Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2016ko maiatzaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2223

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deialdia egiten zaie Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak irakasten dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, 2016-2017ko ikasturtean irakasleak prestatzeko jarduerak egin ditzaten.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren 17. artikuluak Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzari esleitzen dizkion egitekoen artean daude Lanbide Heziketako Irakasleentzako Etengabeko Prestakuntza Plan bat diseinatzea, aplikatzea eta haren jarraipena egitea, bai eta plana eguneratu eta espezializatzea ere.

Hori dela-eta, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak prestatu egin behar du Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza Plan bat, eta hor, batetik, Lanbide Heziketaren funtzionamendu egokia ekarriko duten irakasle gaituak bermatzeko prestakuntza-proposamenak egin, eta, bestetik, prestakuntza errazteko bideak zabaldu behar dira, betiere jardunean diren irakasleek agertu eta aurkeztu dituzten eskaerekin bat etorriz.

Eskaera horiei erantzuteko, irakasleak prestatzeko jarduerak sustatu nahi ditu Lanbide Heziketako Sailburuordetzak Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko baimena duten ikastetxeetan, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko gelako jardunari eta koordinazio pedagogikoari dagokienez. Izan ere, jakitun da ikastetxeetako prestakuntza eta berrikuntza laneko testuinguruarekin lotuta daudela ikastetxeetan eta testuinguru horrek erraztu egiten duela profesionalak zuhur eta kritikoak izatea eta euren jarduna ikertzeko gogoa izatea.

Bada funtsezko tresna bat Lanbide Heziketako irakasleen prestakuntza epe ertainean planifikatzeko: ikastetxe bakoitzeko irakasleak prestatzeko plana. Ikastetxeko irakasleen prestakuntza-beharretan oinarritu behar du, eta kontuan hartu behar ditu honakoak: ikastetxearen lehentasunezko helburu eta jarduerak, ikastetxeak eskaintzen duen prestakuntza eta irakasleen ezaugarriak. Irakasleekin batera sistematizatu eta egin behar da prestakuntza-beharren detekzioa, Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko planak zer jarduera finkatu behar dituen jakiteko eta horiek ikastetxearen helburuen eta antolamenduaren arabera ordenatzeko eta programatzeko. Hartara, prestakuntza-jardueren lehentasunak finkatuta eta programatuta, irakasleak prestatzeko jardueren urteko plangintza egingo da.

Esparru horretan, 2015-2016ko ikasturtean, asmoa da prestakuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan elkarlanean prestatzeko eta ikasteko metodologia aktiboak aplika daitezen bultzatzea, erabakitasunez bultzatu ere, baita horrelako prozesuetan 2.0 tresnak erabil daitezen bultzatzea ere. Horrenbestez, agindu honek deitzen dituen diru-laguntzen esparruan, bereziki hartuko dira kontuan Lanbide Heziketako irakasleek arlo horietan dituzten gaitasunak hobetzen laguntzeko jarduerak, betiere, urteko plangintzaren barruan eginik.

Horregatik guztiagatik,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako prestakuntza-zikloak ematen dituzten irakasleak 2016-2017ko ikasturtean itunpeko ikastetxe pribatuetan prestatzeko jarduerak egiteko diru-laguntzak lehiaketa bidez ematea arautzea.

2. artikulua.– Prestakuntza-jardueren esparru orokorra.

1.– Ikastetxe bakoitzeko Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko planak finkatzen dituen beharren araberakoak izango dira deialdi honen barruko prestakuntza-jarduerak, eta urteko plangintzaren barruan egongo dira. Gainera, ikastetxearen lehentasunezko helburu eta jarduerekin lotuta egongo dira.

2.– Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritza arduratuko da aukeratzeaz Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko planaren barruko zer jarduera aurkeztuko dituen ikastetxeak deialdi honen bitartez finantzatzeko.

3.– Ikastetxe bakoitzeko Lanbide Heziketako irakasleen lana hobetzen eta horiek alde profesionaletik garatzen lagunduko dute prestakuntza-jarduerek, eta ikastetxe bakoitzak 2016-2017ko ikasturtean eskaintzen duen prestakuntzarekin lotuta egongo dira.

3. artikulua.– Prestakuntza-jardueretarako baldintzak.

