Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2016ko maiatzaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2155

EBAZPENA, 2016ko apirilaren 20koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, «Euskal Gizartearen Egoera» sariaren 2016ko deialdia egiteko dena.

Ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuak –ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuaren bitartez aldatu zen dekretu hori– «Euskal Gizartearen Egoera» izeneko ikerketa-saria sortu eta arautu zuen, azterlanak eta ikerlanak saritzeko asmoz; betiere, azterlan eta ikerlanok Euskadiko egoera soziopolitikoa ezagutzen edo errealitate horren ikerketa teorikoki edo metodologikoki garatzen lagunduko duten gaien ingurukoak badira. Sarirako deialdia ebazpen bidez egingo dela xedatzen denez dekretu horren lehenengo artikuluan, bidezkoa da sariaren 2016ko deialdia egitea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helburua.

Oinarri hauen helburua da Euskadiko egoera soziopolitikoa aztertzeko «Euskal Gizartearen Egoera» ikerketa-sariaren 2016ko deialdia egitea.

Bigarrena.– Sarirako diru-kopurua.

1.– 2016. urterako «Euskal Gizartearen Egoera» sariak honako diru-kopurua izango du:

– Lehenengo saria: 7.300 euro.

– Akzesita: 1.700 euro.

2.– Zenbateko horri dagokion atxikipen fiskala egingo zaio, egindako jardueraren arabera.

Hirugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea eta izapidetzea.

1.– Hautagaitzak aurkezteko eta prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko eta egiteko, aurrez aurreko bideak edo baliabide elektronikoak erabil ditzakete interesdunek.

2.– Ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera aurkeztuko dira hautagaitzak; ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuaren bidez aldatu zen dekretu hori.

3.– Hautagaitzak, Euskal Gizartearen Egoera sariaren 2016ko deialdira aurkezteko direla argi adieraziz, Lehendakaritza, Azterlan Kabinetearen Zuzendaritza, Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz helbidean aurkeztu ahalko dira. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua) edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan baimentzen duen edozein eratan ere aurkeztu ahalko dira.

Hautagaitzak aurrez aurre aurkeztuko dituzten pertsonek, gutun-azal itxian sartu beharko dute eskabidea eta gutun-azal itxiaren kanpoko aldean ikerketa-lanaren izenburua jarriko da.

4.– Hautagaitzak aurrez aurre edo elektronikoki izapidetzeko xehetasunak honako egoitza elektroniko honetan (URL) eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/euskal gizartea saria/y22-izapide/eu

5.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera; edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Eskabidearen osteko izapideak honako webgune honetan egin daitezke bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Laugarrena.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Hautagaiek, beren eskabideen bidez, berariaz baimendu dezakete datuak eta agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatzea, hala aurrez aurreko baliabideak nola baliabide elektronikoak erabiltzean. Baimen horrek ez ditu ezertan eragotziko Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen ahalmenak.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eskabidearekin aurkeztutako erantzukizun-aitorpenaren bidez, honako betekizunak egiaztatuko dira:

a) Eskatzaileak ez duela zigor- eta administrazio-arloko zigorrik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez dagoela diru-laguntza edo laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik.

b) Halaber, eskabidean eta erantsitako dokumentuetan jasotako datuak benetakoak direla eta indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Bosgarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea.

Hautagaitzak aurkezteko epea 2016ko irailaren 13an bukatuko da.

Seigarrena.– Aurkeztutako lanen ezaugarriak.

1.– Ekainaren 11ko 137/1996 Dekretuaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera aurkeztuko dira hautagaitzak; ekainaren 24ko 135/2003 Dekretuaren bidez aldatu zen dekretu hori.

2.– Ikerketa-lanak euskaraz eta/edo gaztelaniaz idatzi ahalko dira eta, batez ere, euskarri informatikoan (PDF formatuan) aurkeztuko dira; paperean ere aurkez daitezke bestela.

3.– Ikerketa-lanetan garatutako informazioak, ahal den neurrian, genero ikuspuntua eta hizkuntzaren erabilera ez sexista kontuan izango ditu.

Zazpigarrena.– Esleipena eta ordainketa.

1.– Saria eta akzesita, hala badagokio, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpenez esleituko dira, saria esleitzeko beren-beregi osatutako epaimahaiak proposamena egin ondoren. Parte-hartzaileei banan-banan emango zaie horren berri, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.eus egoitzan argitaratuko da, sei hilabeteko epean, deialdiaren ebazpenak indarra hartzen duen egunetik hasita.

2.– Epe horretan ez bada ebazpen hori argitaratzen, aurkeztutako hautagaitzak ezetsitzat jo ahal izango dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Sariak esleitu ondoren, ordainketa egingo da, eta, hala badagokio, saritutako lanak argitaratuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan eta uztailaren 26ko 173/2011 Dekretuan –gerora, maiatzaren 20ko 78/2014 Dekretuak aldatutakoan– arautu ez den guztirako, honako legeetan xedatutakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori– eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bideari bukaera ematen dio. Ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa ere aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 20a.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JESÚS MARÍA PEÑA MARTÍNEZ.


Azterketa dokumentala