Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2016ko maiatzaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2160

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen.

Energia-eskari gero eta handiagoak natura-ingurunean linea elektriko gehiago jartzea dakar, eta horrek elektrokuzio- eta talka-arrisku handia eragiten dio hegazti-faunari. Gaur egun, arazo horixe da ornodun-multzo honen hilkortasun ez-naturalaren arrazoi nagusietako bat.

Aipatutako azpiegiturek hegaztiei eragiten dizkieten eragin negatiboak gutxitzeko, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua argitaratu zen, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena.

Errege-dekretu horren 4. artikuluak ezartzen du autonomia-erkidego bakoitzeko organo eskudunak mugatu behar dituela bere lurralde-eremuari dagozkion tokiko ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak, Natura-ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordeak txostena egin ondoren eta ebazpen arrazoituaren bidez, eta, halaber, ezartzen du organo eskudun horrek argitaratu egin behar dituela bere lurralde-eremuan dauden hegazti-fauna babesteko esparruak, honako hauek direlarik esparru horiek zehazteko irizpideak:

a) Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 43. eta 44. artikuluen arabera hegaztientzako babes bereziko eremu (BBE) izendatuta dauden lurraldeak.

b) Autonomia-erkidegoek Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan edo autonomia-erkidegoetako katalogoetan sartuta dauden hegazti-espezieentzat egiten dituzten lehengoratze eta kontserbazioko planen aplikazio-eremuak.

c) Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan edo autonomia-erkidegoetako katalogoetan sartuta dauden hegazti-espezieen tokiko ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak, horiek aurreko bi paragrafoetako eremuetan sartuta ez daudenean.

Aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-faunarentzat egindako lehentasunezko eremuen proposamena Natura-ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordeari bidali zitzaion 2015eko martxoaren 4an eta, batzordeak, berriz, aldeko txostena eman zuen 2015eko apirilaren 30ean.

Adierazitako guztia kontuan hartuz eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak natura-ingurunea zaintzearen arloan eman eta ezartzen dizkidan eskumen eta zereginak betez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko EAEko eremuak mugatzen dira. Hauek izango dira babes-eremuak:

a) Hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE). Gaur egun, EAEn zazpi HBBE dauzkagu: ES2110019 Izki, ES0000144 Urdaibaiko itsasadarra, ES0000244 Salbada mendilerroa, ES0000246 Arabako hegoaldeko mendilerroak, ES0000243 Txingudi, ES0000245 Valderejo-Arcena mendilerroa eta ES2110014 Salburua.

b) Hegaztientzat onartutako lehengoratze eta kontserbazioko planen aplikazio-eremua. Gaur egun, zazpi hegazti-espezierentzako kudeaketa-planak, lau hegaztirentzako kudeaketa-planak (uhalde-enararentzako, Bonelli arranoarentzako, ubarroi mottodunarentzako eta ekaitz-txori txikiarentzako plan bana) eta Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana (sai arre, sai zuri eta ugatzarena) dauzkagu onartuta EAEn. Agindu honen arabera, linea elektrikoekin talka eginda edo elektrokutatua hiltzeko arrisku handia duten espezieak biltzen dituen bi kudeaketa-planen aplikazio-esparruak jotzen dira hegazti-fauna zaintzeko eremutzat; plan hauen aplikazio-esparruak, hain zuzen ere:

a. «Bonelli arranoa» (Hieraaetus fasciatus) izeneko hegaztia Araban Kudeatzeko Plana (612/2001 Foru Araua, irailaren 28koa).

b. Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana: maiatzaren 22ko 229/2015 Foru Agindua (Araba), ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretua (Bizkaia).

c. Beste hegazti-espezie batzuen tokiko ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak. Kasu honetan, honako hauek kontuan hartuz mugatu dira EAEko babes-eremuak: harrapari errupikola predatzaileak (arrano beltza, belatz handia eta hontz handia), miru gorria eta ardeidoak, zikoinak, mokozabalak eta barrualdeko nahiz itsasertzeko eta kostaldeko eremu hezeei lotutako harrapariak.

2. artikulua.– Hegazti-fauna babesteko EAEko eremuak argitaratzen dira; agindu honen eranskinean, hain zuzen ere. Aurreko xedapen-zatiko irizpideen arabera hegazti-fauna babesteko eremutzat jotako azalerak 261,63 km2 hartzen ditu gaur eguneko datuekin (EAEren % 36,2). Nolanahi ere, arau idatzia gailenduko zaio grafiatuta dagoenari.

3. artikulua.– 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako talka eta elektrokuzioen kontrako neurriak aplikatuko dira babes-eremuetan, baldintza hauekin:

a) Derrigorrezkoak izango dira goi-tentsioko aireko linea berrietan edo agindu hau indarrean sartzerakoan betearazpen-proiektu onarturik ez dutenetan, bai eta dagoeneko badauden goi-tentsioko linea elektrikoen hedapen eta aldaketetan ere.

b) Agindu hau indarrean sartzerakoan badauden goi-tentsioko aireko linea elektrikoetarako derrigorrezkoak izango dira elektrokuzioaren aurkako babes-neurriak; talken aurkako babes-neurriak, berriz, borondatezkoak izango dira.

4. artikulua.– Babes-eremuei buruzko informazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Goi-tentsioko linea elektrikoekin talka eginda edo elektrokutatua hiltzeko arrisku handia duten espezieak kudeatzeko plan berriak onartzen badira, agindu hau egokitu beharko da, plan berri horietatik eratorritako babes-eremuak sartuz.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak ezarriko du, ebazpen bidez, agindu hau indarrean sartzen denean dauden goi-tentsioko aireko linea elektrikoetatik zein ez datozen bat 1432/2008 Errege Dekretuak ezarritako arau teknikoekin. Ebazpen hori lineen titularrak diren pertsonei edo erakundeei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Egin beharreko aldaketak egiten direnean, aipatutako ebazpena eguneratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 6a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

Ana Isabel Oregi Bastarrika.

ERANSKINA

Goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan hegazti-fauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko Euskal Autonomia Erkidegoko eremuak (ilunenak dauden zatiak):

www.jusap.ejgv.euskadi.eus/r47-bopvmap/eu/?conf=BOPV/capas/ProteccionAvifauna/TendidosElectricos.json&lang=eu


Azterketa dokumentala