Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2016ko maiatzaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1983

AGINDUA, 2016ko apirilaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Hernaniko udalerriko Sagastiya auzoan, 20 etxebizitza sozial alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Hernaniko Udalak 2002ko otsailaren 1ean Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten, Hernaniko udalerriko Sagastiya auzoan, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko.

Hitzarmenean jasotzen da sustatuko diren etxebizitza sozial guztiak Hernanikoentzat izango direla; halaber, etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira Sailak Donostiako eskualde egiturako etxebizitza babestu eskatzaileei eskainiko lizkieke.

Bigarrena.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2012ko urriaren 24ko ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen 20 etxebizitza sozialeko sustapen horrek. Sustapena Hernaniko udalerrian kokatuta dago, Sagastiya auzoan eta IZA Lanak eta Eraikuntzak, S.A.k sustatzen du, EB3-0864/12-EC-000 espediente zenbakiarekin.

Etxebizitza horietako bat, bi logelakoa eta 79,53 m²ko azalera duena, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokitua dago. Gainontzeko 19 etxebizitzak hiru logelakoak dira, eta 76,13 m² eta 87,34 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio honako agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera (aurrerantzean 39/2008 Dekretua), Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduko 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (2012ko urriaren 15eko Agindua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa).

Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak, administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegokoan duen pertsona orori etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea onartzen dio. Harik eta erregelamendu-xedapenak argitaratzen diren arte Legearen Laugarren Xedapen Iragankorra ezarriko da; alegia, eskubidea gradualki ezarriko da.

2016. urtean honako bizikidetza-unitateek izango dute etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak baldin eta alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna badute Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan. Eskubide subjektibo honen onarpenak bizikidetza-unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzerakoan; lehentasun hori prozedura honetan kontuan hartu beharko da.

Hirugarrena.– Aurreko paragrafoan jasotako lehentasuna kontuan hartuta, Etxebizitza Legeko 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta eta baliabide publikoak hobeto baliatze aldera, prozedura hau 3, 4 edo 5 kideko bizikidetza-unitateei zuzenduko zaie; esleipen prozeduran 4 eta 5 kidekoei lehentasuna emango zaie 3 kidekoekiko.

Laugarrena.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Hernaniko Udalak 2012ko otsailaren 1ean sinatutako Lankidetza Hitzarmeneko zazpigarren klausulako A) eta B) puntuetan ezarritakoa kontuan hartuta, etxebizitzaren esleipenean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emandako titularretako bat Hernanin erroldatuta egoteak lehentasuna emango du. Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emandako titularretako bat Donostia-San Sebastiango eskualde egiturako udalerrietako batean erroldatua dutenentzat izango dira.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hernaniko udalerrian, Sagastiya auzoan, 20 etxebizitza sozial alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea.

Bigarrena.– Esleipen prozedura honetan agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Donostiako eskualde egiturako edozein udalerritan izena emanda daudenek parte hartu dezakete (Andoain, Astigarraga, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Urnieta eta Usurbil), betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako bat Donostiako eskualde egiturako udalerriren batean erroldatuta egon beharko da, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean.

b) 2014. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 25.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko izena ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da.

c) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

d) 3, 4 edo 5 kideko bizikidetza-unitate bat izatea.

Hirugarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2016ko maiatzaren 16tik 30era bitartean (biak barne).

Laugarrena.– Esleipen prozedurari dagozkion onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula) argitaratuko dira.

Bosgarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena kontuan hartuta ebatziko dira.

1.– Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).

2.– Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 30, gutxienez 15).

3.– 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei eta 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei.

4.– Hernanin erroldatuta egoteagatik 10 puntu emango dira eta Donostiako eskualde egiturako udalerriren batean erroldatuta egoteagatik 5 puntu.

5.– 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktimak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak); gehienez 30 puntu emango dira kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.

Seigarrena.– 1.– Esleipen prozedura honetan agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emandako bizikidetza-unitateko titularretako bat Hernanin erroldatuta egoteak lehentasuna emango du.

2.– Egokitu gabeko etxebizitzei dagokienez, agindu hau argitaratzen den datan honako bizikidetza-unitateei emango zaie lehentasuna: etxebizitza duin eta egoki bat aukeratzeko eskubide subjektiborako baldintzak betetzen dituztenei. Gainera, 4 eta 5 kideko bizikidetza-unitateek lehentasuna izango dute 3 kidekoekiko.

3.– Egokitutako etxebizitza honako lehentasun-ordena kontuan hartuta esleituko da, kide gehien dituzten bizikidetza-unitateei lehentasuna emanez:

1) Gurpil-aulkian ibili behar duen pertsona bat daukaten bizikidetza-unitateak eta Agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen dituztenak.

2) Gurpil-aulkian ibili behar duen pertsona bat daukaten bizikidetza-unitateak eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen ez dituztenak.

3) Bi bastoiren mendekotasuna duen pertsona bat daukaten bizikidetza-unitateak eta agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen dituztenak.

4) 1971/1999 Errege Dekretuko 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituen pertsona bat daukaten bizikidetza-unitateak eta agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen dituztenak.

5) Bi bastoiren mendekotasuna duen pertsona bat daukaten bizikidetza-unitateak eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen ez dituztenak.

6) 1971/1999 Errege Dekretuko 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituen pertsona bat daukaten bizikidetza-unitateak eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen ez dituztenak.

7) Mugikortasun urri iraunkorra duen pertsonarik ez daukaten bizikidetza-unitateak eta agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen dituztenak.

8) Mugikortasun urri iraunkorra duen pertsonarik ez daukaten bizikidetza-unitateak eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren baldintzak betetzen ez dituztenak.

Zazpigarrena.– Etxebizitzak barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.

Zortzigarrena.– Etxebizitzak esleitu ondoren etxebizitzarik eskuratu ez dutenek osatutako itxaron-zerrenda egingo da, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.

Itxaron zerrenda agortzen bada 2012ko urriaren 15eko Aginduko 59. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.

Bederatzigarrena.– Esleipendunen zerrendak egokitutako etxebizitzak barne, eta dagozkien itxaron-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

Hamargarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 26a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala