Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2016ko maiatzaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2052

52/2016 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Mungiako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduaren gidalerroak –Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babespean idatzi eta izapidetuak– behin betiko onartu ziren otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez (otsailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua).

Gidalerro horietan, lurralde-plan partzialak idazteko esparruak zehazten dira, eta horien artean dago Mungiako eremu funtzionala.

Aipatutako legearen 2. eta 11. artikuluei jarraikiz, lurralde-plan partzialak nahitaez landu behar diren lurralde-antolamendurako tresnak dira. Ildo horretan, gidalerroen 22. kapituluko 7. zenbakian –aplikazio-arauei buruzkoan–, adierazten da oso garrantzitsua dela lurralde-plan partzialak ahalik eta arinen egitea, horrela, hirigintza- eta lurralde-irizpide osagarriak gehitzeko aipatutako gidalerroetakoei. Izan ere, horiei esker, udal-esparruko planen garapen doiagoa lor daiteke, eta lurralde-koherentzia handiagoa bermatzen da lurralde-plan sektorialak egiterakoan.

Lurralde-plan partzial hau Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 13. artikuluan jasotako lantze- eta izapidetze-prozesu luze baten emaitza da; fase guztiak dauzka: aurrerapena, hasierako onarpena, behin-behinekoa eta behin betikoa. Horretan, lurralde-administrazio publiko ezberdinek parte hartu dute (tokikoek, foralak eta autonomikoak), bai eta aipatutako eremu funtzionaleko gizartearen espektro zabal batek ere.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluaren arabera, Mungiako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala formulatzeko ekimena Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie, maila berean; beraz, beharrezkoa da bi administrazioen arteko koordinazioa, ekintzak egitean disfuntzionaltasunak saihesteko.

Helburu horrekin, 2006an, plan hori idazteko lanak hasi ziren, eta, lan horien jarraipena egiteko, koordinazio-mekanismoak ezarri ziren Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza eta Udal Harremanen Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren artean.

Lurralde-plan partzial honen hasierako eta behin-behineko onarpenak Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak egiletsi zituen 2012ko azaroaren 27an eta 2014ko urtarrilaren 28an, hurrenez hurren.

Planaren edukiak erantzuna ematen dio Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 12. artikuluari, eta lurralde-plan partzialek jaso behar dituzten zehaztapenak jasotzen ditu. Planak zenbait neurri ezartzen ditu eta jarduera-proposamenak egiten ditu, helburu nagusi honekin: eremu funtzionalaren antolamendu integrala lortzea.

Mungiako eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialak udal-mugarte hauek hartzen ditu: Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia. Plan honen helburua da, hamasei urteko denbora-horizonte baterako, eremu funtzionaleko lurraldearen lurralde-antolamendu jasangarria ezartzea, eremu funtzional horren lurralde-egitura eta -eredua zehaztuta. Horrela, lurralde-antolamendu hori bete beharko dute udal-plangintzek, lurralde-plan sektorialek eta eremu funtzionalean eragina duten gainerako jarduerek.

Planaren lurralde-eredua helburu hauen inguruan egituratzen da:

a.) Ekonomia berriaren euskarri izango den produkzio-eremua sortu eta artikulatzea.

b.) Metropoli-multzoaren integrazio funtzionala hobetzea bideko garraioan –bestelako funtzioak ere betetzen ditu– eta garraio publikoan (batez ere trenbidearen arloan), intermodalitatea bultzatuz eta garraio-moten beste banaketa baten aldeko apustua eginez, zeinak ibilgailu pribatuarekiko mendekotasun txikiagoa izango baitu.

c.) Bizitegi-eremua kontzentratzea, lurzoru-eskasiari eta eskari berri eta askotarikoei erantzunez, eta eskaintza zabalagoa izateko aukera handituz. Aukera hori dibertsifikatuta egongo da kokalekuari, tipologiei eta prezioei dagokienez.

d.) Ingurumenari dagokionez baliotsua den eremua integratzea; izan ere, gaur inoiz baino gehiago, metropoli moderno eta lehiakor baten funtsezko osagaia da hori.

e.) Zerbitzuak eta horien kalitatea ziurtatzea, ikuspegi zabal eta dibertsifikatuarekin, gutxieneko zerbitzuetara mugatu gabe eta ingurumen-ikusmolde zabal batetik.

Planak bere zehaztapenak azaltzen ditu Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 12.3. artikuluan ezarritako agirietan. Zehazki, besteak beste, antolamendu-arauak jasotzen ditu. Arau horietan ezarrita daude planak izaera arau-emailea ematen dien xedapen eta proposamen guztiak, eta dekretu honen I. eranskinean ageri dira, argitaratzeko.

Era berean, planarekin batera doa Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioko Azterlana ere. Ingurumen-araudian xedatutakoa betetzeko –2006ko apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioen ebaluazioaren gainekoa; 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena, eta haren erregelamenduzko garapena den 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen duena– ingurumen-alderdiak planean txertatzeaz hartutako erabakiaren gaineko aginduzko adierazpena gehitu zaio dekretu honi II. eranskin gisa.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumena da plan honen behin betiko onarpena Gobernu Kontseilura eramatea, Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 13.9. artikuluan xedatutakoa dela bide.

Gobernu Kontseiluaren eskumena da Mungiako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartzea, Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 13.10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 22an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Behin betiko onartzea Mungiako eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala. Antolamendu-arauak dekretu honen I. eranskin gisa doaz, eta ingurumen-alderdiak planean txertatzeari buruz hartutako erabakiaren adierazpena II. eranskin gisa doa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lurralde-plan partzial hau idazterakoan, une horretan indarrean zegoen udal-plangintza jaso da, eta beti informazio-izaerarekin; ondorioz, ulertuko da indarrean sartzen den egunera arte egin diren eguneratzeak edo aldaketak jasota daudela.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lurralde-plan partzial honen antolamendu-arauen eranskinek ere arau horiek osatzen dituzte, eta, beraz, gainerako artikuluen arau- eta betebehar-balio bera daukate.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez diren lurralde-plan sektorialak formulatu eta aldatzeko dokumentuak egokitu egin beharko dira plan honetan jasotako zehaztapenetara, Mungiako eremu funtzionalari eragiten dioten alderdi guztietan.

Edonola ere, lurralde-plan partzial hau indarrean jartzean indarrean dauden lurralde-plan sektorialak egokitu egin beharko dira plan honetan xedatutakora, Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian aurrez ikusitakoa salbuetsita.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Mungiako eremu funtzionalean dauden udalerrietako hirigintza-dokumentuak, baldin eta plan orokorrak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan badaude eta plan hau indarrean jartzeko unean hasieran onartu ez badira, plan honetan jasotako zehaztapenetara egokitu beharko dira.

Edonola ere, indarrean dagoen udal-esparruko hirigintza-antolamendu orokorra plan honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, hura indarrean jarri eta bi urteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala