Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2016ko maiatzaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2196

362/2016 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendariarena, ondoren aipatzen den kudeaketa-gomendioko hitzarmena argitaratzea xede duena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Osatek, S.A. sozietate publikoak kudeaketa-gomendioko hitzarmen bat izenpetu dute, eta, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 15.3 artikuluan ezartzen duenari jarraituz, hitzarmen hori argitaratze aldera, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Osatek, S.A. sozietate publikoak izenpetutako kudeaketa-gomendioko hitzarmenaren testua. Hitzarmenaren helburua da Osakidetzaren eta Osatek, S.A. Sozietate Publikoaren arteko akordioa, telemonitorizazio zerbitzuak emateko patologia kronikoa duten pazienteentzako telemonitorizazio programaren baitan. Ebazpen honi erantsi zaio programa hori.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 8a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.

OSAKIDETZAREN ETA OSATEK, S.A. SOZIETATE PUBLIKOAREN ARTEKO AKORDIOA, TELEMONITORIZAZIO PROGRAMAN BAITAN, PATOLOGIA KRONIKOA DUTEN PAZIENTEEI TELEMONITORIZAZIOKO ZERBITZUAK EMATEA KUDEATZEKO AGINTZEN DUENA

Jon Etxeberria Cruz jaunak, Osakidetzako zuzendari nagusia den aldetik, bere karguari dagokiona betez, eta Ente Publiko horren izenean eta ordezkari, eta

Josu Xabier Llano Hernaiz jauna, Osatek, S.A.ren zuzendari gerentea den aldetik, bere karguari dagokiona betez, eta Sozietate Publiko horren izenean eta ordezkari.

ADIERAZTEN DUTE:

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak sortutako Osakidetza ente publikoaren xede nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten biztanleen osasun-maila mantendu, berreskuratu eta hobetzea da.

Helburu horrekin, Osakidetzak, informazio eta komunikazioko teknologien (IKT) erabileraren inguruko hainbat proiekturen bidez, azkeneko urteotan zehar paziente batzuen telemonitorizazioko esku-hartzeak garatu ditu, hala nola: biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoa (BGBK) eta bihotz-gutxiegitasuna duten pazientena eta adineko pertsonen egoitzetan dauden eta aho bidezko antikoagulatzaileen tratamendua (TAO) duten pazienteena.

Agerikoa da patologia kronikoak dituzten pazienteen jarraipen-mota ez-presentzial hori martxan jartzearekin lotutako interesa handitzen ari dela gure inguruko osasun sistema guztietan.

Osakidetzaren helburuetariko bat da telemonitorizazioa erabiliz integratutako esku-hartze bat zabaltzea, aurreko proiektuei jarraipena emateko. Izan ere, horien eraginkortasuna egiaztatu zen pazienteen zein zaintzaileen gogobetetze-mailari, inpaktu klinikoari eta eraginkortasunari dagokienez.

Patologia Kronikoa duten Pazienteen Telemonitorizazioko Programa inplementazio korporatibo bat da eta esku-hartze horrek hainbat agenteren koordinazioa eskatzen du, pazientearen inguruko arreta pertsonalizatuaren inguruko sare bat osatzeko: lehen mailako arreta, arreta espezializatua, erizaintza ez-presentziala eta talde tekniko baten laguntza, gailu teknologikoak modu egokian erabili daitezen eta funtziona dezaten.

Agente horien koordinazio zuzen batek aukera ematen du paziente horiei etengabeko jarraipena egiteko haien etxeetan eta adineko pertsonen egoitzetan, eta baita alerta baten aurrean berehalako erantzun bat emateko ere, alerta horrek sarearen maila ezberdinak aktibatzea eskatzen duenean bere ezaugarriak edo larritasuna direla-eta.

Azkenik, pazienteen eta haien zaintzaileen rola ere aldatzen da, biak gaixotasunaren kontrolean zuzenean inplikatuta egongo direlako.

Haien parte-hartzeak aukera emango du larriagotze seinaleak edo sintomak modu goiztiarrean detektatzeko eta, ondorioz, zer edo zer egiteko.

Esku-hartzea.

Paziente eta bere zaintzaile guztiek arreta ez-presentzialeko eredu berriaren gaineko informazioa jasoko dute eta haien gaixotasunaren ezaugarrien inguruko prestakuntza jasoko dute, duten ezagutza hobetzeko eta tratamenduarekiko atxikimendua optimizatzeko.

Paziente bakoitzak datuak biltzeko sistema bat izango du bere etxean edo dagoen adineko pertsonen egoitzan. Horren bidez, hainbat aldagai fisiologikoen informazioa bidaliko du (e.a.: tentsio arteriala, oxigeno-saturazioa, arnas-maiztasuna, pisua eta urratsak) eta baita sintomei buruz aurrez ezarritako galderen informazioa ere. Informazio horren bidalketaren maiztasuna patologia mota bakoitzeko protokolo klinikoak ezarriko du.

Informazio hori erreferentziako talde klinikoetako profesionalei bidaliko zaie, eta, igorritako datuen eta zehaztutako jarduketa-protokoloaren arabera, alertak piztuko dira eta arretan inplikaturiko agente ezberdinek egindako jarduerak martxan jarriko dira. Alerta-mailaren arabera erantzuna mota askotarikoa izan daiteke: telefono bidez, ebaluazioa lehen mailako arretan, ebaluazioa kontsultan edo ebaluazioa ospitaleko larrialdietako zerbitzuan. Gainera, litekeena da gertakari teknikoak gertatzea. Kudeaketaz arduratzen den talde teknikoak ebatziko ditu horiek.

Pazienteari bere gaixotasunaren kudeaketan rol nagusi bat ematean datza, medikamentu-mota eta dosia zehazteari begira; pazienteak tratamendua bete dezala sustatzeko; eta, profesionalei okerragotzearen zeinu goiztiarrak antzematen laguntzeko.

Programaren esparrua.

Programa abiarazten da egun indarrean dauden telemonitorizazioko proiektuen jarduera (TELE IC, TELE EPOC, TELE TAO) bereganatuz eta poliki-poliki hedatuko da, dauden proiektuetan sartzeko eskari berrien arabera, edo beste patologiak tratatzen dituzten proiektu berriak martxan jartzen direnean.

Inplementazio eta hedapeneko programa bat da, teknologien erabileran oinarritutako arreta ez-presentzialeko ereduak sartzeko dauden oztopo teknologikoak detektatzea eta horiei erantzuna ematea bilatzen duena, etxean konstanteak telemonitorizatu ahal izateko, pazienteen edo haien zaintzaileen parte-hartzea integratuz.

– Helburuak.

– Patologia kronikoa duen paziente-talde batean okerrera egiteagatiko berringresuen tasa murriztea.

– Ospitaleko larrialdietako zerbitzuetara gutxiago jotzea.

– Bizi-kalitatea ez okertzea eta pazienteen eta zaintzaileen gogobetetze handia lortzea.

– Ospitalizazioetatik sortutako kostu medikoak murriztea.

Helburu espezifikoak Osakidetzan arreta jasotzen duten paziente kronikoen osasunean onurak handitzen laguntzearekin lotuta daude eta Osakidetzako berezko azpiegitura teknologikoen garapenaren eta horien erabileraren alde egitea ere bai, plataforma eta agente bakoitzaren etekin handiena lortzeko helburuarekin, esku-hartzaile guztien integrazioaren testuinguruan. Osasun sistemaren iraunkortasunaren alde egin nahi da, etorkizunean pazientearen arretan ohiko praktika gisa iraungo duen esku-hartze bat diseinatuz.

– Osatek, S.A.

Bestetik, Osatek, S.A., sortze-estatutuei jarraiturik, Sozietate Publiko anonimo gisa eratzen da, eta Osakidetza Ente Publikoa izango du bazkide bakarra.

Osatek, S.A.Sozietate Publikoak, Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen 24.6 artikuluan ezarritakoa betetzeko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta organo autonomoen eta bere mendeko beste ente publikoen bitarteko instrumental propioaren eta zerbitzu teknikoaren izaera du.

Sozietatearen kapitala guztia titulartasun publikokoa da eta Sozietateak bere jardueraren zati handiena bitarteko propioa edo zerbitzu teknikoa den entitateekin egingo du.

Osatek, S.A.ren sortze-estatutuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta sozietatea bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat duten gainerako erakundeek –Osakidetzak, besteak beste– beren helburu sozialarekin egindako jardunak, zerbitzuak eta beste edozein jardun egiteko agindua eman diezaiokete Sozietateari, betiere horrek administrazio-ahalmenak gauzatzea ez badakar. Sailak edo erakundeak, dagokion kudeaketa-aginduaren bitartez, agindutako lanak egin beharko ditu sozietateak, betiere agindua eman duenak bere kasa ezarritako jarraibideen arabera.

Kudeaketa-agindu horiek instrumentalak dira, kontratuz kanpokoak, eta, hortaz, ondorio guztietarako, barnekoak eta mendekoak dira. Sozietateak nahitaez bete beharko ditu, eta sozietatea atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren arau organikoek adierazitako organoak nahikotasun ekonomiko-finantzarioaren irizpideari jarraiki ezarritako tarifak aintzat hartuta ordainduko dira, sozietatea bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat duten gainerako erakundeen parte-hartzearekin.

Bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa den aldetik sozietateari aginduko zaizkion nahitaezko jardunak proiektu, memoria edo bestelako dokumentu teknikoetan zehaztuko dira, kasuak kasu, eta dagokien aurrekontuan balioetsiko dira, ezarritako tarifei jarraiki.

Bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa denez, Osatek, S.A. Sozietate Publikoak ezin izango du parte hartu bitarteko propiotzat duten erakundeek deitutako lizitazio publikoetan; nolanahi ere, lizitatzaile bat ere agertzen ez bada, lizitazioaren xede den prestazioa gauzatzeko agindua eman diezaiokete.

Sortze-estatutuen arabera Osatek, S.A.ren helburu soziala, beste hainbaten artean, euskal osasun eta gizarte sistemari laguntza-zerbitzuak ematea izango da, bereziki, izaera korporatiboa dutenak, horiek goi-mailako teknologiako prozedurak aplikatzea eskatzen dutenean.

Honaino adierazitakoaren arabera, alde biek

ADOSTEN DUTE:

Lehenengoa.– Osatek, S.A.ri Euskadiko Autonomia Erkidegoan patologia kronikoak dituzten pazienteen Telemonitorizazio Programaren barruan telemonitorizazio eraginkorreko zerbitzua eskaintzea agintzea.

Bigarrena.– Akordio honen I. Eranskinean agertzen diren baldintza zehatzen arabera burutuko da agindu hori.

Hirugarrena.– Kudeaketa Agindurako Akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

I. ERANSKINA

Lehenengoa.– Kudeaketa-aginduaren xedea.

Kudeaketa-agindu honen bidez, Osatek, S.A.ri agintzen zaio Osakidetzarako osasun-telemonitorizazioko zerbitzua emateko, berak edo hirugarrenen bidez. Gaur egun dauden programak hauek dira: TELE IC, TELE EPOC, TELE TAO.

Eman beharreko zerbitzuaren titulartasuna Osakidetzari dagokio beti.

Bigarrena.– Osatek, S.A.ri agindutako jarduera zehatzak.

Osatek, S.A.k eginkizun hauek garatu ahalko ditu, Osakidetzaren zerbitzuaren arduradunek hala eskatuz gero.

Zerbitzu-zorroari dagokionez:

– Telemonitorizazioko gailuak eta/edo datuak biltzeko informazio-sistemak eskaintzea, instalatzea eta mantentzea.

– Pertsona erabiltzaileak eta profesionalak telemonitorizazioko gailuen eta informazio-sistemen erabileran prestatzea.

– Erabiltzaileei arreta emateko zentroa, telemonitorizazioaren euskarri tekniko gisa.

– Etxean, egoitzetan edo pazientearen bere ohiko inguruaren edozein lekutan sortutako informazioa Osakidetzako informazio-sistemetara automatikoki transferitzea.

– Alarmen kudeaketa teknikoa, datuaren kalitatea bermatzea.

Populazioaren eta zerbitzuaren iraupenari dagokienez:

– Xede-populazioa 400 bat pertsona ingurukoa da, egun dauden programen barruan daudenak, eta, 2016. urtean zehar beste 400 paziente berri inguru sartzea kalkulatzen da. TELE TAO programari dagokionez, programan sartutako egoitza-kopurua 14koa da.

– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremua.

– Zerbitzuak eskaintzeko epealdia aginduak irauten duena izango da, Osakidetzako arduradunek ezarritako irizpideen arabera.

Azpiegitura teknologikoari dagokionez:

– Telemonitorizazioko plataforma Osatek, S.A.k emandakoa da, pazientearen konstanteak eta informazioa biltzeko eta telemonitorizazioko prozesua kudeatzeko.

– Telemonitorizazioko plataforma Osakidetzako informazio-sistemarekin integratutako erantzun bat izan beharko da, Osakidetzak emandako web zerbitzuen atarien bidez eta bi noranzkokoa izango da.

– Hauek dira finkatutako telemonitorizazioko gailuak: pultsioximetroa (transmisio automatikoa), baskula (transmisio automatikoa), tentsiometroa (transmisio automatikoa) eta podometroa (eskuzko transmisioa).

– Kontuan izango da, telemonitorizazioan patologia berriak sartzearen ondorioz, aipatutakoak ez diren beste gailu batzuk programara sartzeko beharra egon daitekeela.

Informazioa transferitzeari dagokienez:

– Osatek, S.A.k erabilitako plataformak bermatuko du sisteman parte hartzen duten guztien artean datuak transferitzen direla, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legean ezarritakoa kontuan izanik.

– Zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko sistema ezartzea, eta ebaluatzeko adierazleak zehaztea.

Hirugarrena.– Prezioa eta ordaintzeko baldintzak.

Osatek, S.A.k agindutako jarduerengatik jaso beharreko kontraprestazioa (BEZik gabe) hau izango da:

TELE IC.

Oinarrizko telelaguntza-zerbitzua: 0,56 euro/pazientea/eguna.

Telemonitorizazioko zerbitzua (eskuzko baskula): 1,29 euro/pazientea/eguna.

Telemonitorizazioko zerbitzua (baskula digitala): 1,46 euro/pazientea/eguna.

TELE EPOC.

Telemonitorizazioko zerbitzua: 1,15 euro/pazientea/eguna.

TELE TAO.

Telemonitorizazioko zerbitzua: 68,75 euro/zentroa/eguna.

Prezio horiek indarrean egongo dira agindua indarrean dagoen bitartean, Osatek, S.A.ren aldetiko berrikuspen berri batetik sor litezkeenei kalterik egin gabe (agindua jaso duen entitatea), Osakidetzak aurretik baimena emanda (entitate agintzailea).

Osakidetzak Osatek, S.A.ri eredu honen arabera ordainduko dizkio egindako jarduerak:

– Pertsona erabiltzaileen edo zerbitzua jasotzen duten zentroen kopuruaren, eskainitako zerbitzuen eta zerbitzuan egon diren denboraren arabera ordainduko da.

– Agindutako jarduerei lotutako kostuari dagozkion Osatek, S.A.ren gastu orokor eta korporatiboak aurreko puntuan aipatutako zenbatekoaren % 10 izango dira.

Osatek, S.A.k hileko fakturazioak egingo dizkio Osakidetzari benetan egindako jarduerengatik. Osatek, S.A.k banakatu egingo du berak egindako fakturen zenbatekoa: batetik, eskainitako zerbitzuari dagokion zenbatekoa; eta bestetik, agindutako jardueren kostuari egotzi beharreko gastu orokor eta korporatiboen hainbanaketari dagokion zenbatekoa.

Osatek, S.A.k egindako fakturei zerbitzuaren informazio espezifiko hau gehitu beharko die, fakturatutako aldiari dagokionez betiere:

– Zerbitzuan iraun duen erabiltzaile-kopurua.

– Baja izan den erabiltzaile-kopurua.

– Zentralean jasotako osasun-konstanteen kopurua.

Laugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Agindu honen xede diren jardueren jarraipena egiteko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da.

Jarraipen Batzordearen eginkizunak:

– Kudeaketa-aginduaren ondorioz egindako jarduerei jarraipena egitea, planteatutako helburuen lorpena bermatzeko.

– Kudeaketa-aginduaren ondoriozko gastuaren gauzatzeari jarraipena egitea, baliabide erabilgarriak aintzat hartuta.

– Jarraipen Batzordeak agindutakoa gauzatzeko eskuragarri dagoen kreditua behar bestekoa ez dela iritziko balu, programan patologia berriak sartu direlako edo agindutako zerbitzuetan beste edozein aldaketa egon delako, agindutakoa gauzatzeko, indarraldia agortu arte, beharrezko zenbateko gehigarriaren kalkulua egingo du. Kasu horretan, kalkulu hori Osakidetzari jakinaraziko zaio dagokion gastu gehigarria onartzeko izapideak egin ditzan, proiektuan eskuragarri dauden aurrekontu-aukerak ikusita.

Bosgarrena.– Datuen Babesa.

Datu pertsonalak babesteko araudia betetzeko, Osatek, S.A. abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan aurreikusitako Tratamendu Eragiletzat jotzen da, Osakidetzak ematen dizkion datuei dagokienez.

«Tratamendu Eragile den aldetik», Osatek, S.A.k Osakidetzarako osasun-telemonitorizazioko zerbitzua jasotzen duten pazienteen datu pertsonalak soilik tratatu ahal izango ditu, TELE IC, TELE EPOC, TELE TAO proiektuen esparruan, Osakidetzan datu horien Tratamendu Arduraduna denak horretarako zehaztutako jarraibideen arabera.

Osatek, S.A.ri horrela emandako datu pertsonalak ezin izango ditu erabili sozietate anonimo horrek akordio honetan aurreikusi gabeko helburu baterako, eta ezin izango zaizkie jakinarazi beste pertsona batzuei, jakinarazpen hori datu horiek gordetzeko bada ere.

Osakidetzak Osatek, S.A.ri emandako datu pertsonalak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 9. artikuluko aurreikuspenen arabera gordeko dira; beraz, behar diren prozedurak eta sistemak ezarriko dira, baimenik gabe datu horiek aldatzea, galtzea, tratatzea edo horietan sartzea saihesteko.

Kudeaketa-agindu hau bete ostean, datu pertsonalak suntsitu edo horien tratamenduaren arduradunari itzuli zehar zaizkio; eta, berdin jokatuko da tratatu beharreko datu pertsonalen bat duten euskarri edo dokumentuekin.

Osatek, S.A.k eta, egonez gero, horrek azpikontratatutako zerbitzu-enpresek, dokumentu honetan jasotako Osatek, S.A.ri agindutako jarduera zehatzekin lotuta, sekretu profesionala bete beharko dute Kudeaketa Agindu honen xede diren zerbitzuak eskaintzeagatik lortutako izaera pertsonaleko datu guztiei dagokienean. Era berean, Osatek, S.A.k eta, egonez gero, horrek azpikontratatutako zerbitzu-enpresek, aipatutako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen diren haien langileei jakinarazi eta betearazi behar dizkiete dokumentu honetan izaera pertsonaleko datuen babesarekin ezarritako betekizunak eta, zehazki, DBLOaren 10. artikuluak aipatzen duen sekretuari eta aplikagarri diren segurtasun-neurriei eta izaera pertsonaleko datuen babesaren gaian dauden beste betekizunei dagozkienak. Horretarako, zerbitzuan parte hartzen duten langileek, bai Osatek, S.A.ren langileek bai egonez gero, horrek azpikontratutako zerbitzu-enpresen langileek, II. Eranskinean jasotako dokumentua sinatu beharko dute. Sekretu-betekizun horrek Akordio hau azkendu, bai bete delako zein ebatzi delako ere, eta ondoren iraungo du.

Seigarrena.– Kudeaketa-aginduaren indarraldia.

Akordio honek 12 hilabeteko iraupena izango du.

Hala ere, hurrengo atalean aurreikusten ez diren arrazoiren bategatik akordioa azkenduz gero, aurreikusitako hasierako epealdia amaitzerakoan, hitzarmena beste hamabi hilabetez isilbidez berritu ahalako da.

Zazpigarrena.– Akordioa azkentzea.

Akordio hau azkenduko da:

Bi alderdiek hala adosten dutelako.

Azkendu beharreko eguna baino bi hilabete lehenago, gutxienez, alderdiek salatzen dutelako.

Agindua eman duen Administrazioak errebokatzen duelako, kudeaketa-agindua bete behar duen Entitateak bere eginbeharretako edozein ez betetzeagatik. Errebokazioa kudeaketa-agindua eman duen Administrazioaren ebazpen ziodunaren bidez egingo da, aurretik kudeaketa-agindua bete behar duen Entitateari entzunaldia emanda.

Kudeaketa-agindua bete behar duen Entitateak uko egiten diolako, agindua eman duen Administrazioak bere eginbeharretako edozein ez betetzeagatik. Uko egin aurretik, entzunaldia eman beharko zaio kudeaketa-agindua eman duen Administrazioari; izapide hori beteta, ukoa kudeaketa-agindua bete behar duen Entitatearen ebazpen ziodunaren bidez egingo da.

Zortzigarrena.– Akordioaren erregimen juridikoa.

Akordio honek administrazio-izaera du, eta, gauzatzean sortu litezkeen zalantzak eta hutsuneak bideratzeko, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Bederatzigarrena.– Jurisdikzio-eskumena.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak arduratuko dira auzialdi bakarrean Hitzarmen honen ondoriozko errekurtsoez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hamargarrena.– Indarrean sartzea.

Akordio hau indarrean sartuko da sinatzen den egunean.

Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, sinatzaileek Akordio honen bi kopia sinatzen dituzte Vitoria-Gasteizen, 2016ko urtarrilaren 1ean.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.

Osatek S.A.ko zuzendari Gerentea,

JOSU XABIER LLANO HERNAIZ.

II. ERANSKINA

Nik, dokumentu hau izenpetzen dudanak, Osatek, S.A.ko edo sozietate publiko horri zerbitzuak ematen dizkion enpresa bateko pertsonala naizen aldetik, Osakidetzaren ardurapeko datu pertsonalekin jarduten dut, pazienteekin telemonitorizazioa erabiliz esku-hartze integratua egiteko Kudeaketa Agindua betetzean. Datu horiekin aritzean, Osakidetzak ezarritako segurtasun-neurriak, teknikoak eta antolamenduaren arlokoak bete beharko ditut. Horien erreferentzia indarrean dagoen Segurtasun Dokumentuan dago.

Bestetik, datu pertsonalak babesteko legeen arabera, neure gain hartzen dut ahalik eta zuhurtasun eta konfidentzialtasunik handiena izateko betebeharra, Osakidetzarekiko oraingo harreman juridikoak dirauen bitartean ente publiko horri lotuta jasotzen dudan informazio osoaz, bereziki datu pertsonalen fitxategietan sartutako pertsona fisikoei buruzko informazioaz. Betebehar horrek harreman juridikoa amaituta ere iraungo du.

Era berean, konpromisoa hartzen dut datu pertsonalak izan litzaketen eta, neure jarduera dela-eta, eskura izan nitzakeen edozein material, informazio edo dokumenturen kopiarik ez gordetzeko.

Nik, hau izenpetzen dudanak, soilik joko dut Osakidetzarekin lotura duten pertsona fisikoen datu pertsonaletara, hori beharrezkoa baldin bada eman beharreko zerbitzuak berekin dakartzan eginbeharrak betetzeko.

Horrez gain, konpromisoa hartzen dut eskura izan ditzakedan datu pertsonalak soil-soilik Osatek, S.A.rekiko eginbeharrak betetzearren erabiltzeko, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteekin telemonitorizazioa erabiliz esku-hartze integratua egiteko Kudeaketa Aginduari lotutako eginbeharrak, hain zuzen ere.

Halaber, konpromisoa hartzen dut behar beste segurtasun-neurri bete eta hartzeko, eskura ditudan datu pertsonalen konfidentzialtasuna, isilpekotasuna eta osotasuna bermatzeari begira; era berean, konpromisoa hartzen dut lege eta arauek datu pertsonalen konfidentzialtasuna, isilpekotasuna eta osotasuna bermatzeko exijitzen dituzten segurtasun-neurriak etorkizunean hartzeko.

Orobat konpromisoa hartzen dut eskura izan ditzakedan datu pertsonalak hirugarrenei ez lagatzeko, xedea horiek gordetzea izanik ere.

Azkenik, aitortzen dut erantzukizun-deklarazioa eta zehapena jaso nitzakeela, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezartzen dituen eginbehar guztiak bete ezean.

Hala jasota gera dadin, eta dagozkion ondorioak izan ditzan, agiri hau sinatu da.

.................(e)n, ........(e)ko ................aren .......(e)(a)n

Izen-abizenak:

NAN:

Sinatua:


Azterketa dokumentala