat badago (aldeko testuingurua edo ez): puntu 1

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez

2.1.– Ekitatearen sustapenean xede-biztanleriaren gaitasunak hobetzeko jardun zehatzak eta ondo definitutakoak badaude: puntu 1

2.2.– Berdintasunaren sustapenean aurrerapausoak neurtzen dituen genero-inpaktuko adierazleak baditu (rolen aldaketa, aurrerapausoak ahalduntzean, erabakia hartzera sartzea...): puntu 1

2.3.– Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak gainditzeko aurrerapausoetarako giza baliabide, eta baliabide tekniko eta material espezifikoek zehazten badira: puntu 1

3.– Estrategia: 5 puntu gehienez

3.1.– Emakumeak eta haien erakundeak ageriko egiteko estrategia bat planteatzen bada garapenaren subjektu protagonista gisa: puntu 1

3.2.– Emakumeen eta haien erakundeen parte-hartzearen sustapena planteatzen bada: 2 puntu gehienez

– Mekanismo zehatzak ezartzen badira (kuotak, ekintza positiboak, besteak beste) proiektuaren jardueretan emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua sustatzeko eta ezarritako estrategia deskribatzen bada: puntu 1

– Proiektuaren jardueretan emakumeen erakundeek eta erakunde feministek nabarmenki parte hartzen badute: puntu 1

3.3.– Komunikazio-estrategia bat planteatzen bada hizkuntza barne-hartzailearen erabilera bermatzeko landutako materialetako mezu eta irudietan: puntu 1

3.4.– Erakundeak genero-ekitatearen aldeko indarreko ekintza-plan estrategikoa badu: puntu 1

4.– Metodologia: puntu 1 gehienez

– Proiektuaren ekintzetan gizonen eta emakumeen parte-hartze orekatua ahalbidetzen duen metodologia bat planteatzen bada: puntu 1

VII.– HEGOKO IKUSPEGIAREN BIRBALORIZAZIOAREN ARABERA (11 PUNTU)
1.– Diagnostikoa: puntu 1 gehienez

– Xede-biztanleriaren Hego globalari buruzko imajinario kolektiboaren diagnostiko bat aurkezten bada: puntu 1

2.– Marko Logikoaren Ideia Nagusia eta aurrekontua: 3 puntu gehienez

2.1.– EAEn Hegoko erakundeek zabal ditzaten material eta baliabide didaktikoak egiteko jarduerak badaude: puntu 1

2.2.– Esperientziak, sistematizazioak edo Hegoko erakunde, kolektibo edo pertsonek egindako ikerketak –Iparrean zein Hegoan kokatuak– badaude EAEn lehenetsitako gaiei buruz: puntu 1

2.3.– Honako hauek neurtzea ahalbidetzen duten emaitza eta adierazleak diseinatzen badira: jarrera-aldaketak, partaidetza- edo ordezkaritza-kuoten banaketa, kolektibo/biztanleria parte-hartzailearen diskurtso- edo jarduera-aldaketak Hegoko kolektibo/pertsonei dagokienez: puntu 1

3.– Estrategia: 7 puntu gehienez

3.1.– Hegoko erakunde, kolektibo eta pertsonen protagonismoa (Iparrean zein Hegoan kokatuak) sustatzen bada jardueretan: puntu 1

3.2.– Pobretutako herri eta herrialdeen imajinario kolektiboa eta haiei buruzko estereotipo negatiboak eraldatzearen aldeko apustua egiten bada: 2 puntu gehienez

– Hegoari buruzko imajinario kolektiboa eratzeko moduari buruzko azterketa-jarduerak txertatzen badira eta sistema baztertzailearen mantentzean betetzen duten paperari buruzko hausnarketa egiten bada: puntu 1

– Hegoari buruzko imajinario kolektiboa eraldatzeko eta hobetzeko salaketa- eta eragin-jarduerak egiten badira: puntu 1

3.3.– Hegoari buruzko esperientzia eta jakintzetatik abiatuta ikaskuntzak ateratzeko estrategia bat planteatzen bada: puntu 1

3.4.– Hegoari buruzko esperientzia eta jakintzetatik ateratako ikaskuntzak EAEko hezkuntza-gogoeta eta -praktiketan txertatzeko estrategia bat planteatzen bada: puntu 1

3.5.– Proiektuaren egikaritzapenean etorkinen erakunde edota kolektiboen eta beste talde etniko minoritario batzuen parte-hartzea aurreikusten bada: 2 puntu gehienez

– Proiektuaren egikaritzapenean etorkinen elkarteen parte-hartze aktiboa barne hartzen bada: puntu 1

– Proiektuaren jardueretan parte-hartze aktiboko guneen sorkuntza planteatzen bada Iparrean baztertutako, diskriminatutako edo estigmatizatutako etorkinak ez diren kolektibo etnikoen aldetik: puntu 1


Azterketa dokumentala