1.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenak irakasle izango dira diruz lagundutako ikastetxean. Era berean, baldintza hauetakoren bat betetzen duten ikastetxeek prestakuntza-jarduera komunak (ikastetxe-artekoak) egin ahal izango dituzte:

a) Txikiak izateagatik eta/edo aurkezten dituzten jardueren ezaugarriengatik, batera jardun behar duten ikastetxeak izatea.

b) Inguru bereko ikastetxeak izatea, edo lanbide-arlo bereko prestakuntza-zikloak ematea.

2.– Prestakuntza-jarduerak emateko, erakunde onuradunek prestakuntzan aditu diren kanpoko pertsonak edo erakundeak kontratatu behar izango dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzei jarraituz.

3.– Ikastetxe bakoitzean gehienez ere zortzi prestakuntza-jarduera lagun daitezke diruz, eta eskaera berean aurkez daitezke. Kopuru horretan ez dira kontuan hartuko ikastetxe-arteko jarduerak. Jarduera berean talde-bikoiztasuna gertatuz gero, jarduera-bikoiztasuna dagoela ulertuko da.

4.– Prestakuntza-jardueretan, arau orokor gisa, proposatutako prestakuntzarekin zerikusia duten moduluak ematen edo emango dituzten gutxienez zortzi irakaslek parte hartu behar dute. Ikastetxe batean kopuru horretara iristen ez badira, ikastetxe-arteko jarduera moduan aurkeztu beharko da.

Jarduera gehienez ere lurraldeko bi ikastetxetan ezarrita dagoen prestakuntza-ziklo bati badagokio, orduan soilik aukeratu ahal izango dira zortzi irakasle baino gutxiagoko jarduerak.

5.– Prestakuntza-jarduera bakoitza gutxienez 10 ordukoa izango da, eta gehienez 35ekoa.

6.– Nahitaezkoa da prestakuntza-jarduerek diru-laguntzarik jaso ez izana deialdiaren aurreko ondo-ondoko bi ikasturteetan, ikastetxe berean eta titulu berarekin edo eduki berekin. Ez da ulertuko titulu bera dutenik urte anitzeko (gehienez ere hiru urteko) prestakuntza-jarduera bateko mailek, ondo-ondoko zenbait ikasturtetan egiten badira.

7.– Diru-laguntzarik izango badute, 16.3 puntuko irizpideari jarraikiz, parte hartzekoak diren irakasleen behin betiko zerrendetako kideen gutxienez % 80k gainditu beharko dituzte prestakuntza-jarduerak. Urrian aurkeztuko dira zerrendak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan ahal izango dira EAEn Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako prestakuntza-zikloak emateko baimen ofiziala duten itunpeko ikastetxe pribatu guztiak. Ikastetxe horiek bete behar dute baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutakoa.

2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez.

Laguntzen erakunde eskatzaileek betebehar horiek egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, horretarako eskatzaileen baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoak xedatutakoa aplikatuta (Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetatik hirugarrenak gehitutakoa), baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren gaineko Araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan xedatutakoa ere. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, errege-dekretu beraren 18. eta 19. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

169.600 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Soil-soilik gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

● Ikastetxe eskatzailekoak izan gabe prestakuntzan aditu diren pertsonak edo erakundeak kontratatzearen ondoriozkoak.

● Prestakuntza-jardueretarako material espezifikoak erostearen ondoriozkoak.

2.– Ezingo dira diruz lagundu aurreko zenbakian sartuta ez dauden gastuak; zehazki, honako hauek:

● Ekipamenduen inbertsioa edo amortizazioa.

● Inplikatutako langileen lekualdaketak.

● Ikastetxearen funtzionamendu-gastu arrunta.

● Lokalen kudeaketa- edo alokairu-gastuak.

● Gauzatzearen ondoriozkoak diren beste batzuk: matrikulak ordaintzea, prestakuntzan aditu direnen egonaldiak...

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza aukeratutako prestakuntza-jarduerei dagokien aurrekontuaren defizitaren % 100 ere izan ahal izango da, eta ikastetxeko gehieneko muga 32.000 euro izango da, eta emandako prestakuntza-ordu bakoitzekoa 110 euro.

8. artikulua.– Bateragarritasuna beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak ematea bateraezina izango da erakunde publiko edo pribatuen beste edozein diru-laguntzarekin, baldin eta xede bera badute; zehazki, hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko gaitasunen garapenari zuzenean lotutako prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza-berriztapenerako proiektuak aurkezteko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatutako deialdiaren bidez diruz lagundutako jarduerak ezingo dira diruz lagundu.

II. KAPITULUA
ESKAERAK, AUKERAKETA ETA PROZEDURA

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.

3.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ikpp/y22-izapide/eu.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira Euskadi.net-en egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2015/ikpp/y22-izapide/eu).

3.– Ikastetxearen legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari zuzenduta.

4.– Eskaerak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak zer nahi duen. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

5.– Ikastetxe eskatzailea ez badago alta emanda Ogasun eta Finantzetako Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, izapide hori bide elektronikoa erabiliz egin beharko du:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

Gune elektroniko horretan, bertan dauden datuak aldatu ere egin ahal izango du. Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.

11. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

1.– Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

2.– Eskaera eginda, diruz lagundu nahi diren prestakuntza-jardueren zerrenda, jarduerak lehentasunen arabera adierazita; bertan, oinarrizko informazioa adieraziko da (A1 inprimakia).

3.– «Prestakuntza-jardueraren fitxa» inprimaki normalizatua (A2 inprimakia), proposatutako jarduera bakoitzeko.

4.– «Klaustroaren akta» inprimaki normalizatua; bertan, berariaz jasoko da klaustroak prestakuntza-jardueren berri baduela, eta bere gain hartzen dituela jarduera horiek parte hartzaileengan izan ditzakeen ondorio pertsonalak eta ikastetxearen barne-antolamenduan izan ditzakeenak (A3 inprimakia). Ikastetxe-arteko prestakuntzaren kasuan, ikastetxe bakoitzak «Klaustroaren akta» inprimakia aurkeztu beharko du.

5.– Ikastetxe-arteko prestakuntza-jardueren kasuan, «Ordezkaritza ematea» inprimaki normalizatua (A4 inprimakia).

6.– Ikastetxearen prestakuntza-plana, hautu hori eginez gero, balorazio-irizpideen arabera puntuatua izan ahal izateko.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izan beharko duen ebazpena eman ondoren.

13. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzen dituen organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzen organo kudeatzailea.

14. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Jardueren balorazioa, 14. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, honako hauek kide izango dituen batzorde batek egingo du:

– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria; lehendakaria izango da.

– Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatua.

– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanetan jardungo duena; hitza eta botoa izango ditu.

15. artikulua.– Balioespeneko irizpideak eta esleipeneko prozedura.

1.– Prestakuntza-jarduerak banan-banan baloratuko dira, deialdi honetako betebeharrak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Alderdi orokorrak (gehienez 3 puntu):

● Justifikazioa eta helburuak: 0,5 puntu, gehienez ere.

● Helburuak: 0,4 puntu, gehienez ere.

● Edukia: 0,4 puntu, gehienez ere.

● Irakasten duen entitatea edo prestakuntza-arloko aditua: 0,4 puntu, gehienez ere.

● Parte hartzen duten irakasleen administrazio-egoera: 0,3 puntu, gehienez ere.

● Jardueraren ebaluazioa: puntu 1, gehienez ere.

b) Ikastetxeko irakasleak prestatzeko planean txertatutako prestakuntza-jarduera (gehienez, 4 puntu): irakasleek epe ertainean dituzten prestakuntza-beharrak finkatuko ditu, ikastetxearen helburuen arabera ordenatuta, eta urteko plangintzaren oinarria izango da.

Honako puntuazio hauek batuko dira:

○ Ikastetxeak bere irakasleak prestatzeko plana aurkezten badu, eta planak gutxienez bi urterako balio badu, 0,5 puntu.

○ Ikastetxeko irakasleak prestatzeko planak barne hartzen badu sail guztietako irakasleen prestakuntza-beharrak antzematea, puntu 1.

○ Orobat, ikastetxeko irakasleak prestatzeko planak barne hartzen badu planaren eta aurreikusitako prestakuntza-jardueren ebaluazioa, puntu 1.

○ Prestakuntza-planak barne hartzen baditu, halaber, ikastetxeak hartu dituen behin-behineko irakasleentzako edo ordezko irakasleentzako prestakuntza-ekintzak, puntu 1.

○ Eskatutako prestakuntza-ekintza ikastetxeak 2015-16ko ikasturtean irakasleak prestatzeko daukan planean aurreikusitako jardueretan sartzen bada, 0,5 puntu.

c) Ikastetxeak prestakuntzaren arloan izandako ibilbidea eta prestakuntza-planaren jarraitutasuna (gehienez puntu 1).

○ Ikastetxeak aurreko ondo-ondoko bi deialdietan diruz lagundutako jarduera guztiak ongi garatu baditu, puntu 1 gehituko da.

○ Aurreko ondo-ondoko bi deialdietan hasieran diruz lagundutako baina garatu gabeko edo gaizki garatutako jarduera bakoitzeko, 0,25 puntu kenduko dira.

d) Lehentasunezko jarduerak (gehienez, 2 puntu):

1.– Prestakuntza eta ikaskuntzaren arloan elkarlanean aritzeko metodologia aktiboekin zerikusia duten jarduerak (2 puntu).

2.– Prestakuntza eta ikaskuntza-prozesuetan 2.0 tresnak erabiltzearekin zerikusia duten jarduerak (2 puntu).

3.– Edozein espezialitatetako irakasleengan ekintzailetzaren kultura sustatzeko jarduerak (2 puntu).

4.– Irakaskuntzan genero-ikuspegia sartzeko, gizon eta emakumeen berdintasuna sustatzeko eta/edo genero-indarkeria desagerrarazteko jarduerak (puntu 1).

e) Ikastetxe arteko prestakuntza-jarduerak eta/edo bestelako prestakuntza-biderik ez duten heziketa-zikloetakoak eta/edo EAEn berriak diren heziketa-zikloetakoak eta/edo ziklo berezietakoak (gehienez, 2 puntu):

○ Ikastetxe-arteko prestakuntza-jarduera bat izateagatik, puntu 1 gehituko da.

○ Gertatzen den beste edozein inguruabarrengatik, 0,5 puntu gehituko dira.

f) Euskaraz garatzekoak diren prestakuntza-jarduerak (2 puntu).

g) Aurrekontua (gehienez 2 puntu). Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna, orduko eta plazako kostu unitarioari dagokionez. Kostua zenbat eta handiagoa, puntuazioa txikiagoa.

2.– Prestakuntza-jarduerak baloratu ondoren, ordenatu egingo dira, I. puntuko baremoaren arabera lortutako guztizko puntuazioa kontuan hartuta.

Emandako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, lehentasuna emango zaie euskaraz egingo diren jarduerei; ondoren, ikastetxe-arteko jarduerei, ikastetxeko jardueren aurretik; eta, hirugarrenik, parte-hartzaile bakoitzeko ordu-kostu txikieneko jarduerari.

3.– Puntuaziorik onena lortu duten prestakuntza-jarduerei soilik emango zaie diru-laguntza, deialdi honetara bideratutako aurrekontu-kredituak agortu arte.

4.– Gutxienez 6 puntu lortzen dituzten prestakuntza-jarduerek jaso ahal izango dituzte laguntzak, gaztelaniaz egiten badira.

16. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.

Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta haiei buruz ebaztea, ikastetxe interesdunek azaldutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, ebaluazio-batzordeak proposatuta.

Aipatu ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da haren aurka Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraiki.

Ebatzitakoa banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bide elektronikoak erabiliz, honako honen bidez: https://www.euskadi.eus/misgestiones; horrek ez du eragotziko hura Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea publizitate-ondorioetarako.

Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesatuei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarotakoan, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 21. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.

18. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak, berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Baldin eta prestakuntza-jardueretako parte-hartzaileen kopurua % 40tik gora txikiagoa bada eskabideak adierazten duena baino, diru-laguntza emateko baldintzak aldatzen direla joko da, eta ebazpena aldatuko da, orduko eta tokiko kostua esleitutakoa izateko, betiere, parte-hartzaileen kopurua 3.6 puntuak aipatzen duenaren araberakoa bada.

3.– Ikasturtea laburragoa bada dena delakoagatik, diru-laguntzaren zenbatekoa proportzioan jaitsiko da. Betiere, ematen den ordu bakoitza 110 euroz hornituko da gehienez.

4.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.

19.– artikulua.– Ez betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Honako hauetakoren bat gertatuz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola deklaratuko da:

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.

b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako diru-laguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 artikuluan jasota daude.

d) Aldi berean, erakunde publiko edo pribatuen beste edozein diru-laguntza jaso izana.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena) II. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA, EBALUAZIOA ETA ZIURTAPENA.

20. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek, nolanahi ere, honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost eguneko epean berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– Diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak sartzea ikastetxearen 2016-2017ko ikasturterako urteko planean; jarduera horiek ere egongo dira ikastetxeak urte horretarako izango duen prestakuntza-planaren barruan.

3.– Diruz lagunduko den prestakuntza-jarduera bakoitzean aurreikusitakoaren arabera parte hartuko duten irakasleen behin betiko zerrenda eta behin betiko egutegia bidaltzea 2016ko urriaren 31 baino lehen.

4.– Idatziz erregistratzea kasuan kasuko saioaren aktan (B2 inprimakia) irakasle-taldeen prestakuntza-jardueren emaitzak. Azken akta itxia izango da, eta gerora ezin izango zaio ezer aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira agiri bidez.

5.– Prestakuntza-saioetara bertaratutako pertsonen sinadurak kontrolatzeko orria pasatzea (B2 bis inprimakia); orri hori eranskin gisa gehituko zaio 4. puntuan deskribatutako aktari.

6.– Emandako diru-laguntza justifikatzea 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

7.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

8.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan xedatutako gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioetan jardunez, eskatzen duten edozein informazio ematea.

9.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren gainerako betebehar guztiak betetzea.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Ikastetxe onuradunek, 2017ko ekainaren 17a baino lehen, https://www.euskadi.eus/misgestiones helbidea erabiliz, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diruz lagundutako jarduera guztien memoria ekonomikoa (B1 inprimakia).

b) Hartu-agirien, fakturen eta, legez onartuta egonda, emandako diru-laguntzari egotz dakiokeen beste edozein gastu-frogagiriren kopiak.

c) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaierako akta, kasuan kasuko sinadurak kontrolatzeko orriak erantsita (B2 eta B2 bis inprimakiak).

d) Amaierako ebaluazio-memoria: prestakuntza-ekintza bakoitzaren garapena eta hartan lortutako emaitzak jasoko ditu, kuantifikatuta eta aurreikusitako helburuekin alderatuta (B3 inprimakia).

22. artikulua.– Jarraipena.

1.– Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren jarraipena egingo du, haiek egiten direla bermatzeko Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.

2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, dagokion Ikuskaritzako Lurralde Burutzak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari; hartara, zuzendaritza horrek agindu hau betetzeko beharrezko diren neurriak hartuko ditu.

23. artikulua.– Ebaluazioa.

Kasuan kasuko Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako lurralde-unitateak, ikastetxeek bidalitako amaierako memoria eta bere ustez eskatu behar duen beste edozein datu edo txosten oinarri hartuta, honako dokumentazio hau bidaliko dio ikasturtea amaitutakoan Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari.

● Ikastetxeen zerrenda. Bertan, onartutako jardueretan aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren adieraziko da, eta, gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espresuki.

● Prestakuntza-jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen zerrenda. Hartan, pertsona bakoitzak guztira egindako ordu-kopurua adieraziko da, bai eta kopuru hori zer bertaratze-ehuneko den prestakuntza-ekintzako ordu guztiak kontuan hartuta. Gainera, prestakuntza-jarduera nork koordinatu duen adieraziko da. Zerrenda horrek bat etorri behar du 20.3 artikuluan aipatutako behin betiko zerrendarekin.

24. artikulua.– Irakasleen parte-hartzearen ziurtapena.

1.– Irakasleek prestakuntza-jarduera bakoitzean izandako parte-hartzea, ontzat eman bada amaierako ebaluazio-memoriaren arabera, ofizioz erregistratuko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakasleen berritze- eta prestatze-jarduerez daukan datu-basean, betiere 23. artikuluan aipatutako parte-hartzaile zerrenda oinarri hartuta.

2.– Prestakuntza-ekintza gainditutzat joko da, eta hala erregistratuko, bertaratzea % 80tik gorakoa izan bada.

3.– Ikasturte berean, ez zaio erregistratuko irakasle berari 105 ordutik gora deialdi honen bidez egindako prestakuntza-jarduerengatik.

4.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakasleen berritze- eta prestatze-jarduerez daukan datu-basea kontsultatu ahal izango dute interesdunek, indarrean dagoen legediaren arabera, eta bertatik Berritu eta Prestatzeko Jardueren Ziurtagiria lortu ahal izango dute.

25. artikulua.– Datu pertsonalak.

Deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza izeneko fitxategian sartuko dira, eta fitxategi horren xedea izango da diru-laguntzetarako deialdi hau kudeatzea, eta deialdian parte hartzen duten pertsonei haren garapenaren berri ematea. Deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute datu hauek tratatu eta argitaratzeko.

Fitxategi honen arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzentze-, ezabatze-, eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Hori guztia bat etorrita Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Lanbide Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honetan aurreikusi ez den guztirako, aplikagarria izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea –lege hori partez aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak–, eta laguntza eta diru-laguntza publikoak erregulatzen dituen araudia.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau ondo betetzeko eman beharreko xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 3a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala