Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2016ko maiatzaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2293

EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 25ekoa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Turismo Sariak emateko 2016ko ekitaldiko deialdia, Euskal Turismo Sariak arautzen dituen 2014ko maiatzaren 7ko Aginduan ezarritako esparruaren barruan.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko maiatzaren 7ko Aginduak Euskal Turismo Sariak arautzen ditu (2014ko maiatzaren 14ko EHAA, 89. zk.).

Agindu horren 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezkoa da bertan finkatutako sarietarako 2016ko ekitaldiko deialdia egitea eta horretarako behar diren arauak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 4. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Turismo sariak arautzen dituen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016 maiatzaren 7ko Aginduan aurreikusitako sarien 2016ko deialdia egitea.

2. artikulua.– Baldintzak.

Aurkeztutako hautagaitzek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko maiatzaren 7ko Aginduan aurreikusitako sarietarako sarbidea izateko, nahitaezkoa izango da bertan adierazitako aginduaren betebeharrak betetzen direla egiaztatzea.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Hautagaitzak, agindu arautzailean zehaztutako dokumentazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Turismo Zuzendaritzara bideratu beharko dira, eta Lurralde Historiko bakoitzeko Lurralde Ordezkaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

4. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailearen osaera.

Epaimahai kalifikatzailearen osaera eta haren funtzionamendua aipatu aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera arautzen dira, eta legezko manu horren arabera, deialdi honetarako, epaimahai horretan egongo da, batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari bat, eta, bestetik, Vitoria-Gasteiz Turismo & Convention Bureau-ren ordezkari bat, xedapen horretan ezarritako alfabeto-hurrenkeraren araberako txandari jarraituz, betiere. Halaber, epaimahai horretan parte hartuko du, batetik, Destino Bilbao Hotel elkarteak –Euskadiko Turismo Enpresen Elkarteen izenean–, eta, bestetik, Goierri Turismo-k, Turismoko Eskualdeetako Turismo Erakundeen izenean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 25a.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

ITZIAR EPALZA URQUIAGA.


Azterketa dokumentala