Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2016ko maiatzaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2129

32/2016 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Bilboko Aireportuan gune bat doan lagatzeko eta onartzeko AENA SA-rekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Bilboko Aireportuan gune bat doan lagatzeko eta onartzeko AENA SA-rekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 6a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 6KO 32/2016 EBAZPENARENA
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILAREN ETA AENA SA-REN ARTEKO HITZARMENA, BILBOKO AIREPORTUAN GUNE BAT DOAN LAGATZEKO ETA ONARTZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2016ko apirilaren 20an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia Otaegi andreak ordezkatuta.

Eta bestetik, José Manuel Fernández Bosch jauna, Zerbitzu Komertzialetako eta Higiezinen Kudeaketako zuzendaria AENA SA enpresan (IFK: A-86212420, eta hitzarmen honen ondorioetarako helbidea «Madrid, c/ Arturo Soria, 109 CP: 28043» duena; aurrerantzean «AENA»). Sozietate horren izenean eta hura ordezkatuz jardungo da, sozietateko kontseilari delegatuak 2012ko azaroaren 28an Madrilgo notario Javier Barreiros Fernández jaunaren aurrean eta haren protokoloko 2.292 zenbakiarekin emandako merkataritza-ahalordearen bidez. Ahalorde hori Madrilgo Merkataritza Erregistroan jaso zen, 29.049. liburukian, 196. folioan, 8. atalean, M 518.648 zenbakidun orrian, 23. oharreko inskripzioan, 2012ko abenduaren 12an.

ADIERAZI DUTE:

I.– AENA Estatuko sozietate anonimo bat dela, eta honako hau dela, besteak beste, haren helburu soziala: interes orokorreko eta Estatuaren titulartasuneko aireportuak, AENAk kudeatutako heliportuak eta haiekin lotutako zerbitzuak antolatzea, zuzentzea, koordinatzea, ustiatzea, zaintzea, administratzea eta kudeatzea.

II.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren helburuetako bat Euskadin turismoa sustatzea eta garatzea dela.

III.– AENAren jabetzakoa dela Bilboko aireportua, Loiu udalerrian kokatua (aurrerantzean, «aireportua»), Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa «AENA» enpresa-erakunde publikoak egindako ekarpenaren ondorioz. Madrilgo Elkargoko José María Regidor Cano notario jaunak 2011ko maiatzaren 31n baimendutako eskritura bidez egin zen ekarpena (Madrilgo Merkataritza Erregistroan dago inskripzioa: 28.806. liburukia, 8. atala, 211. folioa, M-518.648. orria), abenduaren 3ko 13/2010 Errege Lege Dekretuan araututakoari jarraituz (enplegua sortzeko eta inbertsioa sustatzeko zerga eta lan-jarduerei eta jarduera liberalizatzaileei buruzkoa da dekretua).

IV.– AENA SAren nahiz Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren interesa dela turismo-bulegoaren bitartez informazio turistikoa helaraztea.

V.– 2011ko otsailaren 2ko hitzarmenari jarraituz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari aldi baterako laga izan zaiola doan 18 m2 inguruko azalera bat, Bilboko aireportuko heldueren hallean, eta hor turismo-bulego egonkor bat eduki duela instalatuta. Hitzarmenaren indarraldia 2011ko abenduaren 31n amaitu zen, baina gero urtebeteko epetan luzatuz joan da isilbidez, hitzarmeneko bosgarren klausulari jarraituz.

VI.– Hitzarmen hori 2014ko abenduaren 31n amaituko dela, eta, beraz, beste hitzarmen bat egin behar dela, jarraian azalduko den azalera doan lagatzeko aldi baterako.

VII.– Hortaz, hitzarmen honen helburua dela Bilboko aireportuko heldueren halleko 18 m2-ko azalera hori (aurrerantzean, «azalera») aldi baterako doan laga dadila arautzea, informazio-bulego egonkor bat instalatzeko bertan, aireportuan lur hartzen duten bidaiarientzat. Aipatutako azalera hori hitzarmen honetako 1. eranskinean erantsi den planoan adierazita dago, eta, bertan, aireportuan zer kokapen duen zehaztu da.

VIII.– Hori dela eta, bi alderdiek, elkarri gaitasun osoa eta legitimazioa aitortuz, adostu dute hitzarmen hau sinatzea, honako klausula hauetan oinarrituta:

KLAUSULAK

1.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da alderdien arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea, betiere bakoitzaren eskumen-eremuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko turismoa sustatzen laguntzeko.

AENAk doan lagako dio aldi baterako VII. azalpen-puntuan adierazitako azalera Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, eta Sailak onartu egiten du azalera, dokumentu honetan hitzartutako baldintzetan.

Segurtasun-arrazoiak edo bestelako zergati arrazoituak direla-eta aireportua birmoldatzeko, handitzeko, eraberritzeko edo bertan beste terminal bat eraikitzeko egiten diren lanek lagatako azaleran ondorioak izanez gero, AENAk, baldin eta aireportuko bitarteko erabilgarriek horretarako aukera ematen badute, hitzarmenaren xede den azaleraren antzeko ezaugarriak dituen beste eremu bat jarri beharko du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku, behin-behinean edo behin betiko. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jarduera egiten jarraituko du bere esku jartzen diren guneetan, gerora zehaztuko den moduan, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hartu beharko ditu bere gain leku batetik bestera aldatzeak sortzen dituen gastuak.

1.1.– Azaleraren erabilera.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Bilboko aireportuan lur hartzen duten bidaiarientzako informazio-bulego egonkor hori instalatzeko soilik erabili ahal izango du azalera, eta bere kontura instalatu beharko du, izaera instituzionaleko informazioa banatzeko betiere; hau da, ez du informazio komertzialik edo marken informaziorik emango (aurrerantzean, «jarduera»). Jarduerak hitzarmen honetan eta hitzarmenari gehitutako dokumentuetan adierazitako zehaztapenak, baldintzak eta betebeharrak bete beharko ditu. Horrez gain, indarrean den aeronautikako legediak edo gai horri buruz etorkizunean onar daitezkeenek araututakoa bete beharko du, bai eta aireportuko Zuzendaritzak har ditzakeen erabakiak ere.

Berariaz debekatuta dago, azaleran, baimendutakoa ez den beste edozein jarduera egitea; ezin izango da inolaz ere merkataritza-jarduerarik gauzatu. AENAk idatziz eta berariaz emandako baimenik gabe jarduera aldatuz gero, hitzarmen hau automatikoki suntsituko da, bertan araututakoa ez betetzeagatik.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, jarduera erabiltzean eta ustiatzean, hitzarmen honetan eta aireportuaren funtzionamendurako arauetan ezarritako mugak bete beharko ditu nahitaez.

2.– Iraupena eta ondorioak.

Hitzarmenak sinatzen den egunaz geroztik izango ditu ondorioak, eta 2016ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du. Hitzarmena isilbidez luzatu ahalko da bost urtez, urtebeteko epetan, 2015eko urtarrilaren 1etik kontatzen hasita, non eta alderdiek ez duten horren aurkako salaketarik jartzen hilabete lehenago.

Behin hitzarmena iraungitzean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak azaleratik irten beharko du, azalera hori hitzarmen honetan adostutako baldintzetan utzita.

3.– Hornigaiak eta zergak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren kontura izango dira azaleran sortzen diren edo azaleran egiten den jardueragatik sortzen diren kontsumoen gastuak (adibidez, argindarra, ura, klimatizazioa, hondakin solidoak eta abar), bai eta telekomunikazio-zerbitzuak kontsumitzeagatik edo erabiltzeagatik sortzen diren gastuak ere. Horretarako, beharrezko diren kontagailuak instalatuko dira, egindako kontsumoak zehazteko. Kontsumoak neurtzeko kontagailu independenteak ez dauden kasuetan, AENAk Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jasanarazi diezazkioke kontsumoak, unitateko zenbatetsitako prezio jakin bat aplikatuz, utzitako azaleraren funtzioa, ezarritako potentzia, funtzionamendu-orduak eta abar aintzat hartuta.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak AENArekin kontratatuko ditu zerbitzu horiek, eta hitzarmen honetatik kanpoko kontratu batean jasota geratuko da.

Sailak ordaindu beharko ditu azalerari dagozkion edo azaleran egiten den jarduerari dagozkion tasak, zergak eta zerga-betebeharrak.

4.– Azalera ematea.

Azalera Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari emango zaio, eta Saila erabat ados dago azalera emate-aktan adierazitako egoeran jasotzearekin.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du azalera eta bertan instalatutako ekipoak arduraz eta kontu handiz zaintzeko.

Jarduera (azaleran egin beharreko lanak barne) gauzatzeko behar diren administrazio-baimenak eta -lizentziak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eskatu, izapidetu eta lortu beharko ditu, bere ardurapean; azalera erabiltzen hasi aurretik lortu beharko ditu.

Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren kontura izango dira baimen horiek izapidetzeko eta lortzeko ordaindu behar diren gastu, tasa, zerga eta bestelako zenbateko guztiak, bai eta jarduera gauzatzeagatik sortzen direnak ere. Horrez gain, AENAri kalte-ordaina ordaindu beharko dio, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aipatutako baimen horiek guztiak ez lortzeagatik eragiten dizkion kostuen ordainetan. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, lizentzia horiek lortzen ez baditu, ezin izango du jarduera hasi, eta, beraz, hitzarmena indargabetuta geratuko da.

5.– Eguneroko jarduna, aireportuan.

5.1.– Aireportua ixtea edo sarrera mugatzea.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak berariaz onartzen du Aireportuko Zuzendaritzak, edozein unetan, aireportua ixteko edota aireportuan edo bertako zati batean sartzea mugatzeko aukera izango duela, bai eta edozein pertsonari sarrera debekatzekoa ere, birmoldatze-lanak edo segurtasun-arrazoiak tarteko, beharrezko jotzen duen aldian; horrelakoetan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ezin izango dio AENAri inolako kalte-ordainik eskatu.

5.2.– Aireportuko barne-funtzionamenduko arauak eta aplikagarria den araudia.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak une bakoitzean aireportuaren funtzionamenduarekin lotuta indarrean dauden arau eta erregelamendu guztiak onartzen ditu, eta haiek betetzeko betebeharra hartzen du bere gain.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bere gain hartzen du ingurumen-araudia betetzeko konpromisoa; langileei aplikagarri zaizkien lan-arloko, gizarte-segurantzaren arloko eta laneko arriskuen prebentzioaren arloko arauak betetzekoa; bai eta eragiketen eta aireportuen segurtasunaren alorrean aplika daitezkeen gainerako xedapenak betetzekoa ere.

6.– Lagapena eta azpierrentamendua.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ezin izango dio azalera/lokala inori laga edo azpierrentan eman (ez osorik, ez partzialki), ez eta bere egoera eta/edo hitzarmen honen ondoriozko eskubideak edo betebeharrak hirugarren bati besterendu ere (osorik edo zati bat), AENAk aurretiaz berariazko baimena eman ezean.

7.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren betebeharrak.

7.1.– AENAk ikuskatzeko eta sartzeko duen ahalmena.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak inolako mugarik gabe baimenduko dio sarrera AENAri edo hark baimendutako pertsona orori, hitzarmenean zehaztutako betebeharrak ongi bete direla egiazta dezan, betiere (i) aurrez horren jakinarazpena egiten badu, ahalik eta traba gutxien egiteko, eta (ii) bisitaldia Saila bertan dela egiten bada, hurrengo paragrafoan zehaztutako kasuetan salbu.

Presazko edo ezinbesteko egoeretan, AENA, edo hark baimendutako pertsona, lagatako azaleran sartu ahal izango da, beharrezko diren konponketak edo berrikuspenak egiteko. Halakoetan, AENAk berehala jakinaraziko dio gertatutakoa Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.

7.2.– Debekatutako jarduerak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ezin izango du, inolaz ere, azalera hondatzen edo kaltetzen duen jarduerarik egin. Betebehar hori betetzen ez badu, AENAk hitzarmena baliogabetu ahal izango du, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila izango da azaleran edo aireportuan eragindako galeren edo kalteen erantzule zuzena.

7.3.– Publizitatea.

Guztiz debekatuta dago Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila ez den beste pertsona fisiko edo juridiko baten edozein sustapen- eta/edo publizitate-mota egitea (Eusko Jaurlaritzarena berarena salbu), bai eta hitzarmen honetan zehaztutakoa ez den beste zerbitzu edo jardueraren bat sustatzea ere. Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ezin izango du hirugarrenen publizitaterik jarri edo kontratatu, ez azaleran, ez eta jarduera gauzatzeko erabiltzen dituen produktu edo materialetan ere.

Berariaz debekatuta dago, zehazki, salmentak egitea, turismo-establezimenduak erreserbatzea, autoak edo bestelako garraiobideak alokatzea eta, oro har, edozein merkataritza-jarduera egitea.

7.4.– Konponketak, matxurak eta kalteak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak kontserbazio-, funtzionamendu-, segurtasun- eta garbitasun-baldintza egokietan zaindu beharko du azalera, bai eta bertan dauden osagarriak, ekipamenduak eta instalazioak ere; horretarako, beharrezko diren konponketak egin beharko ditu, hitzarmen honetan eta, hala badagokio, aireportuko funtzionamendu-arauetan xedatutakoari jarraituz.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak agintzen du azaleran edo bertan dauden instalazio, zerbitzu edo osagarrietan gerta daitekeen edozein matxuraren edo kalteren, ezbeharren edo hondaketaren berri emango diola AENAri, ahalik eta epe laburrenean. Horrez gain, matxura horiek berehala konpondu beharko ditu, konponketa horiek egiteko AENAren aurretiko baimena ezinbestekoa denean salbu; horrelakoetan, berehala jakinarazi beharko dio AENAri, eta edozein konponketa egin aurretik, harekin kontsultatu.

Konponketen gastu guztiak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ordaindu beharko ditu, azaleraren egiturari eragiten dioten konponketen gastuak edo aparteko gastuak salbu, betiere Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren jarduerak eragindakoak izan ez badira. Aparteko gastuak eta azaleraren/lokalaren egiturari eragiten dioten konponketak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eragindako kalteen ondorio ez direnean, AENAk soilik ordainduko ditu.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bere kontura egin beharko ditu AENAren iritziz beharrezkoak eta presazkoak diren konponketak azaleran, azalera horri berehalako galerarik edo kalterik ez eragiteko. Konponketa horiek erantzukizunez eta indarrean den araudi guztia betez egin behar dira, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila izango da aireportuan gertatuko edozein kalteren erantzule.

8.– AENA-ren betebeharrak.

AENAk Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari lagako dio azaleraren jabetza, bizikidetza baketsua izan dezaten, hitzarmen honetan adostutako baldintzetan, eta hitzarmenean zehaztutako betebehar guztiak bete beharko ditu.

9.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren erantzukizunak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila izango da AENAk, hirugarrenek, pertsonek edo objektuek jasan ditzaketen galeren edo kalteen erantzule zuzena eta bakarra, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari eta hark gauzatutako jarduerari egotz dakiokeen arrazoiren batek eragindakoak direnean.

10.– Zer kasutan ez duen erantzukizunik AENA-k.

AENA ez da izango, inolaz ere, edozein arrazoi dela-eta azalerako ondasunetan edo instalazioetan gerta daitezkeen ebasketen, lapurreten, galeren, kalteen edo suntsiketen erantzule, ez eta bertan lan egiten duten pertsonei edo azaleraren erabiltzaileei gerta dakizkiekeenen erantzule ere. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari soilik dagokio horren erantzule egitea; Sailak, hitzarmen honetan erabakitakoaren arabera, erantzukizun horri erantzuteko aseguru bat izango du kontratatuta.

AENA ez da izango azalerako zerbitzuetan eta instalazioetan gerta daitezkeen eteteen edo etenaldien erantzule, bere gogoaz harago dauden kausek eragindakoak direnean.

Era berean, AENAk ez du bere gain hartuko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bere negoziorako enplegatu dituen langileekiko lan-erantzukizunik; erantzukizuna azken horrena baino ez da izango.

Horrez gain, AENAk ez du izango aireportuko beste errentariek, langileek, hornitzaileek edota bezeroek egin dezaketen edo horien eraginez sor daitekeen inolako ekintzaren erantzukizunik.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak berariaz uko egiten dio AENAri erantzukizunak eskatzeari, aurreko paragrafoetan deskribatutako egoeretan edo, hitzarmen honen arabera, AENAren betebeharren artean ez dagoen edozein egoeratan.

11.– Aseguruak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak erantzukizun zibileko poliza hauek kontratatuko ditu, hitzarmen honen hasiera-datatik amaiera-datara bitartean, kaudimenduntzat jotako aseguru-etxe batekin, honako baldintza hauetan:

Erantzukizun Zibil Orokorreko poliza bat, AENAri eta/edo hirugarrenei espediente honetan adierazitako jardueraren ondorioz eragindako kalte material, lesio pertsonal eta ondorioengatik erantzuteko; kalte-ordainen gutxieneko muga 600.000 eurokoa izango da ezbeharreko edo 1.200.000 eurokoa ezbeharreko eta urteko.

AENA asegurudun gehigarri gisa eta hirugarren gisa agertu beharko du polizan.

Erantzukizun Zibil Patronaleko poliza bat, aireportuetako lanak gauzatzearen ondorioz kontratistaren langileei eragindako kalte pertsonalak estaltzeko; kalte-ordainen gutxieneko muga 150.000 eurokoa izango da biktimako.

AENA asegurudun gehigarri gisa eta hirugarren gisa agertu beharko du polizan.

Aurrekoaren ondorioetarako, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aseguruen ziurtagiri bat emango dio AENAri, eta ziurtagiri horretan honako datu hauek agertu beharko dira, gutxienez ere:

– Espedientearen zenbakia eta titulua.

– Polizaren ondorioa eta epemuga.

– Estalitako arriskuak.

– Kalte-ordainaren mugak.

– Frankizia aplikagarriak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak primak ordainduko ditu eta kontratatutako aseguruen eta ordaindutako ordainagirien kopiak emango dizkio urtero AENAri. AENAk edozein unetan hala eskatuz gero, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak frogatu beharko du beharrezko prima guztiak ordainduta dituela, aseguru-polizetako estipulazioei jarraituz, eta poliza horien baldintzek behar bezala estaltzen dituztela aurreko paragrafoan azaldutako arriskuak. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak agintzen du ez duela lagatako azalerarako polizaren estaldura muga dezakeen edo poliza hori baliogabetu dezakeen ekintzarik egingo.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jarduera azpikontratatzen badu, enpresa azpikontratatuak aurrez aipatutako polizak aurkeztu beharko ditu, baldintza berberetan eta betekizun berberekin.

12.– Hitzarmena behin-behinean etetea eta suntsitzea.

AENAk hitzarmen honen ondorioak behin-behinean eten ditzake, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak berariaz onartzen du eskubide hori gauzatzea, betiere behar-beharrezkoa bada segurtasunerako edo aireportuaren funtzionamendu egokirako. Eskubide horren arabera, AENAk azalera behin-behinean itxi dezake, hartutako azalera aldebakarretik berreskuratu dezake, beharrezko den denbora-aldirako, edota Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren jarduerari bestelako edozein muga ezarri diezaioke, baldin eta helburu horiek lortzeko beharrezkoa bada.

Hitzarmenean bildutako klausulak ez betetzeaz gain, hitzarmena aurretiaz suntsitzeko- kausatzat hartuko dira honako hauek ere: alderdiek hala adostea, edo aireportuaren eraginkortasunaren edo segurtasunaren ondorioz sortutako bestelako edozein egoera, ustekabe edo ezinbesteko kausa.

Hitzarmenaren iraupena amaitzen denean, edo hitzarmena aurretiaz suntsitzen denean (alderdietako batek hitzartutakoa ez betetzeagatik edo bi alderdiek hala adosteagatik), Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak azalera utzi beharko du, eta, bere kontura, bertatik atera beharko ditu bertan dauden objektu guztiak, bai eta berak jarri dituen instalazio ez-finkoak ere, hitzarmena suntsitzen den egunetik zenbatzen hasi eta 15 eguneko epean. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hutsik eta libre utziko du azalera, hartu zuenean zegoen egoera berean, bertan dauden ekipo eta guzti. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak azaleraren jabetza itzuli beharko dio AENAri, eta itzultze-akta sinatu.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ez du izango kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik, edozein arrazoi dela-eta hitzarmena amaitzen edo suntsitzen bada.

13.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 4.1.d) idatzi-zatiaren aplikazio-eremutik kanpo dago. Dena den, artikulu horri dagokionez, arau horretako printzipioak aplikatu ahal izango dira sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko, arau horretako 4.2 artikuluak ezartzen duen moduan.

14.– Datuak babestea.

Aldeek konpromisoa hartzen dute osotasunean betetzeko Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa (LOPD) eta berori garatzeko araudia, Hitzarmen honen xede den zerbitzuaren testuinguruan eta aipatutako Legeak eta dokumentu honek ezarritakoari jarraiki.

15.– Jurisdikzioa.

Hitzarmenaren edukiaren interpretazioak adostasunez erabakiko dira, eta, horretarako, jarraipena egiteko batzorde paritario bat sortuko da, lan horretaz arduratuko dena. Nolanahi ere, hitzarmena aplikatzean edo interpretatzean desadostasunen bat sortuz gero, Madrilgo auzitegien eskutan utziko da, alderdi interesdunek dagokien eskumenari berariaz uko egin ondoren.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, alderdiek idazpuruan aipatutako tokian eta egunean izenpetu dute hitzarmen hau, ale bikoitzean eta ondorio bakar baterako.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

AENA SAko Zerbitzu Komertzialetako eta Higiezinen Kudeaketako zuzendaria,

JOSÉ MANUEL FERNÁNDEZ BOSCH.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala