Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2016ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2295

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 17koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2016rako deialdia.

Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan (2012ko abenduaren 11ko EHAA, 238. zenbakia), ezagutzaren edozer eremutan bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako ikaskuntza-ekintzak egin daitezela sustatzeko laguntzak arautzen dira.

Etengabeko ikaskuntzako hiru motatako jarduerak finantzatu ahal izango dira:

1.– Prestakuntza-jarduera espezifikoak, pertsona-talde jakin baten prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatu eta planifikatutakoak.

2.– Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak.

3.– Prestakuntzako edo hezkuntzako metodologia berrien esperimentazioari buruzko proiektuak; ezagutzaren belaunaldi arteko transferentziari buruzkoak, prestakuntza hurbiltzeko eta ikastea sustatzeko trabak baztertzeari buruzkoak, edota bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako beste edozein.

Era berean, Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen lagunduko dute agindu honetako laguntzek.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko dira. Zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko da; halaxe xedatu baita, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.

Halaber, Toki Administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak sakon berrikusten du toki-administrazioaren estatutu juridikoari buruzko xedapenen multzoa, oinarrizko hainbat xede betetzeko: besteak beste, udalen eskumenak argitzea, beste administrazio batzuen eskumenekin bikoiztasunik sortu ez dadin; hartara, printzipio hau gauzatu nahi da: «administrazio bat, eskumen bat». Horregatik, mankomunitateak deialdi honetako eremu subjektibotik kanpo geratu dira.

Kontuan izanik diruz lagun daitezkeen jardueretatik indarraldi zehaztugabea nahiz aldi baterako indarraldia izango dutenak arautu direla azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan, eta dekretu horretako 10.4 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, hots, publizitatearen printzipioa betetze aldera, egoki den deialdia egingo du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Hortaz, agindu hau eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen xedea da bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan aurreikusitako laguntzak 2016rako deitzea.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan ezarritako laguntzen erakunde onuradunak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratu badira:

a) Udalerriak.

Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bidez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatu zen. Bada, 27/2013 Legean xedatzen denez, udalek, onuradun izateko, bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak eskuratu beharko dituzte, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 7.4 artikuluan adierazten denari jarraituz.

Alde horretatik, bikoiztasunik ezari buruzko txostena ofizioz erantsiko zaio espedienteari, eta toki-araubidearen arloko eskumena duen zuzendaritzari igorriko zaio udal kontu-hartzailetzak aurkeztu beharreko informazioarekin batera, hain zuzen ere zuzendaritza horrek finantza-iraunkortasunari buruzko txostena izapidetu dezan, finantza-zaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren aurrean, espedienteari erantsi behar baitzaio txosten hori ere.

Udal-elkarteak osatzen dituzten udal guztiek lortu beharko dituzte aipatutako txostenak, goian ezarritako eran.

b) Toki eta Eskualdeko Garapen agentziak, beti ere nortasun juridiko independentea badute.

c) Udal Sozietateak, beraien gizarte-helburuen artean formakuntza dutenak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke tokiko enpresa-erakunde publikoak eta tokiko merkataritza-sozietateak, baldin eta haien kapital soziala osorik toki-erakundeari badagokio eta egiaztatuta geratzen bada, horretarako egindako justifikazio-txosten bidez, erakunde horiek iraunkorragoak eta eraginkorragoak direla toki-erakundeek eta toki-erakunde autonomoek berek egindako kudeaketa baino. Horretarako, aintzat hartuko dira errentagarritasun ekonomikoaren irizpideak eta inbertsioa berreskuratzekoak.

Horretaz gainera, jasotako aholkularitzari buruzko justifikazio-txostena erantsi behar zaio espedienteari. Txostenean, zerbitzuaren kostuari buruzko txostenak eta jasotako laguntza teknikoa bilduko dira, eta horien publizitatea egin beharko da. Ondoren, udalbatzari helaraziko zaio txosten hori, onartu dezan. Horretarako, kontu-hartzailearen txostena eskatuko da.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateak, 248/2012 Dekretuaren 4.2.c) artikuluan jasotako esperimentatze proiektuetarako bakarrik.

e) Eusko Jaurlaritzaren Elkarte eta Fundazioen Erregistroan erroldaturiko irabazi-asmorik gabeko elkarteak, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak garatzen dituztenak (hiritarren parte-hartzea bultzatzen dituzten jarduketak, bereziki), eta haien helburuen artean formakuntza dutenak.

f) Lanbide Heziketa edota Helduentzako Heziketa emateko baimena duten Ikastetxe pribatuak.

g) Merkataritzako edo gizarte-ekonomiako sozietateak, beraien helburuen artean formakuntza dutenak.

3. artikulua.– Ikaskuntzako bitartekaritza zerbitzua: diru-laguntza emateko baldintza.

Zerbitzua ematea eskatzen duen erakundeak, bizialdi osoko ikaskuntzari buruz informatzearen alorrean eta bitartekaritza zerbitzua kudeatu eta gauzatzearen alorrean, bi urte baino gehiagoko esperientzia duten langileak dituela egiaztatu beharko du.

4. artikulua.– Eskaeren aurkezpena modu elektronikoan.

1.– Baliabide elektronikoak erabili behar izango dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzeko Informatika eta Teknologiako zuzendariaren otsailaren 9ko Ebazpenak.

3.– Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/bozi/y22-izapide/eu

4.– Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira.

Https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera eta berorri atxikitako dokumentazioa. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

Eskabideak aurkezteak adierazten du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta formularioak.

1.– Hilabete bateko epea izango da eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Diru-laguntzetarako eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Proiektuan aurreikusitako jarduera-multzoa deskribatzen duen txostena, ondokoak adieraziz: proiektuaren izena; proiektua egiteko eskatzen den diru-kopurua; gauzatu beharreko jardueren edukiak; helburuak; kokapena; denbora-eremua; jarduera zer pertsona-multzori zuzentzen zaion; jardueran parte hartzen duten eragile eta interesdunen elkarteak; proposatutako metodologia; jardueraren kostua atalez atal (langileak eta funtzionamendua); aurreikusitako ekintzak; eta proiektua definitzeko balio duten gainerako inguruabarrak.

b) Azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuaren 5.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, bitartekaritza-zerbitzua emango duten pertsonek bizialdi osoko prestakuntzarako orientazioa ematen gutxienez 2 urteko lan-eskarmentua dutela erakusten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte ikaskuntza-bitartekaritza emateko zerbitzurako finantzazioa eskatzen duten erakundeek. Langileak lanean aritutako erakundeetako titularrek emandako egiaztagiriak aurkeztu behar dira.

c) Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legean xedatzen denez, udalek egiaztatu beharko dute dagokion arloko administrazio eskudunak egin beharreko txostenak eskatu dituztela; txosten horietan, adieraziko da ez dagoela bikoiztasunik. Horretaz gainera, udalek finantza-zaintzaren eskumena duen administrazioari eskatu beharko diote baliatu nahi duten eskumenaren finantza-iraunkortasunari buruzko txostena.

Tokiko enpresa-erakunde publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek justifikazio-txostenak aurkeztu beharko dituzte, zehazki agindu honen 2.c) artikuluan aipatzen direnak.

3.– Egiaztatu beharko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela.

Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Horretarako ez du haien baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera, betiere (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

6. artikulua.– Eskabideetako akatsen zuzenketa.

Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena emango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

7. artikulua.– Ebazpenaren argitalpena eta errekurtsoak.

1.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta jakinarazi eta biharamunetik izango du eragina.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

2.– Administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpenaren prozeduraren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

8. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

248/2012 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako irizpideak betez ebaluatuko dira eskaerak, I., II. eta III. eranskinetako eskemak oinarri hartuta.

Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuei dagokienez, aplikatzekoak izango dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak, zerbitzua garatu nahi den lekuan ez bada azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuaren 5.3 artikuluan zehaztutako egitekoak garatzen dituen bitartekaritza-zerbitzurik, betiere. Dekretu horren bitartez, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren inguruko jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautu ziren.

9. artikulua.– Finantzazioa.

1.– 420.000,00 euro erabiliko dira deialdi hau finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera, betiere.

2.– Hona jarduera-mota bakoitzaren zenbateko gehieneko erabilgarria:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: 200.000,00 euro.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 120.000,00 euro.

c) Esperimentazio-proiektuak: 100.000,00 euro.

3.– Diru-laguntza ematean, lehenengo ordainketa egingo da; emandako diru-laguntza guztiaren % 15. Ondoren, diruz lagundutako proiektuko jarduera guztiak amaitu eta, 3 hilabeteko gehieneko epean, azken txostena jasotzean, diru-laguntzaren beste % 85a ordainduko da. Halaxe xedatu baita 248/2012 Dekretuaren 17.1.b) artikuluan.

4.– Bigarren ordainketaren % 50a kontura ordain daiteke, erakunde onuradunak horretarako eskaera egiten badu. Horrelakoetan, garatutako jardueraren tarteko txostena egin beharko du erakunde onuradunak. Txosten horretan, proiektuaren ordura arteko garapenari buruzko informazioa eman beharko da, bai eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu ere. Egindako gastu guztien –nominen zein fakturen– zerrenda aurkeztuko da, honako hauek adieraziz: data, kontzeptua, zenbateko osoa, zenbateko egozgarria (hala badagokio), eta ordainketa-data.

Konturako ordainketa ezin izango da eskatu diruz lagundutako jardueraren gutxienez 2/3ak garatu arte.

5.– Deialdi honen funtsen kargura honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: proiektuan zuzenean parte hartzen duten eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak; eta diruz lagundutako jarduera garatzearen ondorioz zuzenean sortutako funtzionamendu-gastuak.

Finantza daitezkeen gastu guztien % 10 izan daitezke, gehienez ere, funtzionamendu arrunteko gastu; besteak beste: proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuak; komunikazio-gastuak; ura; argia; eta lokalen alokairua edo amortizazioa.

6.– Diruz lagundutako jarduerari dagokion zenbatekoaren % 50eraino azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak.

7.– Hona jarduera-mota bakoitza finantzatzeko gehieneko zenbatekoak:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko 7 euro gehienez; 18.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 35.000 euro, gehienez ere, bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz arituko den bitartekari bakoitzeko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da.

c) Esperimentazio-proiektuak: 20.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko. Ez dira esperimentazio-proiektutzat hartuko bi urte baino gehiagoz martxan daudenak.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek azaroaren 27ko 248/2012 Dekreturen 8. artikuluan zehazten diren betebeharrak izango dituzte. Horretaz gainera, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren udalek bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko txostenak aurkeztu beharko dituzte, agindu honen 2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Txosten horietan adierazitakoak baldintzatuko du Laguntza ematea.

11. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.

2016. urtean abiarazi beharko dira onartutako proiektuak, eta 2017ko ekainaren 30era arte gauzatu daitezke.

12. artikulua.– Datu pertsonalak.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honetara bildutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek lege horretan aipatutako baimenak eman dituztela joko da.

Datuak babesteko arloan indarrean den araudiaren mendean geratuko da deialdi honen barruan aurkeztutako eskabideetan jasotako informazioa.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoan xedatutakoa betez, interesdunak eskaera egiten badu, eskabide-orrian jasotako datuak «Erakunde kolaboratzaileak» izeneko fitxategian biltzeko baimena eman duela joko da. Diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdian parte hartu dutenei haren berri emateko erabiliko dira fitxategi horretan bildutako datuak. Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzentze-, ezabatze-, eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Hilabeteko epea izango da horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; halaxe xedatu baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116 eta 117. artikuluetan. Bestela ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Bi hilabeteko epea izango da horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita; halaxe xedatu baita Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 17a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA

PROIEKTU-MOTA: PRESTAKUNTZA-JARDUERA ESPEZIFIKOAK

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA

PROIEKTU-MOTA: IKASKUNTZAKO BITARTEKARITZA-ZERBITZUAK

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA

PROIEKTU-MOTA: ESPERIMENTAZIO-PROIEKTUAK

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala