Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2016ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2296

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baitu 2016ko bigarren seihilekoan kongresu eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresu eta bilera zientifikoak –beste arlo batzuen artean– tresna egokiak dira ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, euskal zientzia ikusgarriago egiteko. Horregatik uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, horien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.

Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua.

Halaber, kontuan hartu dira hauek ere: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzak arautu eta horietarako deialdia egitea da agindu honen helburua, ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antola daitezen, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016ko bigarren seihilekoan.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, oro har, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako trebakuntzarako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak, mintegiak, doktorego-, master- edo graduondo-programak, etengabeko prestakuntzarako jarduerak, ate irekien jardunaldiak, jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, baldin eta ez badute ikerketa zientifikoarekiko lotura zuzena.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

250.000 euro erabiliko dira agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak izango dira laguntza hauen enpresa onuradunak, duten agente-kategoria edozein delarik ere, Teknologiaren Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk.), kanpoan utzita bi kategoria hauek: I+G enpresa-unitateak eta eskaintza-eskarietako bitartekotza-erakundeak.

2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, eskakizun hauek bete behar dituzte:

a) Erakundeak ezin izango dira onuradun izan baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administratibotik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne izanik, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du haien baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.

c) Ezin izango dira agindu honek araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.

4. artikulua.– Diru-laguntzarako jarduerak.

1.– Gastu arrunt hauek osorik edo zati batean ordaintzeko erabiliko dira laguntzak:

a) Antolamendua eta zabalkundea, barnean hartuta webguneak eta laguntza-zerbitzuak sortzeko, jardueraren publizitatea egiteko eta saioen arteko kafe-etenaldiak ordaintzeko kostua.

b) Hizlarien bidaiak, ostatua, mantenua eta ordainsariak.

c) 30 urte arteko gazte ikertzaileentzako diru-laguntzak, deialdiaren xedeak barnean hartzen dituen jardueretara joateko ere bai. Diru-laguntza hauek inskripzioaren prezioei ezarri behar zaizkien beherapen osoak edo partzialak baino ez dituzte barnean hartzen, oinarrizko kuotaren gainekoak (gastu sozialak kanpoan utzita). Laguntzek bidaia-gastuak hartzen dituzte barnean, baina bidaiaren kostuaren % 20ko gehieneko muga izanik. Ez dira diruz lagunduko norberaren autoan egindako bidaiak.

2.– Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

a) Gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen bazkaria eta ostatua, egintza ludikoak, dietak eta protokolo-gastuak.

b) Jarduerari egotzitako gastuak, erakunde onuradunaren beraren elementuak erabiltzeko.

c) Erakunde onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerkuntzako bekadunentzako dotazioak.

d) Enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatuak, eta justifikazio hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakunde edo enpresa lotuta daudela baldin eta Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako egoeraren batean badaude.

5. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Formulario bidez bete beharko dira eskabideak; formularioa telematikoki eskuratu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitza elektronikoan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/ikerbilerak-2semestre/y22-izapide/eu).

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).

Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoa (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria) edo erabiltzailea eta pasahitza. Aplikaziora sartzen diren pertsonek Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen den organoa) baimena ematen diote nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan, bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.

2.– Behin eskabide osoa beteta, artikulu honen 5. zenbakian adierazita dagoen dokumentazioa erantsita, eta aplikazioan sartutakoan, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. zenbakian adierazitakoarekin bat, eta orduantxe bakarrik geratuko da erregistraturik eskabidea.

3.– Azkenik, erantzukizunpeko adierazpena ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Aipatutako adierazpenak honako hauek jaso beharko ditu:

– Ea erakunde eskatzaileak eskatu dion beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik helburu bererako, eta ea halakorik eskuratu duen.

– Erakunde eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.

– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalen bat duen, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duen.

– Konpromisoa hartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazteko, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzei edo eskakizunei lotutako edozein egoera aldatzen bada, edo xede bererako beste diru-laguntza, sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen baditu edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik.

– Eskabideko datuak egiazkoak direla, eta bere gain hartuko duela bertako zehaztasun-ezaren ondoriozko erantzukizuna.

– Erakunde eskatzaileak Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako beste debekuren bat duen.

4.– Eskaerak aurkezteko epea.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Eskatutako dokumentazioa.

Dokumentazio hau jaso beharko dira eskabidean; eta dokumentazioa aplikazio telematikoan sartu beharko da:

a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek adierazi beharko dira:

– Ekitaldiaren garrantzia.

– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta bera argitaratuta duen webgunearen esteka.

– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.

b) Eskatzen diren funtsen justifikazioa; kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak, aurrekontuak zehaztu behar dira. Ahal dela, proformako fakturak sartu behar dira.

c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta; beren-beregi adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.

d) Gonbidatutako hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria.

e) Erantzukizunpeko adierazpenean egindako baieztapenen egiaztagiria.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

7. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egutegiko 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

Zuzenketa egiteko errekerimenduak jakinaraziko dira 12. artikuluko bigarren zenbakian ezarritako prozeduraren arabera.

8. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.

1.– Eskaerak hautaketa-batzorde batek ebaluatuko ditu. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu: Zientzia Politikarako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitateetako zuzendaria; eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena. Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko proposamena.

2.– Eskariak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:

a) Ekitaldiaren tipologia. Kongresuek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek 20 puntukoa.

b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.

c) Hizlari kopurua. 0,5eko balorazioa emango da gonbidatutako hizlari bakoitzeko, baldin eta bertaratuko dela baieztatzen badu; 10 puntu, gehienez. Halakotzat hartuko dira programan esplizituki aipatutakoak.

d) Zenbateko asistentzia aurreikusten den. Puntu batez baloratuko da bertaratutako hogeita bosteko; 10 puntu, gehienez.

e) Kanpoko iturriek finantzatutako maila: bertaratutakoen kuotak eta diru-laguntza publikoak edo pribatuak, jarduera egiteko egiaztatutakoak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.

9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Era berean, agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira; horien artean lehentasunak jartzeko, 8. artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuko dira, eta puntu gehien lortzen duten eskaerei baino ez zaizkie esleituko diru-laguntzak, harik eta agindu honetako 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:

a) Kongresuak badira: 20.000 euro edo 10.000 euro; nazioartekoak edo estatukoak diren kontuan hartuta, hurrenez hurren.

b) Bilera zientifikoak badira: 7.500 euro edo 4.000 euro; nazioartekoak edo estatukoak diren kontuan hartuta, hurrenez hurren.

c) Kafe-etenaldietarako emango den gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.

2.– Emandako zenbatekoak ez du inola ere gaindituko ez eskatutakoa, ez diru-laguntzako jardueren aurrekontuaren herena, xedapen honen 4. artikuluan adierazi bezala. Ez da emango eskabidean zenbatetsitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.

Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.

Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako guztizko gastuaren herenetik gorakoa bada diru-laguntzaren zenbatekoa, hori murriztu egingo da.

Laguntza justifikatzeko xedapen honen 15. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egiaztatuko du berriro emandako diru-laguntzak ez dezala gainditu erakunde onuradunaren gastuaren herena.

3.– Zenbat eman behar den zehazteko ondorioetarako, kongresutzat hartuko dira elkarte zientifikoen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio mota egiten diren: gonbidapenetako hitzaldiak aurkeztekoak, eta ikertzaileak unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, maila zientifikoa bermatu beharko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin behar dute.

4.– Ekitaldiak nazioartekotzat edo estatukotzat hartuko dira erakunde deitzailea edo antolatzailea nongoa den kontuan hartuta.

5.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira kongresu bera egiteko xedea duen beste edozeinekin, kontuan izan gabe funtsak publikoak edo pribatuak diren. Alabaina, xede bererako lortu diren laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, dagokion neurrian murriztuko da deialdi honetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, hautapen-batzordeak proposamena egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpena, betiere agindua argitarazten denetik harako sei hileko epean.

2.– Jakinarazpenetarako, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko taula elektronikoa baliatuko da, eta hor emango da argitara ebazpena (https://www.euskadi.net/).

3.– Aurreko 2. zenbaki horretan xedatutakoaz gain, argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei, horretarako SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean, berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik aurrera.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan adierazitakoak, zehatzago esanda, hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Izan ere, diru-laguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik egutegiko hamar egun igaro badira, eta interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Ukapenak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, jakinaren gainean egoteko eta, behar izanez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak berariazko baimena eman dezan.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz.

e) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa sartzea bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan (Eusko jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).

14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.

Lehenengoan, aurretiaz eta kontura ordainduko da, eta emandako laguntzaren % 75 izango da; 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.

Bigarrenean, 2017. urtean, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, betiere hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean.

15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute jarduera egin dutela, finantzaketaren helburu baita; hartarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte inprimaki normalizatuan, jarduera hura bukatzen denetik sei hileko epearen barruan:

a) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria, eta kontzeptuen araberako banaketa. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.

b) Ekitaldiaren balantze ekonomiko zehatza (diru-sarrerak eta gastuak). Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.

c) Kongresuaren akten bi ale, edo, halakorik badago, horien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, beroriek argitaratzea aurreikusi bada.

d) Entitate onuradunak gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, eman beharko du, beka eman dien pertsonen zerrenda ez ezik (izena eta NANa), egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.

Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, txartel prezioduna edo faktura eman beharko da.

2.– Dokumentazio guztia aplikazio telematikoaren bitartez eman beharko da, 5. artikuluaren 1. zenbakian adierazi bezala.

3.– Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira lehenago esan den justifikazio-epearen hasieratik gehienez bost urtez, eta eskura egongo dira Zientzia Politikako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Kontroleko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duten edozein egiaztapenetarako.

16. artikulua.– Jarraipena.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio jarraipena egitea; horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkoa dela pentsatzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.

17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak behar diren ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

18. artikulua.– Ez-betetzea, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, beharrezkoa bada, itzultzea.

1.– Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

2.– Halaber, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu edo publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak konplituz gero.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez (1992ko otsailaren 7ko EHAA), arautu egin da diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien interesak itzuli beharra; eta dekretu horren bigarren tituluan ezarritakoaren arabera, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez egingo da horretarako deklarazioa, behar diren prozedura-izapideak hezurmamitu ondoren; hargatik eragotzi gabe egin beharreko gainerako ekintzak.

4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Ikerketa» izeneko fitxategian sartuko dira, 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututakoari jarraikiz (2010eko azaroaren 5eko EHAA). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuen aurka egin, datuetan sartu eta datuak zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hartarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala