Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2016ko maiatzaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2054

ERABAKIA, 2016ko apirilaren 25ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baita eskaintza telematiko bat egitea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren erakunde publikoan dauden lanpostu hutsak eta gordeak bitarteko bidez betetzeko, erizainen, erizain-laguntzaileen, administrazio-laguntzaileen, erabiltzailearen arreta-laguntzaileen, zeladoreen eta zerbitzuetako langileen kategorietan.

ZIOEN AZALPENA

Osakidetzak apustu irmoa egin du egiturazko langile-zerrendari eustearen alde; izan ere, horixe da kalitate-mailei eusteko modua, gizarteak eskatu eta behar duen osasun-laguntza zuzena bermatzeko modua baita.

Hala ere, aldi berean, beharrezkoa da asistentzia-erakundeetan sortzen diren langile-beharrei erantzun bat ematea, aldi baterako kontratazio-beharrak bermatzeko (gaixotasunarengatiko bajak, oporraldiak, baimenak, jarduera-ugaritzea, etab.).

Hori dela eta, Osakidetzak irmoki sustatu behar du kalitateko aldi baterako kontratazioa, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta gardentasun-printzipioei jarraikiz.

Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Planarekin bat dator apustu hori; enplegua da bertan kezka, lehentasun eta konpromiso nagusia, euskal hiritarren kezka nagusiari erantzuna ematen baitio.

Argi dago kalitateko enplegua bultzatu behar dela kontratazioan, lan-eskaintza publikoetarako deialdiekin batera, erakunde publiko honen zerbitzu-erakundeetan lan egiten duten langileei egonkortasuna eman dakien, horrek eragin zuzena baitu, esan bezala, biztanleei eman beharreko asistentzia-zerbitzuen kalitatean.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakiak arautu du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko zerbitzu-erakundeetan estatutupeko aldi baterako langileak hartzeko sistema, bai langile sanitarioak bai kudeaketako eta zerbitzuetako langileak.

Lehenengo atalaren lehen puntuan adierazita dago estatutupeko aldi baterako langileen izendapenak bitartekoak, behin-behinekoak edo ordezkapenekoak izan daitezkeela.

Argi dago behin-behineko izendapenen ordez bitarteko izendapenak egitea egiturazko langile-zerrenda sendotzeko neurri bat dela.

Eskaintza telematikoa dela eta, erabaki horretan bertan, hitzaurrean, adierazita dago badagoela kontratazio-eskaintza telematikoak egiteko aukera, lanpostuak aldi baterako betetzeko.

Lanpostu hutsetako eta gordetako lanpostuetako 1. mailako lehentasuneko kontratazioaren zerrendak apiril honetan eguneratu ostean, iritzi zaio eskaintza telematikoa egiteari baliagarria izango dela kategoria masiboetan bitarteko gehiago izendatzeko eta, egungoen aldean, aldi baterako izendapen gutxiago egiteko.

Beste alde batetik, eskaintza horrek masibotzat jotzen diren kategorietara zuzenduta egon behar du, beraietan izango baita benetan eraginkorra eta arina eskaintza telematiko hori.

Ildo berean, pentsatu da erizainen, erizain-laguntzaileen, administrazio-laguntzaileen, erabiltzailearen arreta-laguntzaileen, zeladoreen eta zerbitzuetako langileen kategorietarako izango dela eraginkorra eta arina.

Horretarako, eta denen intereserako, aldatu beharra dago Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostual aldi baterako betetzeko sistema kudeatzen duen egungo arau-esparrua.

Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakiaren bidez onartu ziren lanpostuak zerbitzu-eginkizunen eta aldi baterako barne-sustapenaren bidez hornitzeko irizpideak zein Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren erakunde publikoko zerbitzu-erakundeetan lanpostuak behin betiko barne-mugikortasunaren bidez hornitzeko irizpide orokorrak.

Horren arabera, 2. puntuan, adierazita dago lanpostu hutsak edo lanpostu gordeak betetzeko lehentasun-hurrenkera honi erreparatuko zaiola: barne-mugikortasuna / behin betiko barne-mugikortasuna, zerbitzu-erakunde dei-egilearen barneko aldi baterako barne-sustapena, zerbitzu-eginkizunak, zerbitzu-erakundeen arteko aldi baterako barne-sustapena, eta, azkena, aldi baterako kontratazioa.

Kontuan hartzen bada eskaintza telematiko baten bidez bete nahi diren lanpostu hutsen kopurua, aldi baterako kontratazioa egin aurretiko fase horiek guztiak egiteak atzerapen handia ekarriko luke lanpostu horiek beraiek bitarteko bidez betetzeko; izan ere, azken hori da helburu nagusia, eta, ondorioz, aldi baterako izendapenak gutxitzea.

Halaber, kontuan hartu behar da eskaintza telematikoak egiteko aukera izatea dela lanpostuak bitarteko bidez betetzeko sistema bermatzea, aukera ematen baitu hartaz baliatzeko bete beharreko lanpostu hutsen kopurua handi samarra denean.

ERABAKIA:

1.– Onartzea 2016an eskaintza telematiko bat egitea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren erakunde publikoan dauden lanpostu hutsak eta gordeak bitarteko bidez betetzeko, erizainen, erizain-laguntzaileen, administrazio-laguntzaileen, erabiltzailearen arreta-laguntzaileen, zeladoreen eta zerbitzuetako langileen kategorietan.

2.– Aldatzea, salbuespen gisa, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakiaren 2. puntuan ezarritako lehentasun-hurrenkera, lanpostu hutsak eta gordeak betetzekoa, lehentasuna eman nahi baitzaio eskaintza telematikoak egiteari betetze-sistema hau erabiltzen den bakoitzean. Gainerako beharretarako, puntu berean ezarritako lehentasunak ezarri beharko dira.

3.– Baimena ematea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari, erakunde publiko beraren Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez, lanpostu hutsak edo lanpostu gordeak bitarteko bidez betetzeko eskaintza telematikoaren garapena susta dezan, Zuzendaritza nagusiak berak lanpostuak aukeratzeko erabakitzen dituen irizpideen arabera, lehen aipatutako bost kategorietan.

4.– Baimena ematea erakunde publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eskaintza telematikoak egiteko, lanpostuak betetzeko sistema horretaz baliatu beharra ikusten duen bakoitzean.

5.– Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 25a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala