Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2016ko maiatzaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2211

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 10ekoa, Osasuneko sailburuarena, Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku-batzordea sortzeko dena.

Zika birusak eragindako infekzio-kasuek gora egin dute 2015eko erdialdetik aurrera Ameriketako hainbat herrialdetan. Epidemiologiaren ikuspegitik, agerraldi hori infektatutako emakumeen haur jaio berriengan izan diren mikrozefalia kasuen ezohiko areagotzearekin lotu da, bai eta Guillain-Barré sindromearen kasuekin ere.

2016ko otsailaren 1ean, Osasunaren Munduko Erakundeak nazioarteko osasun emergentzia aldarrikatu zuen, kontuan hartuta izurritea hedatu dela aurreikusita dagoela, Ameriketatik kanpo ere baieztatu baitira zenbait kasu dagoeneko.

Maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren bidez, Osasun Saileko Aholku Batzordeen araubidea ezarri zen adituen aholkularitza lortze aldera. Aholkularitza horrek aztertuko ditu, batetik, osasun-arazoei aurre egiteko dauden aterabideak, eta bestetik, arazo horiei irtenbide egokiak emateko inplikatuta dauden sektoreen interesak. Dekretu horren xedapen gehigarri bakarraren arabera, lehentasunezko ekintza-arloak izango dira, beren-beregi adierazitakoaz gain, Osasuneko sailburuaren iritziz egungo edo etorkizuneko osasun arazoekin zerikusia duten gaixotasunak.

Euskadin, oraingoz, Zika ez da osasun publikoarentzako mehatxu larria, baina, epe laburrean, ezin da baztertu birus horren inportatutako kasuak agertzea gurean. Beraz, zika birusak eragindako infekzioek eta beste gaixotasun infekzioso berri batzuek eragin ditzaketen osasun-arazoei aurre egiteko, antolaketa- eta asistentzia-ekintzak sustatu, planifikatu eta koordinatu behar dira. 2014ko urrian, Euskadin ebola birusak eragindako infekzio-egoeraren jarraipena egiteko batzordea eratu zen. Batzorde horren eginkizunak foro batean bil daitezke, halako gaixotasunek eragindako problematikari ikuspegi orokorrago batetik heldu ahal izateko.

Horrela bada, beharrezkotzat jotzen da foro hori sortzea, bitarteko eta baliabideen koordinazio ahalik eta handiena lortzeko eta osasun-zentroen eta profesionalen arteko lankidetza sustatzeko. Hori guztia, gaixotasun infekzioso berriez kutsatutako pertsonei asistentzia ahalik eta baldintza onenetan eman ahal izateko.

Hori horrela, lehen aipatutako 121/2005 Dekretuan aurreikusitakoak bezalako aholku-organo bat eratzea tresna egokia izan daiteke sortzen ari diren aipatutako gaixotasun infekziosoen inguruko ikuspegia eta tratamendua bere osotasunean optimizatzeko.

Hori guztia kontuan hartuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordea sortzea, Osasun Sailaren aholku-organoa gisa, gaixotasun horien arloan aholkularitza teknikoa eta informazioa emateko.

2. artikulua.– Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

– Zika birusaren, ebolaren eta bestelako gaixotasun infekzioso berrien susmoa dagoen kasuak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemako edozein mailatan garaiz hautemateko mekanismoak ezartzea.

– Gaixotasuna dagoela susmatzen denean edo egiaztatzen denean, diagnostiko azkarra egingo dela bermatzea, bai eta osasun-asistentzia egokia emango dela ere.

– Unean uneko prebentzio-neurri egokiak ezartzeko aholkua ematea, kontrol egokia berma dadin eta, ahal dela, gaixotasun infekziosoak heda ez daitezen.

3. artikulua.– 1.– Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordea kide hauek osatuko dute: lehendakari batek, idazkari batek eta gehienez 18 bokalek, Osasuneko sailburuak izendatuak. Ahaleginak egingo dira osaera hori paritarioa izan dadin.

2.– Aholku-batzordeko bokalak banatzerakoan, batzordearen eginkizunak betetzeko behar besteko ordezkaritza izango dela hartuko da kontuan.

3.– Aholku-batzordeak hala iritziz gero, aztertu beharreko gaietan aitortutako gaitasuna duten eta beren ekarpenak interesgarritzat jotzen diren beste pertsona batzuk ere joan ahal izango dira bileretara eta batzordearen jardueretan lagundu ahal izango dute.

4. artikulua.– 1.– Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordeak bere funtzionamendu-arauak onartuko ditu.

2.– Aholku-batzordeko kide izateagatik eta aurreko artikuluan adierazitako kolaborazio-jardueretan parte-hartzeagatik ez da inolako ordainsaririk emango, bai ordea zerbitzuengatiko dietak eta kalte-ordainak.

5. artikulua.– 1.– Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordea Osasun Sailari atxikita geratuko da, haren hierarkia-egituran sartu gabe.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak emango dio jardunerako beharrezkoa duen laguntza administratiboa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen da Osasuneko sailburuaren 2014ko urriaren 10eko Agindua, Euskadin ebola birusak eragindako infekzio-egoeraren jarraipena egiteko Batzordea sortzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 10a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala